116. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA
–TUDELA-CULTURA TOKIKO ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOA–

Deialdia, Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoko B mailako lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua merezimendu-lehiaketaren bidez egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean

Batzorde Betearazlearen erabakia, 2023ko maiatzaren 9koa, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat, Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoko B mailako lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua merezimendu-lehiaketaren bidez egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean.

Alkatearen maiatzaren 23ko 1120/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen 2022rako lan publikoaren eskaintza, aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak eta deialdi bereziak ezartzen dituena, abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera (enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa). Aipatu ebazpena 2022ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 26an.

Osoko Bilkurak 2022ko urriaren 27an hartutako erabaki baten bidez, toki erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Enplegu publikoa egonkortzeko eskaintzan sartutako lanpostuak barne-mugikortasuneko prozedura batean eskainiko dira, lekualdatze-lehiaketa bidez, eta hartan parte hartzen ahalko dute deialdiaren xedeko lanpostu berean izendapena duten enplegatu finkoek, hala ezarririk baitago uztailaren 1eko 9/2022 Foru Legearen 10.1 artikuluan (19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako administrazio publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Horiek horrela, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 21.1 artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz,

ERABAKITZEN DUT:

1.–Deialdi bat onestea, lekualdaketako merezimendu-lehiaketaren bidez bete daitezen I. eranskineko B mailako lanpostu hutsak (deialdiaren ezaugarrien taula).

2.–Onestea lekualdatze-lehiaketa arautuko duten oinarriak eta ezaugarrien taulak; ebazpen honen eranskinean jasota daude.

3.–Ebazpen hau, deialdia, oinarriak eta eranskinak argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoaren iragarki-taulan. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere argitaratuko da (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta aplikatzekoa den araudia.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdaketako merezimendu-lehiaketa bidez betetzea I. eranskineko lanpostu hutsak (deialdiaren ezaugarrien taula), egonkortze prozesuen barnean; hain zuzen ere, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen babespean egiten diren prozesuen barnean (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. I. eranskinean (deialdiaren ezaugarri espezifikoen taula) honako hauek zehazten dira: lanpostu kopurua, maila-betekizunak, lanpostua, titulazioa, destinoa, funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubidea, lanaldi osoa edo partziala, hizkuntza bat jakin beharra eta gainerako ezaugarriak.

1.3. Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua), aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

2.–Deialdiko lanpostuak.

2.1. Lanpostuak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdi honetan sartzen dira, hasiera batean, I. eranskineko (deialdiko ezaugarrien taula) lanpostu hutsak eta lehiaketan lanpostu bat lortzen dutenek hutsik uzten dituzten lanpostuak, baldin badira Tuterako Udalaren, haren erakunde autonomoen eta mendeko entitateen plantilla organikokoak. Dena den, izangaiek lekualdatze-lehiaketan beste lanpostu bat lortu ondoren uzten dituzten lanpostu hutsak ez dira eskainiko bete beharrekoak ez badira, dela "iraungitzeko" lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek benetan betetzen ez dituztelako.

2.2. Tuterako Udalaren, haren erakunde autonomoen eta mendeko entitateen lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.

2.3. Halaber, aipatutako lanpostuak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokatze prozesuen eraginagatik, jarduneko zerbitzura itzultzen direnei esleitzeagatik edo burutza uzten duten langile finkoei esleitzeagatik, edo antolamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan sartu zirenek, 2009ko urtarrilaren 1aren ondoren sartu ere, euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan, soilik parte hartzen ahal dute hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan. Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari betekizun hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

3.–Betekizunak.

3.1. Lekualdatze-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Tuterako Udalaren, haren erakunde autonomoen eta mendeko entitateen lan-kontratudun finko izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) Deialdiaren xede den lanpostu mota bererako izendatua izatea.

c) Baldin hala ezartzen badu I. eranskinak (deialdiaren ezaugarrien taula), eta jarraikiz ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoari (Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko Legea), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko betekizuna da epai irmo baten bidez kondenatua ez egotea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere. Betekizun hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez; erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bitartez.

d) Baldin hala ezarrita badago I. eranskinean (deialdiaren ezaugarrien taula), eskuratu nahi izanez gero hizkuntza ofizial bat jakin beharra duen lanpostu bat, eduki beharko da lanpostuari ezarritako hizkuntzaren maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari; zehazki, eduki beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako bat (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

e) Behar denean, bete beharko dira eskuratu nahi den lanposturako ezarritako gainerako betekizunak (ezaugarrien taulan zehazten dira).

