114. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 22an hartua, zeinaren bidez onespena ukatzen baitzaio “Peña mendilerroa haize-parkea eta energia ateratzeko lotutako azpiegiturak” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari. Gestamp Eólica SL da sustatzailea.

Nafarroako Gobernuaren 2016ko otsailaren 10eko Erabakiaren bidez, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zen “Peña mendilerroa haize-parkea eta energia ateratzeko lotutako azpiegiturak” izeneko proiektua, jendaurrean jarri zen eta eraginpeko lurretako udalei entzunaldia eman zitzaien, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete zitezen. Erabaki hori 2016ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 23koan.

Nafarroako Gobernuaren 2016ko apirilaren 6ko Erabakiaren bidez, jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko epe berri bat ireki zen proiektuak ukitutako udalentzat. Erabaki hori 2016ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 21ekoan.

2016ko ekainaren 24an, jasotako alegazioen aurrean sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa jaso zen. Hala ere, 2016ko irailaren 13an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak sustatzaileari eskatu zion espedientea osatzeko, Gobernuaren erabakiarekin bat. Sustatzaileak dokumentazio hori aurkeztu zuen 2016ko urriaren 21ean.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 2017ko abenduaren 29ko 879E/2017 Ebazpenaren bidez, kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman zen. Ebazpen hori 2018ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 20koan.

I.–Proiektuaren deskribapena.

Proiektuaren xedea da Xabierko udal-mugarteko Peña mendilerroan haize-parke bat ezartzeko baldintzak finkatzea, bai eta bertara sartzeko eta haren energia ekoizpena ateratzeko behar diren azpiegiturak Xabierko eta Zangozako udal-mugarteetan gauzatzeko baldintzak ere.

Haize-parke berria Sause II haize-parkearen jarraipen gisa proiektatu da. Azken hori Peña mendilerroaren Aragoiko aldean dago, eta Acciona Energía enpresa da haren jabea. Lehendik dagoen parkea uren banalerroan dago, eta, baldintza geomorfologikoei dagokienez, zabalera nahikoa dago instalazio berriak ezartzeko. Iparraldetik hegoaldera doazen ezproiek eratzen dute mendigunearen zati bat, eta, bertan, mazelaren iparraldeko malda oso pikoa da; hegoaldekoa, ez hainbeste. Proposamenak dagoen parkearen lerrokadura jarraitzen du, banalerroan 4 haize-sorgailu jarriz, eta bosgarren bat banalerroko ezproi batean, hegoalderantz. Proposamenaren arabera, haize-parkearen batez besteko altitudea 1.000-1.060 metrokoa izanen da.

Udalez gaindiko proiektu sektorialean proposaturiko haize-parkeak ezaugarri hauek ditu:

–Haize-sorgailu kopurua: 5.

–Haize-sorgailu bakoitzaren potentzia unitarioa: 3.300 kW.

–Funtzionamendu orduak potentzia arruntean: 3.477 ordu.

–Guztira instalaturiko potentzia: 16,50 MW.

–Ekoizpen garbia: 57,37 GWh/urte.

Proposaturiko haize-sorgailuak VESTAS markakoak dira, V117-3.3 MW modelokoak eta IEC IIA motakoak. Errotorearen diametroa 117 m da, eta abatza 91,5 m garai da.

650/690 V-eko tentsioan sortutako energia haize-sorgailuaren barnean transformatuko da 650/30 kV-eko transformadore baten bidez. 30 kV-eko lurpeko zirkuitu elektrikoek lotuko dituzte haize-sorgailuak, eta ekoitzitako energia elektrikoa 30/66 kV-eko transformazio azpiestazio trinko batera eramanen dute, “Peña mendilerroa TA30/66 kV” izenekora, hain zuzen. Bertan 30 kV-etik 66kV-era igoko da tentsioa. Hortik, energia ateratzeko 66 kV-eko linea aterako da, 15,5 km inguru luze. Linea hori lurperaturik joanen da, Torre de Peña gunetik haraino, eta dauden azpiegiturak aprobetxatuko ditu (suebakiak, hesi zinegetikoa eta Peña herri hustura sartzeko bidea), landaredian, abifaunan eta paisaian izan dezakeen eragina murrizteko. Gero airean joanen da alor eta larreen gainean, Aragoi eta Onsella ibaiak zeharkatuz, eta berriz lurperaturik jarriko da NA-127 errepidea zeharkatzeko, Zangozako 66/220 kV-eko TAEan (REErena) Iberdrolak duen zatiko lotuneraino.

