46. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

17/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean errepidez egiten den bidaiari-garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2019ko martxoaren 8rako dei eginiko greba orokorra dela eta.

2019ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia egin dute honako sindikatu hauek:

–ELA, LAB, ESK, STEILAS eta CNT, 00:00etatik 24:00etara.

–Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Alternativa Sindical de Trabajadores (AST) eta Sindicato Único de Trabajadores Solidaridad Obrera (SUTSO), 00:00etatik 24:00etara.

–Confederación General del Trabajo (CGT), 00:00etatik 24:00etara.

–Central Sindical Independiente y de Funcionarios (CSIF), 12:00etatik 13:00era, 15:00etatik 16:00etara eta 22:00etatik 23:00etara.

–Confederación Nacional del Trabajo (CNT), 00:00etatik 24:00etara.

–Confederación Intersindical, 00:00etatik 24:00etara.

–Comisiones Obreras (CCOO), 12:00etatik 14:00etara, 16:00etatik 18:00etara, eta 2019ko martxoaren 8an hasten den gaueko txandako lehen bi orduetan.

–Unión General de Trabajadores (UGT), 12:00etatik 14:00etara, 16:00etatik 18:00etara, eta 2019ko martxoaren 8an hasten den gaueko txandako lehen bi orduetan.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidea bateragarri egin behar da funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiari-garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etorrietarako aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, grebarako deiak direla-eta, grebak eragindako Nafarroako Foru Komunitateko bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen luke, langileen, eskola umeen, ikasleen eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten beste erabiltzaile batzuen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen kalte larriez gainera, eta ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela; izan ere, grebak kalteak eragiten dizkie herritar horiei, gatazkarekin zerikusirik ez izan arren.

Gobernuko agintaritzarenak dira funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, foru agindu honen xedea da gutxieneko zerbitzuak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako eta erabilera mugatuko bidaiari-garraiorako, arestian aipatutako sindikatuek 2019ko martxoaren 8rako deitutako grebarako deiak, iraupen desberdinekoak, direla-eta.

Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, aldez aurretik aztertu dira aurreko deialdien ezaugarriak (deia egin duten sindikatuen kopurua, ukitutako zerbitzuak eta abar) eta haietan ezarritako gutxieneko zerbitzuenak. Hortaz, hurrengo deialdietan aurkitu dira antzeko ezaugarriak dituzten aurrekariak:

–2009ko maiatzaren 21erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 46/2009 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren urriaren 5eko 550/2009 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 46/2009 Foru Agindua.

–2010eko ekainaren 29rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 23ko 43/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren urtarrilaren 20ko 13/2011 Epaiak ez zuen onartu 43/2010 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako errekurtsoa.

–2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 5/2011 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren 19ko 214/2011 Epaiak aipatu foru agindua berretsi zuen.

–2012ko irailaren 26rako (00:00etatik 24:00ak bitarte) greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren irailaren 20ko 41/2012 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2013ko maiatzaren 22ko Epaiak ezetsi zuen ELA sindikatuak aurkeztutako errekurtsoa.

–2013ko maiatzaren 30erako (00:00etatik 24:00ak bitarte) greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 72/2013 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2018ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia, Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Confederación lntersindical, Unión Sindical Obrera (USO), Confederación General del Trabajo (CGT), ELA, LAB, ESK, STEILAS, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuek aurkeztua. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren martxoaren 2ko 8/2018 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

Kasu honetan, gainera, dei bat baino gehiago egin dira 2019ko martxoaren 8ko greba orokorrerako, iraupen ezberdinekin. Deialdiek denboran bat egiten dutenez eta praktikan ezinezkoa denez gutxieneko zerbitzuak deialdi bakoitzerako ezartzea, erabaki da gutxieneko zerbitzuak kasurik zabalenerako ezartzea; hau da, greba orokorra 00:00etatik 24:00etara deitu den kasurako.

Gainera, kontuan hartu da grebaren deialdia lanegun eta eskola egun baterako egin dela, non joan-etorriak hainbat arrazoirengatik gertatzen diren, hala nola, osasun, hezkuntza, lan, administrazio edo beste arlo batzuetako zentroetara joateko, eta, hortaz, haien faltak kalte larriak ekarriko lizkiekeela erabiltzaileei eta, bereziki, ibilgailu gabeko jendeari, adinekoei, mugikortasun murriztuko jendeari eta landa eremuetako erabiltzaileei, batez ere horiek baitaude errepideko garraio kolektiboaren menpe.

Greba orokorrak eragina du bai erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, bai erabilera mugatuko garraio publiko erregularraren zerbitzuetan.

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio publiko erregularrari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa 38 zerbitzuren titularra da.

Kontzesio horien ustiapen datuen bidez, Garraio Zerbitzuak kalkulatzen du urtean zehar 153.625 espedizio egiten direla, 2.560.680 bidaiari garraiatuz. Beraz, gutxi gorabehera 9.000 erabiltzailek erabiltzen dituzte lanegunetan, batez beste, erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren zerbitzuak beren joan-etorrietan.

Joan-etorrien arrazoiak ezberdinak dira (osasun etxeetara, eskoletara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarrera joatea); hortaz, horien estaldura faltak kalte handiak eraginen lizkieke erabiltzaileei.

Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri horietako gehienak errepidez egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, garraio publikoko bestelako aukerak eskasak direlako joan-etorri horien beharrak betetzeko.

