144. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

151E/2019 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona Sesmako udal-mugartean haizea neurtzeko dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea M. Torres Desarrollos Energéticos SL da.

2019ko maiatzaren 8an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Baimena eskatu da neurketa anemometrikorako dorre bat jartzeko, toki horretako baliabide eolikoen berri izateko helburuaz, inguru horretan parke eoliko bat jartzeko aurretiazko urratsa baita, horretarako aukera balego.

Dorre hori Zabaleta-La Mesa estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuan proiektatu da. Zehazki, 7. poligonoko 86. lurzatian kokatuko litzateke (ETRS-89 koordenatuak, UTM Huso 30N proiekzioa; 571.830/4.705.673). Proiektuko dorrea sekzio triangeluarreko saretazko egitura bat da, altzairuzkoa eta 110 metroko altuerakoa. Oinarria altzairuzko plaka bat duen burdineria baskulatzailearen gainean jarriko da, azpian hormigoizko 1,9 × 1,9 × 0,4 metroko zapata bat duela.

Dorrea altzairuzko kableaz eginiko tiranteekin finkatuko da, elkarren artean 120º bereizitako 3 planotan jarrita. Plano bakoitzak 12 tirante ditu, 9 metroko tartetan iltzatuta dorrean, baita lurrean ere 4 puntutan, hormigoizko zapatetan sartutako altzairuzko piken bidez.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoak jarduketaren kontrako txostena eman du, kontuan hartuta, batetik, eskatutako jarduketaren helburua dela aztertzea zer aukera dauden parke eoliko bat horretarako “ez egokia” den eremu batean jartzeko, halaxe agertzen baita eremu hori 2030erako Nafarroako Energia Planean, eta, bestetik, eremuak balio natural garrantzitsuak dituela, bereziki estepako abifaunari dagozkionak, eta proiektuak kalte egin diezaiekeela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea, azalpen zatian deskribatutako arrazoiengatik, Sesmako udal-mugartean, 7. poligonoko 86. lurzatian, haizea neurtzeko dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea M. Torres Desarrollos Energéticos SL da.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Sesmako Udalera, Basozaintza Ataleko Lizarra 2 Koordinazio Unitatera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 4an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1907776