Haize-sorgailuetarako definitu den kokapenean tarte bat utzi da haize-sorgailuaren hegaletik probintziaren mugaraino, Aragoiko finkarik ez ukitzeko.

Haize-sorgailuez eta energia ateratzeko lineaz gain, haize-parkeak neurketa-estazio bat izanen du, bai eta 30/66 kV-eko azpiestazio trinko bat ere, kontrol zentroaren alboan integraturik. Komunikaziorako behar diren beste azpiegituretarako, zirkuitu elektrikoen kanalizazio zangak erabiliko dira.

Proposatu da haize-parkearen zerbitzuko bideetarako sarbide nagusiak hegoaldean egotea: Sofuentesen dagoen landabide bat, Corral del Monte bidea edo Vallacuey erreka-zuloaren bidea (5.546 m guztira) eta bide berri batzuk (1.484 m guztira). Aragoitik doan sarbidea udalez gaindiko proiektu sektorialetik kanpo dago.

Haize-parkearen lurzoruak oihaneko erabilera du nagusiki. Ez dago naturagune deklaraturik, baina Peña mendilerroa, ingurumenaren eta lurraldearen aldetik dituen balioen ondorioz, Nafarroako lurralde antolamenduko planetan (LAP) definitzen diren babes bereziko eremu batzuen parte da, zehazki,: interes bereziko landaredia, lurraldea konektatzeko eremua eta paisaia berezia.

II.–Jendaurrean jartzea.

Espedientea jendaurrean egoteko aldian eta entzunaldian 4 alegazio idazki aurkeztu dira, eta Aragoiko Ingurumen Kudeaketako Institutuaren txosten bat. Erabaki honen eranskinean daude haien edukia, laburturik, eta emandako erantzunak.

III.–Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 10ean hartutako erabakian dauden oharrak.

Erabaki horrek, bere xedapen zatiaren 2. puntuan, betebehar hauek ezartzen ditu:

“–Proposatutako haize-parkea egokia dela frogatzea, lehendik dauden jarduerak handitzeko LAPak ezartzen dituen irizpideen arabera, erabaki honen IV.3 puntuko oharrak kontuan hartuta, eta, hala badagokio, proposamena aldatzea irizpide horiek betetzeko, handitze kasuetan sartzen ez diren kokapenak kenduz.

–Dokumentazioa osatzea, erabaki honen III. puntuan adierazitakoari jarraikiz.”

Sustatzaileak zenbait argudio eman ditu frogatzeko proposaturiko haize-parkea egokia dela, lehendik dauden jarduerak handitzeko lurralde antolamenduko planak (1. eguneratzean) ezartzen dituen irizpideei jarraikiz. Argudio horiek ikusirik, hau adierazi behar da:

Lurralde antolamenduko planen 1. eguneratzearen justifikazio-memorian adierazten da ezen eguneratze horrek erantzuten diola, beste arrazoi batzuen artean, “babes bereziko eremuetan legez ezarrita dauden erabilera eta jardueretarako araubidea osatzeko eta egokitzeko beharrari, haiek birgaitu eta handitu ahal izateko, hainbat irizpideren arabera, kasuan kasuko babes bereziko eremuan aplikatzen den araubidea edozein dela ere”.

Hortaz, salbuespen gisa hartuko dira zenbait erabilera eta jarduera, zeinek, legea betetzen badute ere, oztopoak izaten ahal baitituzte bere horretan jarraitzeko edo garatzeko, lurralde antolamenduko planak onetsi ondotik lurzoruaren araubidea aldatu delako babes bereziko eremuetan.

