106. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

255/2024 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, Arruazuko Udalarekin lankidetza araubidea ezartzea onesten duena, goi saneamendurako hiriko hondakin uren arazketarako instalazioak sustatu eta egikaritu eta horietan jarduteko.

2023ko otsailaren 23an, Arruazuko Udalak Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari (Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia), erregistro orokor elektronikoaren bidez, lankidetza araubide bat ezartzeko eskatu zion Arruazuko Udalari dagozkion goi saneamendurako hiriko hondakin uren arazketarako instalazioetan behar diren jarduketak egin ahal izateko.

Arruazuko Udalaren udalbatzak 2023ko otsailaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, Hiri erabilerarako uraren ziklo osoaren eta goi saneamenduaren plan gidarian aurreikusitako lanak, berari dagozkionak, egiteko borondatea baieztatu ondoren, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA) egindako proposamena onetsi da, entitate horren eskumen esparruan hiri hondakin-uren arazketarako instalazioei buruzkoa, honako alderdi hauek biltzen dituena: "a) Proiektuak eta baldintza-agiriak erredaktatzea; b) Desjabetzeen kudeaketa; c) Lanen kontratazioa; d) Lanen zuzendaritza teknikoa; e) Lanen eta gastuen ordainketa; f) Instalazioen jarduera eta mantentze-lanak". Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuari eskatuko zaio, halaber, lankidetza araubide bat ezar dezala.

Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 4. artikuluan arautzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak plan gidariko inbertsioak gauzatu eta zerbitzuak ustiatzeko aukera, toki entitateek beren eskumenak betetzeko lankidetza eskatzen dioten kasuan.

Foru lege horren 5. artikuluak, berriz, ezartzen duenez, Foru Komunitateko Administrazioak enpresa publiko bati esleituko dio isurketen saneamendurako eta zerbitzuaren ustiaketarako beharrezkoak diren lanak egitea, eta enpresa hori sozietate anonimo bat izan beharko da. Halakoa dugu NILSA, otsailaren 2ko 27/1989 Foru Dekretuaren bidez sortutakoa. NILSA Nafarroako Gobernuaren kapitala baino ez duen enpresa bat da, Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikia eta Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde instrumental aitortua, Nafarroako Gobernuaren 2016ko maiatzaren 18ko erabakiaren bidez, bere helburu sozialari dagozkion gaietan, martxoaren 26ko 27/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, lau urteko aldirako, zeina luzatu egiten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde instrumentalak arautzen dituen foru dekretua onetsi arte, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren bidez –1/2020 Foru Dekretua, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako eraginari aurre egiteko–.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste administrazio bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitate batzuen esku uzten ahal dira, betiere, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, baldin eta eraginkortasun arrazoiengatik komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.

Gainera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, hitzarmen baten bidez formalizatuko da beste administrazio publiko bati egindako kudeaketa-esleipena, bai eta beste administrazio publiko batek Foru Administrazio Publikoaren egindakoa ere. Hitzarmenean, agindu honen 5. apartatuan aurreikusitakoarekin bat, honako hauek aipatu beharko dira: esleipenaren araubide juridikoa, zer jardueratan eragina duen espresuki adierazita, indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura, eta kudeaketa-esleipenaren hartzaileak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluak emandako ahalmenez baliatuz, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 2. artikuluarekin lotuta, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Arruazuko Udalarekiko lankidetza araubidea, goi saneamendurako hiriko hondakin uren arazketarako instalazioak sustatu eta eta horietan jarduteko.

2. Onestea kudeaketa-esleipenaren baldintzak zehazteko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak eta Arruazuko Udalak sinatuko duten hitzarmenaren testua; ebazpen honen eranskin gisa jaso da.

3. Ebazpen hau Arruazuko Udalari eta Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA) igortzea.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Arruazuko Udalaren arteko kudeaketa-esleipenerako hitzarmena, goi saneamendurako hiriko hondakin uren arazketarako instalazioak sustatu eta egikaritzeko dena, bi aldeek sinatu ondoren.

Iruñean, 2024ko apirilaren 26an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

ERANSKINA.–TOKI ADMINISTRAZIOAREN ETA DESPOPULAZIOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIAREN ETA ARRUAZUKO UDALAREN ARTEKO KUDEAKETA-ESLEIPENERAKO HITZARMENA, HIRIKO HONDAKIN UREN ARAZKETARAKO INSTALAZIOAK SUSTATU ETA EGIKARITZEKO DENA, ARRUAZUKO UDALAREN ESKUMENEKO ARLOAN

Jesús María Rodríguez Gómez, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusi gisa, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkion ahalmenak erabilita.

