114. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

114E/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena hornidurako sareak berritzeko proiekturako Arraizko Bentetan (Arraitz-Orkin), Ultzamako udal-mugartean. Sustatzailea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2019ko otsailaren 28an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da Arraizko Bentetako ur horniduraren sarea berritzea eta lurpeko adarra eraikitzea (Bentetako adarra), 1.100 m-koa eta PE 110 mm-koa, Arraitz-Orkingo adarra eta Arraizko Bentetako herrigunea bide publikoen bitartez lotzeko (Telleriako bidea eta Narbaizko bidea). Presio-igogailua eta hori babesteko etxola instalatuko dira Arraizko Bentetan bertako banaketa-sare berrirako, gehienbat hiri lurzorua zeharkatuko duena, salbu eta herriko ekialdeko muturreko tarte batean, lurzoru urbanizaezinean egonen baita.

Hortaz, proposamenak egun dauden bideak zeharkatzen ditu gehienbat, baita kale eta errepide zolatuak ere, eta ez ditu estalki naturaleko eremuak ukitzen, salbu eta hiri lurzoruan (Arraizko Bentetako sareen exekuzioan, Ultzama ibaiaren ertzetan batez ere) eta lurzoru urbanizaezinean (Ultzamako 9. poligonoko 79. lurzatia zeharkatzen duen sare horien tartea, fruta-arbolak dituen mazela txiki bat dena).

Proiektuan azaltzen denez, izaeraren arabera kudeatuko dira hondakinak. Soberako lurren 80 m³ sortuko direla uste da, eta, ezin izanen denez horiek berriz ere landareztatu, kudeatzaile baimendun batera eramanen dira.

Ultzamako Udalak eman aldeko txostena jasotzen da espedientean. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena eman du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat, baina baimena emateko baldintzapean. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea hornidurako sareak berritzeko proiekturako Arraizko Bentetan (Arraitz-Orkin), Ultzamako udal-mugartean. Sustatzailea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Hirigintza arlokoak:

• Baimen honek lurzoru urbanizaezinean eginen den zatia baino ez du babesten.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren kanpoko elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

• Baimen honek ez ditu babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo horren gainean egin nahi diren jarduera zehatzen hornidura sarearekiko harguneak eta lotuneak.

• Egin nahi den jarduerak edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, beharrezko kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren eta Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren baimenak lortu beharko ditu, sarearen trazadurak honako hauek ukitzen baititu: N-121-A errepidea, Ultzama ibaia eta Zaldazaingo errekaren polizia-eremua, Arraitz-Orkin herria zeharkatzen duen tokian.

• Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

• Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Hori horrela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ultzamako Udalari, Basozaintzari (4. barrutia: Iruña) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1906237