114. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

50/2019 FORU AGINDUA, apirilaren 24koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 18ko 148/2017 Foru Agindua aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Zerga Ogasunaren eremuan jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua arautu zen, baita zergapekoek gaitutako helbide elektronikoan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko aukera ere.

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak gaikuntza ematen dio zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari zergapekoei jakinarazpen elektronikoak egiteko jarduketa arautzeko.

Gaikuntza hori oinarri, abenduaren 18ko 148/2017 Foru Agindua eman zen, jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua emateko modua eta zerbitzu horren ezaugarriak eta funtzionalitateak arautzeko, baita zergapekoek jakinarazpen mota hori ez egiteko egunak adierazteko aukera ere.

Bestalde, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretua aldatzen duen martxoaren 6ko 17/2019 Foru Dekretuaren bidez, aurrera egiten da berriz zergadunen eta Nafarroako Zerga Ogasunaren arteko tributu-harremanetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartzeari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotako administrazio arauetan ezarritakoari jarraikiz. Lege horrek jakinarazpen elektronikoei ematen die lehentasuna administrazio publiko elektronikoa prozedura administratiboen kudeaketan ezartzeko bidean.

Izan ere, aipatu martxoaren 6ko 17/2019 Foru Dekretuak aldaketak sartu zituen baliabide elektronikoak erabiltzeari bultzada emateko jakinarazpenak egiteko orduan. Horrela, tributu-prozedurak azkartuko dira eta kostuak nabarmen gutxiagotuko.

Aipatzekoa da, sartu ziren aldaketen artean, Nafarroako Zerga Ogasunaren jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez jasotzera behartutako pertsonen taldeak eta entitateak zehazten direla, eta jakinarazpen sistema horretan sartzen direla ez zaiela aldez aurretik jakinarazi behar. Beraz, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 31.1 artikuluari jarraikiz, jakinarazpen administratiboak baliabide elektronikoen bidez jasotzera behartuta dauden pertsonei eta entitateei ez zaie aldez aurretik jakinaraziko nahitaezko jakinarazpen elektronikoen sisteman sartu direla.

Guzti hori oinarri, abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduaren 3. artikuluaren xedapenak aldatzen dira; alegia, jakinarazpen elektronikoaren sisteman nahitaez sartzeari buruzko horiek, eta araudiko aipamen zehatzak eguneratzen dira bide batez, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretua aldatu ondoren. Horrez gain, jakinarazpen elektronikoak eskuratzeari buruzko zenbait alde argitzen eta zehazten da, baita horiek beste pertsona baten edo entitate baten ordezkari gisa jasotzeko ahalduntzeen kudeaketari buruzkoak ere.

Horrenbestez, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 29.7 artikuluaren eta azken xedapenetan lehenaren bidez esleitutako gaikuntzaz baliatuz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 18ko 148/2017 Foru Agindua. Horren bidez, Nafarroako Zerga Ogasunaren eremuan jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua arautu zen, baita zergapekoek gaitutako helbide elektronikoan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko aukera ere.

Abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduaren manu hauek honela idatzita geldituko dira:

Bat.–1.1 artikulua.

“1. Foru agindu honen xedea da jakinarazpen elektronikoaren sistema arautzea, Nafarroako Zerga Ogasunaren eremuan”.

Bi.–2. artikuluko 2. eta 4. apartatuak.

“2. Jakinarazpen elektronikoaren sisteman sartzea nork bere borondatez eskatzeko, interesdunak helbide elektroniko gaitu bat izan beharko du, eta Nafarroako Gobernuaren jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetu beharko du”.

“4. Nork bere borondatez eskatuta sistemaren barnean dauden zergapekoak izanda, sistematik irteteko, helbide elektroniko gaituaren bidez eskatu beharko da nahitaez, dagokion prozeduran baja hartuta”.

Hiru.– 3. artikulua.

“3. artikulua. Nahitaez sartzea.

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek jakinarazpen elektronikoak eginen dituzte, baldin eta jakinarazpen elektroniko modu hori nahitaezkotzat jotzen bada, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2. Interesduna nahitaezko jakinarazpen elektronikoen sisteman sartuz gero, helbide elektroniko gaitua ofizioz esleituko zaio, salbu eta aldez aurretik esleitu bazaio eta hura oraindik indarrean badago.

3. Jakinarazpenak bide elektronikoen bidez jasotzera behartuta dauden pertsona eta entitateei dagokienez, ez da onartuko sisteman nork bere borondatez baja hartzea. Interesdunek eskatuta, Nafarroako Zerga Ogasunak baztertuko ditu, horiek sisteman sartzea eragin zuten inguruabarrak gertatzen ez direnean.

Eskaera uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluan ezarritako prozeduraren arabera bideratuko da, eta Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian erabilgarri dagoen zerbitzu telematikoaren bidez aurkeztu beharko da, Interneteko honako helbide honetan: http://hacienda.navarra.es

Kasu horretan, pertsonak edo entitateak bere borondatez Nafarroako Zerga Ogasunaren jakinarazpen elektronikoen sistema harpidetu badu, 2.4 artikuluan ezarritakoaren arabera sisteman baja hartzea eskatu ere egin beharko du”.