Gorka Ovejero Ganboa Arruazuko Udaleko alkate gisa, haren izenean eta hura ordezkatuz.

Bi aldeek ordezkatzen dituzten erakundeen izenean obligazioak hartzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta horren guztiaren ondorioz, honako hau,

ADIERAZTEN DUTE:

1. Hondakin uren arazketa oinarrizko jarduera da herritarren ongizaterako, ingurumenarekiko errespeturako eta, azken batean, gizartearen aurrerapenerako; izan ere, autonomia erkidegoaren eskumenak bat datoz toki araubideko legeetan udalei esleitu izan zaizkien eskumenekin.

2. Nafarroari dagokio, Estatuko oinarrizko legeriaren esparruan, ingurumenari eta ekologiari buruzko jarduerak garatzea eta betearaztea, NFEBHLOren 57.c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Bestalde, toki erakundeek eskumen propiotzat dituzte etxeko edateko uraren hornidura eta hondakin uren ebakuazioa eta tratamendua, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 25.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

4. Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 3.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako toki entitateei dagokie plan zuzentzailean toki mailakotzat jotako saneamenduko obrak eta zerbitzuak egin eta kudeatzea. Aurrekoa gorabehera, 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, Foru Komunitateko Administrazioak plan zuzentzailean zehaztutako inbertsioak egikarituko ditu eta zerbitzuak ustiatuko ditu, baldin eta toki entitateek bere eskumenak gauzatzeko lankidetza eskatzen badiote.

5. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste administrazio bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitate batzuen esku uzten ahal dira, betiere, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, baldin eta eraginkortasun arrazoiengatik komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, hitzarmen baten bidez formalizatuko da beste administrazio publiko bati egindako kudeaketa-esleipena, bai eta beste administrazio publiko batek Foru Administrazio Publikoaren egindakoa ere, aurrekontu kreditu nahikorik dagoela egiaztatu ondoren. Hitzarmenean, agindu honen 5. apartatuan aurreikusitakoarekin bat, honako hauek aipatu beharko dira: esleipenaren araubide juridikoa, zer jardueratan eragina duen espresuki adierazita, indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura, eta kudeaketa-esleipenaren hartzaileak bere gain hartzen dituen betebeharrak. Gainera, 6. artikuluan ezarrita dago kudeaketa-esleipena formalizatzeko hitzarmena eraginkorra izan dadin, osorik argitaratuko dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Bestalde, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 63. artikuluak xedatzen duenez, Foru Komunitateko Administrazioaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak egiten ahal dira guztien intereseko obrak egin eta zerbitzuak emateko.

6. Bestalde, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 5. artikuluak zehazten duenez, Foru Komunitateko Administrazioak enpresa publiko bati esleituko dio isurketen saneamendurako eta zerbitzuaren ustiaketarako beharrezkoak diren lanak egitea; erakunde hori, bada, Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da, otsailaren 2ko 27/1989 Foru Dekretu bidez sortua.

Gainera, agindu horren arabera, sozietatearen berezko eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioak lankidetza- edo subrogazio-eginkizunetan esku hartzearen berezko jarduketak egitea, bai eta oinarrizko toki azpiegituretako inbertsioei eta dagozkien zerbitzuen ustiapenari dagozkienak ere.

NILSA Nafarroako Gobernuaren kapitala baino ez duen enpresa bat da, Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikia eta Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde instrumental aitortua, Nafarroako Gobernuaren 2016ko maiatzaren 18ko erabakiaren bidez, bere helburu sozialari dagozkion gaietan, martxoaren 26ko 27/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, lau urteko aldirako, zeina luzatu egiten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde instrumentalak arautzen dituen foru dekretua onetsi arte, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren bidez –1/2020 Foru Dekretua, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako eraginari aurre egiteko–.

7. Arruazuko Udalak, 2023ko otsailaren 23ko osoko bilkuran, Hiri erabilerarako uraren ziklo osoaren eta goi saneamenduaren plan gidarian aurreikusitako lanak, berari dagozkionak, egiteko borondatea baieztatu ondoren, NILSAk bere eskumen eremuko hiriko hondakin urak arazteko instalazioei buruz egindako proposamena onetsi du, eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari lankidetza araubide bat ezartzeko eskatzea erabaki du.

Horregatik guztiagatik, aipatutako araudiaren arabera, hitzarmen hau sinatzen dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK:

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Arruazuko Udalak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren alde Arruazuko Udalaren eskumenen arloan hiriko hondakin urak arazteko instalazioak sustatu eta egikaritu eta eta horietan jarduteko egindako kudeaketa-esleipena gauzatzea.

