199. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

941/2023 EBAZPENA, irailaren 12koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, eskumen batzuk erabiltzea eta esparru-akordioak eta kontratu publikoak gauzatzeko izenpea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren organo batzuei eskuordetzen dizkiena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11.1 artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei.

Halaber, aipatu foru lege horren 15. artikuluak baimena ematen die organismo publikoetako titularrei, ezarritako mugen barruan, beren ebazpenen eta administrazio-egintzen izenpea mendeko organoei eskuordetzeko nagusi hierarkikoak baimena emanez gero.

Administrazio jarduera asko daude, batez ere kontratu publikoei eta ondare-erantzukizunari dagokionez. Hori dela eta, besteak beste, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak gomendatzen du jarduera horiek gauzatzeko eta kontratu publikoak sinatzeko eskuordetzeak egitea, erakundeak azkarrago eta efizientzia handiagoarekin jardun dezan.

Irailaren 7ko 260E/2023 Foru Aginduaren bidez, Osasuneko kontseilariak baimena eman dio Kudeaketako Zuzendaritzari kontratu publikoak eta esparru-akordioak izenpetzeko.

Horrenbestez, aipatu arauekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Eskumen hauek eskuordetzea Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako kideei, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruei eta Tuterako Osasun Barrutiko eta Lizarrako Osasun Barrutiko zuzendariei, zein bere esparru funtzionalean: obren kontratazioa, 40.000 euro arte, eta laguntzen eta horniduren kontratazioa, 15.000 euro arte, baita sinatutako esparru-akordio baten babesean adjudikatzen diren edozein kopurutako kontratuen adjudikazioa ere.

Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat duenean, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kudeatzaileak, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileak, Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzaileak eta Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzaileak ordeztuko dituzte organo horiek, zein bere esparru funtzionalean.

Aurreko paragrafoan zehaztu diren kontratuen izaera eta zenbateko bera duten gainerako kontratuen kasuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren funtzionamendu normalerako beharrezkoak badira, eskumena Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren esku uzten da. Kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko ezintasun pertsonalen bat edo legezko ezintasunen bat duenean, Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariordearen esku eta Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzuko buruaren esku uzten da, hurrenkera horretan.

Halaber, organo eskudunak adjudikatutako kontratuen eta jabego publikoko emakiden fakturak, baita Iruñeko Artzapezpikutzarekin sinatutako hitzarmenetik eratorritakoak ere, onetsi eta haien ordainketa agintzeko eskumena hauei eskuordetzen zaie: Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzu buruei eta Tuterako Osasun Barrutiko eta Lizarrako Osasun Barrutiko zuzendariei, nork bere esparru funtzionalean. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko ezintasun pertsonalen bat edo legez ezintasunen bat duenean, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kudeatzaileak, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileak, Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzaileak eta Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzaileak ordeztuko dituzte organo horiek, zein bere esparru funtzionalean.

Aurreko paragrafoan zehaztu diren kontratuen izaera bera duten gainerako kontratuen fakturen kasuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren funtzionamendu normalerako beharrezkoak badira, onartu eta ordaintzeko eskumena Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren esku uzten da, eta kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko ezintasun pertsonalen bat edo legezko ezintasunen bat duenean, Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariordearen esku eta Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzuko buruaren esku uzten da, hurrenkera horretan.

2. Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendariaren esku uztea, bere esparru funtzionalean, zerbitzuen eta horniduren kontratazioa, 15.000 euro arte, baita sinatutako esparru-akordio baten babesean adjudikatzen diren edozein kopurutako kontratuen adjudikazioa ere.

Halaber, organo berari ematen zaio organo eskudunak adjudikatzen dituen kontratuei dagozkien fakturak onetsi eta horien ordainketa agintzeko eskumena.

Halako kasuetan, kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo ezintasun pertsonalen bat edo jarduteko legezko ezintasunen bat duenean, honako hauek ordeztuko dute, hurrenkera honetan: Osasun Laguntza Integraturako zuzendariordea, Kudeaketa Klinikorako eta Laguntzaren Ebaluaziorako Zerbitzuko burua, Herritarren eta Erien Arretarako Zerbitzuko burua eta Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasun Zerbitzuko burua.