Lau.–4. artikuluko 4.c) apartatuaren azkeneko paragrafoa eta 5. apartatua.

“Kasu horretan, ahalorde-emaileak Nafarroako Zerga Ogasunak onartzen dituen identifikazio eta sinadura elektronikoetarako bideetako bat erabili beharko du, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.

5. Jakinarazpen elektronikoa jasotzeko ordezkaritza onartzeko, ahaldunak telematika bidez egin beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartzen dituen identifikazio eta sinadura elektronikoetarako bideetako bat erabiliz, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.

Kasu guztietan, ordezkariaren izendapenak ondorioak sortuko ditu Nafarroako Zerga Ogasunaren erregistroetan sartzen denetik, ahalorde-emaileak eta ahaldunak hori egiaztatu ondoren.

Halaber, ordezkaritza baliogabetzeak eta horri uko egiteak ondorioak sortuko dituzte Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistroetan sartzen den unetik”.

Bost.–8. artikulua.

“8. artikulua. Abisu-sistema.

Jakinarazpen elektronikoaren zerbitzuak abisu-sistema bat gaituko du jakinarazpena interesdunen eskura jartzeko.

Baina, hori egiteko, helbide elektroniko gaituan lehenengo aldiz sartzean beharrezkoa izanen da posta elektronikoko helbide bat adieraztea; jakinarazpena jartzen denean, abisu bat igorriko da horretara. Jakinarazpen elektronikoa jasotzeko behartuta dagoen pertsona edo entitate bat bada, ezin izanen da abisurik igorri hartzailea helbide elektroniko gaituan sartu eta posta elektronikoko helbide bat adierazi arte, une horretara arte ez baita egonen posta elektronikoko helbide jakinik. Abisu hori egin ezik ere, jakinarazpena guztiz baliozkotzat joko da”.

Sei.–10. artikulua.

“10. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak eskuratzea.

1. Jakinarazpenen hartzaileak eta horien ordezkariak Nafarroako Zerga Ogasunak igorritako jakinarazpen elektronikoen edukira sartzen ahalko dira bai helbide elektroniko gaituan zuzenean sartuz bai Estatuko Administrazio Orokorreko herritar karpeta erabiliz. Sarbide hori indarreko araudian ezarritakoaren arabera onartzen diren identifikazio eta sinaduraren sistemen bidez eginen da.

2. Jakinarazpenaren ondorio juridiko guztiak egintzat joko dira, bai helbide elektroniko gaituan bai herritar karpetan behar bezala egindako lehenengo jakinarazpenetik aurrera, bidezko errekurtsoak jartzeko epearen hasiera barne.

3. Pertsona juridikoek eta izaerarik gabeko entitateek pertsona juridiko edo entitateari dagokion sinadura elektronikoaren sistema erabiltzen ahalko dute jakinarazpen elektronikoetan sartzeko.

4. Jakinarazpen elektronikoen hartzaileak jakinarazpenen edukira sartzen ahalko dira hamar egun naturaleko epean, jakinarazpena helbide elektroniko gaituan edo herritar karpetan eskura jartzen denetik aurrera, kontuan hartu gabe zergapekoak ala sisteman beren borondatez sartu diren subjektuak diren. Epe horretan, jakinarazpena espresuki ukatu ere egiten ahalko dute.

Jakinarazpena eskura jarri dela jakinda hamar egun naturaleko epean mezua irekitzen ez bada, jakinarazpenari uko egiten zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezuan sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.

Jakinarazpena espresuki ukatzen bada edo hamar egun natural igarotzeagatik hori ukatutzat jotzen bada, bakarrik sartzen ahalko da jakinarazpenaren edukira herritar karpetatik edo Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian erabilgarri dagoen zerbitzu telematikotik, 5. apartatuan xedatutakoaren arabera.

Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari baimena ematen zaio ebazpen bidez jakinarazpenen edukira sartzeko moduak alda ditzan. Ebazpen hori Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian argitaratuko da.

5. Eskaera hori Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian erabilgarri dagoen zerbitzu telematikoaren bidez egiten ahal da soilik, Interneteko honako helbide honetan: https://hacienda.navarra.es.

6. Halaber, jakinarazpen elektronikoen hartzaileen ordezkariak informazio horretan sartzen ahalko dira, kontsulta egiten den unean ahalorde-harremana indarrean badago eta jakinarazpena harreman horren indarraldian egin bada”.

Zazpi.–13.2 artikulua.

“2. Hala ere, aurreko apartatuan xedatutakoa bateraezina bada administrazio jarduketak bere eraginkortasuna bermatzeko eskatzen duen berehalakotasunarekin edo bizkortasunarekin, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 30.2.b) artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Kasu horretan, jakinarazpenak bide ez-elektronikoen bitartez eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan ezarritako lekuetan eta moduetan egiten ahalko dira”.

Zortzi.–14.1 artikuluko azken paragrafoa.

“Eskatzaileak Nafarroako Zerga Ogasunak onartzen dituen identifikazio eta sinadura elektronikoetarako bideetako bat erabili beharko du, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan”.

Bederatzi.–Lehen xedapen gehigarria indargabetzea.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iruñean, 2019ko apirilaren 24an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1905603