Esleipena NILSA enpresa publikoak eginen du eta jarduketa hauek barne hartuko ditu, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 5. artikuluak xedatzen duenarekin bat:

a) Proiektuen eta baldintza-agirien erredakzioa.

NILSAk, zuzenean edo hirugarrenak kontratatuta, kolektore orokorren eta arazketarako instalazioen proiektuak eta baldintza-agiriak idatziko ditu, eta, era berean, datuak hartzeko aurretiazko lanez eta beste datu osagarri batzuez arduratuko da, hala nola topografiaz, geologiaz, analisiaz eta edukieraz.

b) Baimenak eta lizentziak.

NILSA arduratuko da obrak egiteko eta hondakin uren arazketarako jarduera gauzatzeko behar diren baimenak lortzeko behar diren prozedurak izapidetzeaz.

c) Lurrak baliatu ahal izateko kudeaketa.

Barne hartuko ditu obrak egiteko beharrezkoak diren ondasunak, aldi baterako okupazioak, zortasunak eta pasabide baimenak erabiltzeko beharrezkoak diren kudeaketak, eta obraren jabe den tokiko erakundea izanen da horien onuradun, kasu guztietan.

Udalak konpromisoa hartzen du bere jabetzakoak izaten ahal diren lurrak kargarik gabe erabiltzeko aukera onartzeko.

d) Obren kontratazioa.

NILSAk kudeatuko du obren kontratazioa, kasuan kasuko prozedura sustatuz eta ebatziz.

e) Obren zuzendaritza teknikoa.

NILSAk eginen du obrak gauzatzeko zuzendaritzaren eta ikuskapen teknikoaren lanak, bere baliabideekin edo hirugarrenekin kontratatuz, instalazioen harrera eta abiaraztea egin arte.

f) Obra eta gastuen ordainketa.

NILSAk ordainduko ditu proiektuari lotutako obrak eta gastuak, horretarako sinatutako kontratuarekin bat. Plan zuzentzailearen baliabide ekonomikoekin eginen dira ordainketa horiek.

Azkenik, instalazioen titulartasuna toki erakundeari eskualdatzeak BEZa aplikatu behar zaion eragiketa bat dakar. Jasandako BEZa izanen da, toki erakundearentzat kengarria, eta NILSAri ordaindu beharko zaio.

g) Instalazioen jarduera eta mantentze-lanak.

Arazketarako instalazioak gauzatzen amaitu ondoren, horien jarduera eta mantentze-lanen plana planteatuko da.

NILSAk kudeatuko ditu instalazioen jarduera eta mantentze-lanak, eta plan zuzentzailearen baliabideekin finantzatuko dira oso-osorik.

Aldizka, instalazioan lortutako errendimenduen berri emanen zaio Udalari, baita instalazioaren funtzionamenduan izandako gorabeheren berri ere.

Bigarrena.–Ondorioak eta indarraldia.

Hitzarmena eraginkorra izan dadin, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, bat etorriz xedaturik dagoenarekin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.6 artikuluan.

Esleitutako jardueraren izaera kontuan hartuta, esleipen honek hamabost urteko indarraldia izanen du, eta epe berdinetan luzatzen ahalko da, bi aldeek hala adosten badute.

Hirugarrena.–Hitzarmena aldatzea eta hura amaitzeko arrazoiak.

Hitzarmena aldatzeko, haren eranskin bat eginen da, bi aldeak ados badaude.

Hona hemen kontratua suntsiarazteko arrazoiak, ezertan eragotzi gabe legez aurreikusitakoak:

–Sinatzaileek beren gain hartutako betebeharrak ez betetzea.

–Sinatzaileek hala adostea, idatziz jasota.

–Aldeetako batek idatziz jakinaraztea kontratuaren suntsiarazpena, gutxienez hiru hilabete lehenago.

–Hitzarmen honen xede diren azpiegituren ustiapena kudeatzeko udal-ekimena.

Hitzarmena suntsiaraztearen ondorioak urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52. artikuluan ezarritakoak izanen dira.

Laugarrena.–Izaera eta jurisdikzioa.

Kudeaketa-esleipenerako akordio honek izaera administratiboa du, eta aplikatzekoa zaio, beraz, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa.

Hitzarmen honen interpretazioaz, aldaketez, ondorioez edo suntsiarazpenaz aldeen artean sortzen diren eztabaida eta auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioak ebatziko ditu eta haren eskumenean geldituko dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedaturikoari jarraikiz.

Aurreko guztiarekin ados egotearen frogagarri, hitzarmen hau sinatzen dute.

Iruñean-Arruazun, 2024ko apirilaren 26an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari Nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.–Arruazuko Udaleko alkatea, Gorka Ovejero Ganboa.

Iragarkiaren kodea: F2406943