161. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

76E/2023 FORU AGINDUA, uztailaren 13koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako mankomunitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onesten baita, kirol jarduera fisikoko programak sustatu ditzaten 2023-2024 aldian. DDBN identifikazioa: 709226.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a eta 3.f artikuluetan, arlo batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, arlo horiek Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten.

b) Ahaleginak egitea kirol jardueren praktika heda dadin Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osora.

Halaber, Kirolari buruzko Foru Legearen 33. a) artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduera sustatuko duela, laguntzen eta dirulaguntzen araubide baten bidez besteak beste. Ondoren, berariaz esaten da kirol arloko dirulaguntzen oinarri arautzaileek tratamendu bereizia ematen ahal dietela toki erakundeei, honako hauek kontuan izanik: baliabideen aprobetxamenduaren plangintza orekatua, kokapen geografikoa, populazioa eta toki erakundeen antzeko ezaugarri bereziak.

Helburu horiek izanik, Foru Komunitateko herritarren sektore guztiei zuzendutako kirol ibilbidean bide berri bat irekitzeko asmoz, Nafarroako Kirolaren Institutuak bultzatzen jarraitu nahi du mankomunitateek eskaini eta zuzendutako kirol jarduera fisikoko programak, haiek ere toki erakunde izaera baitute.

Gaur egun, Nafarroan 6 mankomunitate daude kirol zerbitzua dutenak: Areso, Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitatea, Hego Nafarroa Kirol Mankomunitatea, Sakanako Kirol Mankomunitatea, Izarbeibarko Kirol Mankomunitatea, Erdialdeko Kirol Mankomunitatea eta Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Horietan, udalak eta kontzejuak biltzen dira eskualdeko biztanleei zerbitzuak emateko, besteak beste kirol zerbitzuak; izan ere, bestela, ez lukete halako zerbitzuak jasotzeko modurik izanen, ez baitago horretarako baliabide materialik eta giza baliabiderik.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuak, foru agindu honen bidez, aurten ere mankomunitateen eskura jartzen dituen baliabide mota guzti hauen helburua da, zuzenean edo zeharka, kirol jarduera fisikoen praktika sustatzea eta areagotzea, kirol jarduera fisikoko programak antolatuz eta garatuz.

Programa horiek 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte gauzatuko dira.

Deialdi honek, 2023-2024 denboraldia hartzen baitu, urte anitzeko gasturako espediente bat osatzen du, 2024ko ekitaldia ukitzen duena. Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuak deialdiari dagokion urteko gastua baliozkotu du.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabilita,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako mankomunitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat, kirol jarduera fisikoko programak sustatu ditzaten 2023-2024 aldian.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen direnak, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4609-336100: toki erakundeen kirol jardueretarako laguntzak

2024

120.000,00

A50002-A5100-4609-336100: toki erakundeen kirol jardueretarako laguntzak

2023

87.000,00

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Dokumentazio hori guztia eta gainerako eranskinak erakunde interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2023ko uztailaren 13an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA–OINARRIAK

1. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da behar den araubidea ezartzea Nafarroako mankomunitateei dirulaguntzak emateko, 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte gauzatzen diren kirol jarduera fisikoko programak susta ditzaten.

1.2. Dirulaguntzaren xede izanen dira, mankomunitateek antolatuta, biztanleei oro har zuzentzen zaizkien kirol jarduera fisikoko programak, eginkizun hauek betetzen dituzten langileak dituztenak:

–Mankomunitatearen zerbitzu eta jardueren zuzendaritza teknikoa, programazioa, plangintza, koordinazioa, kontrola, ebaluazioa, gainbegiratzea eta antzekoak, aplikatuz kirol zientzietako ezagupenak eta teknikak.

–Kirol monitore edo kirol entrenatzaile lanbidean dihardutenen funtzio teknikoak koordinatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea.

1.3. Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

–1.2 oinarrian aipatzen diren funtzioak betetzen dituzten langileei zuzendutako prestakuntza jarduerak, hezkuntza arloan edo beste arlo batzuetan garatzen direnak, kirol teknikarien ikastaroak esate baterako.

