114. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DEIKAZTELU

Foruen plazako zirkulazioa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Deikazteluko Udalak, 2019ko urtarrilaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Foruen plazako zirkulazioa arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2019ko 51. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 14an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik egin; hortaz, ordenantza behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

FORUEN PLAZAKO ZIRKULAZIOA ARAUTZEN DUEN
UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Foruen plaza herritarren aisiarako eremua denez, modu berezian arautu behar da bertako zirkulazioa, berariazko erregulazioa eskatzen baitu ezarritako helburua lortzeko: herritarrentzako kalitatezko aisiarako eta bizitzarako gunea izatea.

Ordenantza hau testuinguru horretan ezartzen da, eta helburu hau baino ez du: Foruen plazan ibilgailuen zirkulazioa erabat etetea ekaineko, uztaileko, abuztuko eta iraileko asteburu eta jaiegunetan.

1. artikulua. Eskumena.

Kontuan harturik Deikazteluko Udalaren eskumenekoak direla trafikoa antolatzea eta kontrolatzea udal-mugarteko hiri barruko bideetan, bertan egindako arau-hausteak salatzea eta horiek zehatzea, beste administrazio bati espresuki utzitako eskudantzia ez denean; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.g) artikuluan xedatuarekin bat (Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emandako idazketa), eta trafikoari buruzko araudian ezarritakoarekin ere bat, erabaki da Foruen plazako eremuan ibilgailuen zirkulazioa arautzeko dokumentu hau onestea.

2. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen helburua da errepideko zirkulazioa murriztea Foruen plazako eremuan, baita gelditzeko eta aparkatzeko baldintzak arautzea ere, ekaineko, uztaileko, abuztuko eta iraileko asteburu eta jaiegunetan. Ordutegia: ostiraleko 15:00etatik igandeko 22:00etara.

Debeku da ibilgailuak aparkatzea ordenantzaren aplikazio eremu osoan.

Ibilgailuak bertan egoten ahalko dira, soilik, ordenantza honetan jasotzen diren salbuespen kasuetan.

Ziklomotorrek eta motozikletek gainerako ibilgailu motordunek dituzten murriztapen berberak izanen dituzte.

3. artikulua. Ukitutako eremua.

Zirkulazioari buruzko arauketa berezi honek Foruen plazako eremuari eragiten dio; horren planoa xedapen honi gehitu zaio, I. eranskin gisa (Mugatze grafikoa).

4. artikulua. Gelditzea eta aparkatzea.

Oro har, debeku da Foruen plazako eremu osoan aparkatzea.

Udalak zirkulazioa guztiz debekatzen ahalko du, zerbitzu publikoak hala behar izanez gero.

Gelditzea da ibilgailu bat 15 minutuan baino gutxiagoan ibilge uztea, jendea hartu edo uzteko edo zamalanetarako.

Aparkatzea da geldirik dagoen ibilgailu bat 15 minutuan baino gehiagoan ez mugitzea, zirkulazioaren eraginez ez bada.

5. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honetan ezarritakoak ez die eraginen honako ibilgailu hauen zirkulazioari, ez eta gelditze eta aparkatzeei ere, zerbitzua egiten ari direnean:

a) Suhiltzaileen zerbitzukoak, poliziakoak, anbulantziak eta, orokorrean, zerbitzu publikoak emateko behar direnak.

b) Gaixoak edo mugikortasun urriko pertsonak eramaten dituztenak, eremuko zein kanpoko etxe batera.

c) Kasu berezietan (aldairak, presako obrak, ezbeharrak konpontzekoak eta antzekoak), baldin eta egiteko beste modurik edo aukerarik ez bada.

d) Bizikletak.

6. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Administrazioko arau-haustetzat joko da ordenantza honen edozein artikulu urratu edo ez betetzea. Arau-hauste horiek tramitatzeko, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeari, hura garatzeko erregelamenduari eta horiekin bat heldu diren gainerako lege xedapenei jarraituko zaie.

Arau-hausteek zehapenak ekarriko dituzte berekin, aipatu araudian ezarritako legezko prozeduraren bidez jartzekoak.

Ibilgailuen titularrak dira ordenantza honi egiten zaizkion arau-hausteen erantzuleak. Kasua bada, beren erantzukizuna da identifikatzea une horretan ibilgailua gidatzen zuen pertsona, hura izanen baita salatutako arau-haustearen erantzulea.

Zehapen-espedientearen ebazpena eman baino lehen ordaintzen ahalko dira isunak, arau-haustea egin eta hurrengo hogei egun naturalen barruan; hala eginez gero, zigor-legeen haustea ez dakarten isunek dagokien zenbatekoaren %50eko murriztapena izanen dute, zehapenaren aurka inolako ekintza edo errekurtso administratibo aurkezteari uko egiten bazaio edo halakoetan atzera egiten bada.

Arau-hauste arintzat joko dira ordenantza honetan jasotako arauen kontrakoak eta espresuki astuntzat kalifikatzen ez direnak; halakoak 50 euroko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste astuntzat joko dira behin eta berriz egiten direnean, eta 100 euroko isunarekin zehatzen ahalko dira.

7. artikulua. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Ordenantza honetan aurreikusten ez denerako, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeari eta hura garatzen duen araudiari jarraituko zaie.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Alkatetzak eten dezake ordenantza honen aplikazioa, aplikazio eremu osoan edo horren zati batean, presa, larrialdi edo interes publikoko arrazoiak direla eta, hori egitea bidezko jotzen diren egun edo epeetarako.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Deikaztelun, 2019ko apirilaren 16an.–Alkatea, Mikel Azcona Molinero.

Iragarkiaren kodea: L1906076