Funtsean, helburua da lurzoru urbanizaezinean legez ezarrita dauden jardueren jarraipena erraztea eta aukera ezartzea birgaitzeak eta handitzeak baimentzeko, jardueraren jarraipena edo garapen ekonomikoa kolokan jarri beharrean, babestu beharreko lurzoruaren balioekin bateratzeko. Hori da, azken batean, lurralde antolamenduko planen helburuetako bat.

Nolanahi ere, lurzorua babesteko eta gordetzeko helburuekin bat datorrela baloratu behar da. Hortaz, ez dira zuzenean baimenduko lehendik legez ezarrita dauden erabileren handitze eta birgaitze guztiak; haatik, aipatutako gisan baloratuko dira.

Peña mendilerroan ezarri nahi den jardueraren helburua ez dator bat lurralde antolamenduko planean jasotako helburuarekin, zeinak esaten baitu ez dela mugatuko legez ezarritako jardueren jarraipena eta garapena, beharrezkoa denean jarduera horiek birgaitzea edo handitzea. Hala ere, lurzoru jakin batean debekatuta dagoen jarduera bat baimendu liteke baldin eta aldamenean balu antzeko jarduera bat, lehenagotik legez ezarria. Oro har, horrek ez du zentzurik; izan ere, begien bistatik galduko litzateke balio jakin batzuk babesteko helburua duen araubidea, jarduera berri bat ezartzeko, guztiz independentea eta lehendik dagoen jarduerarekin zerikusirik ez duena. Beraz, ez legoke justifikazio objektiborik, teknikorik eta/edo hirigintzakorik toki horretan ezartzeko, beste nonbait ezartzen ahal denean ukipen gutxiagorekin. Hori horrela, beharrezkoa da jardueren artean nolabaiteko lotura egotea, lehendik dagoen jardueraren jarraipen izatea behinik behin, frogatu ahal izateko jarduera berria aurrekoaren handitzea dela eta toki horretan ezarri beharra dagoela. Horregatik, lurralde antolamenduko planetan ezartzen dira handitze horiek bete beharreko irizpideak.

Peña mendilerroko haize-parkearen proiektuaren kasuan, helburua da parke berria ezartzea. Proposaturiko bost haize-sorgailuetatik lauk segida emanen diote lehendik dagoen haize-parkeko lerrokadurari, baina ez dute inolako loturarik harekin. Sustatzaileak argudiatu du ezen, lehendik dauden azpiegiturak eta zerbitzuak baliatzeko aukera baloratu ondoren, erabaki dela sarbiderako eta energia ateratzeko azpiegitura independenteak eraikitzea, egin behar diren obrak eta horiek gauzatu bitartean aurretik zegoen parkeari eraginen zaizkion kalteak direla eta. Horrenbestez, agerian gelditzen da parkea beregaina izanen dela, eta ez duela inolako loturarik lehendik dagoenarekin, haize-sorgailu lerroaren ikusizko jarraitutasunaz harago.

Hortaz, batetik, ez dira betetzen lurralde antolamenduko planean ezartzen diren baldintzak, babes bereziko eremuen araubidean salbuespen bat egin dadin lehendik dauden jardueretarako; eta, bestetik, ez dira betetzen ere jarduera hori baimengarria izateko bete behar diren irizpide berariazkoak.

Sustatzaileak berak alderaketa bat egiten du aurkezturiko proiektuaren eta beste haize-parke batzuen artean, zeinek segida ematen baitiete lehendik zeuden parkeetako lerrokadurei. Hona hemen:

–Gerinda mendilerroko eremu eolikoa, non 5 haize-parke independente baitaude, zein bere aldetik erregistratua, baina geografikoki loturik, bata bestearen segidan: Peña Blanca I, Peña Blanca II, Peña Blanca parke esperimentala, San Martin Unx eta Lerga.

–San Estebango eremu eolikoa, non 5 haize-parke independente baitaude: San Esteban IA, San Esteban IIA-Añorbe, San Esteban IB-Egastiaga, San Esteban IIC-Karakidoia eta San Esteban IIB-Olkotz haize-parkeak.

–Alaizko eremu eolikoa: Alaitz haize-parkea, Alaitz haize-parke esperimentala eta Etxague haize-parkea. Lurralde-eremu berean daude, baina legez hiru parke independente dira, zein bere aldetik erregistratua, bata bestearen segidan. Las Balsas eremu eoliko esperimentala (CENER) dago haien ondoan.

