217. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

111/2023 EBAZPENA, urriaren 6koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza hauen deialdia onesten duena: biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak, abereak errepidetik garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak eraikitzeko edo hobetzeko, baita mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko ere, ugalketarako material begetalen zenbait produktorek egindakoak, Next Generation EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2023. urterako. DDBN identifikazioa: 720268.

2020. urtearen hasieran agertu zen COVID-19ak Batasunaren eta munduaren ikuspegi ekonomikoak, sozialak eta aurrekontukoak aldatu ditu, eta premiazko erantzun koordinatua eskatu du. Koordinazio hori beharrezkoa izan da estatuen baitan, ondorio ekonomiko eta sozial ikaragarriei aurre egiteko, baita Batasuneko kide diren estatuen artean ere, ondorio asimetrikoei aurre egiteko.

COVID-19ak eragindako krisiaren testuinguru horretan, Europako Kontseiluak NextGenerationEU programa sortzea onetsi zuen 2020ko ekainaren 21ean. Programa hori da Europar Batasunak inoiz finantzatu duen ekonomia suspertzeko tresnarik handiena, eta haren bidez erantzuna eman nahi zitzaion koronabirusak sortutako aurrekaririk gabeko krisiari. NextGenerationEU aldi baterako suspertze-tresna bat da, koronabirusaren pandemiak eragin dituen bat-bateko kalte ekonomiko eta sozialak konpontzen lagunduko duena, COVID-19aren ondorengo Europa ekologikoagoa, digitalagoa, erresilienteagoa, eta gaurko eta biharko erronkei egokituagoa izan dadin.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak, 2021eko otsailaren 12koak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (aurrerakoan, SEM) ezartzen du. Horixe da NextGenerationEU delakoaren elementu zentrala. Erregelamendu honetako 22. artikuluak, "Batasunaren finantza-interesak babestea" izenekoak, hainbat betebehar ezartzen dizkie Batasuneko estatuei, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren onuradunak direnez, Batasunaren finantza-interesak babesteari dagokionez.

SEMek ezartzen dituen helburuak lortzeko, Batasuneko estatuek beren suspertze eta erresilientziarako planak egin zituzten, nork berea, 4. artikuluan ezartzen diren helburuak erdiesteko. Plan horietan ezartzen da dagokion Batasuneko estatuaren erreforma eta inbertsio programa. Horrela, mekanismo horrek eskaintzen duen finantza-laguntza jasotzeko, 2021eko apirilaren 30ean Espainiako Erresumak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (aurrerakoan SEEP) aurkeztu zuen. Plan horrek 2021-2023 urteen arteko inbertsioak eta erreformak ezartzen ditu, eta Europako Batzordearen aldeko ebaluazioa jaso zuen 2021eko ekainaren 16an. Planaren behin betiko onespena berretsi zen Europako Batzordearen 2021eko uztailaren 13ko betearazpen erabakiaren bidez.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana hamar politika eragileren inguruan egituratzen da. Politika horien artean 1. zenbakia duena hauxe da: "Hiri- eta landa-agenda, despopulazioaren aurkako borroka eta nekazaritzaren garapena". Horretan txertatzen da 3. osagaia, "Nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sektorearen ingurumen eraldaketa eta eraldaketa digitala". Osagai horren helburua da nekazaritzako elikagaien sektore ekonomiko estrategikoaren erresilientzia eta lehiakortasuna hobetzea, klimaren, ingurumenaren eta ekonomiaren deskarbonizazioaren helburuak lortzen lagunduz.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen honen bidez onesten diren laguntzak Espainiako ekonomiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 3. osagaiaren barruan sartzen dira ("Nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sektorearen ingurumen eraldaketa eta eraldaketa digitala"), zehazki 3. inbertsioaren barruan (Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko plana (II): gaikuntza eta biosegurtasun-sistemen errefortzua mintegietan eta garbiketa eta desinfekzio zentroetan).

Animalien eta landareen osasunaren arloan biosegurtasun-baldintzak indartzea elementu erabakigarria da animalien gaixotasunak edo landareengan izurrite edo organismo kaltegarriak agertzea eta hedatzea prebenitzeko.

Biosegurtasunean inbertitzea beharrezko hobekuntza dela jo daiteke, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak, oro har, indartzen laguntzen baitu, merkataritza-bazkideen konfiantza handitzen duelako, ekoizpen handiagoa eta ekoizpenen osasun-kalitatea hobetzea ahalbidetzen duelako eta ustiategietan izurriteak eta gaixotasunak sartzeko eta zabaltzeko arriskua murrizten duelako.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean zehazten diren biosegurtasunaren arloko neurri horiek azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuan zehazten dira (dekretu horrek dirulaguntza hauen oinarri arautzaileak ezartzen ditu: Biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak, abereak errepidetik garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak eraikitzeko edo hobetzeko, baita mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko ere, ugalketarako material begetalen zenbait produktorek egindakoak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan), eta 16. eta 17. artikuluetan ezartzen du autonomia-erkidegoko organo eskudunei dagokiela 2021eko, 2022ko eta 2023ko ekitaldietako biosegurtasunaren arloko inbertsio horietarako laguntzak tramitatu, ebatzi, kontrolatu eta ordaintzea.

Laguntza horien helburua da sektore ekonomiko estrategiko baten, hau da, nekazaritzako elikagaien sektorearen erresilientzia eta lehiakortasuna hobetzea, klimaren, ingurumenaren eta ekonomiaren deskarbonizazioaren helburuak lortzen lagunduz.

Errege dekretu horren edukia bat dator abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren IV. tituluan ezarritakoarekin. Titulu horretan ezartzen dira Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-espezialitateak; zehazki, dekretuaren edukia bat dator planaren I. kapituluan aurrekontua kudeatu eta kontrolatzeari buruzko espezialitateen gainean esaten denarekin; II. kapituluan administrazio-prozedurari buruzko espezialitateen gainean, eta V. kapituluan dirulaguntzak kudeatzeari buruzko espezialitateen gainean.

Beste alde batetik, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduak SEEP kudeatzeko sistema egituratzen du. 6. artikuluaren ("Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzea") 1. apartatuan adierazten denez, "SEEPen neurriak gauzatzen parte hartzen duen entitate erabakitzaile edo gauzatzaile orok «iruzurraren aurkako neurrien plana» izan beharko du, eta plan horrek aukera eman beharko dio honako hau ziurtatzeko eta deklaratzeko: nork bere jarduera-eremuan, aplikatzekoak diren arauen arabera erabili dituela funtsak, zehazki iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko dagokionez".

Helburu hori betetzeko, HFP/1030/2021 Agindua eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren 2022ko urtarrilaren 24ko orientabideak erreferentziatzat hartuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu bidez iruzurraren aurkako neurrien plan bat onetsi zen, SEEPek indarra duen artean, berori gauzatzeko departamentu honetan garatzen diren proiektu guztiei aplikatuko zaiena, hasiera-data edozein izanik ere. Neurriak iruzurraren aurkako zikloa deitzen denaren lau elementu nagusien inguruan egituratzen dira: prebentzioa, detekzioa, zuzenketa eta jazarpena. Neurri horiek eguneratu dira urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan, SEEP gauzatzen duten prozeduretako interes gatazkaren arriskuaren azterketa sistematikoari buruzkoa. Agindu hori eman zen 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen ehun eta hamabigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez.

Biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako dirulaguntzak abereak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroak hobetzeko edo xede horrekin zentro berriak eraikitzekoak arau honi egokitzen zaizkio: 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (L 352/1 EBAO, 2013-12-24koa).

Bere aldetik, intsektu bektoreen aurkako babes-instalazioetan inbertsioak egiten dituzten material begetal jakin batzuen produktore kategoriako operadore profesionalentzako laguntzen araubidea bateragarritzat jo da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuarekin, Batzordearen 2021eko uztailaren 30eko Erabakiaren bidez, SA.63699 (2021/N) –RRF laguntza, Intsektu bektoreen aurkako babes-instalazioetan inbertsioak egiten dituzten operadore profesionalentzako laguntzak (2021eko irailaren 3ko EBAO)–.