3.2. Betekizun horiek bete beharko dira parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

3.3. Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen eta mendeko entitateen plantillako langileak, baldin lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, jardunera itzultzen ahalko dira lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartuz.

3.4. Jardunean ez beste egoera batean daudenek frogatu beharko dute jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituztela deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.5. Deialdiko mota bereko lanpostu huts bati atxikita behin-behinekoz itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitzeko, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.

4.–Eskabidea, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.

4.1. Izena ematea eta eskabideak aurkeztea.

4.1.1. Hautapen-prozesu hauetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute Tudela-Cultura enpresa-erakunde publikoaren erregistroan, edo, bestela, erabil dezakete urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdiaren II. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira, eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

4.1.2. Lehiakideek ez dituzte aurkeztu beharko Tuterako Udalak, haren erakunde autonomoek eta mendeko erakundeek aitortutako zerbitzuei lotutako merezimenduak: horiek zuzenean erantsiko zaizkio izangai bakoitzaren espedienteari, eta epaimahaiaren esku utziko dira, balora ditzan.

4.1.3. Tuterako Udalak ez die interesdunei eskatuko aurretik aurkeztu duten datu edo dokumenturik. Hala bada, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu zituen aipatu agiriak.

4.2. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoaren iragarki-taulan. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere argitaratuko da (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).

5.2. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak administrazio-egintza bat emanen du, lehiaketa hutsik gelditu dela deklaratzeko. Administrazio-egintza hori argitaratu beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoaren iragarki-taulan. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere argitaratuko da (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoaren iragarki-taulan. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere argitaratuko da (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoaren iragarki-taulan argitaratuko da. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere argitaratuko da (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Deialdi honen I. eranskineko 2. puntuan dago ezarrita kalifikazio epaimahaien osaera.

6.2. Epaimahaia eratu beharko da lekualdatze-lehiaketaren balorazioa egin aurretik.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.

6.5. Onartuen behin betiko zerrendan izangai bakarra badago, deialdia egin duen organoak deialdi honen 9. oinarria aplikatuko du zuzenean. Beraz, ez da beharrezkoa izanen epaimahaia eratzea eta jardutea.

7.–Merezimenduen kalifikazioa.

7.1. Epaimahaiak merezimenduak baloratuko ditu.

7.2. Baloratzeko merezimendu bakarra izanen dira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, eta puntu bat (1) emanen da urteko, kontuan hartuta Tuterako Udalak, haren erakunde autonomoek eta mendeko entitateek aitortutako antzinatasuna, deialdia argitaratzen den egunean. Hala, benetan emandako zerbitzutzat hartzen dira administrazio publikoen arloan emandakoak, nahiz administrazio-kontratuaren araubidean, nahiz lan-araubidean (aldi baterakoa zein finkoa), nahiz funtzionario gisa.

Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

7.3. Langile publikoa egon bada zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, edo aritu bada unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

7.4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

7.5. Lehiakideak puntuetan berdindurik baldin badaude, ebatziko da Tuterako Udalean, haren erakunde autonomoetan eta mendeko entitateetan zerbitzu ematen denbora gehien daramanaren alde. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

8.1. Epaimahaiak lehiakide guztien merezimenduak kalifikatuko ditu eta argitara emanen ditu Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoaren iragarki-taulan. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere argitaratuko da (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).

8.2. Izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda horiek argitaratzen direnetik, bidezko alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aurkeztu beharko dira Tudela-Cultura enpresa-erakunde publikoaren erregistroan, edo, bestela, erabil daiteke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

8.3. Aurkezturiko alegazioak ebatzita, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du merezimenduen behin betiko balorazioa, eta jendaurrean jarriko da Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoaren iragarki-taulan. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere argitaratuko da (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).

9.–Lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Honela aukeratuko dira lanpostu hutsak:

a) Lanpostuak aukeratu aurretik, parte-hartzaileen eskura jarriko da aukeran dauden lanpostuen zerrenda, bai hasieran iragarritako lanpostuenak, bai lekualdatzearen ondoriozko lanpostuenak.

