203. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

158E/2023 EBAZPENA, irailaren 11koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko "de minimis" araubideko laguntzak emateko deialdia onesten baita. DDBN identifikazioa: 716036.

Nafarroako arraza latxako ardien esnearen ustiategiek gobernu tradizionala egiten dute, larreei lotua, baliabide naturalen erabilera jasangarria egiten dute, bertako arraza horren zainketan, mantenuan eta hobekuntzan parte hartzen dute eta lurraldea zaintzen eta mantentzen ere laguntzen dute.

Prozesuetan berrikuntzak erabiltzen dituzte, baina aldi berean milurteko jakintza gordetzen dute, eta populazioa landa-eremuan finkatzen laguntzen dute. Ustiategi horiek Nafarroako iparraldean daude, batez ere ipar-mendebaldeko nekazaritza eskualdean; Baztan da latxa arrazako esnetarako artalde gehien duen udalerria, eta ondoren Araitz, Malerreka eta Sakana datoz.

Zaila da errentagarritasun urria duten esnetarako ardien ustiategi horiek mantentzea, belaunaldien arteko erreleboa egitea nekeza delako eta inbertsio handiak egin behar direlako. Horrek landa-eremua abandonatzeko arriskua areagotzen du. Beraz, beharrezkoa da diruzko konpentsazioa ematea, mendialdean ekoizten eta eraldaketa egiten jarraitu ahal izateko eta tokiko jarduera ekonomikoan eta landa-eremuko produkzio-sareari eusten laguntzeko.

Ustiategi horien buruan, gehienetan, pertsona fisiko bat dago, eta haietako gehienek nekazaritza dute ogibide nagusia.

Beste alde batetik, emakumeak funtsezkoak dira ardi latxaren esnearen sektorean, animaliak zaintzen dituztelako, esnea eraldatu eta gazta egiten dutelako eta gazta hori merkaturatzen dutelako. Jarduera horiek denek emakumeei lotuta jarraitzen dute. Nahiz eta ardi latxaren sektorean emakumeek duten egitekoa nabarmena izan, beharrezkoa da, oraindik ere, neurriak hartzea beren ikusgaitasuna eta beren lanaren aitortza sustatzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste du beharrezkoa dela esnea ekoitzi eta ustiategian bertan eraldatzen duten ustiategi horiei konpentsazio ekonomiko bat ematea, betiere gutxienez urtean 8.000 litroko salmenta zuzena egiten badute.

Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak. Laguntza horiek "de minimis" araubidearen menpe daude.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta bederatzigarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

3. Onestea ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzak emateko 2023ko deialdia. Laguntza horiek "de minimis" araubidearen menpe daude.

4. Laguntza hauetarako, 80.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko Aurrekontu Orokorretako "Ardi latxaren plan estrategikorako laguntzak" izeneko 710004-71300-4700-412202 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Dirulaguntza deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko irailaren 11n.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ARDI LATXAREN ESNEA USTIATEGIAN BERTAN ERALDATZEKO 2023KO LAGUNTZAK EMATEKO. LAGUNTZA HORIEK "DE MINIMIS" ARAUBIDEAREN MENPE DAUDE

Lehena.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko 2023ko laguntzak emateko. Laguntzak "de minimis" araubidearen araberakoak izanen dira.

Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan dauden ugaltzaileen erroldako datuen arabera zehaztuko da, zeina automatikoki eguneratzen baita abeltzainek egiten dituzten alta, baja eta mugimenduen jakinarazpenekin.

–4 euro ardi latx bakoitzeko, ustiategiko esnea bertan eraldatzen duten ustiategietan.

–4,5 euro ardi latx bakoitzeko, ustiategiko esnea bertan eraldatzen duten ustiategietan, titularretako bat emakumea bada.

–5 euro ardi latx bakoitzeko, ustiategiko esnea bertan eraldatzen duten ustiategietan, titular bakarra edo titular guztiak emakumezkoak badira.

2. Horrez gain, laguntzaren zenbatekoa gehienez 600 euroko osagarri batekin osatzen ahalko da ustiategi bakoitzeko, baldin eta deialdiaren urtean ustiategiak ekoizpenaren kalitatea kudeatzeko eta hobetzeko kanpoko aholkularitzarako kontratu bat sinatua badu.

3. Ustiategiak ez badu bere ekoizpenaren %100 eraldatzen bere gaztandegian edo esne zentroan, koefiziente hau aplikatuko da: salmenta zuzeneko ekoizpena zati ekoizpen osoa (zuzeneko salmenta gehi industriako salmenta).

4. Gehienez ere 6.000 euroko laguntza emanen da ustiategian bertan ardi latxaren esnea eraldatzen duen ustiategi bakoitzeko.

5. Dirulaguntzen deialdi hau "de minimis" araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa). L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa.

6. Onuradun bakoitzari gehienez 200.000 euroko "de minimis" laguntza eman dakioke hiru zergaldiko epean, hala xedatuta baitago Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kokatutako abeltzaintzako ustiategien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoek eskatzen ahalko dituzte laguntza hauek, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta ustiategi hori inskribatua izatea Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrean, Abeltzaintzako Ustiategien Atalean.

b) Abeltzaintza ustiategiaren sailkapen zooteknikoa "esnea ekoizteko ugalketa" edo "ekoizpen mistorako ugalketa" izanen da, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro orokorra arautzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuak ezartzen duen moduan.

c) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.