Laguntza horiek ezartzean kontuan hartu da Nafarroako Gobernuaren 2022ko otsailaren 16ko Erabakia, zeinaren bidez onesten baitira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen dituen proiektuen kudeaketa eta kontrol arauak.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren 2022ko apirilaren 29ko 293/2022 Ebazpenaren bidez, 2022rako laguntzen deialdia onetsi zen eta baimendu zen 2023ko ekitaldirako 429.071,34 euroko gastua. Horietatik 167.311,20 euro "SEM Mintegietako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak" (PEP E-21/000459-01) izeneko 710000-71200-7700-412100 partidaren partida baliokidearen kontura ziren, eta 261.760,14 euro 2022ko gastuen aurrekontuko "SEM Garbiketa eta desinfekzio zentroetako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak" (PEP E-21/000459-02) izeneko 710004-71300-7700-412205 partidaren partida baliokidearen kontura.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren 2022ko azaroaren 16ko 898/2022 Ebazpenaren bidez, 2022ko deialdiko garbiketa eta desinfekzio zentroetan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak eman ziren; guztira 148.356,90 euro, 2023ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "SEM Garbiketa eta desinfekzio zentroetako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak" (PEP E-21/000459-02) izeneko 710004-71300-7700-412205 partidaren kontura.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren 2022ko azaroaren 18ko 905/2022 Ebazpenaren bidez, 2022ko deialdiko mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak eman ziren; guztira 67.260,89 euro, 2023ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "SEM Mintegietako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak" (PEP E-21/000459-01) izeneko 710000-71200-7700-412100 partidaren kontura.

Horrenbestez, eta 2022ko deialdian aurkeztutako laguntzen eskaera kopurua txikia izan denez, baimendutako gastutik 213.949,99 euroko soberakin bat konprometitu gabe geratu da, eta 2023ko deialdian erabiltzen ahal da, funtsen lurraldeen araberako bigarren eta hirugarren sailkapenei dagokien zenbatekoarekin batera.

Bestalde, 2022ko deialdiko garbiketa eta desinfekzio zentroetako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzen onuradunetako batek uko egin dio zentro berri bat eraikitzeko emandako laguntzari, eta liberatuta geratu dira 140.000 euro, 2023ko aurrekontuko 710000-71200-7700-412100 partidatik.

Bidezkoa da orain 2023. urterako bigarren deialdi bat egitea, eta 772.577,48 euroko gastua baimendu.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ikusirik Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalak egin duen txostena, non jakitera ematen baita deialdiaren edukiak aplikatu beharreko araudia betetzen duela eta zuzenbidearen araberakoa dela.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza hauen deialdia onestea: biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak, abereak errepidetik garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak eraikitzeko edo hobetzeko, baita mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko ere, ugalketarako material begetalen zenbait produktorek egindakoak, Next Generation EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2023. urterako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_C.pdf

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

4. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

5. 1. ebazpen-zatian onetsitako deialdiaren ondoriozko gastuei aurre egiteko, 772.577,48 eurokoa gastua baimentzen da partida hauen kontura: "SEM Mintegietako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak" (PEP E-21/000459-01) izeneko 710000-71200-7700-412100 partida eta "SEM Garbiketa eta desinfekzio zentroetako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak" (PEP E-21/000459-02) izeneko 710004-71300-7700-412205 partida. Gastua honela banatuko da zenbatekoaren eta denboraren arabera:

a) 2024ko ekitaldi ekonomikoa.

–157.383,90 euro horretarako gaitzen den 2024ko aurrekontu partidaren kontura, 2023ko gastuen aurrekontuko "SEM Mintegietako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak" (PEP E-21/000459-01) izeneko 710000-71200-7700-412100 partidaren baliokidea.

–194.433,78 euro horretarako gaitzen den 2024ko aurrekontu partidaren kontura, 2023ko gastuen aurrekontuko "SEM Garbiketa eta desinfekzio zentroetan biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak" (PEP E-21/000459-02) izeneko 710004-71300-7700-412205 partidaren baliokidea.

b) 2025eko ekitaldi ekonomikoa.

–148.418,83 euro horretarako gaitzen den 2025eko aurrekontu partidaren kontura, 2023ko gastuen aurrekontuko "SEM Mintegietako biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak" (PEP E-21/000459-01) izeneko 710000-71200-7700-412100 partidaren baliokidea.

–272.340,97 euro horretarako gaitzen den 2025eko aurrekontu partidaren kontura, 2023ko gastuen aurrekontuko "SEM Garbiketa eta desinfekzio zentroetan biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak" (PEP E-21/000459-02) izeneko 710004-71300-7700-412205 partidaren baliokidea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, aurrekontu zuzkidura hori 439.515,19 euro handitzen ahalko da gehienez, baldin eta horretarako kreditu gehigarria baimentzen bada, azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuaren 23. artikuluan xedatutako malgutasun mekanismoa aplikatzearen ondorioz funtsen balizko banaketa bat gertatuz gero.

Apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 13. artikuluarekin bat (horren bidez premiazko neurriak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartzen diren jarduketetan, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluaren 6. apartatuan aurreikusten denaren ondorioetarako, kontuan hartuko da bakarrik planaren funtsekin finantzatzen ez den zenbatekoa, dagokion finantzaketarako aurrekontu-egituran biltzen denaren arabera, halako moldez non ez baita beharrezkoa izanen Nafarroako Gobernuaren baimena baldin eta deialdiaren konpromisoa handitzen bada Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren funtsekin, eta 600.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu.

6. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta ordaintzeko baldintza izanen da laguntzok egokitzea (beharrezkoa bada) jarraibide berrietara, nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan 2014tik 2020ra bitarteko estatuko laguntzei aplika dakizkiekeen Europar Batasunaren egungo Jarraibideak ordezkatuko dituztenetara.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko urriaren 6an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZA HAUEK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK: BIOSEGURTASUNAREN ARLOKO INBERTSIOAK EGITEKO LAGUNTZAK, ABEREAK ERREPIDETIK GARRAIATZEKO IBILGAILUAK GARBITU ETA DESINFEKTATZEKO ZENTROAK ERAIKITZEKO EDO HOBETZEKO, BAITA MINTEGIETAN BIOSEGURTASUNAREN ARLOKO INBERTSIOAK EGITEKO ERE, UGALKETARAKO MATERIAL BEGETALEN ZENBAIT PRODUKTOREK EGINDAKOAK NEXT GENERATION EU EUROPAR BATASUNAK FINANTZATUTAKO SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN ESPARRUAN, 2023. URTERAKO

Lehenbizikoa.–Xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1. Deialdi honen xedea da, azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, biosegurtasunaren arloko inbertsioak diruz laguntzeko laguntzak 2023an emateko arauak ezartzea, honako mota hauetan:

a) 1. mota, abereak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroak hobetzeko edo xede horrekin zentro berriak eraikitzeko inbertsioetarako dirulaguntzak, de minimis araubidearen barrukoak.

b) 2. mota, mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioetarako laguntzak, ugalketarako material begetalen zenbait produktorek egindakoak.

2. Diruz laguntzen den jardueraren erabilera publikorako xedea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan oinarritzen da. Planaren helburua da nekazaritzako elikagaien sektorearen jasangarritasuna, lehiakortasuna eta erresilientzia hobetzea, ingurumen eta gizarte ikuspuntutik, baita ikuspuntu ekonomikotik ere, garbiketa eta desinfekzio zentroetan eta ugalketarako material begetala sortzen duten zentroetan.

3. Laguntza horiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren barruan sartzen dira. Erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa eratzen du, eta ezartzen du funts horiek Batasuneko estatuen suspertze iraunkorra lortzeko, gizarte erresilientzia eta erresilientzia ekonomikoa hobetzeko eta trantsizio berdea eta digitala laguntzeko beharrezkoak diren erreformak eta inbertsioak egiteko erabiliko direla. Horretarako, hainbat jarduketa gauzatu behar dira, besteak beste, trantsizio ekologikora, eraldaketa digitalera edo hazkunde adimendun, jasangarri eta integratzailera bideratuak, barnean hartuta kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza.

