106. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZANGOZA

Deialdia, udaltzain-agentearen lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, Zangozako Udalaren zerbitzura jarduteko

2024ko urtarrilaren 19an, Tokiko Gobernu Batzarrak deialdi baten oinarriak onetsi zituen, Zangozako Udalaren zerbitzuko udaltzain-agentearen lanpostu bat oposizio bidez betetzeko. Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Zangozako Udalean aritzeko udaltzain-agentearen lanpostu bat, plantilla organikoan 50.1 zenbakiarekin identifikatua dagoena.

Izendatzen den izangaiak polizien eginkizunak beteko ditu, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko da sailkaturik.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

Deialdiaren xede diren lanpostuen kopurua hautapen-prozesuan handitzen ahalko da, lanpostuak hutsik geldituz gero, betiere izangaia deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan sartu baino lehen. Lanpostu kopurua handitzen bada, haiek txanda irekiari edo igoera txandari esleitzeko, aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Deialdiko lanpostuak handitzeko erabakia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zangozako Udalaren egoitza elektronikoan.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hemezortzi urte beteak izatea, eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarreko legeekin bat.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua, edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, bete ahal izateko lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak, eta ez egotea deialdiaren IV. eranskinean baztertua izateko aipatzen diren arrazoi medikoek ukiturik.

e) Izangaia dolozko delitu batengatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A1 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.

Baldintza horiek guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaz jabetu arte, f) oinarrikoa izan ezik; hari dagokionez, aski izanen da betetzen hastea oinarrizko prestakuntza-ikastaroa egiteko (deialdiaren 7.3.4 apartatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako.

Deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek izangaiek.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren:

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkeztuko dira Zangozako Udalaren Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia 31, Zangoza) edo egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.sanguesa.es), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legea).

Eskabideak txanda irekikoak eta murriztukoak izan daitezke, baldin eta plaza kopurua handitu badaiteke.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik eta Zangozako Udalaren Erregistro Orokorrera igorri aurretik. Haietan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.sanguesa.es/default.aspx), edo Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez, deialdia argitaratzen denean.

Eskabidea zuzenean Zangozako Udaleko Erregistroan aurkeztu ez den kasuetan, eta administrazio eraginkortasuna dela-eta, Zangozako Udalari horren berri eman beharko zaio sanguesa@sanguesa.es helbide elektronikoaren bidez, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barrenean.

4.2. Izangaiek aurkeztu beharreko beste agiri batzuk.

1. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

2. Ziurtagiria, Justizia Ministerioaren menpeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralak egina, frogatzen duena ez dagoela erregistro horretan aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

4.3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egin ditzakete eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratuko.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Javier Solozábal Amorena, Zangozako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Marta Tiebas Lacasa, Zangozako Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Javier Lizarraga Liberal, udaleko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezkoa: Fermín Iso Belzuz, udaleko langileen ordezkariek izendatua.

–Epaimahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Iruñeko Udaltzaingoko agente lehena.

Ordezkoa: Alfredo Pérez Garde, Antsoaingo Udaltzaingoko agente lehena.

–Epaimahaikidea: Egoi Beperet Redin, Iruñeko Foru Poliziaren inspektoreordea.

Ordezkoa: Pablo Salvatierra Beorlegui, Zizurko Udaltzaingoko agente lehena.

–Epaimahaikide-idazkaria: José Gabriel Ayesa Aristu, Zangozako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Raquel García Areso, Ledeako Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute mahaiburuak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako jasotako arrazoiren bat, kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaietan aholkulari espezialistak aritzen ahalko dira. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioak bi fase izanen ditu. Lehenengo fasean, proba hauek eginen dira: II. eranskineko gai-zerrendari buruzko proba (baztertzailea), gaitasun fisikoa neurtzeko proba (baztertzailea), proba psikoteknikoa, euskararen ezagutza mailaren inguruko proba eta proba medikoa. Bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da.

7.2. Deialdi bakarra eginen da hautapenaldiko probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oro har, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta prestakuntza ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:

A) Lehenbiziko proba: teorikoa.

Test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskineko gai-zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. 65 galdera teoriko-praktikoko sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun baliodun bakoitzak 1 puntuko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balorazio negatiboa izanen dute. Galdera guztiei balorazio bera emanen zaie. Izangaiek ariketa hori egiteko bi ordu izanen dituzte gehienez ere. Proba honetan 65 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 32,50 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

B) Bigarren proba: ariketa fisikoak.

Deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira; eta baztertzaileak izanen dira guztiak. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren. Ariketa bakoitza "gai" edo "ez gai" gisa puntuatuko da, eta horietako bakoitza baztertzailea eta puntuagarria izanen da. Deialdiko III. eranskinean ezartzen diren gutxieneko markak gainditzen ez dituzten izangaiei "Ez gai" kalifikazioa emanen zaie, eta orobat, dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean, argitaratua), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), babes harturik Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa. VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

C) Hirugarren proba: gaitasun psikoteknikoa.

