124. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 24an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Edateko ura erregulatzeko Burutaingo (Anue) biltontzi berria" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2022ko abenduaren 28an, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzarrak erabaki zuen "Edateko ura erregulatzeko Burutaingo (Anue) biltontzi berria" izeneko obraren proiektua onestea, desjabetze-espedienteari hasiera ematea, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batean onestea eta proiektua jendaurrean jartzea hamabost egunez.

Jendaurreko aldia bukatuta, mankomunitateak, 2023ko martxoaren 28an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Proiektua gauzatzeak ukituko dituen ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa da bermatu beharra dagoelako Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak edateko uraren hornidura zerbitzua eman ahal izatea bere eremuko udalerrietan; izan ere, udalerri horietan giza kontsumorako uren hornidurak arazoak ematen ditu hala kantitatearen nola kalitatearen aldetik. Zehazki, Burutain bere iturrietatik hornitzen da, eta hornidura horrek kantitate- eta osasungarritasun-arazoak ditu; beraz, obra horiek egin ondoren, mankomunitateak hornidura osasungarria eginen du toki erakunde horretan. Obra horiek ahalik eta lasterren egin behar dira; izan ere, obrak bukatzea ezinbestekoa da mankomunitateak funtsezko zerbitzu hori eman ahal izateko.

Espedientean, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen ziurtagiri bat jaso da, non egiaztatzen baita mankomunitatearen batzarrak erabaki zuela toki erakundearen kontuetan nahikoa diru jarri behar zela eskuragai ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko eta desjabetze-prozeduraren ondoriozko gainerako betebehar ekonomikoei aurre egiteko, modu horretan bermatua izan dadin balio justu gisa finkatutako diru kopuruak ordaintzea ukitutakoei.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Edateko ura erregulatzeko Burutaingo (Anue) biltontzi berria" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateari eta Anueko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2308275