4. Dirulaguntza horiek, era berean, Espainiako Ekonomiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 3. osagaian (Nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sistemaren ingurumen eraldaketa eta eraldaketa digitala) sartzen dira, eta 3. inbertsioari dagozkio (Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko plana (II): Gaikuntzaren eta biosegurtasunaren sistemak indartzea mintegietan eta garbiketa eta desinfekzio zentroetan).

5. Era berean, dirulaguntza horiek bat datoz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin, lehenengo oinarriaren 1.a) letran aurreikusitako laguntzei dagokienez, eta bat datoz nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan 2014tik 2020ra bitarteko (2014/C 204/01) estatuko laguntzei aplika dakizkiekeen Europar Batasunaren Jarraibideen 143.e) eta 155. apartatuetan ezarritakoarekin ere, lehen oinarriaren 1.b) letran aurreikusitako laguntzei dagokienez.

Bigarrena.–Entitate onuradunak.

1. 1. motako laguntzen onuradunak pertsona fisikoak edo juridikoak izanen dira, edo nortasun juridikorik gabeko enteak, biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiten dituztenak abereak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroak hobetzeko, edo helburu horretako zentro berriak eraikitzeko:

a) Abereak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroen titularrak edo jabeak direnean, barne hartuta Nafarroako Foru Komunitateak baimendu eta erregistratu dituen ehiza-espezieak.

b) Konpromisoa hartzen dutenean garbiketa eta desinfekzio zentro berria eraikitzeko.

2. 2. motako laguntzen onuradunak zenbait material begetalen operadore profesionalak izanen dira, produktore kategoria dutenak, intsektu bektoreetatik babesteko instalazioetan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiten dituztenak, edo mahatsondo-mintegietan termoterapia bidezko tratamenduetarako ekipamenduetan, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Operadore profesionala izatea eta zuzenbide publikoko edo pribatuko produktore gisa izena emanda egotea Landareen Operadore Profesionalen Erregistroan (LOPE), eta beraz, autonomia-erkidegoaren agintaritza eskudunaren baimena izatea Ugalketarako Material Begetala (UMB) ekoiztekoa.

b) UMB produktorea izatea, eta material horrek, besteak beste, intsektu bektoreen bidez transmititzen diren honako berrogeialdi-izurrite hauetakoren bat izan ahal izatea:

–Xylella fastidiosa.

–Bursaphelenchus xilophilus.

–HLB edo zitrikoen greening-a.

–Flavescencia doratua.

c) UMB produktorea izatea, ekoizpen-toki hauetakoren batean:

1. Fruta-arbolen eta mahatsondoen landare ama duten hasierako kategoriako alorrak eta zitrikoen landare ama duten oinarrizko kategoriako alorrak.

2. Fruta-arbolen eta mahatsondoen landare amen alorrak, oinarrizko kategoriakoak (zitrikoak izan ezik), ziurtatua, CAC (Conformitas Agraria Communitatis) eta estandarra.

3. Fruta-arbolen eta mahatsondoen mintegiak, kategoria hauetakoak: ziurtatua, CAC eta estandarra.

4. Espezie usaintsuen eta apaingarrien ugalketa-materialen alorrak.

5. Ugalketarako baso-materiala ekoizteko landare amen alorrak.

6. Baso-mintegiak.

7. Baratze-espezieen hazien ekoizpen-alorrak, kategoria hauetakoak: oinarriaurrekoa, oinarrizkoa eta estandarra.

8. Barazkiak ugaltzeko materialaren alorrak.

Hirugarrena.–Onuradunaren baldintzak eta betebeharrak.

1. Laguntza hauen onuradunek, bai 1. motakoek, bai 2. motakoek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluaren baldintzak bete behar dituzte; beste alde batetik, ez dute egon behar laguntza bat berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

2. Krisian dauden enpresak ezin dira izan laguntzen onuradunak, 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeuden, baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean krisian sartu zirenak alde batera utzita.

3. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.

4. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

5. Bat etorriz 28/2003 Legearen 13.3.bis artikuluarekin, 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, eskatzaileak merkataritza eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuan sartzen diren subjektu baino ez direnean, ez dira onuradun edo entitate laguntzaile izaten ahalko lege horren 4.1 artikuluan xedatutako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak.

Kontabilitate araudiaren arabera, galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten sozietateek inguruabar hori egiaztatu beharko dute, lege horren Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoaren arabera. Kontabilitate araudiari jarraikiz, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak bete izana ziurtagiri bidez frogatzeko beharra ezarri da. Ziurtagiri hori Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek eman beharko du, enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.

Halaber, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluak ezartzen dituenaz landa, onuradunek ondoko beste betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Organo emaileari informazioa bidaltzea, honek diruz lagundutako jarduerak dagokion adierazleari egindako ekarpena neurtu ahal izateko, azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuaren VI. kapituluan aurreikusitakoaren arabera, bai eta autonomia-erkidegoak edo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eskatzen ahal diotena ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa eta jarraipen sistemen ondorioetarako.

b) Diruz lagundutako jarduera berbera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza batzuk lortu badira, horiek deklaratzea.

c) Europar Batasunak diruz lagundutako jarduera finantzatzeari buruzko berariazko informazio-betebeharrak.

d) Dirulaguntzaren xedea betetzeko egindako gastuak eta ordainketak egiaztatzen dituzten fakturak eta gainerako egiaztagiriak gordetzea, eta dirulaguntza ematen duen organoaren eta egiaztapen eta kontrol organoen eskura izatea, aztertzeko eskatzen ote dituzten. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan ezartzen den bezala, dokumentazioa zaindu beharko da Europar Batasuneko aurrekontu orokorrari aplikatzekoak zaizkion finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan ezarritako epearen arabera.

e) Dirulaguntza hauei jarraipena egiteko eta kontrolatzeko beharrekoak diren kontrolak egiten laguntzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezartzen duenarekin bat.

f) Azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuaren 27. artikuluaren arabera, eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean (SEEP), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa betez, bereziki Gida teknikoa izeneko Batzordearen komunikazioa, "kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa aplikatzeari buruzkoa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko 2021/C 58/01 Erregelamenduaren arabera (EBAO, 2021-02-18koa), eta Europako Kontseiluak 2021eko uztailaren 13an Espainiaren Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteari buruz hartutako betearazpen erabakian eskatutakoaren arabera, dirulaguntzen onuradunek bermatuko dute ezen errege dekretu hau betez egin behar diren inbertsio-proiektu guztietan erabat beteko dela ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH printzipioa, "Do No Significant Harm" esaldiaren ingelesezko siglak), eta hori, kasuan kasuko proiektuaren diseinu eta exekuzio aldi guztietan, eta proiektu barruko jarduera bakoitzaren baitan ere. Horretarako, onuradunak SEEPen jarduerak gauzatzeko konpromisoaren adierazpena aurkeztuko beharko du.

g) Onuradunek bermeak eman beharko dituzte, demostratzeko beren jarduketek ez dutela ondorio txarrik ekarriko biodibertsitatea eta ekosistemak babestu eta leheneratzeko ingurumen helburuari begira.

h) Era berean, onuradunek 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen eduki behar dituzte hasita jarduera diruz lagungarriak.

i) Entitate onuradunek Europar Batasunaren subiranotasun digitalaren eta autonomia estrategikoaren helburuak lortzen lagundu beharko dute, eta hornidura-katearen segurtasuna bermatu beharko dute, nazioarteko testuingurua eta irtenbidearen parte izan daitekeen edozein osagai edo azpisistema teknologiko sentikorren erabilgarritasuna kontuan hartuta. Horretarako, Europar Batasunean kokatutako hornitzaileei erosi beharko dizkiete ekipamenduak, osagaiak, sistema-integrazioak eta lotutako softwarea.

j) Entitate onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte enplegu-arloan, aplikatu beharreko Estatuko laguntzen araudiaren araubidearekin lotutako balizko mugak alde batera utzi gabe:

1. Helbide fiskala eta zentro operatibo nagusia Espainian izatea eta, gutxienez, dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiten diren bitartean mantentzea.

