108. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORORBIA

Ordenantza, Ororbiako herri-lurretako ureztalurrak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ororbiako Kontzejuko Batzarrak, 2013ko urriaren 3an egin ohiko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ororbiako herri-lurretako ureztalurren erabilera arautzen duen ordenantza. Erabaki hori argitaratu zen 2013ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 31n.

Jendaurrean egon den bitartean erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, hasierako onespena behin betiko bilakatzen da, eta argitara dadila agintzen da, dagozkion ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (foru lege hori aldatu zuen maiatzaren 31ko 15/2022 Foru Legeak).

Argitara ematen da, eta ohartarazten, erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Ororbian, 2022ko maiatzaren 6an.–Kontzejuko burua, Jesús Gárriz Ezcurra.

ORDENANTZA, ORORBIAKO HERRI-LURRETAKO UREZTALURRAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua.

Ureztalurretako partzela bat eskuratzeko, eskatzailea erroldaturik egon beharko da bi urte lehenagotik, gutxienez, eta familiaburua izan beharko da. Lehentasuna izanen dute langabezian diren familiaburuek.

2. artikulua.

Partzela eskuratuko da eskatzaile guztien arten zozketa eginez.

3. artikulua.

Partzela legeztatzeko, Kontzejuak ezarritako zenbateko osoa ordaindu beharko da. Ordaindu ondotik, ureztalurretara sartzeko txartela emanen da; txartel hori ezinbestekoa da titularrak identifikatzeko. Urtean 10,00 euroko zenbatekoa ordaindu beharko da.

4. artikulua.

Ezein partzela ezin izanen da inola ere eskualdatu edo azpierrentan eman, eta adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki landu beharko du. Bestelakoan, Kontzejuak zehatu ahal izanen du, partzela kenduta. Eskatzaileak alegatzen badu baldintza guztiak beteta ere ezin duela partzela landu, eragozpen fisikoak dituelako, haren ordez jardungo duen pertsonak herrian erroldatuta egon beharko du gutxienez 2 urte lehenagotik, eta bete beharko ditu gainerako baldintzak, deialdian ezartzen direnak baratze-partzela baten adjudikazioa lortu ahal izateko. Baimen hori jasoko da baratzearen adjudikaziodunaren txartelean.

5. artikulua.

Partzelan egiten den aldaketa oro berehala jakinaraziko zaio Ororbiako Kontzejuari; bestela, partzela kenduko zaio, 4 urterako gutxienez.

6. artikulua.

Beti egon beharko da partzela bat libre, eta partzela guztiak okupatzen badira Kontzejuak behar diren bitartekoak jarriko ditu ureztalur gehiago gaitzeko.

7. artikulua.

Adjudikaziodunak ez badu erabiltzen partzela denboraldi batean, kendu eginen zaio eta beste bati adjudikatuko, salbu eta eritasun, istripu edo bestelako ezbeharren kasuan, betiere Ororbiako Kontzejuari modu koherentean eta idatziz justifikatzen bazaio. Lehenengo urtean partzela uzten duen adjudikaziodunak hurrengo zozketaren zain egon beharko du.

8. artikulua.

Erabat debekatuta dago animaliak edukitzea ureztalurretako partzeletan. Ororbiako Kontzejuak zuzenean salatuko ditu gertakari horiek.

9. artikulua.

Partzela eskatzen duen bizilagun bakoitzak partzela bakarra eskura dezake, eta harekin bizi den familia osoa ordezkatuko du (hau da, etxe berean bizi diren bi anai-arrebek edo lehengusu-lehengusinek ezin izanen dute bakoitzak bere aldetik partzelarik eskatu).

10. artikulua.

Berotegiak ezartzeko, horiek 5 metro karratutik gorakoak badira, nahitaezkoa izanen da Ororbiako Kontzejuarekin harremanetan jartzea.

11. artikulua.

Herri-lurretako ureztalurretan erabat debekatuta daude etxolak (batez ere, ingurumena kaltetzen dutelako eta urbanizazioari bide ematen diotelako). Haietara ibilgailuz iritsi daiteke, erremintak eroso garraiatuz; lanabesak gordetzeko etxolak baimendu ahal izanen dira soilik. Horiek gehienez ere 1,50 metroko garaiera eta 5 metro karratuko azalera izanen dute. Kontzejuak eskubidea izanen du, herri-ondasunen zaindari gisa, legez kanpoko etxolen jabeei horiek kentzeko eskatzeko, eta, kasua bada, salaketa ezarri ahal izanen du.

12. artikulua.

Berotegia ezartzeko baimena lortzen duen adjudikazioduna beharturik dago berotegia mantentzera, kentzera apurtzen edo hondatzen bada haizeagatik edo uholdeengatik, eta ondoko partzeletan eragiten dituen kalteak ordaintzera.

13. artikulua.

Adjudikaziodun bakoitzak bere ubidea garbitu beharko du husten duenean abuztuan, bestela beste partzela batzuei eragindako kalteak edo eragozpenak ordaindu beharko ditu.

14. artikulua.

Erabat debekatuta dago partzelak trukatzea; adjudikaziodunen artean akordioren bat lortzen bada, nahitaez aurkeztu beharko diote Kontzejuari, idatziz, ahoz ez bailuke inolako baliorik izanen.

15. artikulua.

Erabat debekatuta dago partzelak trukatzea; adjudikaziodunen artean akordioren bat lortzen bada, nahitaez aurkeztu beharko diote Kontzejuari, idatziz, ahoz ez bailuke inolako baliorik izanen.

16. artikulua.

Kontzejuan partzelak soberan badaude, familiaburu ez diren pertsonei adjudikatu ahal izanen zaizkie.

17. artikulua.

Ez dira aisialdirako partzelak.

18. artikulua.

Ohartarazten da urpean geldi daitezkeen partzelak direla.

19. artikulua.

Partikular bakoitzak bere partzelaren barnean aparkatuko du baratzeetara sartzeko erabili duen ibilgailua.

20. artikulua.

Debekatuta dago partzelak ixtea.

21. artikulua.

Adjudikazio epe bukatzean, Kontzejuak partzela guztiak goldatuko ditu.

22. artikulua.

Baratzeetara sartzeko bidea oinezkoendako dela deklaratzen da, eta debekatuta dago bertatik ibilgailu motordunekin zirkulatzea. Salbuespen gisa, baimena ematen da ibilgailu motordunak ibiltzeko, baldin eta horiek beharrezkoak badira nekazaritzako edo basogintzako lanetarako, edo zerbitzu publiko bat egiteko edo betetzeko.

23. artikulua.

Adjudikazio epea 8 urtekoa da, zozketa egiten denetik kontatzen hasita, eta azken urtean laboreak jaso beharko dira 14. baldintzaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2206644