Aipatu aurrekariak eta haien ebazpen judizialak ikusita, baita deialdi honen ezaugarriak eta egin diren gogoetak ere, bidezkotzat jotzen da %40ko gutxieneko zerbitzuak ezartzea; betiere, egunean bidaia bat bermatuko da joateko eta beste bat etortzeko kontzesio bakoitzean eta kontzesioaren tituluan baimendutako zirkulazio guztietan.

Arestian aipatutako joan-etorriei eskola umeentzat erabilera mugatuko zerbitzu erregularraren bidez egiten direnak gehitu behar zaizkie.

Eskola umeentzako garraio zerbitzua hezkuntzaren zerbitzu osagarri bat da, ezinbestekoa errealitate sozioekonomikoa, biztanleen sakabanatze geografikoa eta hezkuntza zerbitzuen kontzentrazioa kontuan hartuz gero. Hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, Konstituzioaren 27. artikuluan jasota baitago, irakaskuntzako nahitaezko etapetako ikasleei (haur hezkuntzako bigarren ziklokoei, lehen hezkuntzakoei eta bigarren hezkuntzakoei) onartzen zaie eskolara joateko garraiorako eskubidea, ikastetxea ikaslea bizi ez den beste herri batean dagoenean.

Bada, 2018-2019 ikasturtean, 12.699 ikasle dira Hezkuntza Departamentuak kontratatutako eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleak (245 ibilbide busez eta 138, berriz, taxiz); kopuru horri gehitu behar zaizkio zerbitzu hori derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan eta titulartasun pribatuko ikastetxeetan erabiltzen dutenak, ikastetxe horietan ikasleen garraiorako zerbitzuak ez baititu Hezkuntza Departamentuak kudeatzen. Gaur egun, eskola-garraiorako 350 baimen daude indarrean, joan-etorriak egiteko bai titulartasun publikoko ikastetxeetara bai titulartasun itunduko ikastetxeetara.

Eskola-garraioa babes berezia behar duen biztanle sektore batez arduratzen da. Babes hori behar dute adina dela-eta autonomia pertsonalik ez izateak eragindako babesgabetasuna dutelako, eta Ikasleen eta adingabeen garraioaren segurtasun baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan eskatzen diren segurtasun baldintzak betetzen dituzten bestelako garraiobideak gutxi direlako.

Errege dekretu horrek eskola-garraiorako segurtasun baldintzak ezartzen ditu eta, besteak beste, honako hauek erregulatzen ditu: zerbitzuaren antolaketa (bidaiak ezin dira ordubete baino luzeagoak izan), antzinatasuna, ibilgailuen ezaugarri teknikoak, bereizgarriak eta laguntzailea. Horregatik, erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularreko zerbitzuak, bai hiriartekoak bai hiri barrenekoak, ezin dira eskola-garraioaren alternatibatzat edo haren ordezkotzat jo, ez baitituzte bete behar lehen aipatu baldintzak.

Orobat, eskola-garraioan ezin dira bidaiak kendu; izan ere, ikastetxera joateko bidaia bat egiten da eta beste bat erabiltzaileen etxeetara itzultzeko. Ezinezkoa da, bestetik, ibilbideak elkartzea, ibilgailuak edukiaren arabera kontratatuta eta erabat okupatuta daudelako.

Hortaz, beharrezkotzat jotzen da etxetik ikastetxera doazen zerbitzuei eustea. Irizpide hori bat dator erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularrarentzat hartutakoarekin, non, kontzesio bakoitzean, bidaia bat joateko eta beste bat etortzeko eta trafiko guztien estaldura bermatzen baitira; irizpide hori eskola umeen garraioari aplikatzeak berekin dakar zerbitzuei eustea.

Desgaitasun fisikoak eta psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuari dagokionez, aurreko kasuetan bezala, kolektiboaren ezaugarri berezien araberako gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira, beste inork baino babes handiagoa behar baitute.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluak kontuan harturik, Garraio Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. ELA, LAB, ESK, STEILAS, Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Sindicato Único de Trabajadores Solidaridad Obrera (SUTSO), Confederación General del Trabajo (CGT), Central Sindical Independiente y de Funcionarios (CSIF), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Confederación Intersindical, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuek 2019ko martxoaren 8rako iraupen ezberdinekin deitutako greba orokorrean, errespetatu egin beharko dira honako gutxieneko zerbitzu hauek, egun horretako 00:00etatik 24:00etara bitartean:

a) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:

–Erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularren zerbitzuen kontzesioak: zerbitzuen %40.

Nolanahi ere, kontzesio bakoitzean, joateko bidaia bat eta itzultzeko bidaia bat eginen dira egun horretan. Kontzesio tituluan baimentzen diren zirkulazio guztiak hartuko dira kontuan.

b) Erabilera bereziko garraio erregularra:

Ikasleen garraioa: etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzu guztiak.

Desgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuak: zerbitzu guztiak.

c) Autobus geltokiak: aurrez aipatutako gutxieneko zerbitzuak betetzeko nahitaezkoak diren jarduerak mantenduko dira.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko atalek ez diete inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Garapen Ekonomikorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen kontzesioa duten enpresei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea ELA, LAB, ESK, STEILAS, Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Sindicato Único de Trabajadores Solidaridad Obrera (SUTSO), Confederación General del Trabajo (CGT), Central Sindical Independiente y de Funcionarios (CSIF), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Confederación Intersindical, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuei, Asociación Navarra de Empresarios de Transporte por Carretera y Logística (ANET) elkarteari eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko otsailaren 28an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1902934