2. Diruz lagundutako jarduerak Espainian kokatutako lantokietatik egitea.

3. Espainian dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko behar den enplegu guztia sortzen eta mantentzen laguntzea; jarduera hori lurralde nazionalean kontratatutako eta Gizarte Segurantzan afiliatutako langileekin eginen da. Baldintza hori betetzen dela agiri bidez justifikatu beharko da.

Laugarrena.–Laguntza-eskaera eta behar diren agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak III. eranskinaren ereduaren araberakoak izanen dira, eta telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Eskatzaile berak instalazio batean baino gehiagotan inbertsioak egin nahi baditu, instalazio berrietan edo lehendik daudenetan, ekoizpen-lekuetan edo garbiketa eta desinfekzio zentroetan egiten dituen inbertsio adina eskaera aurkeztu beharko ditu.

Ildo beretik, intsektu bektoreetatik babesteko instalazioetan inbertsioak egiten dituzten material begetal jakin batzuen produktore kategoriako operadore profesionalak ekoizpen-lekuetan egiten dituen inbertsio adina eskaera aurkeztu beharko dira.

4. Eskaerak, laguntza motaren arabera, honela zuzenduko dira:

a) 1. motakoetan, hau da, biosegurtasunaren arloko laguntzak abereak errepidetik garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak eraikitzeko edo hobetzeko inbertsioetarako, prozeduraren instrukzioa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalari dagokio.

b) 2. motakoetan, hau da, laguntzak biosegurtasunaren arloko inbertsioak mintegietan egiteko, prozeduraren instrukzioa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritza Zerbitzuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalari dagokio.

5. Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, gutxienez:

a) Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailearen eta inbertsioa egin nahi duen instalazioaren edo zentroaren identifikazioa.

b) Egin beharreko jarduerak deskribatzen dituen memoria eta inbertsioa gauzatzeko aurrekontua, merkatuko prezioei egokitua, egiaztatzen duen dokumentazioa. Horretarako, gastu diruz lagungarrietako batek gainditzen badu 30.000 euroko zenbatekoa (obra gauzatzeagatiko kostuaren kasuan) edo 12.000 euroko zenbatekoa (ekipo ondasunen horniduraren edo aholkularitza- edo laguntza zerbitzuak ematearen kasuan), onuradunak egiaztatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideekin hautatu dela, eta, horretarako, hiru aurrekontu edo, hala badagokio, proformako fakturak aurkeztu beharko ditu.

c) Jarduketa diruz lagungarriak ez direla egiten hasi dioen adierazpena.

d) Enpresaren erantzukizunpeko adierazpen bat, egiaztatzen duena ez dagoela krisian eskaera egin zen unean eta 2019ko abenduaren 31n ez zegoela krisian, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18. artikuluan jasotako definizioaren arabera, eta ez duela jaso legez aurkako laguntzarik, Batzordearen erabaki baten bidez bateraezintzat jotakoa (ez banakako laguntza bat, ez laguntza-araubide batekoa), itzuli edo sartu ez duenik.

e) Erantzukizunpeko adierazpen bat, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan eska daitezkeen betebeharrak betetzen direla adierazten duena, "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa barne, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 6) apartatuan ezarritakoaren arabera, eta jarduera diruz lagungarriek ez dutela eragin negatiborik izanen biodibertsitatea eta ekosistemak babestu eta leheneratzeko ingurumen-helburuan, ebazpenaren II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduera bera finantzatzeko eskatutako edo jasotako beste laguntza batzuei buruzkoa, ebazpen honen II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

g) 1. motako laguntzen eskatzaileen kasuan: eskatzailearen aitorpena, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldi fiskalean jasotako gainerako de minimis laguntza guztiei buruzkoa, baldin eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduari edo beste de minimis erregelamendu batzuei lotuta badaude. Hori, dagokion autonomia-erkidegoko deialdi ofizialean eskatutako informazioaz gain.

6. Eskaerak baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera baztertutzat joko dela, aurretik ebazpena eginda.

Bosgarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Ez dira kostu diruz lagungarritzat hartuko lizentziei, tasei, zergei edo tributuei dagozkienak. Alabaina, BEZa eta zeharkako zerga baliokidea diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, baldin eta ezin badira erabat edo partez berreskuratu edo konpentsatu.

Ondoko inbertsio hauek diruz lagungarriak izanen dira, betiere laguntza eskaera aurkeztu ondoren egindakoak:

1. 1. motako laguntza:

1.1. Dauden ekipamendu eta instalazioak modernizatzea edo hobetzea, abereak garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko sistemak eraginkorragoak izan daitezen:

a) Kanpoko itxituraren azpiegitura hobetzea.

b) Esparruaren zoruko hormigoizko edo asfaltozko gainazala hobetzea, bereziki garbiketa eta desinfekzio lanak egiten diren gainazala, baita sarbidearen gainazala eta ibilgailuaren irteera ere.

c) Ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko lanak eginen diren eremuko azpiegiturak hobetzea; horretarako, argi bereiziko dira, batetik, "eragiketa zikinak" eta, bestetik, "eragiketa garbiak", eta materialen eta zerbitzuen fluxu zuzena bilatuko da.

d) Ibilgailuen lehen garbiketa lehorra egiten denean, ohea eta simaurra behar bezala eskobatzeko eta arraspatzeko behar diren tresnak hobetzea.

e) Ibilgailuak garbitzean sortzen diren hondakin organiko solidoak biltegiratzeko eremua eta hondakin solidoak kudeatzeko sistema hobetzea.

f) Ur korrontearen eta elektrizitatearen instalazioa hobetzea. Instalazio elektrikoaren hobekuntzatzat hartuko da esparruaren barruan edo kanpoan dagoen eta garbiketa eta desinfekzio ekipoen potentzia hobetzen duen instalazio oro. Horregatik, kanpotik zentrora ekarritako kanalizazioak, linea bifasikoa trifasiko bihurtzeko, hobekuntzatzat hartuko dira.

g) Desinfektatzeko edo garbitzeko ekipamenduak berritzea edo hobetzea.

h) Plataforma hobetzea desnibel nahikoarekin, ibilgailuak garbitu eta desinfektatzean sortzen diren likidoak jaso ahal izateko.

i) Garbiketa eta desinfekzio lanetan sortutako efluenteak biltzeko hobia hobetzea, barreia dadila eragozteko eta behar bezala ezabatzen dela bermatzeko.

j) Ateak edo abereak ibilgailuaren karga-egiturara sartzeko elementuak zigilatzeko sistema berritzea, garbiketa eta desinfekzio lanak amaitu ondoren.

k) Ohe garbirako biltegiak eraikitzea edo hobetzea.

l) Materialerako, tresnetarako, makineriarako, langileen jantzietarako eta produktu kimikoak biltegiratzeko erreserbatutako azpiegiturak hobetzea.

m) Desinfektatzeko edo garbitzeko linea berriak instalatzea.

n) Zentroa azaroaren 8ko 638/2019 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrera egokitzea.

o) Simaurrak, hondakin-urak, isurketak eta abar kentzeko edukiontzi mugikorrak erostea.

1.2. Lehendik dauden zentroetan, abereak garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko teknologia berriak instalatzea:

a) Garbitzeko eta desinfektatzeko eragiketak automatizatzeko sistemak, hala nola robotizazioa.

b) Garbitzeko eta desinfektatzeko sistema berriak instalatzea: esaterako, tratamendu termikorako ekipamenduak instalatzea, agente patogenoak inaktibatzen direla bermatzeko.

c) Garbiketa eta desinfekzioa egiaztatzeko sistemak instalatzea.

d) Matrikulak automatikoki irakurtzeko sistemak edo garbiketa eta desinfekzio prozesuak jasaten dituzten ibilgailuen datuak biltzea errazteko beste sistema batzuk.

e) Egindako jardueren erregistroei buruzko informazioa digitalizatzeko garapen informatikoak.

f) Garbiketa eta desinfekzio zentroen ahalmenen beste edozein hobekuntza, garbiketa eta desinfekzio denborak murriztuko dituela, kostuak aurreztuko dituela eta zentroaren ahalmena handituko duela frogatzen duena, betiere garbiketa eta desinfekzio eragiketen eraginkortasunari eutsiz.

g) Garbiketa eta desinfekzio lanak amaitu ondoren ateak edo abereak ibilgailuaren karga-egiturara sartzeko elementuak zigilatzeko sistema automatikoa instalatzea.