–Nafarroako Kirolaren Institutuaren beste deialdi berariazkoago batzuen xede diren edo horietan jasotzen diren kirol jarduera fisikoak.

–1.2 oinarria betetzen ez duten mankomunitateak.

2. Helburua.

Dirulaguntza erabiliko da hein batean berdintzeko kirol jarduera fisikoko programak sustatzeak ekarritako defizita, betiere programa horien titulartasuna mankomunitateari badagokio eta 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte egiten badira.

3. Aurrekontu kreditua.

3.1. Deialdi honi aurre egiteko, 207.000 euro bideratuko dira helburu horietarako. Dirua partida hauei egotziko zaie:

  • 87.000 euro 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Toki erakundeen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4609-336100 partidaren kargura, 2023ko urriaren 1etik azaroaren 30era arte egiten diren jardueretarako.
  • 120.000 euro 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko irailaren 30era arte egiten diren jardueretarako.

3.2. Dirulaguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua honako multzo hauetan banatuko da:

a) 87.000 euro, 2023ko urriaren 1etik azaroaren 30era arte gauzatzen den programarako.

  • 27.000 euro, 1.2 oinarriko funtzioak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak ordaintzeko, bakar-bakarrik.
  • 60.000 euro, jardueren garapenarekin lotutako gastu diruz lagungarriak ordaintzeko, aurreko ataleko gastuak kenduta.

b) 120.000 euro, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko irailaren 30era gauzatzen den programarako:

  • 60.000 euro, 1.2 oinarriko funtzioak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak ordaintzeko, bakar-bakarrik.
  • 60.000 euro, jardueren garapenarekin lotutako gastu diruz lagungarriak ordaintzeko, aurreko ataleko gastuak kenduta.

3.3. Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Onuradunen betebeharrak.

4.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzak jaso ditzakete 1.2 oinarriari jarraikiz kirol jarduera fisikoak egiten dituzten Nafarroako mankomunitateek.

4.2. Erakunde onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Dirulaguntza jasotzeko 1.2 oinarrian ezarritako funtzioak betetzen dituen pertsona kualifikatu bat izatea.

Eskaeran (II. eranskina) pertsona horren datuak jasoko dira, eta adieraziko da lanaldiaren zenbat denbora eskaintzen dien jarduera diruz lagungarriei.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Eskabidearekin batera (II. eranskina), Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Zerga Ogasunarekiko ordainketak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak aurkeztuko dira. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egiteko. Datu horiek kontsultatzeko baimenik ematen ez bada, datuok eman beharko dira.

–Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik (II. eranskinean adierazia).

–Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter utziko dira, dela instalazioetan, dela jardueretarako erabiltzen diren jantzietan eta materialean, halako enpresen edonolako publizitatea egiten duten jarduerak (II. eranskinean adierazia).

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea (II. eranskinean adierazia).

–Diruz lagundutako programak aurrera eramateko eginkizunen bat betetzen duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Horretarako, deialdiari heltzen dioten mankomunitateek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute, esaten duena kirol jarduera fisikoak zuzentzen dituzten eta adingabeekin ohiko kontaktua duten langileek badutela ziurtagiri hori. Diruz lagundutako programan parte hartzen duen mankomunitateak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori. (II. eranskinean adierazita).

5. Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, betiere programatutako jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta egiten badira horiek egiteko ezarritako epealdian:

–1.2 oinarrian adierazitako funtzioak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean programako jarduerak antolatzen, kontrolatzen eta garatzen ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Toki erakundeko monitoreen eta bestelako langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak, programa gauzatzen laguntzen badute. Beren lanaldiaren barrenean jarduera diruz lagungarrietan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Kirol kudeaketako enpresekin egindako zerbitzu kontratuen gastuak, kirol klubekin sinatutako kontratu edo hitzarmenenak (azken horietan, langileak klubak kontratatu baldin baditu) edo langile autonomoekin egindako kontratuenak, programako jarduerak garatzeko.

–Diruz lagundutako programako kirol jarduera fisikoak ematen dituzten langileei lehen sorospenetan prestakuntza emateko gastuak.