Orobat, Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendariaren esku uzten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuen 24. artikuluan aipatzen diren komiteak eta batzordeak eratzeko eskumena, betiere bere eskumeneko arloei lotuta badaude (estatutuak irailaren 3ko 175/2015 Foru Dekretuak onetsi zituen).

3. Osasun Mentaleko Kudeatzailetzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko buruari eskuordetzea Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruei eta Tuterako Osasun Barrutiko eta Lizarrako Osasun Barrutiko zuzendariei eskuordetzen zaizkien eskumenak, dagoeneko Nafarroako Osasun Mentalari buruzko abenduaren 13ko 21/2010 Foru Legearen 14. artikuluak esleitu ez dizkionak, horiekin batera erabil ditzan (foru lege horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura organikoa ezarri zen).

4. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko zuzendariari eskuordetzea Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruei eta Tuterako Osasun Barrutiko eta Lizarrako Osasun Barrutiko zuzendariei eskuordetzen zaizkien eskumenak, dagoeneko Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egitura organikoa garatzen duen otsailaren 19ko 25/2014 Foru Dekretuaren 1. artikuluak esleitu ez dizkionak, horiekin batera erabil ditzan.

5. Osasunerako Sistema eta Teknologien zuzendariordeari eskuordetzea, bere esparru funtzionalean, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzeko eskumena, 15.000 euro arte, bai eta sinatutako esparru-akordio baten babesean adjudikatzen diren edozein kopurutako kontratuak adjudikatzekoa ere.

Halaber, organo berari ematen zaio organo eskudunak adjudikatzen dituen kontratuei dagozkien fakturak onetsi eta horien ordainketa agintzeko eskumena.

Halako kasuetan, kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko ezintasun pertsonalen bat edo jarduteko legezko ezintasunen bat duenean, honako hauek ordeztuko dute, hurrenkera honetan: Osasuneko Emaitzak Ebaluatu eta Zabaltzeko Zerbitzuko burua eta Informazioaren Segurtasunerako eta Erabiltzaileari Zerbitzua Emateko Ataleko burua.

6. Eskuordetzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dagokion kontratu publikoak zein esparru-akordioak eta horien kontratuak gauzatzeko izenpea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari.

Aurreko kasuetan, kargua hutsik dagoenean, edo titularra kanpoan, gaixorik, edo jarduteko ezintasun pertsonalen bat edo legez jarduteko ezinduta dagoenean, Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariordeak, Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariordeak eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruak ordeztuko dute, ordena honetan, hurrenez hurren.

7. Araubide Juridikoaren Zerbitzuko buruaren esku uztea ondare gaineko erantzukizunaren arloan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzura bideratzen diren erreklamazioak tramitera onartzen diren ala ez erabakitzeko eskumena, bai eta prozeduraren instruktorea izendatzekoa ere.

Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko ezintasun pertsonalen bat edo legez ezintasunen bat duenean, honako hauek ordeztuko dute, hurrenkera honetan: Herritarrekiko Harremanetako Laguntza Juridikoaren Ataleko burua eta Baliabideak Kudeatzeko Laguntza Juridikoaren Ataleko burua.

8. Ebazpen honetan adierazitako zenbatekoak aldatuko dira Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluak ezartzen duen zenbateko txikiko kontratuen araubide berezia aldatzen den heinean.

9. Eskumen eskuordetzearen bidez ematen diren ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko da berariaz, eta, ondorio guztietarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emanak balira bezala hartuko dira.

Era berean, eskuordeturiko izenpearen bidez sinatzen diren kontratu eta esparru-akordioetan inguruabar hori eta jatorrizko organoa zehaztuko dira.

10. Baldin eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura aldatzearen ondorioz organoak sortu, aldatu edo kentzen badira, ulertuko da ebazpen honen bidez egiten diren eskuordetzeak aldaketaren ondorioz aldatu edo sortutako organoei egiten zaizkiela, zein bere eremu funtzionalean.

11. Ebazpena aipatu organoen zuzendari eta buruei jakinaraztea, baita honako hauei ere, dagozkion ondorioetarako: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoari eta Osasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari.

12. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko irailaren 12an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.

Iragarkiaren kodea: F2313157