2. Onuradunek zuzeneko salmentaren aitorpena egina izan beharko dute AICA-Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren INFOLAC sisteman (Ardi eta ahuntz esnearen aitorpenak kudeatzeko sistema), gutxienez 8.000 litroko ekoizpenarekin, aurreko urteko datuak hartuta, apirilaren 24ko 319/2015 Errege Dekretuaren 6. artikuluko 5. puntuan ezartzen den bezala. Errege dekretu horren bidez, behi-, ardi-eta ahuntz-esnearen zein behi-, ardi-eta ahuntz-esnekien ekoizleek eta lehen erosleek egin beharreko aitorpenak arautzen dira. Baldintza horretatik salbuesten ahalko dira, soil-soilik, urte horretako ekoizpenean izandako salbuespenezko inguruabarrak edo ezinbesteko arrazoiak behar bezala justifikatzen dituzten ekoizleak.

3. Abeltzaintzako ustiategiaren titularra eta eraldaketa zentroarena edo esne zentroarena berbera izanen da.

4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden pertsonak nahiz entitateak ezin izanen dira laguntzen onuradun izan.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura zuzenduko dira, eta, eskatzailea pertsona juridiko bat baldin bada, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ardi-latxaren-esnea-ustiategian-bertan-eraldatzeko-de-minimis-araubideko-laguntzak (aurrerantzean, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Era berean, pertsona fisikoek departamentu horretako erregistroan aurkez dezakete laguntza-eskaera (González Tablas kalea 9, Iruña), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.

Eskaerak horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko dira, zeina Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroetan eta laguntzen fitxan eskuratzen ahal den.

3. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleen kasuan.

b) Aitorpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, non adieraziko baitira aurreko bi zerga ekitaldietan eta kasuan kasuko zerga ekitaldian erregelamendu honi edo "de minimis" araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

c) Hala badagokio, deialdiaren urterako ekoizpenaren kalitatea kudeatzeko eta hobetzeko aholkularitza-zerbitzua ematen duen entitatearekin sinatutako kontratuaren kopia, bai eta zerbitzu hori ordaindu izanaren azken frogagiria ere.

d) Aitorpen bat, non adieraziko baita eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.

e) Onuraduna pertsona juridikoa bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

f) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ............................................., nire izenean edo ..................................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan nik/ordezkatzen dudan entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ditudala/dituela, betiere honako deialdi hau tramitatzeko prozeduraren barruan: ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzen deialdia."

g) Goiko f) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskaeran hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen arabera banatuko dira, honako lehentasun-ordena honen arabera:

–Lehena. Goi mendialdekotzat jotzen diren udalerrietako ustiategien eskaerak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak maiatzaren 23an eman 54/2023 Foru Aginduan ezartzen denaren arabera (haren bidez honako deialdi hauek egiten dira: 2023ko kanpainarako laguntzen eskaera bakarraren aurkezpena; Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren laguntza jakin batzuk; 2023-2027ko Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) eskualdeko esku-hartzeak; patataren hazi ziurtatuaren ekoizleentzako laguntzak, natura mugapenak dituzten eskualdeetan nekazaritzako jarduera horri eusteko; eta azukre-erremolatxaren laborantzarako estatuaren laguntza).

–Bigarrena. Goi mendialdekotzat jotzen diren udalerrietako ustiategien eskaerak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak maiatzaren 23an eman 54/2023 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera.

–Hirugarrena. Gainerako eskatzaileak.

3. Aurrekontua ez bada aski lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jaso ondoren, egiaztatuko da ea hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Exijitutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Dirulaguntza eman baino lehen, onuradunak adierazpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, eta bertan aipatuko ditu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldi fiskalean jasotako gainerako "de minimis" laguntza guztiak, erregelamendu honi edo "de minimis" araubideko beste erregelamendu batzuei lotutakoak.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako "de minimis" araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte aipatu erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

1. Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

2. Ardi-esnearen ekoizpenaren zuzeneko salmentaren adierazpenak egitea eta ustiategiko animalien zerrenda behar bezala eguneratuta edukitzea.

3. Administrazioko teknikariei erraztasunak ematea ustiategira sartzeko, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiazta dezaten.

4. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/9498732/Declaracion+transparencia_eus.pdf/223c2481-a0e1-4f9e-b34e-f3ded3a69fb0?t=1652089688241

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

Hamargarrena.–Laguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak horretarako erabili direla frogatzea.

Dirulaguntzaren helburua da ustiategian ekoizten den ardi latxaren esnea bertan eraldatzea, eta kontrol administratiboak eginen dira xede hori bete dela justifikatzeko. Kontrol horietan egiaztatuko da ustiategiak jarduerari eusten diola laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den egunean, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren eta INFOLACen datu baseen arabera, eta kasua zein den, ustiategietan bertan kontrolak eta ikuskapenak egiten ahalko dira.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, baldin eta errespetatzen badira Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritako mugak; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Salbuespeneko inguruabarrak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dizkio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atariaren Tramiteen katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean ere argitaratuz.

2. Onuradun guztiek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa aipatu beharko dute erabilera profesionalerako duten webgunean edo egoki diren beste baliabide batzuen bidez. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

Iragarkiaren kodea: F2313127