46. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

389/2019 Ebazpena, 2019ko otsailaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko 2019ko otsailaren 27ko Gobernu Kontseiluak onetsi zuen “Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutuen Araudia”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2019ko otsailaren 27an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutuen Araudia onetsi zen.

ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERKETA INSTITUEN ARAUDIA ONESTEN DUENA

Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 39. artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuei buruzko 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren oinarrizko eginkizun bat da ikerketa, komunitatearen aurrerapenerako bitarteko gisa eta gizarte garapenerako tresna gisa, baita emaitzak gizarteratzea ere.

Ikerketa garatzeko, Unibertsitateak autonomia dauka LOUren 2.2 artikuluak ezarritako moduan ikerketaren euskarri izango diren egitura espezifikoak sortzeko, eta hala egiten du batez ere ikerketa-talde, sail eta Ikerketako Unibertsitate institutuak sortuz, baina, LOUren 40. artikuluan eta 110/2003 Foru Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, bere erakunde helburuak garatzeko egiturak libreki sortzeko eta antolatzeko ahalmena dauka.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa politika garatu du azken hiru bosturtekoetan, bere ikerketa-taldeak ikertzaileen arteko lankidetzarako oinarrizko unitate modura aitortzea, ebaluatzea eta finantzatzea xede duena. Talde horiek modu naturalean osatu dira ikertzaileek lantzen dituzten gaien hurbiltasunaren arabera. Taldeen osaera eta tamaina asko aldatzen da, eta talde horiek osatzeko irizpideak ez dira definitu.

Taldeek batez beste bederatzi kide izaten dituzte. Orokorrean kopurua txikitzat har daiteke. Talde kopurua, berriz, ehun baino zertxobait handiagoa da. Tamaina eta kopuru horiekin zaila da erronka handiei heltzea.

Bestalde, talde txikiak egoteak dakarren gehiegizko espezializazio zientifiko eta teknologikoa muga bat da ikerketan egun dauden erronkei heltzeko, ikuspegi ulergarri eta diziplina-anitzeko bat eskatzen baitute.

Arrazoi nagusi hauek bultzatu dute Unibertsitatearen Zuzendaritza Taldea, Ikerketa Batzordearen laguntzarekin, lankidetzako egitura zabalagoak izatea xede duten ikerketa-institutuen sorrera proposatzera, Unibertsitatearen Estatutuetako 5.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Hasiera batean diferenteak diren esperientzia eta interesak dituzten ikertzaileen komunikazioa, elkarrekiko harremana eta baterako lanaren alde egin nahi da, lerro komunetan lan egitearren arazo konplexuagoak konpontzeko eta ezagutzaren sorkuntza bultzatzeko. Horren guztiorren oinarri izango da eskakizun akademikoaren maila handia izatea, bai institutuen konfigurazioan eta bai osaeran.

Gobernu Kontseiluak 2014ko maiatzaren 27an hartutako erabakiaren bidez onetsi zen NUPeko ikerketa-institutuak arautu dituen araudia (2014ko ekainaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Araudian hutsune batzuk atzeman direnez, Ikerketako errektoreordeak aldaketa batzuk proposatu ditu institutuaren osaera eta institutua osatzen duten ikertzaile motak aztergai dituztenak bereziki.

Azaldutako guztiarengatik, honako hau da Ikerketako errektoreordeak proposatuta, bere kideek aurretik eztabaidatuta, Gobernu Kontseiluak, 2019ko otsailaren 27an egindako ohiko bileran, hartu duen

ERABAKIA

Lehena.–Ikerketa Institutuen Araudia indargabetzea. Gobernu Kontseiluak 2014ko maiatzaren 27an hartutako erabakiaren bidez onetsi zen araudia (2014ko ekainaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutuen Araudia onestea.

Hirugarrena.–Erabaki hau Ikerketarako errektoreordeari, Ikerketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Institutuetako zuzendariei jakinaraztea.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2019ko otsailaren 27an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERKETA INSTITUTUEN ARAUTEGIA

Gobernu Kontseiluak onetsia 2019ko otsailaren 27an

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren oinarrizko eginkizun bat da ikerketa, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 39. artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuei buruzko 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, komunitatearen aurrerabiderako bitartekoa eta gizarte garapenerako tresna den aldetik, emaitzak gizartera bestetaratzearen bidez.

Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, unibertsitateko irakasleen eskubide eta betebehar bat da ikerketa, eta irakasle eta ikertzaileen ikerketa lana laguntzea eta sustatzea dagokio Unibertsitateari.

Ikerketa garatzeko, Unibertsitateak autonomia dauka, LOUren 2.2 artikuluak ezarritako moduan ikerketaren euskarri izango diren egitura espezifikoak sortzeko, eta hala egiten du batez ere ikerketa talde, sail eta Ikerketako Unibertsitate institutuak sortuz, baina, LOUren 40. artikuluan eta 110/2003 Foru Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, bere erakunde helburuak garatzeko egiturak libreki sortzeko eta antolatzeko ahalmena dauka.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak azken hiru bosturtekoetan garatu duen ikerketa politika bere ikerketa taldeen aitorpen, ebaluazio eta finantzaketan oinarritzen da, ikertzaileen arteko lankidetzarako oinarrizko unitate modura. Talde horiek modu naturalean osatu dira ikertzaileek lantzen dituzten gaien hurbiltasunaren arabera. Taldeen osaera eta tamaina asko aldatzen da, eta talde horiek osatzeko irizpideak ez dira definitu.

Taldeen batez besteko tamaina bederatzi kide ingurukoa da. Orokorrean zifra txikitzat har daiteke. Talde kopurua, berriz, ehun baino zertxobait handiagoa da. Tamaina eta kopuru horiekin zaila da erronka handiei heltzea. Bestalde, ikerketa taldeen egitura horrek saihestezinak diren efizientziarik ezak eragiten ditu finantzaketaren kudeaketan, zatikatuegia baitago. Era berean, zaila da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa jardueraren irudi ulergarri eta koherente bat ematea kanpoan, konplexua eta atomizatua balitz bezala agertzen baita.

Bestalde, talde txikiak egoteak dakarren gehiegizko espezializazio zientifiko eta teknologikoa muga da ikerketan egun dauden erronkei heltzeko, ikuspegi ulergarri eta diziplina anitzekoa eskatzen baitute.

Arrazoi nagusi hauek bultzatu dute Unibertsitatearen Zuzendaritza Taldea, Ikerketa Batzordearen laguntzarekin, ikerketa institutuen sorrera proposatzera lankidetzako egitura zabalagoen modura, Unibertsitatearen Estatutuetako 5.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Hasiera batean desberdinak diren esperientzia eta interesak dituzten ikertzaileen komunikazioa, elkarrekiko harremana eta baterako lanaren alde egin nahi da, lerro komunetan lan egiteko arazo konplexuagoak konpontzeko eta ezagutzaren sorkuntza bultzatzeko. Horren guztiorren oinarri izango da eskakizun akademikoaren maila handia institutu horien konfigurazioan eta osaeran.

Arauketa honen xede diren institutuak ez dira LOUren 7. artikuluan definitutako Unibertsitateko Ikerketa Institutuak, baina hala izango dira Gobernu Kontseiluak hala erabakitzen badu eta beharrezkoak diren baimenak badituzte.

1. artikulua. Izaera juridikoa eta izena.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa institutuak Unibertsitatearen egitura berekiak dira, ez dute nortasun juridiko berekirik, ikerketarako euskarri dira eta ikertzaile elkarte gisa definitzen dira, jakintzaren esparru jakin batean ikerketa zientifiko, tekniko, sozial edo humanistikoa sustatzeko eta bultzatzeko edo ikuspegi akademiko batetik gizarte eta ekonomia arazoak konpontzeko.

2. “Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (...) (e)ko Ikerketa Institutua” izena erabiliko da, eta bere baliokidea gaztelaniaz eta ingelesez. Zilegi izango da zabalkunde eta marketin kontuetarako akronimoak edo beste izen trinkoago batzuk erabiltzea, betiere Gobernu Kontseiluak onetsi baditu.

3. Institutu horiek nortasun korporatibo berekia edukitzeko aukera izango dute, argi eta garbi Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin identifikatuko dituzten elementu komunek osatua, eta Gobernu Kontseiluak onetsi beharko du.