Zenbait proba eginen dira, izangaiak lanpostuko lanbide-profilaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo horrek izendatzen dituen langileek eginen dituzte proba horiek. Balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako. Proba psikoteknikoa 0tik 30 puntura bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba fisikoak gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

Kalifikazio-epaimahaia, probak egin aurretik, arduratuko da garrantzizkotzat jotzen diren gai guztiak baliabide egokien bidez argitaratzeaz. Horretarako, NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek emanen dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak.

Probak bi ariketa izanen ditu:

–Lehenbizikoan, ariketa psikotekniko bat edo batzuk eginen dira. Galde-sortak izanen dira, oro har nortasunari buruzkoak nahiz laneko gaitasunei eta/edo trebetasunei buruzkoak.

–Bigarrenean, elkarrizketa pertsonala eginen da, eta/edo talde-lanekoa, eta, hala, lehenbiziko zatiko galde-sortarekin alderatuko dira. Bigarren proban, elkarrizketa pertsonalak eginen dira, eta/edo talde-lanekoak, eta, hala, lehenbiziko zatiko galde-sortekin konparatuko dira.

D) Laugarren proba: euskara jakitea.

Proba hori egin nahi duten izangaiek eskabidea aurkeztearekin batera eskatu beharko dute proba egiteko; Euskarabideak (Euskararen Nafar Institutua) eginen du, azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Puntuazio hauek eman dira izangaiek probetan egiaztatzen duten ahozko eta idatzizko jakintza-mailaren arabera, hizkuntzetarako Europako erreferentzia-esparru bateratuan ezarritako mailen arabera:

–A1 maila: 1,00 puntu.

–A2 maila: 2,00 puntu.

–B1 maila: 3,00 puntu.

–B2 maila: 4,00 puntu.

–C1 maila: 5,00 puntu.

Hizkuntza Eskolako Gaitasun Agiria, EGA edo balio bereko besteren bat duten izangaiak salbuetsita egonen dira proba hauek egitetik. Horretarako, titulua aurkeztu beharko dute, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean berean. Ez dira onartuko azterketa-txartelak, ez eta ofizialak ez diren zentroek emandako egiaztagiriak ere.

E) Bosgarren proba: proba medikoak.

Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira eta kalifikazio-epaimahaiak zehazten duen kopuruan, proba medikoak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 apartatuko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Osasun-azterketa eginen du Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua, Lan Osasunaren Zerbitzua) edo, hala behar bada, behar bezala akreditatutako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Proba medikoetan izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

7.3.2. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinean onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 apartatuko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Zangozako Udaleko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe delitu aurrekarien deuseztapena aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala izanez gero, deialdiaren 8.2 apartatuan aipatzen den aukeraz baliatu dela adierazten duen agiria.

Aurreko izapideak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera, oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartutako izangaia zein den adierazita. Baldin udaltzainendako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinean onartutako izangairen batek ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, edo ez badu osasun-azterketa gainditzen, behin betiko zerrendan ordeztu eginen da, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak beteta puntuazio handiena duen izangaiarekin.

7.3.3. Praktiketako funtzionarioen izendapena.

Polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duen izangaia Zangozako Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionario bada.

7.3.4. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da, eta arautuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak, horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

Bat etorriz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 29.3 eta 43.4 artikuluetan ezarritakoakin, izangairen batek gainditu badu deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatua, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliokidetzea. Horretarako, egiaztagiri ofizial bat aurkeztuko da, frogatzen dituena, alde batetik, ikastaroetako edukiak berdinak edo baliokideak direla, eta bestetik, baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio beste ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliokidetzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, baldin eta edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiak, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, izangaiak C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko du, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta bazegoen, horrexetan segituko baitu.

Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak baja hori jakinaraziko dio Udalari.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion osasun proba guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 3.1 d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela frogatzeko. Proba horien bidez atzematen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen prozesutik, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, baldin hautapen-prozesuan baja ematen ez bazaio gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionario izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da. Prestakuntza-ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dion izangaiaren kalifikazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira.

7.3.5. Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen prozesu osoko puntuazioak batuko dira.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntuazio handienarekin gainditu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko du.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiek zin egin edo hitzeman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, dagokion udalean eskumena duen organoaren erabaki baten bidez, Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko da oposizioa gainditzen duen izangaia.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Behin prestakuntza-ikastaroa bukatu ondoren, eta ikastaroa baliokidetu zaion izangaiak hautatutako polizian sartu ondoren, jabetza hartzeak berekin ekarriko du une horretara arte edukitako lanpostuari berariaz uko egitea, eta lanpostua gelditzea gorde gabeko borondatezko eszedentziaren egoeran.

