226. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

310/2023 FORU AGINDUA, urriaren 23koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, aldaketak egiten dituena honako plan honi lotutako jarduketetan inbertsioak egiteko dirulaguntza-deialdian: "Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia". Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, "Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea" delakoaren barruan. DDBN identifikazioa: 611264.

2021eko uztailaren 16an, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik (SEM) eratorritako Europako funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko.

Hitzarmen horretan aditzera ematen denez, guztira 39.582.262 euro eman zaizkio Nafarroako Foru Komunitateari, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako Europako funtsen kargura, 22. osagaiari lotutako proiektuetarako. Proiektu horiek bat etorri beharko dute gizarte-zerbitzuen arloko inbertsio mota jakin batzuekin.

Nafarroako Foru Komunitateak aurkeztu dituen proiektuetako bat, 1 zenbakiduna, hauxe da: "Egoitza-zentro soziosanitarioen eraberritzeak". Proiektu horretarako zenbatekoa, osotara, 19.610.169 eurokoa da, eta horietako 6.758.561 euro inbertsioak egiteko dirulaguntzetara bideratzekoak ziren, hain zuzen, adinekoen eta desgaitasuna dutenen autonomia pertsonala sustatzearekin eta mendetasunean laguntzearekin zerikusia duten jarduketetan inbertitzeko.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren otsailaren 18ko 43/2022 Foru Aginduaren bidez, dirulaguntza-deialdi bat onetsi zen inbertsioak egiteko honako plan honi lotutako jarduketetan: "Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia". Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, "Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea" delakoaren barruan.

Deialdi horrek eta Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan (Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea) sartutako gainerako proiektuek hauxe dute helburu nagusia: gizarte-zerbitzuak oro har modernizatzea eta indartzea, iraupen luzeko zaintzen ereduari arreta berezia jarrita, pertsonarengan zentratutako arreta eredua eta berrikuntza sustaturik. Espainiako estatuak eta Europako Batzordeak hitzartu duten 323. helburuaren arabera, zaintza-ereduaren aldaketak 22.360 plazatan eduki beharko luke eragina, gutxienez, 2023. urtea amaitu aurretik. Foru Komunitateari dagokionez, deialdi horren bidez eta 2022an eta 2023an garatuko diren beste zenbait jarduketaren bidez eginen da helburu hori lortzeko ekarpena.

Deialdiak bi modalitate ditu: A) modalitatean sartuko dira eguneko zentro berriak eraikitzea edo amaitu gabeko obrei buru ematea, haietan adinekoei edo desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko zentroak –toki-erakundeen titulartasunekoak– martxan jar daitezen; B) modalitatean, bestalde, adinekoei edo desgaitasuna dutenei arreta emateko egoitza-zentroak edo eguneko zentroak –edozein titulartasunetakoak– eraberritzeko proiektuak sartuko dira.

A) modalitatea toki-erakundeei bakarrik zuzendua da, Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren seigarren klausula betez (lehen aipatu da hitzarmen hori).

Deialdiaren zenbait oinarritan, deialdiari loturiko jarduketak egiteko denbora-esparrua aipatzen da: 2022. eta 2023. urteak. Amaierako justifikazioena, aldiz, 2024. urtera arte ezartzen da.

Deialdiaren 23. oinarriak (Epeak luzatzea) honako hau ematen du aditzera:

"Dirulaguntza honen xedeko jarduketak gauzatzeko eta justifikatzeko epeak luzatzen ahalko dira, baldin eta aldaketak egiten badira Estatuak eta Europako Batzordeak Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko adostu dituzten epeetan, zehazki 22. osagaiari (Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea) dagozkion horietan".

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak ekainaren 27an eman zuen 4449/2022 Ebazpenaren bidez, "Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia" planari lotutako jarduketetan inbertsioak egiteko dirulaguntzak onetsi ziren, deialdiaren A modalitatean emanen zirenak, hain zuzen (plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, "Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea" delakoaren barruan). Ebazpen hori uztailaren 5eko 4722/2022 Ebazpenaren bidez zuzendu zen.

Bestetik, "Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia" planari lotutako jarduketetan inbertsioak egiteko dirulaguntza-deialdiaren B modalitatean emanen ziren dirulaguntzak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak azaroaren 30ean eman zuen 8368/2022 Ebazpenaren bidez onetsi ziren (plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, "Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea" delakoaren barruan).

Deialdiaren 19. oinarriak (Emandako dirulaguntzak aldatzea) honako hau dio:

1.–Dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Bat-bateko gorabeherak direla medio proiektua gauzatzeko zailtasunak sortu eta ondorioz entitateak ezin badu helburua bete, proiektua gauzatu edo dirulaguntza emateko oinarria zen jarduera gauzatu diruz lagundutako jarduerarako ezarritako irizpide, baldintza eta epeetan.

b) Jakiten bada entitateak beste dirulaguntza edo laguntza motaren bat jaso duela dirulaguntzaren xede bererako eta ez duela horren gaineko aitorpenik egin, eta zenbateko guztiak batuta finantzatutako kopurua diruz lagundutako kostua baino gehiago bada, edo, kasua bada, dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren mugako ehunekoak baino handiagoa.