–Ibargoiti-Oibar eremu eolikoa: Ibargoiti, Izko, Oibar eta Salajones haize-parkeak. Lurralde-eremu berean daude, baina legez lau haize-parke independente dira, zein bere aldetik erregistratua, bata bestearen segidan.

–Serraltako eremu eolikoa: Serralta haize-parkea eta Serralta Handitzea haize-parkea. Lurralde-eremu berean daude, baina legez bi haize-parke independente dira, zein bere aldetik erregistratua, bata bestearen segidan.

–La Banderako eremu eolikoa: La Bandera haize-parkea eta La Bandera Handitzea haize-parkea. Lurralde-eremu berean daude, baina legez bi haize-parke independente dira, zein bere aldetik erregistratua, bata bestearen segidan.

–Kodesko Las Llanas eremua: Kodesko Las Llanas-Aras, Kodesko Las Llanas I-Aguilar eta Kodesko Las Llanas II-Azuelo haize-parkeak. Lurralde-eremu berean daude, baina legez hiru haize-parke independente dira, zein bere aldetik erregistratua, bata bestearen segidan.

–Vedadilloko eremu eolikoa: Vedadillo haize-parkea, Vedadillo haize-parke esperimentala eta Vedadillo III haize-parkea (gaur egun eraiki gabe dago, baina administrazio baimena dauka). Lurralde-eremu berean daude, baina legez hiru haize-parke independente dira, zein bere aldetik erregistratua, bata bestearen segidan.

Nabarmentzekoa ere bada, bestalde, haize-parke horiek guztiak parke independente gisa tramitatu direla, eta ez aldez aurretik zeuden parkeen handitzeak balira bezala. Era berean, Peña mendilerroan proposatu den haize-parkea parke independente gisa tramitatu behar da, eta, hortaz, ondorioztatzen dugu ezin zaiola baimenik eman, debekaturiko jarduera baita, PN3 eranskineko babes bereziko eremuetarako (interes bereziko landaredia) ezarritako araubidearen arabera. Araubide hori, lurralde antolamenduko 4. planaren 18. artikuluari jarraikiz, gutxienekoa, oinarrizkoa eta zuzenean aplikatu beharrekoa da (LL-lurralderako loteslea).

Debekaturiko jarduera denez, eta, ondorioz, ezin denez onartu, ez da aztertu betetzen diren edo ez gainontzeko alderdiak, Gobernuaren 2016ko otsailaren 10eko Erabakian aintzat hartu zirenak.

IV.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 2017ko abenduaren 29ko 879E/2017 Ebazpenaren bidez eman zen kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena. Ebazpen hori 2018ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 20koan.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2019ko maiatzaren 10eko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Erantzuna ematea espedientea jendaurrean egoteko aldian eta entzunaldian aurkezturiko alegazioei, erabaki honen eranskinean azaltzen den gisan.

2. Onespena ukatzea “Peña mendilerroa haize-parkea eta energia ateratzeko lotutako azpiegiturak” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari, azalpen zatian aipatutakoa dela eta. Gestamp Eólica SL da sustatzailea.

3. Erabaki hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Erabaki hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalera, Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, eta jakinaraztea Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibilerako Zerbitzuari, Zangozako, Xabierko eta Sauseko Udalei, Sofuentesko toki entitate txikiari, Acciona Energía SAri, Aragoiko Gobernuko Energiako eta Meatzaritzako Zuzendaritza Nagusiari, Aragoiko Ingurumen Kudeaketako Institutuari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan. Halaber, adierazten da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta beronen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

ERANSKINA

Jendaurreko eta entzunaldiko tramiteen ebazpena

Espedientea jendaurrean egoteko aldian eta entzunaldian 4 alegazio idazki aurkeztu dira, eta Aragoiko Ingurumen Kudeaketako Institutuaren txosten bat. Haien edukia eta emandako erantzunak azaltzen dira jarraian, eta berariaz erantzuten zaie lurralde eta hirigintza arloko edukiei; ingurumen arloan alegatutakoari erantzuteko, berriz, espedienteko ingurumen-inpaktuaren adierazpenari aipamen egiten zaio oro har.

