226. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2260/2023 Ebazpena, 2023ko urriaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren Erregelamendua aldatzen duena", Gobernu Kontseiluak 2023ko urriaren 24an hartutako erabaki baten bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitara dadila 2023ko urriaren 24ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren Erregelamendua aldatzen duena.

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO LIBURUTEGIAREN ERREGELAMENDUA ALDATZEN DUENA

Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean hartutako erabaki baten bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren Erregelamendua onetsi zen (2015eko otsailaren 2ko 21 zenbakiko NAOan argitaratua).

Erregelamendu horren 14.5 artikuluak hau xedatzen du Liburutegiaren erabiltzaileei dagokienez: "Erabiltzaileek erabiltzaile direla frogatuko dute, orokorrean, unibertsitate komunitateko kide direla frogatzen duen txartelaren bidez, eta Liburutegiko langileek baliteke eskatzea bereziki azterketa-garaietan edo bereziki betea dagoen aldietan".

Errektorearen 2021eko azaroaren 17ko 2473/2021 Ebazpenaren bidez, kontratazioa egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campuseko Liburutegirako sarbideak kontrolatzeko xedez aurpegiak ezagutzen dituen sistema bat instalatu eta haren mantentze-lanak egiteko (ABR0028/2021 kontratazio espedientea).

Unibertsitateko Arrosadiko campuseko Liburutegira sartzeko identifikazio modu berri hori dela-eta, Unibertsitateko Liburutegi Kontseiluak, 2022ko abenduaren 16an egindako bileran, Liburutegi Zerbitzuen Araudia aldatzea onetsi zuen. Hala, erabaki zuten Liburutegirako sarbideak kontrolatzeko bitarteko bakar gisa unibertsitateko komunitateko kide izaera frogatzen duen txartela jarri ordez, unibertsitateko komunitateko kide izaera frogatzen duen identifikazio egiaztagiria jartzea, kontzeptu horrek bai txartela bai aurpegia ezagutzeko sistema biltzen baititu.

Azaldutakoarekin bat etorriz, Liburutegi Zerbitzuko zuzendariak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren Erregelamenduaren 14.5 artikulua aldatzea proposatu du, eta, unibertsitateko komunitateko kide dela frogatzeko txartela erabili behar dela jarri ordez, identifikazio egiaztagiria erabili behar dela jartzea. Ikerketako errektoreordeari proposamen horri buruzko adostasuna eskatu zaio, errektorearen 2023ko ekainaren 20ko 1306/2023 Ebazpenaren bidez esleituta dituen eskumenen arabera.

Aurreko guztiagatik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Ikerketako errektoreordeak proposatuta eta bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2023ko urriaren 24an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren Erregelamenduaren 14. artikuluaren 5. apartatua aldatzea -Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean hartutako erabaki baten bidez onetsi zen erregelamendu hori-. Honela idatzita geldituko da:

Erabiltzaileek unibertsitateko komunitateko kide direla frogatzeko Unibertsitateak onartzen dituen identifikazio egiaztagiriak erabiliko dituzte. Egiaztagiri horiek batez ere eskatuko dira azterketa aldietan edo Liburutegia bereziki beteta dagoen aldietan.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Iruñean, 2023ko urriaren 24an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2315083