48. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

diru-laguntzak

14E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, abenduaren 17ko 35E/2018 Foru Aginduaren 12.1 oinarri arautzailea aldatzen duena. Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emandako foru agindu horren bidez onetsi ziren kirol klubei, kirol klub filialei eta kirola sustatzeko entitateei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdiaren oinarriak, Nafarroako Foru Komunitatean kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarte.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren abenduaren 17ko 35E/2018 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren kirol klubei, kirol klub filialei eta kirola sustatzeko entitateei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdiaren oinarriak, Nafarroako Foru Komunitatean kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarte; halaber, deialdi hori aurrera eramateko 130.000,00 euroko gastua onetsi zen, eta diru hori ordainduko da “Kirol ekitaldiak antolatzeko laguntza” izeneko A50002 A5120 4819 336108 partidaren kargura edo 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partida baliokide baten kargura.

Deialdiaren 12.1 oinarri arautzaileak espresuki xedatzen du: “Frogagiriak diruz laguntzen den kirol ekitaldia edo jarduera egiten denetik lau hilabeteko epean aurkeztu beharko dira. Hala ere, 2019ko uztailaren 1etik aurrera antolatzen diren ekitaldiei dagokienez, frogagiriak aurkezteko epea 2019ko urriaren 31n amaituko da.”

Kontua da deialdia ez dela aurreikusitako datan argitaratu (hau da, 2018ko azkeneko hiruhilekoan); dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko epea 2019ko otsailaren 1ean bukatu dela, eta, gainera, kudeaketa organoak eskabide horien ebaluazioa eta baremazioa egin behar dituela, akatsak zuzentzeko behar diren epeak kontuan hartuta, halakorik bada.

Azaldutako inguruabar horiek gehiegi atzeratu dezakete dirulaguntzak emateko ebazpenaren jakinarazpena. Hala bada, zenbait onuradunek, kirol ekitaldiak edo jarduerak 2018ko urrian edo azaroan egiten dituztenek, ezin izanen dituzte frogagiriak aurkeztu deialdian ezarritako epearen barnean (diruz laguntzen den kirol ekitaldia edo jarduera egin eta hurrengo lau hilabetean).

Espedientearen txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, aldaketa hau egokia eta onura publikokoa dela, eta hori legezkoa dela.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren abenduaren 17ko 35E/2018 Foru Aginduaren 12.1 oinarri arautzailea aldatzea; foru agindu horren bidez onetsi ziren kirol klubei, kirol klub filialei eta kirola sustatzeko entitateei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdiaren oinarriak, Nafarroako Foru Komunitatean kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarte. 12.1 oinarriak testu hau izanen du:

“12. Frogagiriak.

1. Frogagiriak diruz laguntzen den kirol ekitaldia edo jarduera egiten denetik lau hilabeteko epean aurkeztu beharko dira. Hala ere, 2018ko urriaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitarte antolatutako ekitaldiei dagokienez, frogagiriak aurkezteko epea 2019ko apirilaren 30ean amaituko da; eta 2019ko uztailaren 1etik aurrera antolatzen diren ekitaldiei dagokienez, frogagiriak aurkezteko epea 2019ko urriaren 31n amaituko da.”

2.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bai eta Nafarroako Gobernuko web-orrian eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutukoan ere; horrekin batera adieraziko da foru aginduaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

3.–Foru agindu hau Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 7an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1902284