106. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak ezartzen dituen 20/2021 legean xedatutakoaren arabera, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko ezohiko prozesuari dagokion kontu-hartzaile ordezkariaren lanpostu bat lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2023ko maiatzaren 15ean hartutako erabakien bidez onetsi zen egonkortzeko lan-eskaintza publikoan (JOB 12_MAY_22, 97. NAOn dago aipamena, 2022ko maiatzaren 19koan) agertzen diren lanpostuak betetzeko deitzen diren lekualdatze-lehiaketetan uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 10. artikuluan zehazten den merezimenduen baremoa aplikatzea.

Haur Eskoletako Gobernu Batzordearen 2024ko martxoaren 11ko erabakiaren bidez, Iruñeko Udalaren esku utzi zen erakunde autonomoko kontu-hartzaile ordezkariaren lanpostua betetzeko kudeaketa.

Ondorioz, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak, 2024ko maiatzaren 7ko ebazpenaren bidez, honako hau ebatzi du:

1. Onestea Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko kontu-hartzaile ordezkariaren lanpostua lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, bai eta horien oinarriak ere.

2. Deialdia hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea.

Deialdi hori aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz eginen da:

OINARRIAK

1.–Deialdien xedea eta aplikatzekoa den araudia.

1.1. Deialdi honen xedea da, kontu-hartzaile ordezkariaren lanpostu bat, funtzionario erregimenekoa eta A mailakoa, Haur Eskolen erakunde autonomoaren plantilla organikoan 121 zenbakia duena, lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 215/1985 Foru Legea, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

2.–Deitutako lanpostuak.

2.1. Lehiaketan lanpostua lortzearen ondorioz izangaiek hutsik utzitako lanpostuak ere beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan. Dena den, ez dira eskainiko lekualdatze-lehiaketan beste lanpostu bat lortu duten izangaiek hutsik uzten dituzten lanpostuak, baldin eta lanpostu horiek "iraungitzekoak" direlako bete behar ez badira.

2.2. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.

2.3. Era berean, lanpostu horiek deialditik kanpo uzten ahalko dira, dela birkokatze prozesuei lotuta gelditzen direlako, dela jarduneko zerbitzura itzultzen direnei esleitzen zaizkielako nahiz antolamendu juridikoan aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Lanpostu hutsak betetzearen ondorioz hutsik geratutako lanpostuak egonkortzeko oposizio-lehiaketa bidezko hautapen-prozeduran sartuko dira.

3.–Betekizunak.

3.1. Lekualdatze-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak izatea, haien egoera administratiboa edozein dela ere.

b) A maila edo taldean sailkatua egotea, kontu-hartzaile ordezkariaren lanpostuan.

3.2. Betekizun horiek parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte mantendu beharko dira.

3.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko baldintza horiek.

3.4. Lanpostuaren erreserbarik gabeko eszedentzian dauden Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileak zerbitzu aktibora itzultzen ahalko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdian parte hartuta.

3.5. Zerbitzu aktiboa ez den beste egoera batean daudenek zerbitzu aktibora itzultzeko legezko eta arauzko betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute deialdi honetarako eskabideak aurkezteko ezarritako epearen azken egunean.

3.6. Lanpostu huts bati behin-behinekoz atxikitako zerbitzu aktibora itzuli diren langileak kasuan kasuko lanpostuaren lekualdatze-lehiaketaren deialdira aurkeztu beharko dira, behin betiko destinoa esleitzeko.

4.–Eskaerak eta dokumentazioa.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraiki: "Izapideak eta lizitazioak’’, "Lan-eskaintzak’’, "Enplegu publikoa’’, "Enplegu publikoko deialdiak’’, deialdiari dagokion aipa­menean.

Lehiakideek ez dute merezimenduei buruzko inolako agiririk aurkeztu beharko; izan ere, administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratuko dira merezimendu bakar gisa (deialdia argitaratzen den egunera arte Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan aitortuta duten antzinatasuna kontuan hartuko da, 1 puntu emanez urte bakoitzeko). Informazio hori zuzenean gehituko zaio izangai bakoitzaren espediente pertsonalari, eta epaimahaiaren esku jarriko da barematu dezan.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

5.–Lehiakideen onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, deialdi bakoitzeko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratzeko aginduko da, dagokion deialdiaren fitxan.

