67. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

84/2023 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita "Haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, kirolaren eta aisialdiaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitatean".

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak –ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatuak– onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Gobernuari kirol arloan dagozkion eskumenak erakunde autonomo horrek gauzatuko dituela, Kultura eta Kirol Departamentuko titularraren planifikazioaren, zuzendaritzaren eta babesaren pean, eta estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunen artean dago ondokoa: Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol entitate batzuk koordinatu eta babestea eskuordetu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe. Halaber, Kirola Sustatzeko Atalari dagokio kirolaren hezkuntza balioak sustatzea, genero berdintasuna, kirol inklusiboa eta kiroltasuna bereziki, Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin elkarlanean.

Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak betebehar batzuk ezartzen dizkie administrazio publikoei eta kirol entitateei, ingurune seguruak sor ditzaten eta adingabeei babes integrala eman diezaieten indarkeriaren aurrean. Izan ere, lege horren IX. kapitulua (47. eta 48. artikuluak) adingabea kirolaren eta aisialdiaren eremuan babesteari buruzkoa da. 47. artikuluak honako hau ezartzen du: administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, kirolaren eremuan ingurune seguruak eraikitzeko protokoloak arautuko dituzte, eta protokolo horiek jarraitu beharko dira haurren eta nerabeen aurka gerta daitezkeen egoerak prebenitzeko, goiz atzemateko eta haietan esku hartzeko. Kiroleko eta aisialdiko jarduerak egiten dituzten zentro guztiek aplikatu beharko dituzte protokolo horiek, edozein dela ere haien titulartasuna, eta, beti, Goi Errendimenduko eta Kirol Teknifikazioko Zentroen Sarean, kirol federazioetan eta udal eskoletan.

48. artikuluak aditzera ematen du adingabeekin kirol jarduerak edo aisialdikoak egin ohi dituzten entitateek nahitaez aplikatu beharko dituztela jarduketa protokoloak, eta betetzen direla bermatzeko monitorizazio sistema bat ezarri beharko dutela. Horrez gain, babes arloko ordezkari bat izendatu beharko dute, eta behar diren neurriak hartu beharko dituzte kirola, jarduera fisikoa, kultura edo aisialdia ez dadin izan bazterkeria-une bat, dela adinagatik, arraza- edo etnia-jatorriagatik, desgaitasunagatik, sexu-orientazioagatik, sexu-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik, edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik. Horretarako, haurrekin eta nerabeekin beraiekin lan eginen da, bai eta haien familiekin eta profesionalekin ere, irainen eta adierazpen umiliagarri eta diskriminatzaileen erabilera arbuiatzeko. Halaber, haurrek eta nerabeek beren prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan aktiboki parte har dezaten sustatuko da. Era berean, kirol entitateetan lan egiten dutenek prestakuntza espezifikoa jaso beharko dute desgaitasuna duten haur eta nerabeei arreta egokia emateko.

LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko 8/2017 Foru Legeak (34. artikuluan) eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legeak (29.e artikuluan) ere ezartzen dute protokoloak egiteko beharra.

Europan azterlan bat egin da, CASES proiektua izenekoa, zenbait unibertsitatek sustatuta (tartean da Espainiako Vic-eko Unibertsitatea), eta datuak eman ditu haurrek eta nerabeek kirolean nahiz kirolaz kanpo jasandako indarkeriaren eta kalteen prebalentziari buruz. Nabarmentzekoa da 5 adingabetatik 1ek indarkeria jasan duela kirolean adingabea izateagatik.

Onesteko proposatzen den protokoloaren testua Nafarroako Kirolaren Institutuak prestatu du, Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean, eta Migrazio Politiketako Departamentuko eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikariek berrikusi dute.

Otsailaren 10ean, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak (hura baita aisialdi arloan organo eskuduna) txostena egin zuen protokoloa eta prozedura administratiboa onesteko, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak behar den ebazpena eman dezan.

Horrenbestez, azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenak erabiliz (foru dekretu horren bidez Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onetsi ziren, gero ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatu zirenak),

EBAZTEN DUT:

1. Honako dokumentu hau onestea: "Haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, kirolaren eta aisialdiaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitatean". Ebazpen honen eranskinean dago.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ebazpen hau eta "Haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, kirolaren eta aisialdiaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitatean".

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

Haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, kirolaren eta aisialdiaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitatean (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2304174