1.3. Abereak garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentro berriak eraikitzea, azaroaren 8ko 638/2019 Errege Dekretuan eta hura aldatzen duen martxoaren 28ko 208/2023 Errege Dekretuan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituztenak.

1.4. Dirulaguntzaren onuradun den garbiketa eta desinfekzio zentroaren titularrak edo jabeak garbiketa eta desinfekzio zentro bat baino gehiago badu jabetzan, eta 1. edo 2. puntuan deskribatutako inbertsio diruz lagungarriren bat egin nahi badu, garbiketa eta desinfekzio zentro bakoitzean egin beharreko inbertsio adina eskaera aurkeztu beharko ditu.

2. 2. motako laguntza:

2.1. UMB ekoizten den lekuetan egiturak eta sareak instalatzea edo modernizatzea, berrogeialdiko izurriteen intsektu bektoreei sarbidea galarazi eta haiengandik babestuta geratzeko.

2.2. Azpiegitura gehigarri hauek guztiak edo batzuk instalatzea, inbertsioaren azken emaitzak berrogeialdiko izurriteen intsektu bektoreetatik babesteko sistema eraginkorra ezartzen badu:

a) Ate bikoitzeko sistema (barruko atea barne), instalazioen barruan jarduteko behar diren makinak sartzeko behar adinako zabalera duena.

b) Kanpoaldeko ertz perimetrala ezartzea, gutxienez metro bateko zabalerakoa eta material iragazgaitzez estalia.

c) Bandak eta gailurrak irekitzen direnean sare-jantzi bat instalatzea, eta alboko aireztapena eta aireztapen zenitala.

d) Uretarako irekitako kanaletak isolatzea eta itzulerarik gabeko sistema bat ezartzea.

e) Isolamendu hermetikoa leihoekiko loturetan.

f) Intsektu bektoreen aurrean material begetala isolatzea helburu duen beste edozein berrikuntza edo hobekuntza.

2.3. Termoterapia bidezko tratamendu-ekipamenduen instalazioak mahatsondo-mintegietan.

Seigarrena.–Dirulaguntzen zenbatekoa eta laguntzaren gehieneko intentsitatea.

1. 1. motako laguntzetarako:

1.1. Lehendik dauden garbiketa eta desinfekzio zentroen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa egindako inbertsioaren arabera emanen da, eta gehieneko inbertsio diruz lagungarria 100.000 eurokoa izanen da garbiketa eta desinfekzio zentro bakoitzeko. Dirulaguntzaren gehieneko intentsitatea inbertsio bakoitzeko inbertsioaren %70 izanen da, eta, gutxienez, inbertsioaren %40, aurkeztutako eskaera kopuruaren eta aurrekontu erabilgarriaren arabera. Inbertsioko gehieneko laguntza 70.000 eurokoa izanen da, onuradun bakoitzeko.

1.2. Garbiketa eta desinfekzio zentro berriak eraikiz gero, inbertsio diruz lagungarriaren gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa izanen da garbiketa eta desinfekzio zentro bakoitzeko. Inbertsio bakoitzeko dirulaguntzaren gehieneko intentsitatea inbertsioaren %70 izanen da, eta gutxienez %40, eskaera kopuruaren arabera. Inbertsioko gehieneko laguntza 140.000 eurokoa izanen da, onuradun bakoitzeko.

1.3. Nolanahi ere, onuradun bati emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan, Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan adierazitakoaren arabera.

2. 2. motako laguntzetarako:

2.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa egindako inbertsioaren arabera emanen da, eta gehieneko inbertsio diruz lagungarria 120.000 eurokoa izanen da instalazio bakoitzeko. Zenbateko hori inbertsiorako eskatutako zenbatekoaren %40 eta %70 artekoa izan daiteke, onuradun kopuruaren eta aurrekontu erabilgarriaren arabera.

2.2. Inbertsio bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa 84.000 euro izanen da.

Zazpigarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

1. Hauek dira 1. motako laguntzak emateko irizpide objektiboak:

1.1. Lehendik dauden garbiketa eta desinfekzio zentroen kasuan, honako eskatzaile hauek izanen dute lehentasuna, lehentasun-ordena honetan:

a) Motaren arabera:

1. Hirugarrenei zerbitzu emateko garbiketa eta desinfekzio zentroa: 3 puntu.

2. Establezimendu bati atxikitako zentroa: 2 puntu.

3. Erabilera mugatuko zentroa: 1 puntu.

b) Kokapenaren arabera: mendialdean dauden garbiketa eta desinfekzio zentroak edo mendialdekoak izan gabe muga natural nabarmenak dituzten eremuetakoak, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 32. artikuluan eta III. eranskinean ezarritakoaren arabera: 2 puntu.

1.2. Garbiketa eta desinfekzio zentro berriak eraikiz gero, irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Hirugarrenei zerbitzu emateko garbiketa eta desinfekzio zentroak eta erabilera murriztuko garbiketa eta desinfekzio zentroak instalatzea hirugarrenentzako garbiketa eta desinfekzio zentrorik ez dagoen eskualdeetan: 3 puntu.

b) Erabilera murriztuko garbiketa eta desinfekzio zentroak instalatzea erabilera murriztuko garbiketa eta desinfekzio zentrorik ez dagoen abeltzaintza-eskualdeetan, eskualdean bertan edo eskualde mugakideetan: 1 puntu.

2. Hauek dira 2. motako laguntzak emateko irizpide objektiboak:

2.1. Proiektu motaren arabera:

a) Baterako inbertsio plana: 5 puntu. Puntuazio hori gehituko zaio plana osatzen duten inbertsio proiektua parte hartzen duten azken onuradun bakoitzak hurrengo b) apartatuaren arabera lortzen duen puntuazioari.

b) Inbertsio kolektiboak: 5 puntu.

2.2. Eskatzaile motaren arabera:

a) Titulartasun partekatuko ustiategiak: 2 puntu.

b) Nekazari gazteak: 2 puntu.

c) Lehentasunezko elkarte bateko kide izatea: 1 puntu.

2.3. Produktore kategoriaren/motaren arabera:

a) Fruta-arbolen eta mahatsondoen landare ama duten hasierako kategoriako alorren zuzenbide pribatuko produktoreak, eta zitrikoen landare ama duten oinarrizko kategoriako alorrenak: 3 puntu.

b) Azaroaren 2ko 949/2022 Errege Dekretuaren 11.1.c) artikuluan definitutako ekoizpen-guneetako zuzenbide pribatuko gainerako produktoreak: 2 puntu.

c) Azaroaren 2ko 949/2022 Errege Dekretuaren 11.1.c) artikuluan definitutako ekoizpen-guneetako zuzenbide publikoko produktoreak: 1 puntu.

3. Lehentasunezko onuradunen zenbatekoek aurrekontu erabilgarria gainditzen badute, hamargarren oinarrian zehaztutako malgutasun mekanismoa aplikatzen ahalko da, funtsak biosegurtasuneko beste laguntza-lerro batzuetatik transferitzeko. Malgutasun mekanismoa aplikatu ezin bada, onuradun bakoitzeko dirulaguntzaren ehunekoa gutxienez %40ra murriztu ahal izanen da, erabilgarri dagoen aurrekontura egokitu arte.

4. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, lehentasun-irizpidea eskaerak aurkezteko hurrenkera izanen da.

Zortzigarrena.–Dirulaguntzak emateko prozeduraren antolaketa eta instrukzioa.