5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hiru egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten den bidetik aurkeztuko dira.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen administrazio-egintza emanen du. Administrazio-egintza hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta deialdiaren web-fitxan argitaratu beharko da.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, deialdi bakoitzean onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko da, dagokion deialdiaren web-fitxan.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta Iruñeko Udalaren webguneko deialdiaren fitxan argitaratuko da.

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Honako hauek osatuko dute lekualdatze-lehiaketetako epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Aitor Navarro Aristorena, Iruñeko Udaleko Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zuzendaria.

–Epaimahaiburu ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

–Epaimahaikidea: María José Elverdin Garcés, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko kidea.

–Epaimahaikide ordezkoa: Jesús Lecumberri Rada, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Antonio José Quesada Arraiz, Iruñeko Udaleko Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zuzendaria.

–Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Arantxa Campo Mayo, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako idazkari teknikoa.

6.2. Epaimahaia eratzen ahalko da deialdiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

6.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sortzen ahal diren gorabehera guztiak.

7.–Merezimenduen kalifikazioa.

7.1. Deialdi honetan administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratuko dira merezimendu bakar gisa: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan aitortuta duten antzinatasuna kontuan hartuko da, 1 puntu emanez urte bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

7.2. Behin kalifikazioa amaituta, epaimahaiak dagokion deialdiaren web-fitxan argitaratuko du merezimenduen behin-behineko balorazioa, eta 5 egun balioduneko epe bat emanen da, argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei dagokienez.

7.3. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, kalifikazio-epaimahaiak merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratuko du Udalaren webgunean, deialdi bakoitzaren fitxan.

7.4. Lehiakideek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan zerbitzuan denbora gehien eman dutenen alde joko da. Berdinketak bere horretan badirau, kalifikazio-epaimahaiak xede horrekin eginen duen zozketa bakarraren bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Behin aurreko izapide hori bete ostean, parte-hartzailearen eskura jarriko da hautatzen ahal dituen lanpostuen zerrenda, hala hasierakoak nola lekualdatzeen ondorioz geratzen ahal direnak. Informazio hori deialdi bakoitzaren fitxan argitaratuko da Udalaren webgunean.

8.2. Aldi berean, 5 egun naturaleko epea irekiko da parte-hartzaileek eskaera telematikoki egin dezaten, Erregistro Elektronikoaren bidez. Horretarako, nahi diren plazak zerrendatu beharko dituzte lehentasun-ordenaren arabera, bai hasierakoak, bai lekualdatzeen ondorioz hutsik geratzen ahal direnak.

Deialdia egin duen organoak hautaketa- eta esleipen-ekitaldia eginen du, puntuazio-ordena kontuan hartuta.

Hautaketaren emaitzari buruzko informazioa Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko da.

8.3. Lanpostuak hautatzeko epea amaitu ondoren, lehiatzaileek ezin izanen diote uko egin egindako hautaketari.

8.4. Adierazitako epearen barruan, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, lanposturik aukeratzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko.

9.–Lanpostuen esleipena eta jabetza.

9.1. Lehiakideei plazak ebazpen bidez esleituko zaizkie, ateratzen den lehentasun-ordenaren arabera aukeratzen dituzten lanpostu hutsen arabera. Ebazpen horretan ezarriko da prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiak lanean hasteko data bakarra, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izendapenaren aurretik, lehiakideek deialdian eskatutako betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Iruñeko Udalak ez badu betekizunen bat betetzen duela egiaztatzeko frogarik, interesdunari dagokion dokumentazioa aurkezteko eskatuko zaio. Deialdian eskatutako betekizunen bat ez bada egiaztatzen, izangaia ezin izanen da izendatu.

Lanpostu hutsak hautatzeak esan nahi du lehiakideak berariaz onartzen duela esleitu zaion plaza, berak adierazi dituenen artean, eta ezin izanen dio uko egin.

9.2. Lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.

9.3. Lanpostuak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko prozedurak egonkortze-prozesuetan lanpostuak esleitu aurretik ebatziko dira.

10.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta haiek aplikatzeko epaimahaia sorburu ez duten egintzen aurka, errekurtso hauetako bat paratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 7an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, Xabier Burgui Vergara.

Iragarkiaren kodea: L2407501