1.–Luis Sola Bermejo, Zangozako Ekologistak Martxan/Ongaiz ordezkatuz.

Edukia:

Proiektua gauzatzearen kontra dagoela adierazten du, parte-hartze prozesuan adierazi bezala, batez ere mendilerroaren eremurik altueneko 4 errotek ikusizko inpaktua izanen dutelako eta linea elektriko berria eraikitzeko asmoa dagoelako, Aragoiko parkerako eraikita dagoena erabili beharrean. Gainera, alegatzaileak uste du faunaren gaineko ingurumen ukipenen azterketa sakona egin beharko litzatekeela, nahiz eta aurreko baldintzak bete.

Banan-banan zehazten du proiektuaren zein alderdik urratzen duten, bere ustez, lurraldearen antolamenduari eta fauna eta flora babesteari buruzko araudi indarduna.

–Lurralde antolamenduko planak: lurralde antolamenduko planetan handitze gisa hartzen dena ez da aplikagarria kasu honetan; izan ere, beste autonomia erkidego batean baimendutako parke bat da, eta ez dira baliatuko lehendik dauden sarbideak eta energia ateratzeko linea. Onetsiko balitz, uste da ukipena ez litzatekeela txikia izanen, eta babes bereziko eremuaren (interes bereziko landaredia) funtzio globalaren gainean izanen lukeela eragina.

–Ingurumen balioak: ongi kontserbaturiko eta intereseko landaredia duen eremua (lurralde antolamenduko 4. planari eta 92/43/EEE Zuzentarauari jarraikiz).

–Abifauna: adierazten du Habitaten Atalaren txostenean adierazitakoarekin ados dagoela, hartan esaten baita basoetan eta sastrakadietan bizitzera moldaturiko hegaztien komunitateak garrantzia duela, bereziki hegazti harrapariei dagokienez. Informazio gehiago ematen du abifaunaren gaineko ukipenei buruz.

–Kultur balioa eta paisaiaren gaineko ukipena:

Uste du ukipena oso handia dela, bai banalerroko lau erroten kasuan, bai hegoaldeko ezproiko bosgarren errotaren kasuan. Ongi kontserbaturiko habitat zaharrei eta/edo Nafarroan bakanak direnei eragiten die.

  • Ikusizko eta entzunezko ukipena izanen du Peñako herri hustuan.
  • Linea elektrikoak ukipen larria eraginen du Erronkariarren errege altxonbidean.
  • Linea elektrikoak ukipena izanen du Gabarderalgo eta Rocaforteko hiriguneetan, eta ikusizko eragina eta eragin elektromagnetikoa gehituko zaizkie beste linea elektriko batzuenei.
  • Aragoi eta Onsella ibaietako BGLetako landarediaren gaineko ukipena: linea elektrikoa lurperatzeko edo bertan behera uzteko eskatzen dute. Araztegi ondoko idoiak inbadituko dira, zeinetara hegaztiak joaten baitira.
  • Linea elektrikoak Sagrado Corazón mendialdean eta Val de Uñesan inpaktu bortitza eta metagarria izanen du, eta ez da gomendagarria.

Horregatik guztiagatik, proiektua ezesteko eskatzen dute.

Erantzuna:

Lurralde antolamenduaren arloko arau-esparruan (lurralde antolamenduko 4. plana) adierazitakoari jarraikiz, eta txosten honetako “Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 10ean hartutako erabakian dauden oharrak” izeneko atalean jasotakoarekin bat, alegatzaileak azaldutako irizpideekin bat gatoz: proposamena ez da sartzen lurralde antolamenduko 4. planaren 1. eguneratzean aurreikusitako handitze kasuetan, lehendik dauden erabilerak eta jarduerak handitzeari dagozkionetan, ez direlako baliatuko Sauseko mendilerroko parkean dauden azpiegiturak eta zerbitzuak. Aipatu eguneratzea 69/2014 Foru Aginduaren bidez onetsi zen (2014ko 229. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 21ekoa). Planteaturiko parkea Sauseko parkearekiko independentea da, alde batera utzita haize-sorgailuetako lauk ikusizko jarraitutasuna izanen dutela lehendik dauden haize-sorgailuen lerroarekin.