Informazio hori Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoaren iragarki-taulan argitaratuko da. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere argitaratuko da (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).

b) Parte-hartzaileek 5 egun naturaleko epean eginen dute aukera, baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, Tudela-Cultura enpresa-erakunde publikoaren erregistroan aurkeztuta, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako bat baliatuz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Horretarako, lehentasun-ordenaren arabera zerrendatu beharko dituzte nahi dituzten lanpostuak, bai hasierakoak, bai lehiaketaren ondorioz sorturikoak (halakorik sortuz gero), horretarako prestatutako ereduan. Eredu hori izangaien eskura jarriko da Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan, deialdiaren aipamenean.

c) Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.

d) Informazio hori Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoaren iragarki-taulan argitaratuko da. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere argitaratuko da (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).

9.2. Lanpostu huts bat hautatzeak berekin dakar izangaiak esleitzen zaion lanpostua berariaz onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.

9.3. Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean lanpostua aukeratzen ez duenak galdu eginen ditu lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak.

10.–Lanpostuak esleitzea eta betetzea.

10.1. Lehiakideei ebazpen bidez esleituko zaizkie lanpostuak, lanpostu hutsak hautatu ondotik, prozesuaren ondoriozko lehentasun hurrenkeraren arabera. Ebazpen horretan ezarriko da noiz laneratuko diren; egun berean laneratuko dira denak. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izendapena egin aurretik, lehiakideek deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Tuterako Udalean ez badago jasota baldintzaren bat betetzen dela, dagokion dokumentazioa aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Frogatzen ez bada deialdian eskatutako baldintzaren bat betetzen dela, izangaia ezin izanen da izendatu.

10.2. Egonkortze prozeduretan lanpostuak esleitu aurretik formalizatuko da lanpostuak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko prozeduren ebazpena.

11.–Datuen babesa.

11.1. Datuen tratamenduaren arduraduna Tudela-Cultura tokiko enpresa-entitate publikoa da.

11.2. Datuak babesteko ordezkaria Francisco Javier Monreal Arnal da, Tuterako Udaleko Zuzenbidean lizentziaduna.

11.3. Helburua: lekualdatze-lehiaketa, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean.

11.4. Oinarri juridikoak: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira egonkortze prozesuak gauzatzeko.

11.5. Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira toki erakundeak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

11.6. Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

11.7. Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, haiek zuzentzeko (akatsik baldin badago), bai eta ezerezteko ere, helbide honetara joz: dpd@tudela.es

11.8. Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

12.–Errekurtsoak.

12.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

12.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Tuterako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Zer aldizkaritan argitaratu zen deialdiaren onespena:

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/247/55

I. ERANSKINA.–EZAUGARRIEN TAULA ETA KALIFIKAZIO EPAIMAHAIAK

Deialdiaren ezaugarrien taula: lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

TUDELA-CULTURA TOKIKO ENPRESA ENTITATE PUBLIKOA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

LANPOSTUAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN*

DEIALDIAREN XEDE DEN LANPOSTUAREN IZENA

MAILA

ARAUBIDE

JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

BESTE BETEKIZUN BATZUK

0672B09801

ADMINISTRAZIOKO ERDI MAILAKO TEKNIKARIA

B

Lan-kontratuduna

Osoa

Tudela Cultura tokiko enpresa-entitate publikoa

Erdi Mailako teknikaria

.

2.–Kalifikazio epaimahaia.

LANPOSTUAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN*

DEIALDIAREN XEDE DEN LANPOSTUAREN IZENA

EPAIMAHAIBURUA

EPAIMAHAIKIDEA

IDAZKARITZA

0672B09801

ADMINISTRAZIOKO ERDI MAILAKO TEKNIKARIA

Titularra: Mercedes Añón Montón, Tuterako Udaleko zinegotzia

Ordezkoa: Martín López Villacastín, Tuterako Udaleko zinegotzia

Titularra: Rosa Domínguez, Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria

Ordezkoa: Mikel Ciordia, Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria

Titularra: Miguel Chivite Sesma, Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoko idazkaria

Ordezkoa: Miriam Mendoza Jiménez, Tuterako Udaleko Langileriako teknikaria

II. ERANSKINA.–LEKUALDATZE-LEHIAKETAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE EREDUA

https://sede.tudela.es/sta/CarpetaPublic/doEvent?APP_CODE=STA&PAGE_CODE=PTS2_EMPLEO&DETALLE=3223607728872407606002

Tuteran, 2023ko maiatzaren 22an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L2308012