134. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

333E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa inskribatzen duena Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan.

Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofiziala Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatu zen, 5. zenbakiarekin eta Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofiziala izenarekin, ekainaren 7ko 991/2002 Ebazpenaren bidez, eta ebazpen berean elkargoaren estatutuak argitaratu ziren.

2023ko maiatzaren 4an, Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialak bere estatutuen aldaketa inskribatzeko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eskatu zuen.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu ziren: Batzar Nagusiaren aktaren ziurtagiria, Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren ziurtagiria, egindako aldaketa guztiak biltzen zituen estatutuen ale bat eta inskribatzeko legezko tasaren ordainketa-gutuna.

Egiaztatu denez, Batzar Nagusiak 2022ko martxoaren 24an egindako bilkuran erabaki zen aldaketa hori egitea, estatutuen 25. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraituz. Horrela jaso da Elkargoko idazkariak, Elkargoko dekanoaren oniritziarekin, igorritako ziurtagirian.

Eskatutako inskripzioa bat dator Elkargoaren Estatutuen 25. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin, baita Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean eta foru lege hori garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuan ezarritakoarekin ere.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez eman zaizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzea, ebazpen honen adierazpen zatian zehaztu den bezala. Testu osoa, aldaketak barne, ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. Ebazpen hau, Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialaren estatutuak biltzen dituen eranskinarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpena Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialari jakinaraztea, eta adieraztea honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 29an.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialaren estatutuak, Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan (PDF).

Iragarkiaren kodea: F2308742