–Programako kirol jarduera fisikoetan parte hartzen dutenen joan-etorriak, mankomunitatearentzat gastua ekartzen badute.

–Programako jardueretarako osasun arloko laguntza zerbitzua kontratatzearen gastuak.

–Programako jarduerak egiteko kirol instalazioak erabiltzeak ekarritako gastuak.

–Programako jardueren aseguru polizak.

–Programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria erostea.

–Programako jardueren publizitatea.

–Programako online jarduerak aurrera eramateko programen edo aplikazio informatikoen gastuak. Atal honetatik kanpo geratzen dira ordenagailuak, tabletak eta antzeko ekipamendu informatikoak.

–Programako kirol jarduera fisikoetan ematen diren trofeoen gastuak, jarduera horiek lehiaketa gisakoak direnean eta, betiere, 8 urtetik gorakoentzat badira.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Dirulaguntza-eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 9an bukatuko.

6.2. Dirulaguntza-eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

6.3. Eskaerak eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Mankomunitate eskatzaileek aurkeztu beharreko eskaera eta dokumentazioa.

7.1. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

1. Eskaera-orria (II. eranskina).

2. Jarduerak (III. eranskina).

–1. fitxa: Jarduera arruntak. 1. epealdia eta 2. epealdia.

–2. fitxa: Jarduera estrategikoak. 1. epealdia eta 2. epealdia.

–3. fitxa: Epealdi bakoitzeko aurrekontuak: 1. multzoa (8. oinarriaren arabera).

–4. fitxa. Epealdi bakoitzeko aurrekontuak: 2. multzoa (8. oinarriaren arabera).

–5. fitxa. Zuzendutako jardueretako monitoreen zerrenda eta titulazioen izenak (erantsi tituluak edo kontratatutako enpresaren ziurtagiri bat, aipatzen den titulazioa baduela adieraziz).

3. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabete lehenago emana, frogatzen duena mankomunitateak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, edo, bestela, Nafarroako Kirolaren Institutuari baimena ematea kontsulta hori egiteko.

4. Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabete lehenago emana, frogatzen duena mankomunitateak egunean dituela bere zerga betebeharrak, edo, bestela, Nafarroako Kirolaren Institutuari baimena ematea kontsulta hori egiteko.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

8. Dirulaguntza ematea: epealdiak, multzoak eta jarduera motak.

8.1. Dirulaguntza emateko, oinarritzat hartuko dira mankomunitate bakoitzaren programan sartutako kirol jarduera fisikoen kopuruaren arabera lortutako puntuak, multzoak eta epealdiak.

8.2. Epealdiak:

–1. EPEALDIA (2023ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte egiten diren kirol jarduera fisikoak).

–2. EPEALDIA (2023ko abenduaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte egiten diren jarduerak).

8.3. Epealdi bakoitzean bi multzori emanen zaie dirulaguntza, bakoitzak bere portzentajeak eta diru kopuruak ezarriak dituela:

–1. MULTZOA: 1. oinarrian adierazitako funtzioak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. 2

  • Lehenengo epealdian %100 ordainduko da, gehienez ere 4.500 euro mankomunitate bakoitzeko.
  • Bigarren epealdian %100 ordainduko da, gehienez ere 10.000 euro mankomunitate bakoitzeko.

–2. MULTZOA: kirol jarduera fisikoak egiteari loturiko gastuak:

  • Lehenengo epealdian gehienez ere 10.000 euro ordainduko dira mankomunitate bakoitzeko.
  • Bigarren epealdian gehienez ere 10.000 euro ordainduko dira mankomunitate bakoitzeko.

8.4. Jarduera motak eta bakoitzaren balioa:

A) Kirol jarduera fisiko arruntak:

1 puntu/jarduera.

–Hemen sartzen dira herritar guztiei, oro har, eskaintzen zaizkien kirol jarduera fisikoak, haien iraupena kontuan hartu gabe eta non egiten diren adierazita.

