114. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

62/2019 FORU DEKRETUA, maiatzaren 22koa, zeinaren bidez partez aldatzen baita 113/2005 Foru Dekretua, irailaren 12koa, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

113/2005 Foru Dekretua, irailaren 12koa, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duena, denboraren poderioz zaharkitua gelditu da, bai eskola bera izendatzeko moduari dagokionez, bai mendekotasun organikoari dagokionez zein aipatutako araudiari dagokionez, bai eta darabilen hizkerari dagokionez ere, beharrezkoa baita erabiltzea esapide inklusiboak eta emakumeak eta gizonak berdin tratatzen dituztenak.

Hala, azaroaren 25eko 262/2015 Foru Dekretuak, kontuan hartuta bere zerbitzuak jasotzen dituzten langile guztiak, eta zehatzago adierazteko haren eginkizunak eta irakaskuntza eremua, aldatu egin zuen Nafarroako Segurtasun Eskolaren izena, eta horren ordez Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola izatera igaro zen. Aldaketa hori islatu zen 198/2015 Foru Dekretuan, zeinaren bidez ezartzen baita Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa, eta, beraz, egokitu egin behar da aipatutako eskolaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendua bera.

198/2015 Foru Dekretuan eta, zehazkiago, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren antolaketa orokorrari buruzko 3.2 artikuluan, ezartzen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola atxiki zaiola Barne Zuzendaritza Nagusiari, eta, hala, aldatzen da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekiko aurretik zuen mendekotasuna. Bestalde, Barne Zuzendaritza Nagusiak (Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamenduan askotan aipatzen denak) bere gain hartzen ditu desagertutako Nafarroako Larrialdietako Agentziak lehen zituen eginkizunak.

Bestalde, 113/2005 Foru Dekretuan erabilitako hizkerak generoaren araberako diskriminazioa egiten du eta berrikusi behar da, aintzat hartuta 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa, herritar guztiak, bereziki emakumeak, bistaratzen dituzten esapide inklusiboak egoki hartuta. Hizkera ez-inklusiboaren erabilera zuzentzeko, aldatzen dira karguei buruzko hitz eta esapideak eta foru dekretu honetan jasotako esapideak, eta, halaber, asmoa da dekretu hau betetzean egiten diren jardueretan ere zuzenketa horrekin jarraitzera bultzatzea. Era berean, zuzendu dira aipatutako araudi aipamenak, funtsezko aldaketa izan dutenak.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 22ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Aldatzen da 113/2005 Foru Dekretua, irailaren 12koa, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duena, honela:

Bat.–Xedapen gehigarri bakarra aldatzen da. Hona hemen testu berria:

“Lehen xedapen gehigarria.–Eginkizunen deskontzentrazioa.

Foru dekretu honen ondorioz, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendaritzaren esku uzten dira, haren jarduketa esparruaren barrenean, kontratu publikoei buruzko araudian eta kontratazioen arloan, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Barneko zuzendari nagusiari esleitutako eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera”.

Bi.–Bigarren xedapen gehigarria gehitzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“Bigarren xedapen gehigarria.–Hizkera inklusiboa.

Kontuan hartuko da hizkera inklusiboa foru dekretu honetako jarduera eta komunikazio elementuetako edozein prestatu behar denean, bai eta foru dekretuan aipatzen diren trebakuntza eta prestakuntza jardueretan ere”.

2. artikulua. Izenak egokitzeko xedez, partez aldatzen da 113/2005 Foru Dekretua, irailaren 12koa, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duena, honela:

–“Segurtasun Eskola” dioen tokian, esanen du “Segurtasun eta Larrialdi Eskola”.

–“Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikia” dioen tokian, esanen du “Barneko esparruan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiari atxikia”.

–“Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuko zuzendaria” dioen tokian, esanen du “funtzio publikoko prestakuntza eta psikologia esparruan eskumenak dituen zerbitzua”.

–“Segurtasun Eskolako zuzendaria” dioen tokian, esanen du “Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendaria”.

–“Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea” dioen tokian, esanen du “Barneko esparruan eskumenak dituen zuzendaria”.