8.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek kasuan kasuko udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan gertatu denean izan ezik.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta hartan alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea aukeratzen ahalko du.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo hura aplikatzeko kalifikazio-epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Zangozan, 2024ko urtarrilean.–Alkatea, Javier Solozabal Amorena.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Hautapen-prozesuan onartua izateko eskabidea (DOC).

II. ERANSKINA.–LEHEN PROBARAKO (TEORIKOA ) GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Hitzaurrea. Aitzin titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua, I. kapitulua: udalerriak, III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua.

4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

5.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.

6.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datuak Babesteari buruzkoa: II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak. IV. titulua, I. kapitulua: Titulartasun publikoko fitxategiak.

7.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, hizpide duena Segurtasun Indar eta Kidegoek bideokamerak erabiltzea eremu publikoetan.

8–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

9.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: Zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: Arau-hauste penala. II. titulua: Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua. Zigorrak.

10.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.

11.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea.

12.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.

13.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa. I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Segurtasun sistemaren antolaketa. IV. kapitulua: Segurtasun arloko plangintza. V. kapitulua: Administrazio publikoen arteko harremanak. VI. kapitulua. Herritarrekiko harremanak.

14.–Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

15.–Martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa, Herritarren segurtasuna babesteari buruzkoa.

16.–Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

17.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onesten duena, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

18.–Udalaren ordenantza, Zangozako udal-mugartean animaliak edukitzeari buruzkoa.

19.–Udal ordenantza, hizpide duena gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa.

20.–Ordenantza, mugikortasuna eta trafikoa arautzen duena.

21.–Zangozako geografia eta kale-izendegia.

22.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

23.–Zangozako udalerriko hiri-inguruneari eta udal-mugarteari buruzko ezagutzak.

III. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI (GAITASUN FISIKOA) DAGOZKION ARIKETAK

1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 36 kg gizonendako eta 25 kg emakumeendako.

Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 36 edo 25 kiloko pisua goratu behar du 60 segundoan ahal duen aldi gehienetan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barra hartuta sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari esku-ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GIZONAK

30 baino gutxiago

EMAKUMEAK

20 baino gutxiago

2.–Uretako trebetasun proba (50 metro estilo librean).

Deskripzioa: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean.

Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ez eta urpean ibiltzeko beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Nahitaezkoa da igeritako txanoa janztea.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak "ya" esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko):

DENBORA

EZ GAI

GIZONAK

50" edo gehiago

EMAKUMEAK

56" edo gehiago

3.–Zalutasun proba (Barrow testa). Hasieran aurreikusitako proba.

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzeko aldean.

Nola eginen den: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera eta beste behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A + B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean, eta gai edo ez gai kalifikatuko dira (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

DENBORA

EZ GAI

GIZONAK

26,8"tik gora

EMAKUMEAK

27,8"tik gora

4.–Baloi medizinala jaurtitzeko testa (5 kg gizonezkoek eta 2 kg emakumezkoek).

–Hasierako posizioa: zutik, jaurtitze-marraren atzean, hankak bananduta eta oinak simetrikoki jarrita marraren atzean, baloia buruaren gainetik eta atzean, bi eskuekin helduta.

–Nola egin: baloia ahalik eta urrutien jaurtitzen da. Jaurtiketak simetrikoa behar du izan. Jaurtitzeko prozesuan, jaurtitzetik baloiak lurra ukitu bitarte, izangaiak ezin du oreka galdu, eta ezin dira oinak lurretik altxatu, nahiz eta orpoak altxatzen ahal diren.

Distantzia neurtuko da jaurtitzeko marratik baloiak lurrean lehen aldiz erortzean utzitako arrastora, zehazki, arrasto horrek marratik hurbilen duen aldera.

Bi saio egin daitezke; lehenbizikoa balioduna bada ez da bigarrenik eginen.

Gainditu beharrekoen taula, metrotan, eta bakoitzagatik emanen den sailkapena:

DISTANTZIA

EZ GAI

GIZONAK

6 metro baino gutxiago

EMAKUMEAK

4 metro baino gutxiago

5.–Erresistentzia lasterketa (Cooper testa).

–Hasierako posizioa: zutik, irteera-lerroaren atzean.

–Nola egin: lasterka edo ibilian, 12 minutuan ahalik eta tarterik luzeena egin beharko da.

DISTANTZIA

EZ GAI

GIZONAK

2.250 metro baino gutxiago

EMAKUMEAK

2.000 metro baino gutxiago

IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da 120°-tik beherakoa izan plano horizontalean, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizketa.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitis aktiboak edo eramaile-egoerak.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio-epaimahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterraren ihesa.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmia eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.

–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, baldin ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin poliziaren eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute haien zabalerarengatik, ondorio funtzionalengatik eta kokapenarengatik.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.

Zangozan, 2024ko maiatzaren 2an.–Alkatea, Javier Solozábal Amorena.

Iragarkiaren kodea: L2407261