55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

15/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 6koa, Kontsumitzaile eta erabiltzaileen erreklamazio orriak arautzen dituen martxoaren 2ko 69/1998 Foru Dekretua indargabetzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeak honako hau ezartzen du 11. artikuluan: “Botere publikoek, beren eskumen eremuan, kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes ekonomiko eta sozial bidezkoak babestuko dituzte, foru lege honetan, kontsumitzaileen defentsari buruzko legeria orokorrean eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako eran, eta horretarako neurri egokiak hartuko dituzte, ondokoak bermatze aldera: [...] j) Erreklamazio orriak edukitzea eta eskatzen dituzten kontsumitzaileei ematea, erregelamendu bidez ezarritakoarekin bat”.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen erreklamazio orriak arautzen dituen martxoaren 2ko 69/1998 Foru Dekretuaren xedea izan zen Nafarroako Foru Komunitatean kontsumo edo ikuskizun publikoen edo josteta jardueren arloan erreklamazio orriak ezarri eta erregulatzea, kontsumitzaile eta erabiltzaileek erreklamazioak errazago jarri eta tramita ditzaten. Halaber, ezarri zuen Nafarroako Foru Komunitatean ondasunak komertzializatzen, zerbitzuak ematen edo ikuskizun publikoak nahiz josteta jarduerak antolatzen diharduten establezimendu edo zentroetako pertsona fisiko nahiz juridiko titular guztiek kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskura jarriko dituztela erreklamazio orriak, foru dekretu horren eranskinean ezarritako ereduaren araberakoak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko maiatzaren 21eko 2013/11/EB Zuzentaraua, kontsumoaren arloan auziak auzitara jo gabe ebazteari buruzkoa dena, Espainiako antolamendu juridikoan txertatu zen azaroaren 2ko 7/2017 Legearen bidez (Estatuko 268. Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2017ko azaroaren 4koan).

7/2017 Legearen azken xedapenetako bosgarrenak aldatu egiten ditu azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren 3. eta 4. apartatuak. Honela gelditu dira:

“3. Betiere, eta aurreko zenbakietan xedaturikoaren errespetu osoz, enpresaburuek kontsumitzaile eta erabiltzaileari adieraziko diote zer posta-helbide, telefono-zenbaki eta fax-zenbaki edo posta elektronikoko helbide erabiltzen ahal duen bere kexa edo erreklamazioak jartzeko, edozein tokitan duela ere egoitza, edo eskainitako edo kontrataturiko zerbitzuari buruzko informazioa eskatzeko. Enpresaburuek beren legezko helbidea emanen dute, ez bada posta-trukerako ohiko helbide bera.

Enpresaburuek ahalik eta lasterren erantzun beharko diete jasotzen dituzten erreklamazioei, eta, betiere, hilabeteko gehieneko epean, erreklamazioa aurkezten denetik aitzina.

4. Enpresaburuak ez badu egoki konpondu kontsumitzaile batek hari zuzenean jarritako erreklamazio bat, kontsumitzaile horrek auziak auzitara jo gabe ebazten dituen entitate batera jotzen ahalko du (Europako Batzordeari jakinarazitakoa izanen da), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko maiatzaren 21eko 2013/11/EB Zuzentaraua, kontsumoaren arloan auziak auzitara jo gabe ebazteari buruzkoa dena, Espainiako antolamendu juridikoan txertatu zuen legean aurreikusitakoarekin bat.

Enpresaburuek mota horretarako entitateetara jotzen lagunduko dute, eta lege horren 41. artikuluaren arabera eman beharreko informazioa eskainiko diete kontsumitzaileei.”

Beraz, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek edozein baliabide (euskarri fisikoa zein baliabide elektronikoak) erabil dezakete kontsumoaren arloan dituzten erreklamazioak aurkezteko. Eta bidezko da martxoaren 2ko 69/1998 Foru Dekretua indargabetzea.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 6an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Indarrik gabe gelditzen da Kontsumitzaile eta erabiltzaileen erreklamazio orriak arautzen dituen martxoaren 2ko 69/1998 Foru Dekretua.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko martxoaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1903408