–Jarduera bat talde batean baino gehiagotan egiten denean, kontuan hartu gabe non egiten den, jarduera desberdin gisa kontabilizatuko dira, talde bakoitzak bere monitorea badu.

–Atal honetan ezin izanen dira sartu jarduera estrategikoak.

B) Kirol jarduera fisiko estrategikoak:

1,25 puntu/jarduera.

Bakar-bakarrik sartuko dira aukera berdintasunaren, inklusioaren eta mugak gainditzearen balioak sustatzen dituzten kirol jarduera fisikoak, esaterako hauek:

–Gizarte-bazterketa pairatzeko arriskua dutenei zuzendutako jarduerak.

–Gazteei zuzendutako jarduerak (14 eta 30 urte bitarteko neska-mutilak).

–Jarduera irisgarriak (desgaitasuna dutenei zuzendutakoak).

8.5. Diruz lagundutako jardueren alderdi komunak:

5 eta 8 urte bitarteko haurrentzako programazioan, ez da sartzen ahal lehiaketan aritzea eta kirol emaitzaren bat lortzea helburu duen kirol jarduera fisikorik.

9. Dirulaguntzen zenbatekoa.

Honako atal hauek hartuko dira kontuan mankomunitate bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko prozeduran:

9.1. Epealdi bakoitzean, mankomunitateak aurkezten duen kirol jarduera fisikoen programaren arabera baloratuko dira dirulaguntza-eskaerak, jarduera bakoitzari esleitutako puntuak batuz.

9.2. Horrela, mankomunitate bakoitzak puntuazio bat lortuko du, zeinaren bidez lehentasun ordena bat ezarriko baita epealdi bakoitzari dagozkion kopuruak esleitzeko.

9.3. Mankomunitate bakoitzari esleitu beharreko diru-zenbatekoen muga bat ezarriko da aurkeztutako defizitaren eta multzo bakoitzean ezarritako gehieneko diru-zenbatekoen arabera.

9.4. Ez bada agortzen multzo bakoitzean dagoen kreditua, gelditzen den saldoa banatuko da lehentasun ordenaren arabera puntuazio handiena duten 3 mankomunitateen artean, kreditu erabilgarriaren ehuneko hauek aplikatuz: lehenengoari %50, bigarrenari %30 eta hirugarrenari %20. Kasu horretan, onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntza osoak gainditzen ahalko ditu 8.3 atalean multzo bakoitzerako ezarritako gehienekoak, baina ezin izanen du inola ere gainditu multzo horietako bakoitzean aurkeztutako defizita, eta ezin izanen du gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 gainditu.

9.5. Epealdi bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik edo beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzekin batera, ezin izanen da inoiz ere izan diruz lagundutako programaren kostu osoa baino handiagoa epealdi bakoitzean.

9.6. Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada gehiegizko finantzaketa izan dela, diru-sarreren soberakina adina murriztuko da dirulaguntza.

10. Laguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

11. Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

12. Ebazpenak.

12.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie toki erakunde onuradunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.

12.2. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespenaren gainean ebatziko da.

12.3. Informazioa zabaltzeko asmoz baino ez, laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan argitaratuko dira.

12.4. Epe hori ebazpenik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.

12.5. Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

12.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

13. Kirol jarduera fisiko berrietarako eskaera.

13.1. Dirulaguntza emateko ebazpena onetsi ondoren, mankomunitateek, eskabide baten bidez, dirulaguntza eskatzen ahalko dute jarduera berriren baterako, arrunta nahiz estrategikoa, dirulaguntzaren eskaeran aurkeztutako programan ageri direnak ordezteko.

13.2. Mota berekoak behar dute izan jarduera berriak eta horrek ordezkatzen duenak (arrunta nahiz estrategikoa), eta bat etorri iraupenean eta aurrekontuan.

13.3. Egin baino hilabete lehenago gutxienez eskatu beharko dira jarduera berriak.

13.4. Eskaeran zehaztuko da zein den jarduera berria, bai eta zer jardueraren ordez eginen den ere, eta bietan zehaztuko dira izena, udalerria, iraupena, noiz hasi eta noiz bukatzen den, zer egunetan egiten den eta aurrekontu xehakatua.