2.–Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuetan, dirulaguntza ematen duen organoak hartuko du aldaketaren gaineko erabakia.

3.–2023ko ekainaren 30a da aldaketa eskatzeko mugaeguna.

Hori horrela, Eskubide Sozialetako Estatu Idazkaritzak 2022ko urriaren 26an emandako Ebazpenaren I. eranskinean ezarri zen 2026ko bigarren hiruhilekoan amaituko dela 323. helburua (Egoitza-plazak, egoitzaz bestekoak eta eguneko zentroetakoak) betetzeko epea. Izan ere, ebazpen horren bidez eman zen argitara Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren esparruko inbertsio proiektuak finantzatzeko kredituen lurraldekako banaketa –autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien artekoa–, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemen Lurralde Kontseiluaren iritziaren mende jartzeko, onesten zuen erabakia (22. osagaia: Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea).

Aldaketa horrek ez dakar deialdian onetsitako gastua handitzerik ez eta geroago dirulaguntzak emateko ebazpenetan onartutakoa handitzerik ere.

Azaldutako guztiagatik, oinarri harturik, batetik, 2022ko urriaren 26ko Ebazpena, helburua betetzeko epea 2026ko bigarren hiruhilekora arte luzatzen duena, eta, bestetik, deialdiaren 23. eta 19 . oinarriak, zeinek aurreikusten baitute gauzatze- eta justifikazio epeak luzatzea eta emandako dirulaguntzak aldatzea, hurrenez hurren, eta ikusirik entitate onuradunek 2023ko ekainaren 30a baino lehen eskatu dutela epeak luzatzea, zailtasunak dituztelako helburua betetzeko, ezin dituzte-eta obrak epean gauzatu, proposatzen da deialdiko oinarri batzuk aldatzea, finkatutako epeak luzatzeko –bai obrak gauzatzekoak, bai justifikaziokoak–.

Zehazki, oinarri hauek aldatuko dira:

5.3. oinarria.–Dirulaguntzaren modalitateak eta aurrekontu-kontsignazioaren banaketa.

6.1. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

16.2. oinarria.–Dirulaguntzen justifikazioa aurkezteko modua eta epea.

17.1. oinarria.–Egindako gastuak justifikatzeko dokumentazioa.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzaren ordainketa.

19.3. oinarria.–Emandako dirulaguntzak aldatzea.

22.4. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea, foru agindu honekin eta oinarriekin bat, honako plan honi lotutako jarduketetan inbertsioak egiteko dirulaguntza-deialdia: "Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia". Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, "Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea" delakoaren barruan. Hauek izanen dira aldaketak:

a) Aldatzea 5. oinarriko (Dirulaguntzaren modalitateak eta aurrekontu-kontsignazioaren banaketa) hirugarren apartatua. Honela geldituko da:

"3.–Modalitate bakoitzerako funtsak, deialdiak barne hartzen dituen ekitaldi bakoitzerako, honela banatuko dira:

2022. URTEA

GUZTIRA 934.291,15 euro

A) modalitatea

280.774,26 euro

B) modalitatea

653.516,89 euro

GAINERAKO URTEAK

GUZTIRA 5.824.269,85 euro

A) modalitatea

3.098.506,24 euro

B) modalitatea

2.725.763,61 euro

b) Aldatzea 6. oinarriko (Gastu diruz lagungarriak) lehen apartatua, halako moduz non bigarren paragrafoa beste honekin ordeztuko baita:

1.–(...)

Gastu diruz lagungarriak izanen dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jarduketarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak badira eta 2020ko otsailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarte abiatu eta egindako jarduketekin bat badatoz, non eta ez diren epeak luzatzen 23. oinarrian ezarritakoarekin bat.

(...)

c) Aldatzea 16. oinarriko (Dirulaguntzen justifikazioa aurkezteko modua eta epea) bigarren apartatua, honela:

2. Hauek dira justifikazio epeak:

a) Justifikazio agiriak aurkezteko epea, 2022ko ekitaldiko zenbatekoari dagokionez, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen denean hasiko da, eta 2022ko urriaren 31n amaituko.

b) 2022an aurreratzen den zenbatekoari eta 2023ko ekitaldikoari dagokienez, justifikazio agiriak aurkezteko epea 2023ko urriaren 31n amaituko da.

c) 2023ko ordainketa aurreratuaren zenbatekoari dagokionez, bai eta 2024ko ekitaldikoari dagokionez ere, justifikazio agiriak aurkezteko epea 2024ko urriaren 31n amaituko da.

d) Emandako dirulaguntzetatik oraindik ordaindu gabe dauden zenbatekoak 2025ko ekainaren 30era arte ordaintzen ahalko dira, justifikazio agiriak aurkeztu ondoren.

e) Amaierako justifikazioa aurkezteko epea (17.2 oinarrian aipatua) 2025eko abenduaren 31n bukatuko da.

d) Aldatzea 17. oinarriko (Egindako gastuak justifikatzeko dokumentazioa) lehen apartatuko lehen paragrafoa, honela:

1.–Justifikazio partzialak.