Bestetik, alegatzaileak aipatzen duen bezala, parkeak ukipena izanen du lurralde antolamenduko 4. planean identifikaturiko babes bereziko eremuan (interes bereziko landaredia). Nafarroan bakanak diren landare formazioak daude han, eta zaindu beharreko balioak dira landaredi masa eta hari loturiko biodibertsitatea.

Acciona Energía SAren jabetzako linea elektrikoa erabiltzeko aukerari dagokionez, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak adierazi du ez daukala informazio zehatzik linea elektriko horren saturazio mailari buruz. Hala ere, enpresak “111. liburukia: ingurumen-inpaktuaren azterketa” izeneko agiriaren 5.3.1 atalean adierazitakoaren osagarri, gogora ekarri behar da honako hau ezartzen dela ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. eranskinean (errege dekretu horrek arautzen du energia-iturri berriztagarrietan, kogenerazioan eta hondakinetan oinarritutako energia elektrikoa ekoizteko jarduera):

“Ekoizpenerako instalazio baten edo sarerako lotune bera partekatzen duten instalazio multzo baten interkonexioan onar daitekeen gehieneko potentziari dagokionez, honako irizpide hauei jarraitu beharko zaie, kontuan harturik hornitzailearekiko lotura linea batekin egiten den, edo zuzenean azpiestazio batekin:

–Lineak: linearekin loturiko instalazioaren edo instalazio multzoaren potentzia ez da izanen, guztira, linearen gaitasunaren %50 baino gehiago lotunean, honela definitzen baita: linearen diseinuan puntu horrek duen gaitasun termikoa.

–Azpiestazioak eta transformazio zentroak: azpiestazioarekin edo transformazio zentroarekin loturiko instalazioaren edo instalazio multzoaren potentzia ez da izanen, guztira, tentsio maila horretarako instalaturiko transformazio gaitasunaren %50 baino gehiago.

Gainerako alegazioei dagokienez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean adierazitakoari lotzen zaio.

Horregatik guztiagatik, alegazioa baiesten da.

2.–María Carmen Sola, Galipentzuko Udaleko alkatea, Galipentzuko Udala ordezkatuz.

Edukia:

Alkatetzak 2016ko martxoaren 31n emandako Ebazpena aurkezten du. Hartan, alkatetzak bere egiten ditu Ekologistak Martxan elkarteak aurkezturiko alegazioak, eta proiektua ezesteko eskatzen du.

Erantzuna:

1. alegazioari emandako erantzun bera du.

3.–Ángel Navallas Echarte, Zangozako Udaleko alkatea, udal hori ordezkatuz.

Edukia:

Ohar hauek egin ditu:

–Haize-parkearen proposamena baimengarria litzateke soilik baldin eta Aragoiko haize-parkearen handitze gisa hartuko balitz.

Ildo horretan, honako xehetasun hauek ematen ditu:

–Nafarroako parkeari ez zaio baimenik eman.

–Haize-parke independente gisa planteatzen da alderdi guztietan.

Onetsiko balitz, uste da ukipena ez litzatekeela txikia izanen, eta babes bereziko eremuaren (interes bereziko landaredia) funtzio globalaren gainean izanen lukeela eragina.

–Ez dator bat Udal Planaren araudiarekin, linea elektrikoak interes arkeologikoko guneak (Vadoluengo) eta lurzoru generikoa zeharkatuko lituzkeelako.

–Ez dago justifikaturik, sustatzaileak ez baitira ados jartzen linea elektriko berriak izanen dituen ukipenei dagokienez. Jardueraren onura sozialak, ekonomikoak edo enpleguaren arlokoak ez du justifikatzen linea hori eraikitzea onura publikoaren deklarazioaren babespean.

–Udalez gaindiko plan sektoriala onestekotan, parkea egokitu beharko litzaioke lehendik dagoen linearen aprobetxamenduari. Hala ez balitz, linea osoa lurperatzeko eskatzen da.