13.5. 3 jarduera berri eskatzen ahal dira gehienez.

13.6. Instrukzio organoak (Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza), behar den ofizioaren bitartez, eskaera onartu edo ez onartu erabakiko du, eta onartzeko edo atzera botatzeko arrazoiak emanen ditu.

13.7. Nafarroako Kirolaren Institutuak eskaera hori onartzen badu ere, ez da handituko dirulaguntzaren zenbatekoa.

14. Frogagiriak.

Bi alditan aurkeztuko dira frogagiriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Bakoitza artxibo batean bereizita aurkeztuko da, bere izenaren bidez behar bezala identifikatuta:

A) 2023ko abenduaren 14ra arte (egun hori barne), 2023ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako kirol jarduera fisikoei dagokienez:

1. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.–Egindako jarduera arruntei buruzko frogagiriak (IV. eranskina. 1. fitxa).

2.–Egindako jarduera estrategikoei buruzko frogagiriak (IV. eranskina. 2. fitxa).

3.–Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. (IV. eranskina. 3. fitxa).

–Fakturen datak 2023ko urriaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartekoak izanen dira (egun hori barne).

–Faktura guztien ordainketa data 2023ko urriaren 1etik 2023ko abenduaren 14ra bitartekoa izanen da (egun hori barne).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariak sinatutako eta mankomunitateko buruak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, frogatzen duena egin direla eta ordaindu direla gastu/faktura horiek.

4.–Emaitzen egoera-orria: idazkariaren ziurtagiria, mankomunitateko buruak ontzat emana, egiaztatzen duena gastu horiek egin eta ordaindu direla eta zerrendan zehaztuta ageri diren dirusarrerak eta gastuak soilik honakoei dagozkiela:

–1.2 oinarrian adierazitako funtzioak betetzen dituen pertsona (bere soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak) (IV. eranskina. 4. fitxa).

Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, mankomunitateak frogatu beharko du ordaindu dituela Nafarroako Zerga Ogasunean, 2023ko abenduaren 31 baino lehen, 1. epealdiko PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak. Justifikazio hori telematikoki igorri beharko da 2024ko otsailaren 15a baino lehen.

–Jardueren garapena, alde batera utzita kirol koordinatzaile-teknikariaren soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak (IV. eranskina. 5. fitxa).

Aurkeztutako diru-sarreren zerrendak bat eginen du epealdi horretan egin beharreko jarduerekin, eta, beste entitate batzuen dirulaguntzen kasuan, diru-sarrerak proportzionalak izanen dira 2023ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarteko epealdiarekin.

5.–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (V. eranskina).

6.–Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia (VI. eranskina).

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

B) 2024ko urriaren 15era arte, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako jarduerei dagokienez.

1. Egindako jarduera arrunten frogagiriak (IV. eranskina. 1. fitxa).

2. Egindako jarduera estrategikoen frogagiriak. (IV. eranskina. 2. fitxa).

3. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. (IV. eranskina. 3. fitxa).

–2. epealdiko fakturen datak 2023ko abenduaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartekoak izanen dira (egun hori barne).

–1. epealdiko fakturak sartzen ahalko dira baldin eta haien ordainketa data 2023ko abenduaren 14tik aurrerakoa bada.

–Faktura guztiak ordaintzeko mugaeguna 2024ko urriaren 15a izanen da, egun hori barne.

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariak sinatutako eta mankomunitateko buruak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, frogatzen duena egin direla eta ordaindu direla gastu/faktura horiek.

4. Emaitzen egoera-orria: idazkariaren ziurtagiria, mankomunitateko buruak ontzat emana, egiaztatzen duena gastu horiek egin eta ordaindu direla eta zerrendan zehaztuta ageri diren dirusarrerak eta gastuak soilik honakoei dagozkiela:

–1.2 oinarrian adierazitako funtzioak betetzen dituen pertsona (bere soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak) (IV. eranskina. 4. fitxa).

Langileen gastuen justifikazioari dagokionez, mankomunitateak frogatu behar du PFEZari dagozkion atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

–Jardueren garapena, alde batera utzita kirol koordinatzaile-teknikariaren soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak (IV. eranskina. 5. fitxa).

