114. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

289/2019 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen osaera berritu eta kide berriak izendatzen dituena.

Martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko Kirol Diziplina arautzen ditu, eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen VIII. tituluko III. kapituluan eta Foru Lege beraren IX. tituluko I. kapituluan ezarritako kirolaren arloko diziplina araubidea garatzen du.

Aipatu 15/2001 Foru Legeak esleitzen dizkion eskumenekin bat eta horrek ezarritako moduan, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea da kirol justiziaren arloko organo nagusia Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. Organikoki, Nafarroako Foru Komunitatearen Kirol Administrazioari atxikita dago, eta jarduteko erabateko independentzia izanen du, bai horrekiko bai Nafarroako kirol erakundegintzako gainerako entitateekiko.

Ildo horretan, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onetsi zituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak ezartzen du arestian aipatutako foru dekretuak Foru Komunitateko Kirol Administrazioari esleitzen dizkion eskumenak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak hartuko dituela bere gain.

Osaerari dagokionez, aipatu 48/2003 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Kirol Justiziako Batzordeko kideak zuzenbideko bost lizentziadun izanen dira, kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan esperientzia aitortua dutenak. Foru dekretu horren 5.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioak izendatuko ditu Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideak, banaketa honi jarraikiz: bi, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioak zuzenean izendatzekoak; bi, Nafarroako kirol federazioek proposatutakoen artean izendatzekoak; eta, azkenik, bat, Nafarroako Kirolaren Kontseiluak proposatutakoen artean izendatzekoa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eman apirilaren 2ko 225/2014 Ebazpenaren bidez izendatu ziren Kirol Justiziako Batzordeko gaur egungo kideak. Ebazpen hori 2014ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24koan. Hortaz, agintaldiaren iraupena izendapenaren ebazpena argitaratzen denetik hasita kontatzen denez (martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuaren 6.1 artikulua), haien agintaldia 2019ko apirilaren 2an bukatu zen.

Martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuaren 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, inguruabar horren berri eman zion Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, batzordekideen agintaldia bukatu baino 30 egun lehenago eman ere, eta berritzeko prozedura abiatzeko eskatu zuen.

Nafarroako kirol federazioek eta Nafarroako Kirolaren Kontseiluak proposamenak aurkezteko epea bukatu ondoren, egindako proposamenak bildu zituen Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, baita curriculumetan erantsitako datu osagarriak ere.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak Esther Gil Beorlegui andrea eta María Echeverria Cadarso andrea zuzenean izendatzea proposatu du. Zuzenbideko lizentziadunak dira biak, aitortutako esperientzia edo prestakuntza dute kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan, eta egokiak dira Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zuzenean izendatzen dituen bi postuak betetzeko.

Nafarroako kirol federazioen partetik, Eduardo Sanz Aguirre jauna eta Jesús M.ª Faber Ruiz jauna izendatzeko proposamenak izan dira boto gehien lortu dituztenak. Zuzenbideko lizentziadunak dira biak eta esperientzia aitortua dute kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan. Horrez gain, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideak dira egun. Egindako proposamenak eta dagozkien curriculumak aztertu eta gero, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide izendatzea proposatzen da, postuan aritzeko egokiak direla uste baita.

Nafarroako Kirolaren Kontseiluaren partetik, Juan Ignacio Zubiaur Carreño jauna izendatzeko proposamena izan da boto gehien lortu dituena. Zuzenbideko lizentziaduna da, esperientzia aitortua du kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko burua da egun. Egindako proposamena eta dagokion curriculuma aztertu eta gero, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide izendatzea proposatzen da, postuan aritzeko egokia dela uste baita.

Azkenik, Kirol Justiziako Batzordeko idazkari lanetan arituko denari dagokionez, Esteban Imaz Vacas jauna izendatzea proposatzen da. Kirol Justiziako Batzordeko idazkaria izan da orain arte, 2016az geroztik. Martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen segitzen du, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko funtzionarioa baita, administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa), hain zuzen, eta esperientzia aitortua eta egiaztatua baitu kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan.

Horren ondorioz, Kirol Justiziako Batzordea berritzeari buruz aurreikusitakoa betetzeko, bidezko da horren kide berriak izendatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuan eta martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuan emandako eskumenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide izendatzea –bost urtez, ebazpen honen datatik kontatzen hasita– jarraian ematen diren zuzenbideko lizentziadunak, esperientzia aitortua dutenak kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan:

–Esther Gil Beorlegui andrea, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zuzenean izendatua.

–María Echeverria Cadarso andrea, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zuzenean izendatua.

–Eduardo Sanz Aguirre jauna, Nafarroako kirol federazioek proposatutakoen artean izendatua.

–Jesús M.ª Faber Ruiz jauna, Nafarroako kirol federazioek proposatutakoen artean izendatua.

–Juan Ignacio Zubiaur Carreño jauna, Nafarroako Kirolaren Kontseiluak proposatutakoen artean izendatua.

–Esteban Imaz Vacas jauna, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkari izendatua.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura, haren Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Kirolaren Zuzendariordetzara eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 25ean.–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Rubén Goñi Urroz.

Iragarkiaren kodea: F1905685