Erantzuna:

Acciona Energía SAren jabetzako linea elektrikoa erabiltzeko aukerari eta Aragoiko haize-parkea handitzeari buruz alegatu denari erantzuteko, 1. alegazioari emandako erantzuna berresten da hemen; hortaz, alegazioa baiesten da.

Bestalde, alegatzaileak ohartarazi du lineak Udal Planaren araudia urratzen duela bi gunetan, eta, horri erantzuteko, aipatu beharra dago ezen, interes arkeologikoko guneen gaineko ukipenari buruz, Ondare Arkeologikoaren Atalaren txostenak adierazten duela baimengarria dela, udalez gaindiko proiektu sektorialaren testuinguruan, baldin eta errespetatzen eta gauzatzen badira ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotzen diren neurri zuzentzaileak.

Lurzoru generiko arruntaren gaineko ukipenari buruz, berriz, adierazi behar da lurzoru horrek sentikortasun txikiagoa duela, definizioz, oihaneko erabilerako lurzoruak edo produktibitate ertainekoak baino, eta, hori dela eta, eraikuntzako jarduera gehiago egin daitezkeela bertan. Hala dago jasota lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko foru legerian. Horrexegatik, linea elektrikoa gauzatzekotan, zentzuzkoa dirudi lurzoru horretan gauzatzea, sentikorragoak diren lurzoruak ukitu gabe. Horretarako, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartzen ahalko lirateke; esaterako, gune batzuetan lurperatzea, alegazioan planteatzen den bezala.

Aurrekoa gorabehera, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko foru legeriari jarraikiz, udalez gaindiko proiektu sektorialetako determinazioak lotesleak izanen dira ukitutako udalendako, eta, hirigintzako planeamendu indarduna aintzat hartzen badute ere, 42.2 artikuluak honako hau ezartzen du: “Udalez gaindiko plan sektorialek honakoak dituzte xede: garraio sistemako azpiegiturak edo instalazioak ezartzea, azpiegitura hidraulikoak, ingurumenaren kudeaketakoak, energia alorrekoak, telekomunikaziokoak eta antzekoa den beste edozein, baldin eta horiek lurraldearen antolamenduan duten eraginak eta dituzten ondorioek, beren tamaina, garrantzi edo ezaugarri bereziengatik, gainditu egiten badute oinarri duten udalerria (edo udalerriak)”. Ildo horretan, bidezkoa da oroitaraztea ezen haize-parkeak udalez gaindiko proiektu sektorial gisa deklaratzea babesturik dagoela 125/1996 Foru Dekretuan, non xedatzen baita tresna hori erabiliko dela “haize-parkeak hartutako lurrak udalerri batenak baino gehiagorenak direnean”.

Hori horrela, alegazio idazki hau partez baiesten da.

4.–Javier Contín Gaspar, Zaragozako Abokatuen Elkargoko legelaria, José María eta María Jesús Espatolero Esparza ordezkatuz.

Edukia:

Aipatzen du berak ordezkatzen dituenek ukipen handia jasan beharko dutela, haien jabetzakoa baita Aragoiko aldean mugakidea den finka. Finka hori Peña mendilerroan dago, eta gaur egun oihaneko eta ehizako erabilerak ditu.

Ohar hauek egin ditu:

–Ohar orokorrak:

  • Proiektuak ez du justifikaziorik Nafarroako Energia Plan indardunean.
  • Lurzoruaren sailkapena aldatzeak sustatzaileari egiten dio on, beste inori ez.
  • Eremu horretan haize-sorgailu asko daude dagoeneko. Parke berria instalatzeak ondorio larriak izanen lituzke inguruko faunaren eta paisaien gainean.
  • Okupatu beharreko azalera oso handia da, eta horrek ikusizko eta entzunezko inpaktu handia sortuko du. Abifaunaren gaineko hesi efektua areagotuko da.
  • Proiektaturiko parkea ez da Sauseko mendilerroan lehendik dagoenaren handitzea, ikusizko jarraitutasunari dagokionez ere ez, haize-sorgailuak nabarmen handiagoak izanen baitira.
  • R18 altxonbidearen eta GR1 bidearen gaineko ukipenak eta igarotzeko murrizketak.
  • Proiektua aurrera eramatekotan, balizko handitzeak dekretuz debekatu beharko lirateke, eta, finka mugakideetan kalterik ez eragiteko, honako tarte hau utzi beharko litzateke haize-sorgailuen artean: palen bira-diametroa halako hiru eta halako bost bitartean.