Aurkeztutako diru-sarreren zerrendak bat eginen du epealdi horretan egin beharreko jarduerekin, eta, beste entitate batzuen dirulaguntzen kasuan, diru-sarrerak proportzionalak izanen dira 2023ko abenduaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarteko epealdiarekin.

5. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (V. eranskina).

6. Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia (VI. eranskina).

7. Jardueren programaren azalpen memoria, diruz lagundutako eta gauzatutako jarduera guztiak ja­soko dituena. Besteak beste, honako hauek jasoko dira: jardueren izena, parte-hartzaileen kopurua se­xuaren arabera banaturik, zer adinetako jendearentzat izan diren, iraupena, non egin diren eta publi­zitatea.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

15. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

15.1. Frogagiriak 14. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena.

15.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikazioa behar bezala egin ondoren.

15.3. Lehenengo epealdiari dagokion dirulaguntza 2023ko ekitaldian ordainduko da, eta bigarren epealdiari dagokiona 2024ko ekitaldian.

16. Erakunde onuradunen betebeharrak.

16.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte, eta haien aplikazioa agiri bidez frogatuko dute; gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztuko dituzte.

16.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, horren berri eman beharko dute (V. eranskina). Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da izan inola ere egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa epealdi bakoitzean.

16.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Inguruabar horiek justifikatzeko VI. eranskina erabiliko da.

16.4. Behartuak daude egin beharreko jarduera guztietan errespetatzera osasun eta kirol agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak, bai eta dirulaguntzen xedeko jarduerak egin bitartean indarrean daudenak ere.

16.5. Dirulaguntzak emateko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

16.6. Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren gaineko justifikazioa azken memorian aurkeztuko da.

16.7. Programaren garapenari loturiko eginkizunen batean edo bestean aritzen diren langile guztiek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoarekin.

Lege organiko horren 57. artikuluak dio ezen, adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen dela epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Diruz laguntzen diren programetan parte hartzen duten toki erakundeek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiri hori.

16.8. Toki erakunde onuradunek zaindu beharko dute betetzen dela Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoa, eta, hori helburu, kirol ingurune seguruak bermatu beharko dituzte. Hala, toki erakunde onuradunek, administrazio publiko diren aldetik, betebehar hauek izanen dituzte:

–Nork bere eskumenen esparruan, jarduketa-protokolo bat onartzea eta aplikatzea. Protokolo horretan, kirolaren eta aisialdiaren arloan ingurune segurua eraikitzeko jarduketak jasoko dira, zeinak jarraituko baitira kirolaren eta aisialdiaren arloan haurren eta nerabeen aurkako balizko indarkeria-egoerak prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta horietan esku hartzeko. Protokolo horrek errespetatu beharko du Nafarroako Foru Komunitatean kirolaren eta aisialdiaren esparruan haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 84/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zena.

–Babes ordezkaria izendatzea.

Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, 14. oinarrian zerrendatutako frogagiriekin batera. Adierazpen horretan, goian aipatutako jarduketa-protokoloaren onarpena jasoko da, bai eta erakundeak babes ordezkari gisa hautatutako pertsonaren izena ere.

Nafarroako Kirolaren Institutuak prestakuntza espezifikoa emanen die erakunde onuradun guztiei indarkeriaren prebentzioari buruz, Lege Organikoak jasotzen dituen betebeharrak betetzeko orientabide batzuk izan ditzaten.

16.9. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

16.10. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

17. Ez-betetzeak.

17.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

17.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

18. Azpikontratazioa.

18.1. Mankomunitate onuradunek jarduerari ematen zaion dirulaguntzaren %100 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.

18.2. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

18.3. Kontratistek toki erakunde onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa.

Mankomunitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta mankomunitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

18.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluan adierazitako pertsonekin.

19. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntza-eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

19.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, erakunde eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

20. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, horiek jakinarazi eta biharamunetik hasita.

21. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen VII. eranskinean eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

22. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2310989