94. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

119/2019 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Jota interes kulturaleko ondasun immaterial deklaratzeko espedientea irekitzen duena.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen xedea da Nafarroako kultur ondarea babestu, kontserbatu, berreskuratu, ugaritu, ikertu, zabaldu eta hurrengo belaunaldien esku jartzea. Foru Legearen 2.2 artikuluarekin bat, Nafarroako kultur ondarearen osagai dira, Nafarroako usadiozko eta herri kulturako ondasun immaterialak eta haien hizkuntza berezitasunak, zeinak barne hartzen dituzten Nafarroako kulturaren adierazgarri diren ezaupide, teknika, usadio eta jarduerak eta, halaber, hizkuntzak, Nafarroan dituzten tokian tokiko berezitasunekin.

Foru Legeak, babesari dagokionez, lau ondasun mota ezartzen ditu eta zehazten du honako hauek direla interes kulturaleko ondasunak: Nafarroako kultur ondareko ondasun higiezin, higigarri nahiz immaterial aipagarrienak izan eta halakotzat aitortzen direnak, ezarritako prozeduraren arabera.

Deklarazioa egiteko, beharrezkoa da administrazio prozedura egokiari hasiera ematea eta hura tramitatu eta ebaztea. Prozedurari ofizioz, organo eskudunaren erabakiz edo edozein pertsona fisiko nahiz juridikoren eskaera arrazoituaren ondorioz emanen zaio hasiera.

Navarjota kultura elkarteak eskatu du hasiera emateko Nafarroako Jota interes kulturaleko ondasun immaterial deklaratzeko administrazio prozedurari. Eskaerari txosten bat atxiki dio, Nafarroako Jota interes kulturaleko ondasun immaterial deklaratzeko arau-esparrua eta aurrekari administratiboak aztertzen dituena; kokapena eta definizioa, sailkapen tipologikoa, azalpen xehatua, eskaeraren justifikazioa, arriskuak eta babesteko estrategiak.

Jota dantza edo abestiaren forma hartzen duen musika genero bat da, izen horrekin lehen aldiz XVIII. mendean agertu zena. Instrumentala izaten ahal da edo musika eta kopla batzen ahal ditu eta Iberoamerikako geografia ia osora hedatuta dago, ñabardura desberdinekin.

Gure erkidegoan, musika, kantu edo dantza honen izen nagusia Jota edo Nafarroako Jota da. Orokorrean, musikak kantuaren (abestutako jotari) laguntzaile edo dantzaren (jota dantzatua edo jotaren dantza) euskarri erritmiko gisa balio du. Musika interpretatzaileak rondallak edo hari-instrumentuz osatutako musika-taldeak, gaita-jotzaileak edo akordeoilariak izan daitezke, baita haize- eta perkusio-instrumentuak dituzten bandak ere. Instrumentuak erabiltzeko aukera azpimota desberdinen araberakoa da, abestutako jota a capella ere interpretatzen ahal baita. Aragoiko jotaren kasuan ez bezala, Nafarroan inoiz ez dira kantua eta dantza batzen, tonu minorrak erabiltzen dira eta kantuak dantzak baino motelagoak dira.

Formari dagokionez, abestutako jota tradiziozko muga batzuek baldintzatzen dute (metrika, estrofa, errima, doinuak), eta entzuleek horien berri izaten dute. Linguistikoki, ahozko mintzaira modu artistikoan erabiltzen du (ahozko estiloa eta espresio lirikoaren askotariko baliabide erretorikoak), baita, zenbaitetan, tradizio diskurtsibo dialektikoa ere (jotas de picadillo delakoak eta errondarako eta gorteatzeko jota batzuk). Entzuleen aurrean interpretatzen da, testuinguru publikoetan (kanpoaldean edo barrualdean) nahiz pribatuetan (solasaldietan, familiako ospakizunetan). Gehienbat entzun egiten dira. Abestutako jota entzuten duenak koplak adierazten duen eta jotariak interpretatzen duen sentimenduarekin lotura emozionala sentitzea espero du eta estiloa eta ahotsaren indarra eta teknika balioetsiko ditu.

Nafarroan oso hedatuta dagoen jota dantzatuari dagokionez, dantza independente gisa duen izaeraren eta dantza tradizionalen ziklo edo sailetan duen presentziaren arteko bereizketa egin beharko genuke. Dena den, urratsak oso antzekoak dira. Bikoteek biribilean dantzatzen dute, besoak goian dituztela, eta mugimendu azkarrak egiten dituzte alde batera eta bestera, lurrean punteatuz eta ordulariaren orratzen norabidean nahiz kontrakoan translazioak eginez. Izaera tradizionala du eta aldaera ugari ditu. Ohitura dago dantzaldi eta festa publikoak, bereziki herriko festak, jota batekin (batzuetan jota berarekin) amaitzeko. Jota hori luzea izaten da eta erritmoa edo abiadura azkartuz joan ohi da. Horrelako joten adibide dira Tuteran, Foru Plazako kioskoaren inguruan dantzatzen den “revoltosa” edo Cintruénigoko “Gigantón”.

Ondare immaterialaren ikuspegitik, Nafarroako Jota ondasun bereziki garrantzitsua da Foru Komunitatearentzat, bizirik dagoen espresio errotu eta partekatu bat delako. Jota Espainiako autonomia erkidego ia guztietan aurki dezakegun musika mota iberoamerikar bat bada ere, agerikoa da abestutako edo dantzatutako espresio musikal horrek bizitasun handia duela Nafarroan, dokumentatzen hasi zenetik bi mende igaro badira ere. Askotariko musika espresio gisa, nafarren nortasunaren adierazgarri da, eta, zalantzarik gabe, gure Kultur Ondare Immaterialaren adierazpen berezietako bat. Ondasun immaterial gisa, ezaugarri hauek ditu:

Norbanakoek eta komunitateek beraien nortasunaren parte bezala barneratuta dute.

Bizirik dago eta dinamikoa da, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen eta birsortzen da; orokorrean, haurtzarotik hasita.

Tradizioz, komunitateak babesten du eta memoria kolektibo biziaren parte da; gizarteak eraikitako errealitate bat, bizipen gisa sentitzen dena.

Kulturaren dimentsio materialarekin lotuta dago.

Denbora- eta espazio-esparru jakin batean kokatu ohi da. Gaur egun garatzen eta bizitzen da.

Norbanakoaren eta kolektiboaren biografiaren parte da eta herritarren bizimoduetan txertatua dago.

Ezin da kopiarik egin eta erritual bilakatu da.

Zentzumenen ikuspegitik bizi behar den esperientzia bat da.

Eragin birsortzailea du gizartean.

Kaltebera da.

Ondasuna deskribatzeko beharrezkoak diren txosten teknikoak daude espediente honetan, eta baita Nafarroako Jota interes kulturaleko ondasun immaterial deklaratzea arrazoitzeko garrantziari eta izaera bereziari buruzko txostenak ere.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Jota interes kulturaleko ondasun immaterial deklaratzeko espedienteari hasiera ematea.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen denetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko. Espediente osoa Ondare Historikoaren Zerbitzuko bulegoetan kontsultatzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuaren egoitzan (San Domingo kalea, z.g., Iruña).

4. Ebazpen hau jakinaraztea Navarjota elkarteari, Museoen Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistroari, prebentziozko idatzoharra egin dadin.

Iruñean, 2019ko apirilaren 8an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Dori López Jurío.

Iragarkiaren kodea: F1905013