226. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

355E/2023 EBAZPENA, urriaren 2koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizten baita Valtierrako udal mugartean dagoen oilaskoak gizentzeko hegazti-ustiategi baten instalazioren aldaketa-proiektua, energia kontsumoa handitzekoa, funtsezko aldaketa dela. Instalazioaren titularra Avícola Ralumi SLU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 23ko 333E/2014 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 4ko 537E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 28ko 413E/2021 Ebazpenaren bidez berrikusia.

Halaber, instalazioa abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 9.3 a) epigrafean dago sartua, "Hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, umetarako zerramentzat 750 toki baino gehiago dauzkatenak" izenekoan, baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) (testu bategina) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.6. a) epigrafean ere, "Hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, zerramentzat 750 toki baino gehiago dauzkatenak" izenekoan.

2023ko ekainaren 19an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, energia kontsumoa handitzeko helburua duena.

Industria instalazioa aldatzeko proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta justifikazio agiriak ikusita, eta aintzat hartuta baimendutako energia kontsumoaren zenbatekoak %50 baino gehiago handitzea ekarriko duela, zerbitzu honek uste du aldaketa funtsezkoa dela, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako isuriei buruzko Erregelamenduan xedatutakoaren arabera (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan, zeinaren bidez neurri batzuk onetsi baitziren istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Beste alde batetik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, aldaketa-proiektuak ez du behar ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua, ez baita proiektu independente bat, dagoeneko egina dagoen jatorrizko proiektu baten aldaketa baizik, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatu 7. artikulu horren 2. puntuko c) letran zehaztutako handitzerik ez ukipenik.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Iriztea funtsezko aldaketa dela Valtierrako udal mugartean dagoen oilaskoak gizentzeko hegazti-ustiategi baten instalazioaren aldaketa-proiektua, energia kontsumoa handitzekoa, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Instalazioaren titularra Avícola Ralumi SLU da.

Bigarrena.–Funtsezko aldaketa baimentzea Valtierrako udal mugartean dagoen oilaskoak gizentzeko hegazti-ustiategi baten instalazioan, energia kontsumoa eguneratzeko helburuarekin; horrenbestez, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Avícola Ralumi SLU da.

Hirugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako inguruabarren bat. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori.

Laugarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrikusten ahalko ditu eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, betiere, jarduera nagusiaren inguruko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat etorriz. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori.

Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoituta adierazi beharko dut aldaketa funtsezkotzat jotzen duen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen inpaktuaren ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Avícola Ralumi SLUri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urriaren 2an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2314211