–Ohar partikularrak:

  • Haize-sorgailuen eta finka mugakidearen arteko distantziak handiagoa behar du izan, azken horretan kalterik ez izateko. Horrela izan ezean, alegatzaileek segurtasun-tartea mantendu beharko dute beren finkan, oihangintzako eta ehizako jardueretan.
  • Dokumentazioan kontraesanak daude: proiektuko sarbide eta suebaki batzuek ukipenak dituzte Aragoin, eta, zehazki, alegatzaileen finkan.
  • Proiektua aurrera eramaten bada, eskatzen du behin betiko onespenaren aurretik ezartzeko alegatzaileei dagozkien kalte-ordainak pagatu beharra, administrazioak zenbatetsitakoari jarraikiz edo sustatzailea behartuz finka mugakidearen jabeekin lorturiko akordio, kontratu edo hitzarmen bat aurkeztera.

Aurkezturiko alegazioak oinarri hartuta, eskatzen du ebazpen baten bidez proiektua ondoriorik gabe uzteko, edo, tramitazioarekin jarraituz gero, ingurumen arloan beharrezkoak diren neurriak hartzeko eta baliabideak edo formulak ezartzeko sustatzaileak kalte-ordainak pagatu diezazkien alegatzaileei.

Erantzuna:

Nafarroako Foru Komunitatea energia elektrikoaren ekoizpenean “soberakindun” kalifikatzeari eta Energia Planari eginiko aipamenari buruz, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak adierazten du ezen Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresaren ekimen librea aitortzen duela energia elektrikoa sortzeko jardueran aritzeko. Horrenbestez, Gestamp Eólica SLk aurkezturiko proiektuak aplikagarria zaion araudia betez gero, ezin zaio ukatu dagokion baimena.

Horrez gain, bidezkoa da sustatzaileari gogoraraztea proiektu sektorial honetan ez dela ezartzen inolako aldaketarik ukitutako lurzoruen sailkapenean.

Alegatutako gainerako gaiei erantzuna emateko, 1. alegazioan emandako erantzunari eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean adierazitakoari lotzen zaio.

5.–Aragoiko Ingurumen Kudeaketako Institutua (INAGA).

Edukia:

Idazkia ez da alegazio gisa aurkezten, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan aditzera ematen den txosten gisa baizik. Ingurumen arloko tramitean aldez aurreko kontsultei erantzuna eman ziela adierazten du.

–Ingurumen-inpaktuaren azterketari eta aurkezturiko eranskinei buruzko oharrak:

  • Abifaunaren gaineko azterketan ez da jaso Aragoiko informaziorik edo daturik. Ugatza babesteari eta berreskuratzeari buruzko 45/2003 Dekretua ere ez da aipatzen, haren esparruak proiektuarekin muga eginagatik.
  • Ez dira ebaluatzen beste parke edo linea elektriko batzuekin batera sor daitezkeen inpaktuak.
  • Dauden aukeren azterketak ez ditu aintzat hartu ekoitzitako energiarekin loturik ingurumenean egon daitezkeen ondorioak.

–Proiektuari eta ingurunean aurreikus daitezkeen ondorioei buruzko oharrak:

  • Hegaztiek haize-sorgailuen eta linea elektrikoaren kontra jotzeko arriskua oso handia da.
  • Eremu horretan haize-sorgailu asko daude, eta horrek eragin handia izanen du migrazio-fluxuetan.

Arrazoi horiek direla eta, INAGAk kontrako ebazpena eman zion Sauseko haize-parkearen proiektuari Uncastillon.

Erantzuna:

Alegazioak ingurumen arloko edukia duenez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean adierazitakoari lotzen zaio hari erantzuteko.

Iragarkiaren kodea: F1907061