1. Dagokion instrukzio organoak eskaerak jaso ondoren, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko du. Behar izanez gero, eskaera 10 eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Laguntza-eskaera aurkeztu baino lehen jarduketa hasi ez dela egiaztatzeko, eta haren kokapen geografikoa zehaztu daitekeen kasuetan soilik, onuradunari argazki georrefentziatuak eta datatuak eskatuko zaizkio, edo ataleko langileek in situ bisitak egiten ahalko dituzte.

4. Gainerako kontrolak egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza-eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

a) Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

b) Ustiategi bat eskualde zehatz batean kokatzeari begira, kontuan hartuko da Estatistikako Institutu Nazionalaren zer kode duen ustiategiaren udalerriak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko fitxan.

c) 948/2021 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren b) letran jasotako definizioaren arabera, "nekazari gaztearen" izaera egiaztatzeko, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak emandako informazioa erabiliko da, ezarpen datari dagokionez, eta onuradunak aurkeztutako dokumentazioa, gaitasunari dagokionez.

d) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza duela ondorioztatuko da baldin eskatzaileak honako baldintza hauetako bat betetzen badu:

1. Erdi edo goi mailako ziklo baten pareko prestakuntza arautua izatea, edo unibertsitateko prestakuntza, denak ere nekazaritzaren adarrekoak.

2. Nekazaritzako ustiategiak kudeatu eta gobernatzera bideratutako ikastaroak eginak izatea, 250 ordutik gorakoak guztira.

3. "Nekazaritzako ustiategietan hasteko" ikastaro espezifiko bat egina izatea, gutxienez 200 ordukoa, homologatutako prestakuntza entitateek emana.

5. Instrukzioaren prozeduran zehar, unitate arduradunak argibideak eska ditzake aurkeztutako informazioari eta dokumentazioari buruz. Behar izanez gero, argibideak gehienez 10 egun naturaleko epean aurkez ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, dagoen informazioaren arabera instruituko dela espedientea.

6. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontua hartuko da kontuan, eta, hala badagokio, baita aplikatzekoak diren mugak, eta baremoak ere, oinarri arautzaile hauen arabera.

7. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunetan oinarriturik.

8. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta dirulaguntzak emateko espedientean jaso beharko da onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Bederatzigarrena.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Laguntzak ematea edo ezestea 2023ko abenduaren 31 baino lehen ebatziko da.

5. Dirulaguntzak emateko ebazpenetan berariaz jasoko da horiek ordaintzeko funtsak Estatuko aurrekontu orokorretatik eta Next Generation funtsetatik datozela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren 34. artikulua aplikatuz.

6. Prozedura ebazteko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena berariazkoa izanez gero, edo administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

8. Onuradunen batek laguntzari guztiz edo partez uko egiten badio, instrukzio-organoak aurrekontu-eskasiagatik ezetsita dauden eskatzaileei dirulaguntza ematea erabakiko du, lehentasun-ordenaren arabera. Hori guztia baldin eta ukoarekin kreditu nahikoa liberatu bada ukatutako eskaeretako bati, gutxienez, erantzuteko.

9. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

10. Laguntza emanen da baldin eta funtsen azken jasotzaileek idatzizko konpromisoa hartzen badute Europako Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Bulegoaren, Europako Kontuen Auzitegiaren eta Europako Fiskaltzaren kontrolak berariaz baimentzeko, eta organo horiei laguntza emateko beharrezkoa den informazioa eskuratzeko eskubidea baimentzeko, bai eta agintaritza eskudunek beren eskumenak balia ditzaten ere, SEMEren 22. artikuluaren 2 apartatuko e) letran eta Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluan ezarritakoarekin bat (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Erregelamendua –EB Euratom–).

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikulua aplikatuz, berariaz aurka egiten ez bada, organo kudeatzaileak informazioa eskuratuko du, onuradunak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko. Era berean, eskaeran berariazko baimena ematen bada, onuradunak zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko informazioa eskuratuko du. Onuradunak ez badu baimenik ematen edo kontsulta horren aurka jartzen bada, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

Era berean, egiaztatu behar da ordainketa egiteko unean enpresa onuraduna ez dagoela krisian, hirugarren oinarri arautzailearen 2. puntuaren arabera.

2. Dirulaguntza justifikatzeko, inbertsioa egin dela egiaztatuko da, eta onuradunak gehienez ere urtebeteko epea izanen du inbertsioa gauzatzeko, dirulaguntza ematen denetik hasita. Hala ere, epe hori hemezortzi hilabetera luzatu ahal izanen da, justifikatutako arrazoiengatik eta onuradunak luzapena eskatu ondoren.

3. Aurreikusitako inbertsioak edo gastuak egin ondoren, eta, hala badagokio, hartutako konpromisoak bete ondoren, interesdunek horren berri eman beharko dute erregistro elektronikoaren bidez, eta egindako inbertsioen egiaztagiriak eta dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte, baita horien gastuari eta ordainketari dagozkionak ere. Jakinarazpen horrek ordainketa eskaeraren balioa izanen du, Batzordearen 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren ondorioetarako.

4. Inbertsioa egin dela egiaztatzen duten agiriak inbertsioa amaitu eta gehienez ere 6 hilabetera aurkeztuko dira.

5. Onuradunak laguntzaren xede den inbertsioa egin dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak justifikazio hori egiaztatuko du, hura aurkeztu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, eta ordainduko du.

6. Aurrekoa gorabehera, enpresa bati edozein laguntza ematea edo ordainketa eten eginen da, enpresak aurretik legez kanpokoa den laguntza bat jaso badu, Batzordearen erabaki baten bidez bateraezin deklaratutakoa (laguntza norbanakoa izan edo laguntza-araubide batekoa izan), harik eta enpresak legez kanpoko laguntza bateraezinaren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze-interesak itzuli edo blokeatutako kontu batean sartu arte.

Hamaikagarrena.–Malgutasun mekanismoa.

Malgutasun mekanismo bat aurreikusten da funtsak birbanatzeko, bai ebazpen honetan aurreikusitako biosegurtasuneko laguntza-lerroen barruan, bai azaroaren 2ko 949/2021 Errege Dekretuaren 24. artikuluan aipatutako lerro espezifikoen barruan, baita azken hauen barruan ere, edo beharrezkoa baldin bada, bi laguntza-lerroen barruan, autonomia-erkidegoen artean; Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Konferentzia Sektorialak onespena eman beharko du.

Hamabigarrena.–Eskaera aldatzea.

1. Justifikatutako arrazoiengatik onuradunak beharrezkotzat jotzen badu hasiera batean onetsitako proiektuan aldaketa nabarmen bat egitea, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dagokion organo kudeatzaileari zuzendua. Eskaera inbertsioa gauzatu aurretik aurkeztuko da, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago.

2. Proiektuaaren aldaketa nabarmenak onartzeko edo ezesteko, instrukzio organoak haien balorazioa eginen du, eta, gero, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak onetsi beharko ditu.

3. Teknikoki justifikatutako aldaketa nabarmenak baino ez dira onartuko, baldin eta ez badute eraginik inbertsioaren helburuan eta izaeran, eta ez badute murrizten hura ematea eragin zuen baremoaren puntuazioa.

Hamahirugarrena.–Ebazpena aldatzea, ez-betetzea eta dirua itzultzea.

1. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa egiteak laguntza emateko ebazpena aldatzea ekartzen ahal du berekin.

Interesdunak laguntzaren xede den jardueraren %100 egiten ez badu, egindako jarduerari dagokion zati proportzionala baino ez du jasoko, betiere eskatutako eta emandako inbertsioaren %50 gutxienez egin badu.

2. Era berean, nazioko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik xede eta helburu bererako dirulaguntza gehiago lortzen badira, eta ebazpen honetan biltzen diren dirulaguntzetako bakoitzari dagokion laguntzaren zenbateko osoa gainditzen badute, ebazpen honetan arautzen diren dirulaguntzen zenbatekoaren murriztapen proportzionala gertatuko da.