2. artikulua. Xedea eta helburuak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa institutuen oinarrizko helburua da maila akademiko goreneko ikerketa, oinarrizkoa eta bideratua, bultzatzea eta sustatzea esparru jakin batean, diziplina anitzeko eta diziplinarteko ikuspegi batetik. Ikerketa horrek ezagutzaren sorreran lagundu edo gizarteko arazoak eta erronkak konpontzen lagunduko du modu esanguratsuan.

Helburu hori lortzeko, institutuek honela jardun beharko dute:

a) Institutuko kideen arteko elkarrizketa eta ideia trukea sustatuko dituzte modu aktiboan.

b) Beren ikertzaileek erabiltzen dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak eraginkortasun handienarekin antolatuko, partekatuko eta kudeatuko dituzte.

c) Produkzio sarearekin eta gizartearekin lankidetza sustatuko dute, eta horretarako bideak sortuko dituzte.

d) Ikuspegi irekia eta diziplina anitzekoa izango duten ikertzaileen prestakuntzari lagunduko diote.

e) Entzute handiko ikertzaileak ekarriko dituzte Institutuaren jardueretan parte hartzeko edo aholkulari gisa.

f) Beren lana eta emaitzak zabalduko eta dibulgatuko dituzte, bai irakaskuntza esparru espezializatuetan, bai gizartean.

3. artikulua. Konfigurazioa eta osaera.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa institutuek lau ikertzaile mota izango dituzte:

a) Ikertzaile berekiak: Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile doktoreak izan behar dute nahitaez. Frogatu beharko dute ikerketa jardueraren bi ebaluazio positibo dituztela gutxienez ere. Azken tarteak aktibo egon behar du.

b) Loturiko ikertzaileak: Institutuko gobernu organoak hala erabakitzen badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile doktoreak loturiko ikertzaileak izaten ahalko dira gutxienez ere ikerketa jardueraren ebaluazio positibo bat badute edo, institutuko kontseiluaren iritziz, merezimendu baliokideak badituzte.

c) Prestakuntzaldiko ikertzaileak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programaren batean matrikulatuak dauden eta tutore edo zuzendari gisa ikertzaile berekiak edo loturikoak dituzten ikertzaileak izan behar dute. Institutuko gobernu organoaren baimena eduki beharko dute.

d) Ikertzaile lankideak: Aurreko kategorietako baldintzak betetzen ez dituzten Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta/edo ikertzaileak institutuko ikertzaile lankideak izaten ahalko dira, institutuko gobernu organoak hala erabakitzen badu. Atal honetan sartzen dira ohorezko irakasleak, proiektuko laguntzaileak, proiektuko lankideak, proiektuko lankide doktoreak, ikertzaile eta irakasle bisitariak, etab., betiere institutuko ildo estrategikoarekin bat datozen ikerketa jarduerak garatzen ari badira eta frogatzen badute gutxienez urtebeteko lotura izango dutela Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Institutuetara atxikitzen diren ikertzaileek ikerketa jarduera frogatua eduki behar dute institutuaren jardun-eremuan eta institutuak berak behar bezala funtzionatzeko gutxieneko tamaina eta egitura eduki beharko du. Ezaugarri horiek hurrengo idatz-zatietan zehaztuko dira.

3. Institutu bat sortzeko, gutxienez ere hogei ikertzaile bereki beharko dira. Horrez gainera, ikertzaile berekiek osotara duten seiurteko kopuruaren eta ikertzaile kopuruaren arteko zatidura 2,5 baino handiagoa izango da. Institutua sortzeko erabakian, institutua osatzen duten ikertzaile berekiak agertuko dira.

4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek ezin izango dute institutu bat baino gehiagoren kide izan, beren parte-hartze modalitatea zeinahi dela ere.

5. Institutu bakoitzak ikertzaile berrien atxikipena egiteko eta kentzeko tresnak eta irizpideak onetsi eta jendaurrean jarri beharko ditu. Gobernu organoak egiten dituen bileren aktetan idatziz jasoko dira altak eta bajak.

4. artikulua. Sortzeko prozedura.