2022., 2023., 2024. eta 2025. urteei dagozkien zenbatekoak ordaintzeko, entitate onuradunek egindako gastuen kopuruak justifikatu beharko dituzte, edo, kasua bada, aurreratutako kopuruen gastuak, honako agiri hauek aurkeztuta:

(...)

e) Aldatzea 18. oinarria (Emandako dirulaguntzaren ordainketa), honela:

1.–Oro har, ordainketa eginen da entitate onuradunek egiaztatzen dutenean dirulaguntza zer helburutarako eman zen, hori bete dela, eta justifikatzen dutenean bai jarduera bai egindako gastua foru agindu honetan ezarritako epe eta baldintzetan egin direla.

Egindako gastuei dagozkien dirulaguntzen zenbatekoak ordaindu aurretik, egindako gastua justifikatu beharko da, "Dirulaguntzen justifikazioa aurkezteko modua eta epea" oinarriari jarraikiz.

2022., 2023., 2024. eta 2025. urteetako zenbatekoei dagokien ordainketa urtean ordainketa bakarra eginez ordainduko da; ordainketa hori aurreratua izan daiteke 2022., 2023. eta 2024. urteetarako, hurrengo apartatuan ezarritakoarekin bat, baldin eta aurreko urtean aurreratutako kopuruaren gastua, halakorik bada, jada justifikatu bada.

2.–Dirulaguntzari atxikitako jarduketak egiteko beharrezkoa bada, dirulaguntzaren organo emaileak ordainketa aurreratzea erabakitzen ahalko du, entitate onuradunak hala eskatzen badio aurrez, betiere muga izanik urte bakoitzerako esleitutako kopurua. Hurrengo urteko aurrerakina eskatu ahal izateko beharrezkoa izanen da urtean jasotakoa justifikatu izana aurrez.

3.–Entitate onuradunek ekitaldi batean gauzatu ez duten gastua hurrengo ekitaldian sartzen ahalko dute, eta 2025. urteko ekitaldia izanen da kreditua sartzeko azkena.

f) Aldatzea 19. oinarriko (Emandako dirulaguntzak aldatzea) hirugarren apartatua, honela:

3.–2024ko abenduaren 31 da aldaketa eskatzeko mugaeguna.

g) Aldatzea 22. oinarriko (Dirulaguntzak itzultzea) laugarren apartatua, honela:

4.–Entitate onuradunaren betetze-maila nabarmen gerturatzen zaionean jardueraren erabateko betetze-mailari, eta onuradunak argi eta garbi frogatzen badu hartutako konpromisoak betetzeko ahaleginak egiten ari dela, instrukzio-organoak aurrez emanen duen txostenaren bidez zehaztuko da jaso beharreko zenbatekoa, edo, kasua zein den, itzuli beharrekoa, betiere proportzionaltasun-irizpidearekin bat.

Betetze-maila nabarmena dela ulertuko da jardueraren %70 gutxienez egina dagoenean eta 2025eko abenduaren 31 baino lehen amaitzean denean, baldin eta gauzatze-epearen desbideraketa hori ezin bazaio onuradunari egotzi eta frogatzen bada dirulaguntzaren xedeko kontratua edo jarduera beranduenez 2025ko ekainaren 30ean amaitu behar dela.

2. Bat etorriz 2023., 2024. eta 2025. urteetako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan "Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari dagozkion eta gauzatu ez diren gastu-kredituak txertatzea" izeneko apartatuan ezarritakoarekin, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari loturik Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kontsignatutako gastua ez bada dagokion ekitaldian gauzatzen, diruzaintzako gerakin atxikitzat joko da, eta hurrengo aurrekontu-ekitaldietan txertatzen ahalko da, proiektu bakoitzean sartutako partidetako edozeinetan.

3. Entitate onuradunei hilabeteko epea ematea, aldaketa hau argitaratzen denetik aurrera, plangintza berria aurkez dezaten foru agindu honetan azaldutako epe aldaketekin bat, baldin eta aurreikusten badute ez dutela deialdiaren helburua beteko 2023ko abenduaren 31rako. Plangintza hori Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez aurkeztu beharko da (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta arautu zen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorra).

Plangintza aurkezteko eskabidean, "hartzailea" atalean "Eskubide Sozialetako Departamentua" jarri beharko da; "oharrak" atalean, "Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala", eta "laburpena" atalean, hauxe: Plangintza berriaren dokumentazioa, SEEParen barruko jarduketetan inbertsioak egiteko dirulaguntza-deialdirako.

4. Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea foru aginduak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta zilegi dela haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko kontabilitate zentrora, Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2023ko urriaren 23an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2315046