157. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

654E/2023 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Izabako Udal Planean 2. poligonoko 399. eta 26. lurzatietan aldaketa egituratzailea egiteari buruz. Aldaketaren sustatzailea Izabako Udala da.

Izabako Udalak 2023ko maiatzaren 3an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratu baitzen 2023ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 18koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da hiri lurzoruan sartzea 2. poligonoko 26. lurzatia eta 399. lurzatiaren zati bat, ohiko bizitza izanen den etxe bat bertan eraikitzeko. Aldaketan aurreikusirik dago, halaber, Errege Bidearen erregularizazioa eta ondare-berreskurapena.

Aldaketaren esparrua Izabako herrigunearen iparraldeko mugan dago, egun indarrean dagoen planeamenduaren arabera inguruko lurzoruaren sailkapena duten lurretan. Aldaketak 803,57 m²-ko azalerari eragiten dio, eta horien barruan aurreikusirik daude bide lagapen bat (110,45 m²) eta egun dagoen borda zaharberritzea (500 m²); 26. lurzatia baratzetarako geldituko da, eraikitzeko erabilerarik gabe (193,12 m²). Jarduketaren esparru osoa UE-4 exekuzio unitatearen barruan dago.

Proposamenak berekin dakar erabilera aldaketa bat, larrearena izatetik hiri lurzoruarena izatera pasatzeko, herrigunearen mugakide diren lurretan, non ez baita identifikatu ingurumen aldetik garrantzia duen elementurik eta, beraz, ez baita aurreikusten ingurumenaren gaineko ukipen esanguratsurik.

Argi-kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1980/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra bitartekoak) ezarritakoa eta, zehazki, argi-puntuek zabaltzen dituzten goi-hemisferioko gehieneko fluxuak %5ekoak edo txikiagoak izan beharko dira kanpo argiteriako argi-puntu guztietan. Gomendatzen da sodio-lurrunezko lanparak erabiltzea, LED-anbarra (argi zuri-horia) edo 440 nm-etik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea, argi zuri-urdinkara zabaltzen duten lanparen erabilera saihestuta.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazioaren prozedura bete dela, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Izabako Udal Planean 2. poligonoko 399. eta 26. lurzatietan aldaketa egituratzailea egiteari buruz, ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsurik ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Izabako Udala da.

2. Argiteria publikoari dagokionez, argi-puntuek zabaltzen dituzten goi-hemisferioko gehieneko fluxuak %5ekoak edo txikiagoak izan beharko dira. Faunaren gaineko ukipena murrizteko, gomendatzen da sodio-lurrunezko lanparak erabiltzea, LED-anbarra (argi zuri-horia) edo 440 nm-etik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea, argi zuri-urdinkara zabaltzen duten lanparen erabilera saihestuta.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Izabako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko ekainaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2310204