Ikerketako errektoreordeari zuzendutako eskaerak hasiera emango dio institutua sortzeko prozedurari. Gutxienez ere dokumentu hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera:

1. Institutuaren izena (izen murriztua eta akronimoa, hala badagokio).

2. Ikertzaile arduraduna (zuzendariaren proposamena).

3. Ikertzaile berekiak (izen zerrenda, beren baimenarekin sinadura orriaren bidez).

4. Ikerketa lerroak (gehienez ere 10).

5. Justifikazio txostena, adierazitako gaiak aipatuko dituena, esaterako balorazio irizpideak, eta bereziki hauek:

5.1. Aldez aurretiko lankidetza esperientzia.

5.2. Aukeratutako ikerketa lerroen justifikazioa (eskualdean eta nazio mailan duen berezitasuna eta Campus Iberusekin lerrokatua dagoela aipatuko dira).

5.3. Aurreikusitako antolaketa tresnak institutu barruan.

5.4. Institutuaren estrategia epe ertainean (baterako proiektuak, ikertzaileen prestakuntza, baterako azpiegiturak, proiekzioa eta kanpo marketina, etab.).

5.5. Eskatutako laguntza (institutua abian jartzeko gastuetarako).

Arautegi honetako 3.1.a) artikuluan definitutako ikertzaile berekien baldintzak betetzen dituzten ikertzaileen edozein multzok izango du ikerketa institutu bat sortzeko proposamena aurkezteko aukera.

Arautegi honetako 3.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen ez dituzten proposamenei ezezkoa emango zaie beste tramiterik gabe.

2. Ikerketako errektoreordeak Ikerketa Batzordeari bidaliko dizkio tramitean onartuak izan diren institutuak sortzeko proposamenak. Batzordeak institutua sortzearen aldeko edo kontrako txosten bat egin beharko du hiru hilabeteko epean gehienez ere, eta txostenak kontuan hartu beharko du ebaluazio-erakunde independenteren batek edo gaitasun frogatua duten kanpo ebaluatzaileek egindako kanpo-ebaluazioa. Batzordeak epe horretan eskaerari buruzko informazio gehiago emateko edo eskaera zehazteko eskatzen ahalko die proposamena egin dutenei.

3. Ikerketa Batzordeak txostena egin eta gero, Ikerketako errektoreordeak dagokion proposamena bidaliko dio Gobernu Kontseiluari onets dezan.

5. artikulua. Balorazio irizpideak.

Ikerketa Batzordeak eta Gobernu Kontseiluak oinarrizko irizpide hauek hartuko dituzte kontuan ikerketa institutuak sortzeko ekimenak baloratzeko:

1. Argitasuna institutuak izango duen gaiaren eta izenaren definizioan.

2. Proposamenaren singulartasuna eta berezitasuna tokiko, nazioko eta nazioarteko ingurunean.

3. Egungo ikerketa-lerroak eta proposatzaileen curriculuma lerrokatzea aurreko definizioarekin.

4. Ikerketa lerroak institutuaren helburuekin ahalik eta gehien bat etor daitezen lortzeko lan eta lankidetza estrategia.

5. Azken bost urteetako ikerketa emaitzak (taldearen tamainari buruzkoak).

6. Ikerketarako funtsak erakartzeko gaitasuna.

7. Esperientzia doktoreen prestakuntzan.

8. Campus Iberusekin lerrokatzea.

6. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Institutuaren Gobernua.

1. Ikerketa institutuak organo hauen bidez antolatuko dira:

a) Institutuko Kontseilua

b) Institutuko zuzendaria

2. Institutuko Kontseilua Institutuaren gobernu organoa da, eta ikertzaile bereki guztiek osatuko dute. Eginkizun hauek ditu:

a. Institutuko zuzendaria izendatzeko eta kargugabetzeko proposatzea errektoreari.

b. Institutuko kideen atxikipena egitea eta kentzea onestea.

c. Urteko jarduera plana eta jarduera txostena onestea.

d. Institutuaren esparruan egiten diren ikerketa-lerroak onestea.

e. Funtzionamendu arautegia onestea.

3. Institutuko zuzendaria da institutua ordezkatzen duen pertsona. Errektoreak izendatuko du, Institutuko Kontseiluak proposatuta, ikertzaile berekien artean. Frogatu beharko du ikerketa jardueraren hiru ebaluazio positibo dituela gutxienez ere. Agintaldiak lau urteko iraupena izango du. Zuzendaria kargugabetzeko aukera izango da, Kontseiluak hala proposatzen badu.