3. Entitate onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

4. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Hamalaugarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak izanen dira onuradun berari emandako helburu bereko beste batzuekin, nazioko beste edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandakoekin, baita de minimis laguntzekin ere, baldin eta, 1. motako laguntzen kasuan, seigarren oinarri arautzailean ezarritako mugak kontuan hartzen badira, eta 2. motako laguntzen kasuan, horien metaketak ez badu gainditzen inbertsioaren kostuaren %80.

2. Aipatutako mugak gaindituz gero, arau honetan aurreikusitako dirulaguntza dagokion ehunekoan eta zenbatekoan murriztuko da, ehuneko hori ez gainditzeko.

3. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren esparruan emandako laguntza Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen arabera emandakoari gehituko zaio. Berrikuntzek eta inbertsio proiektuek Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, laguntza horrek kostu bera estaltzen ez badu. Era berean, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen dituen jarduketak argi eta garbi bereizi beharko dira beste iturri batzuen bidez finantzatzen direnetatik, eta jarduketa horiei dagozkien mugarri edo helburuak identifikatu beharko dira.

Hamabosgarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitateak beharturik daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta horiek gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Kasu honetan, foru lege horren 3. artikuluko c) letran aipatutako entitateetatik honako hauei buruzko informazioa jasoko da, ebazpen honen ebazpen zatiko 3. puntuan aipatzen den gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren arabera: gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera; karguen zerrenda eta haien dedikazio araubidea; lansari gordinak eta entitateak kargu bakoitzarengatik jasotzen dituen diru konpentsazioak, kontzeptuen arabera zehaztuak; eta urteko kontuak, jendaurrean jarri ahal izateko.

2. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.

b) Kasua bada, organo eskudunak entitateari onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretakoa.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

5. Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

6. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaseigarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hamazazpigarrena.–Informatzeko betebeharra.

1. Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunak dirulaguntzen exekuzioari buruzko txosten bat bidaliko du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza Ekoizpenaren Osasun Zuzendaritza Nagusira, beranduenez n+1. urtean, n delarik dirulaguntzaren deialdia argitaratu den urtea.

2. Ekitaldi ekonomikoa amaitutakoan, eta beranduenez hurrengo ekitaldiko martxoaren 31n, ekitaldiaren gauzatze-egoera igorriko da dagokion ministerio-departamentura, urtean egindako kreditu-konpromisoen, aitortutako obligazioen eta ordainketen guztizko zenbatekoak adieraziz, funtsen transferentziak egin ziren Estatuko Gastuen Aurrekontuko aurrekontu-aplikazio bakoitzaren arabera zehaztuta. Informazioa konferentzia sektorialari jakinaraziko zaio, eta kontuan hartuko da funtsak banatzeko erabakiak hartzerakoan.

Hamazortzigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza hauek Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) argitaratuko ditu.

3. Onuradunek jarduketetan –horien barnean daude edozein motatako eta euskarritako edozein dokumentazio edo argitalpen, edozein komunikazio edo ikusgarritasunerako jarduketa, sariak eta publizitatea– jakinaraziko dute horiek Next Generation funtsen kargura finantzatzen direla, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren 34. artikulua aplikatuz.

KONPROMISOEN ADIERAZPENA, SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN JARDUKETAK GAUZATZEARI BURUZKOA

Konpromisoa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) jarduketak gauzatzeari buruz

(Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduan jasotako ereduaren arabera)

................................................................................................................................... andreak/jaunak................................... NANa duenak....................................................IFZ duen eta......................................................helbide fiskala duen .................................................entitatearen izenean «………………………» osagaian (XX.a) definitutako helburuak lortzeari begirako jarduketen garapenean, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jatorri duten bitartekoekin finantzatutako laguntzen organo arduraduna/organo kudeatzailea/onuraduna denez/parte hartzen duenez kontratista/enkarguaren entitate hartzaile/azpikontratista gisa, aditzera ematen du ordezkatzen duen pertsonak/entitateak konpromisoa duela, konpromiso zorrotza eduki ere, arau juridikoak, etikoak eta moralak hertsiki betetzeko, eta, horretarako, behar diren neurriak hartuko dituela iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitu eta atzemateko, eta, kasua bada, bidezko den agintariari jakinaraziko dizkiola atzemandako ez-betetzeak.

Horrez gain, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren edukiari kasu eginez, plan horren esparruan egiten diren jarduketak gauzatzean ekonomia zirkularraren printzipioa eta ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa («DNSH» sigla ingelesez, «do no significant harm») errespetatzeko konpromisoa hartzen du. Gainera, adierazten du ez dagoela finantzaketa bikoitzik, eta, kasua bada, ez duela estatuko laguntzen araubidearekiko bateraezintasun arriskuaren berri.

................................................(e)n, 202.......... (e)ko..................................... aren...... (e)(a)n.

Stua. ...........................................................................

Kargua: .......................................................................

III. ERANSKINA.–LAGUNTZAK, ABEREAK ERREPIDEZ GARRAIATZEKO IBILGAILUAK GARBITZEKO ETA DESINFEKTATZEKO ZENTROETAN ETA MINTEGIETAN BIOSEGURTASUNAREN ARLOKO INBERTSIOAK EGITEKO

ESKATUTAKO LAGUNTZA

1. mota

Biosegurtasunaren arloko inbertsiorako dirulaguntza, ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroak HOBETZEKO

1. mota

Biosegurtasunaren arloan inbertsiorako dirulaguntza, ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentro BERRIAK eraikitzeko

2. mota

Mintegiak intsektu bektoreen aurka babesteko instalazioetan inbertitzeko dirulaguntza

1. MOTAKO LAGUNTZAK

Baimendutako garbiketa eta desinfekzio zentroari esleitutako erregistro zenbakia (lehendik dauden garbiketa eta desinfekzio zentroen kasuan soilik):

2. MOTAKO laguntzak:

Ugalketarako material begetalak ekoizteko baimena duten Landareen Hornitzaileen Erregistroan esleitutako erregistro-zenbakia:

ESKATZAILEA

Deiturak eta izena / sozietatearen izena

IFZ: ………………….……..

Posta helbidea:

Posta kodea:

Herria:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa (GHEBri lotuta):

Bankuan helbideratzeko kontua:

ESKAERA HONEKIN BATERA AURKEZTEN DIREN AGIRIAK:

Egin beharreko jarduerak deskribatzen dituen memoria eta inbertsioa gauzatzeko aurrekontua, merkatuko prezioei egokitua, egiaztatzen duen dokumentazioa.

Bestelako dokumentazioa (dokumentuen zerrenda):

ADIERAZTEN DUT:

1. Emandako edo eskatutako beste laguntza batzuei dagokienez:

Ez duela beste laguntzarik eskatu eta ez zaiola eman dirulaguntza honen xede den proiektu edo kontzeptu bererako.

Beste laguntza batzuk eskatu dituela eta/edo eman zaizkiola dirulaguntza honen xede den proiektu edo kontzeptu bererako. Honako hauek dira laguntza horiek:

ERAKUNDEA/ EMANDAKO LAGUNTZA

ZENBATEKOA
(eurotan)

2. De minimis laguntzei dagokienez (1. motako laguntzen eskatzaileek bakarrik bete behar dute):

Ez du eskatu eta ez zaio eman de minimis laguntzarik .

De minimis laguntzak eskatu eta/edo eman zaizkio. Honako hauek dira:

ERAKUNDEA/ EMANDAKO LAGUNTZA

URTEA

ZENBATEKOA
(eurotan)

Era berean, adierazpen honen egunetik aurrera, beste administrazio publiko batzuei edo estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko batzuei de minimis araubidean eskatutako eta/edo haietatik lortutako laguntza guztiak berehala jakinarazteko konpromisoa hartzen du.

3. Diruz lagungarriak diren jarduerak ez direla hasi.

4. Eskaera honetan eta aurkezten diren dokumentuetan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.

5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan ez dagoela.

6. Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena edo zigorra jaso ez izana sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik.

7. Enpresa ez dagoela krisian eskaera egin zen unean eta 2019ko abenduaren 31n ez zegoela krisian, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18. artikuluan jasotako definizioaren arabera, eta ez zuela jaso legez aurkako laguntzarik, Batzordearen erabaki baten bidez bateraezintzat jotakoa (ez banakako laguntza bat, ez laguntza-araubide batekoa), itzuli edo sartu ez duenik.

