106. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ITZA

Deialdia, administrari-ofizial izateko hiru lanpostu oposizio murriztuaren bidez betetzeko

Alkatetzak 2024ko maiatzaren 2an emandako 090/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi ziren, administrari-ofizialaren 3 lanpostu betetzeko oposizio murriztuaren bidez. C mailako lanpostuak dira, langile lan-kontratudun finkoen araubidekoak.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdia honen helburua da Itzako Udaleko administrari-ofizialaren hiru lanpostu betetzea, oposizio bidez eta barne igoera murriztuan, plantillan lanposturik gehitu gabe.

1.2. Prozesu honetarako deia egin da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

1.3. Deialdi honen karietara izendatua den izangaiak, dagozkion hautaprobak gainditu ostean betiere, administrari-ofizial izanen da, C mailakoa, jabetza hartzen duenetik. Aurretik okupatzen zuen lanpostua automatikoki amortizatuko da, eta ondorioz, plantilla organikoko lanpostu kopurua ez da handituko.

1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak mailaz igo aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa izan edo lan-kontratuduna izan. Eskubide pasiboen araubide berari ere eutsiko dio.

2. oinarria.–Izangaien baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Itzako Udaleko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, administrari laguntzailearen lanpostuan.

b) D maila edo taldekoa izatea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

Aurreko baldintzez gain, izangaiek honako baldintza hauetariko bat bete beharko dute, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea eta administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

b) Administrazio publikoetan 8 urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapenaren unera arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Itzako Udalaren erregistroan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hogeita hamar egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eskabideak.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik eta Itzako Udalaren erregistro orokorrera igorri aurretik.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.

b) Honako alderdi hauek frogatzen dituen ziurtagiria: administrari laguntzailearen izendapena, lanpostu horretan duen antzinatasuna eta administrazio-egoera. Udalak ofizioz gehituko du.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkateak ebazpen bat emanen du deialdiko lanpostua bete gabe uzteko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

5. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

5.1. Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da deialdia.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioaldiko probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.3. Oposizioak honako proba hau izanen du:

5.3.1. Proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktikoa izanen da, eta idatziz erantzun beharko zaie galdera teoriko-praktiko batzuei; II. eranskineko gaiei buruzko galderak izanen dira.

Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Epaimahaiak adieraziko du, hasi baino lehen, izangaiek ariketa egiteko zenbat denbora izanen duten gehienez.

Ariketan 50 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta bestelako materialik erabiltzen ahalko ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

5.4. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek azaldu beharko dute nortasun agiri nazionala, AIZa edo pasaportea aldean dutela. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

5.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

5.6. Proba egin ondoren, Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko dira izangaiek lortutako emaitzak.

6. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute.

Epaimahaiburua: Floria Pistono Favero, Itzako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: María Gema Elorza Olveira, Itzako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Ezequiel Urdangarín Ayestarán, Itzako Udaleko aholkulari juridikoa.

Ordezkoa: Alberto Oscar Úbeda Ruiz, Ollarango Udaleko idazkaria.

Epaimahaikidea: Jon Ander Mendinueta Ochotorena, Oltza Zendeako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: María Liernia Garmendia Ariztimuño, Oltza Zendeako Udaleko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Elvira Sáez de Jáuregui Urdánoz, Doneztebeko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Jon Etxague Goia, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko idazkaria.

Epaimahaikide idazkaria: Miren Edurne Chasco Garralda, Itzako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: María Ángeles Díaz Ramos, Orkoiengo Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

6,4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Prozesua amaituta, epaimahaiak Alkatetzari aurkeztuko dio gainditu duten izangaien aldeko izendapen proposamena.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkatetzak administrari-ofizial (C maila) izendatuko ditu aurreko apartatuan aipatu proposamenean adierazitako izangaiak, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izangai izendatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epearen barruan izangairen batek ez badu lanpostuaren jabetza hartzen, administrari-ofizial izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Itzako Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Itzan, 2024ko maiatzaren 2an.–Alkatea, Floria Pistono Favero.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

http://www.municipiodeiza.es/wp-content/uploads/sites/68/2024/05/ANEXO-I-.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legea): prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; moduak eta epeak. Administrazio-egintzen baldintzak, eraginkortasuna eta baliaezintasuna. Administrazio-prozedura erkidea: prozeduraren bermeak, hasiera, antolaketa, instrukzioa, bukaera, izapidetze erraztua eta betearazpena.

2.–Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: errekurtso administratiboak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta aukerako berraztertzeko errekurtsoa.

3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak: II. titulua: udal errolda, antolaketa eta eskumenak. V. titulua: Toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea.

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: I. kapitulua: 1., 2., 3. eta 4. atalak. II. kapitulua: 1. atala, kontzejuak. III. titulua: II. kapitulua. Hiritarren partaidetza eta informazioa. VI. titulua. Kontratazioa. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: I. kapitulua: Prozedura eta araubide juridikoa. II. kapitulua, 2. atala: Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

5.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea. II. titulua: Udal zergak.

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: III. titulua: Aurrekontua eta gastu publikoa. I. kapitulutik IV. kapitulura.

Oharra: zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2407252