4. Institutuko zuzendariak ikertzaile berekien artean institutuko zuzendariorde bat izendatuko du, zuzendariari lagunduko diona, eta bera ordeztuko duena falta denean edo gaixorik dagoenean.

5. Institutuko zuzendariak ikertzaile berekien eta loturikoen artean Institutuko Kontseiluko idazkaria izendatuko du, eta berak idatziko ditu bileraren aktak eta erabakien fede emango du.

7. artikulua. Institutuen jarraipena eta ikuskapena.

1. Ikerketa Institutuek institutu gisa egiten dituzten jardueren txosten bat aurkeztu behar diote urtero lehen hiruhilekoan Ikerketako Errektoreordetzari, bai eta institutuaren osaeran izan diren altei eta bajei buruzko txosten bat ere. Institutu gisa jasotako finantzaketari buruzko txosten ekonomikoa ere aurkeztu beharko dute.

2. Bi urtetik behin Ikerketa Batzordeak institutuen jarraipena egingo du, eta, balioespena egin eta, beharrezkoa bada, nahitaez bete beharreko gomendioak egingo ditu.

3. Lau urtetik behin institutu bakoitzaren bilakaeraren kanpo ebaluazio bat egingo da.

8. artikulua. Institutuak aldatzea eta kentzea.

1. Institutu bat aldatzeko edo beste batzuekin bat egiteko edozein proposamen Ikerketako Errektoreordetzari jakinarazi beharko zaio, Ikerketa Batzordeak aldez aurretik aldeko txostena eginda Gobernu Kontseiluari bidaltzeko, azter dezan.

Honako hauek izango dira ikerketa institutu bat kentzeko arrazoiak:

1. Institutuko Kontseiluaren gehiengo absolutuaren aldeko erabakia.

2. Ez betetzea hasieran proposatutako helburuak edo xedeak, edota 7. artikuluan aipatutako betebeharrak bi urtez jarraian.

3. Hirugarren artikuluak ezartzen dituen baldintzak ez betetzea bi urte baino luzeago den epe batean.

9. artikulua. Finantzaketa.

1. Institutuen ikerketa jarduera beren ikertzaileek lehiaketa bidezko deialdietan edo erakunde publiko eta pribatuekin sinatutako hitzarmenen edo kontratuen bidez lortutako funtsekin finantzatuko da batez ere.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa institutuei lagunduko die dituen zerbitzuen bidez, prestakuntza, zabalkunde, dibulgazio eta marketineko proiektu eta jardueren erakarpena eta kudeaketa errazteko.

3. Ahal den neurrian, Unibertsitateak funtzionamenduarekin eta aurreko paragrafoan aipatutako jarduerekin lotutako gastuetara bideratuko du finantzaketa.

Xedapen Gehigarri Bakarra.

Arautegi hau indarrean sartzen den unetik aurrera, 2014ko arautegiaren arabera sortutako Ikerketa Institutuetako hiru ikertzaile taldeak arautegi honen 3. artikuluan ezarritako ikertzaile talde hauetan integratuko dira automatikoki:

–2014ko arautegian aurreikusitako ikertzaile berekiak ikertzaile berekien taldean integratuko dira.

–2014ko arautegian aurreikusitako ikertzaile laguntzaileak loturiko ikertzaileen taldean integratuko dira, betiere ikerketa jardueraren ebaluazio positibo bat badute gutxienez edo merezimendu baliokideak badituzte.

–2014ko arautegian aurreikusitako prestakuntzaldiko ikertzaileak prestakuntzaldiko ikertzaileen taldean integratuko dira.

–2019ko arautegi honen 3.1.d) artikuluan aurreikusi diren gainerako ikertzaileak ikertzaile lankideen taldean integratuko dira.

Xedapen indargabetzailea.

Arautegi hau indarrean sartzen denean, indarrik gabe geldituko da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Institutuen arautegia (Gobernu Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 27ko Erabakiaren bidez onetsia eta 2014ko ekainaren 12ko NAOn argitaratua).

Azken xedapena.

Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F1902894