8. Aurreikusitako jarduketek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan eskatzen ahal diren betebeharrak betetzen dituztela, "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa barne, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 6) apartatuan ezarritakoaren arabera, eta jarduera diruz lagungarriek ez dutela eragin negatiborik izanen biodibertsitatea eta ekosistemak babestu eta leheneratzeko ingurumen helburuan.

9. Badaki adierazpen honek esan nahi duela honako betebehar hauen berri badituela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera:

–Europako kontrol-organoen kontrolen mende egotea (Batzordea, Europako Kontuen Auzitegia, OLAF eta Europako Fiskaltza).

–Dokumentazioa kontserbatzeari buruzko arauak.

–Informazioari eta komunikazioari buruzko arauak.

–Iruzurraren eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko arauak.

10. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen baliabideekin finantzatutako laguntzen onuraduna izanik, 3. osagaian («Nekazaritzako Elikagaien eta Arrantzaren Sistemaren Ingurumen Eraldaketa eta Eraldaketa Digitala») definitutako helburuak lortzeko beharrezkoak diren jarduketen garapenean, badakiela zer araudi aplikatu behar den, bereziki Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren (EB) 22. artikuluaren apartatu hauek:

a) 2. apartatuko d) letra: «Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan, honako datu-kategoria bateratu hauek eskatzea, bilaketak egitea ahalbidetuko duen formatu elektroniko batean eta datu-base bakar batean, erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, funtsen erabileraren auditoretza eta kontrola egiteko:

i. Funtsen azken hartzailearen izena;

ii. Kontratistaren eta azpikontratistaren izenak, baldin eta funtsen azken hartzailea adjudikazio-botere bat bada, kontratazio publikoaren arloko Batasuneko edo Estatuko zuzenbidearen arabera;

iii. Funtsen benetako hartzaileen edo kontratistaren izen-abizenak eta jaiotza-datak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015/849 (EB) Zuzentarauaren (26) 3. artikuluko 6. puntuan definitzen denaren arabera;

iv. Suspertze eta erresilientzia planaren esparruan eraberritze- eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurrien zerrenda, neurri horien finantzaketa publikoaren guztizko zenbatekoarekin batera, eta Mekanismoaren eta Batasuneko beste funts batzuen esparruan ordaindutako funtsen zenbatekoa adierazita».

b) 3. apartatua: «Artikulu honetako 2. apartatuko d) letran aipatutako datu pertsonalak Batasuneko estatuek eta Batzordeak baino ez dituzte tratatuko, aurrekontu-kudeaketaren onespenari eta 15. artikuluko 2. apartatuan eta 23. artikuluko 1. apartatuan aipatutako akordioen aplikazioari lotutako funtsen erabilerari dagozkien kontrol-prozedurei buruzko auditoretzaren ondorioetarako eta auditoretza horrek iraun bitartean. Batzordearen kudeaketa onesteko prozeduraren esparruan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 319. artikuluarekin bat etorrita, Mekanismoak txostenak aurkeztu beharko ditu Finantza Erregelamenduaren 247. artikuluan aipatutako finantza-informazioaren eta kontu-ematearen esparruan, eta, zehazki, bereizita, kudeaketari eta errendimenduari buruzko urteko txostenean».

Azaldutako esparru juridikoarekin bat, datuak lagatzeko eta tratatzeko adostasuna adierazten du, aipatutako artikuluetan berariaz zerrendatutako helburuetarako.

11. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen baliabideekin finantzatutako laguntzen balizko onuradun gisa, 3. osagaian («Nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sistemaren ingurumen eraldaketa eta eraldaketa digitala») definitutako helburuak lortzeko beharrezkoak diren jarduketen garapenean, arau juridikoak, etikoak eta moralak betetzeari dagokionez estandar zorrotzenekiko konpromisoa adierazten du, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko eta detektatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz, eta, hala badagokio, atzemandako ez-betetzeen berri emanez agintari eskudunei.

Horrez gain, konpromisoa hartzen du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren edukiari kasu eginez, plan horren esparruan egiten diren jarduketak gauzatzean ekonomia zirkularraren printzipioa eta ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa («DNSH» sigla ingelesez, «do no significant harm») errespetatzeko. Gainera, adierazten du ez dagoela finantzaketa bikoitzik, eta, kasua bada, ez duela estatuko laguntzen araubidearekiko bateraezintasun arriskuaren berri.

BAIMENTZEN DU:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzea, laguntzak izapidetzeko prozeduraren barruan.** Ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko datuak.

2. Martxoaren 21eko JUS/319/2018 Aginduan xedatutako Benetako Titulartasunen Erregistroan jasotako informaziorako sarbidea. Agindu horren bidez, urteko kontuak argitaratzeko betebeharra duten subjektuek kontuak Merkataritza Erregistroan aurkezteko eta Europako Funtsen Sistemari informazioa lagatzeko eredu berriak onesten dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan xedatutakoa betetzeko, eta datu-base bakar batean sartzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren ondorioetarako.

3. Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan eskuragarri dauden erregistro ofizialetara edo informazio iturrietarako sarbidea, betiere laguntza eskaera aurkezteko unean dagoen informazioaren arabera, eskaera honek baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko aukera ematen badute.

KONPROMISO HAUEK HARTZEN DITU:

1. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Laguntzaren azken onuradun izanez gero, berariazko konpromisoa hartzea behar diren eskubideak eta sarbideak emanen dituela Europako erakundeek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatzearren, honako arau hauekin bat: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikulua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 129. artikulua, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatu beharreko finantza-arauei buruzkoa, zeinaren bidez aldatzen baitira 1296/2013 (EB) Erregelamendua, 1301/2013 (EB) Erregelamendua, 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 1309/2013 (EB) Erregelamendua, 1316/2013 (EB) Erregelamendua, 223/2014 (EB) Erregelamendua, 283/2014 (EB) Erregelamendua eta 541/2014/EB Erabakia, eta indargabetzen baita 966/2012 (EB, Euratom) Erregelamendua.

Data eta sinadura

DATU PERTSONALAK BABESTEAREN GAINEKO INFORMAZIOA

Bi arau hauekin bat: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

ZURE DATUEN TRATAMENDUAREN ARDURADUNA: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua

Helbidea: González Tablas kalea 9, 31005, Iruña. Helbide elektronikoa: gestinfo@navarra.es

Datuak babesteko ordezkaria: dpd@navarra.es

ZURE DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN HELBURUA

Datu pertsonalak tratatuko dira, deialdi hau kudeatzeko asmoz:Biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko laguntzak (SEM 2023), abereak errepidetik garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak eraikitzeko edo hobetzeko, baita mintegietan biosegurtasunaren arloko inbertsioak egiteko ere. Gainera, aurreikusi da helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu pertsonalak prozedura izapidetzeko eta ebazteko behar den denboran gordeko dira.

ZURE DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoko misio bat betetzeko edo botere publikoak erabiltzeko, hala nola dirulaguntza bat ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean adierazita dagoen moduan.

DATUEN NAZIOARTEKO LAGAPEN EDO TRANSFERENTZIEN HARTZAILEAK

Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.

INTERESDUNEN ESKUBIDEAK

Interesdunak eskubidea du datu pertsonaletan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera igorri behar dio Departamentuko Informazioa Kudeatzeko Atalari, goian adierazitako helbidera edo gestinfo@navarra.es helbide elektronikora, eta bere NANaren edo identifikazio agiri baliokidearen kopia erantsi beharko du. Halaber, interesdunek Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo dezakete erreklamazio bat aurkezteko, uste badute ez zaiola behar bezala erantzun beren eskaerari.

DATUEN JATORRIA, INTERESDUNAK BERAK EMAN EZ DITUENEAN

Zure eskaerarako beharrezkoa bada, administrazio publikoaren eskuan dagoen informazioa egiaztatuko da.

INFORMAZIO OSAGARRIA:Honako web-orri honen bidez: www.gobiernoabierto.navarra.es/eu

Iragarkiaren kodea: F2314479