55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

16/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, 2019ko martxoaren 8rako deitutako greba orokorra dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena.

UGT, CCOO, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT eta CNT sindikatuek greba orokorrerako deia egin dute 2019ko martxoaren 8rako.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidea bateragarri egin behar da funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko egoitza zentroek, pisuek eta zentroek berehalako erantzuna ematen dute larrialdiko egoeretan, oinarrizko eta funtsezko arreta eskainiz. Horren ondorioz, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri behar dira, erabiltzaile diren emakumeei eta haien seme-alabei egunero behar bezalako arreta emateko ezinbestekoak diren zerbitzuak, programak eta tratamenduak bermatzen dizkietenak, horiei funtsezko zainketak eskaintzen jarraitze aldera.

Adierazi beharra dago gutxieneko arretaren barruan erabiltzaileen oinarrizko beharrak asetzeko dauden jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baita norberaren zainketaren ingurukoak, komunikazioarenak, joan-etortzekoak, kontrola eta babesekoak ere.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla emakumezko erabiltzaileei arreta egokia emateko. Horregatik guztiagatik, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzea eta, hortaz, beharrezkoa da deitutako grebak dirauen bitartean zerbitzu horiek betetzea.

Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak ezartzea, langileen grebarako eskubidea errespetatuta herritar horien osasuna eta bizia babestea bermatzen dutenak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2019ko martxoaren 8rako deitutako greba orokorra dela-eta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan, gutxieneko honako zerbitzu hauek errespetatuz egiten ahalko da greba:

Genero-indarkeriaren biktimentzako harrera baliabideak: jaiegunetarako aurreikusitako langile kopurua arituko da horietan.

2. Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzen egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau grebarako deia egin duten sindikatuei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko martxoaren 5ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1903226