106. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

154/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 7koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, ANFAS erakundeak emandako zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonei laguntzeko funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena.

ANFAS erakundeko ELA eta LAB sindikatuetako langileen legezko ordezkariek osatutako greba batzordeak (Nerea Berruezo, Iñigo Asensio, Leyre Merino, Santi Aldaz, María Asensio, Izaskun Arriarán, Natividad Castañeda, Laura Ezcurra), Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuan erregistratutako idazki baten bidez, jakinarazi du ANFAS erakundean 2024ko maiatzaren 8an eta 11n greba egiteko deialdia egin dutela, ordu hauetarako, hain zuzen:

–Maiatzaren 8an, 8:00etatik 21:30era.

–Maiatzaren 11n, 8:00etatik 21:30era.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Mendekotasuna, desgaitasuna eta/edo nahasmendu mentala duten pertsonentzako egoitza-zentroak ezin dira arretarik gabe utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke. Egoitza horiek egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsona zaurgarriak hartzen dituzte beren instalazioetan. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, zainketa hori gabe kalte larriak eragiten ahal zaizkielako osasunean.

Greba deialdiaren aurrean, desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko etxebizitzetako egoitza-arretako zerbitzua ezin da guztiz gelditu, eta kasu hau komunitatearentzat funtsezkoak diren zerbitzuen adibide argia da. Izan ere, kontuan hartuta zerbitzu horren hartzaileen ezaugarriak –gaixotasun mentala duten, desgaitasuna duten eta/edo mendekotasun egoeran dauden pertsonak dira–, larritasun bereziko inguruabarrak daudela ikusi behar da. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta botere publikoek babestu behar dituzte, izatez, gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.

Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatzeaz gainera, erabiltzaileen ongizate pertsonala babesteko eskubidea ere bermatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 28., 49. eta 50. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateak hartua du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluaren arabera.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, aintzat hartu dira egoiliarrek greba orduetan behar dituzten zerbitzuak eta arreta, kontuan harturik, betiere, beraien autonomia maila eta behar duten laguntza, egiten diren jarduerak, langileek esleituak dituzten eginkizunak eta zentroko egoiliarrek hartzen dituzten zerbitzuak.

ANFAS erakundeak kudeatzen dituen etxebizitzetako egoitza-zerbitzuetarako gutxieneko zerbitzuak halako moldez finkatu dira non zerbitzua eguneko 24 orduetan eman behar den, sukalde zerbitzua bermatu behar den eta gutxienez profesional batek egon behar duen zerbitzuaren arretarako 24 orduak betez (koordinatzailea edo zaintzailea izan).

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–Maiatzaren 8rako eta 11rako, 8:00etatik 21:30era arte, iragarritako greba dela eta, greba eskubidea gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da:

Egoitza-arretako etxebizitza guztietan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Hori helburu, zerbitzu hori ematen dela bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe ezarri da:

Jaiegunetarako aurreikusita dagoen zuzeneko arretako langile kopuru bera, betiere greba-deialdiaren barruko lanaldiei dagozkien langileak baino gehiago ez badira, eta, gutxienez, zuzeneko arretako profesional batek egon beharko du (koordinatzailea edo zaintzailea izan).

2.–Aurreko zenbakian adierazitako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, ANFAS erakundeari eta ELA eta LAB sindikatuei, azken horiek Greba Batzordearen ordezkariak baitira. Horien jakinarazpena ELA sindikatuaren egoitzan eginen da (Iturralde y Suit kalea z.g., 31004 Iruña), hori baita jakinarazpenetarako helbidea.

4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 7an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2407392