3. artikulua. Irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamenduaren 3., 4., 9., 11., 12., 13., 14., 15., 16., 18., 19., 20., 21., 25., 26., 35., 46., 48. eta 51. artikuluak aldatzen dira, eta honela idatzita geratuko dira:

Bat.–3. artikuluaren 3. apartatuaren e) eta f) letrak aldatzen dira. Honela idatzita geldituko dira:

“e) Nafarroako toki entitateetan udal agente edo udaltzain laguntzaile lanpostuan ari dena.

f) Unitate horietako edo izendapen hori duen lanpostu bat hartu nahi duena, dagokion hautapen prozesuaren barrenean, eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzen duena”.

Bi.–4. artikuluaren a), b), c), d) eta e) letrak aldatzen dira. Honela idatzita geldituko dira:

“a) Oinarrizko prestakuntza ikastaroak eta, kasua bada, sustapenekoak planifikatzea, programatzea, antolatzea eta ematea, bai eta ezagutzak mantentzeko, eguneratzeko eta espezializatzeko ikastaroak ere, Nafarroako polizientzat, udaltzain laguntzaileentzat, Nafarroako su-itzaltze eta salbamendu eta prebentzio zerbitzuetako langileentzat, aldi baterako suhiltzaile eta suhiltzaile boluntarioentzat, bai eta Nafarroako babes zibileko erakundeetako langileentzat ere.

b) Planifikatzea, programatzea, antolatzea eta ematea, era berean, Nafarroako Poliziei buruzko 23/2018 Foru Legearen 19.3 artikuluak aipatzen dituen espezializazio ikastaroak, Nafarroako Foruzaingoko langileak integratzeko polizia judizialaren unitateetan.

c) Babes zibileko boluntarioentzako prestakuntza ikastaroak planifikatzea, programatzea, antolatzea eta ematea, Barneko esparruan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiaren begiradapean eta kasuan kasuko toki entitateekin lankidetzan.

d) Barneko esparruan eskumenak dituen departamentuari laguntza eta sostengu teknikoa ematea, eta, beharrezkoa bada, baita dagokien toki entitateei ere, udaltzaingoan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko deialdi eta hautapen prozesuetan.

e) Segurtasun publikoaren arloko prestakuntza plana prestatzea, Barneko esparruan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiaren begiradapean eta kasuan kasuko toki entitateekin lankidetzan.”

Hiru.–9. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

“9. artikulua. Osaera.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako Zuzendaritza Kontseiluak kide hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburua: Barneko esparruan eskumenak dituen departamentuko kontseilaria.

b) Batzordekideak:

–Barneko esparruan eskumenak dituen zuzendari nagusia.

–Funtzio publikoko prestakuntza eta psikologia esparruan eskumenak dituen zerbitzuko zuzendaria.

–Barneko esparruan eskumenak dituen zuzendaritza nagusian giza baliabideen eskudantziak dituen zerbitzuko zuzendaria.

–Plangintza, segurtasunaren koordinazio eta trafikoko esparruan eskumenak dituen zerbitzuko zuzendaria.

–Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeko Iruñeko Udaleko ordezkaria.

–Toki entitateetako ordezkaria, Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeko kideen artetik Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuta izendatua.

–Nafarroako Foruzaingoko burua.

–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen negoziazio mahai orokorrean parte hartzen duten sindikatuek proposatutako bi ordezkari.

c) Idazkaria: Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendaria”.

Lau.–11. artikuluan aldatzen dira, gaztelaniazko testuan, titulua eta 1. apartatuaren lehenbiziko paragrafoa, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz, 2. apartatua; honela idatzita geldituko dira:

“11. artikulua. Kontseiluburua.

1. Zuzendaritza Kontseiluko buruari honako eginkizun hauek dagozkio:

2. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo beste edozein arrazoi pertsonalengatik ezin duenean, kontseiluburuaren ordez Barneko esparruan eskumenak dituen zuzendari nagusia ariko da”.

Bost.–12. artikuluan aldatzen dira, gaztelaniazko testuan, titulua eta 1. apartatuaren lehenbiziko paragrafoa, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz, 2. apartatua; honela idatzita geldituko dira:

“12. artikulua. Idazkaria.

1. Zuzendaritza Kontseiluko idazkariari eginkizun hauek dagozkio:

2. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo beste edozein arrazoi pertsonalengatik ezin duenean, idazkariaren ordez ariko da Barneko esparruan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiari atxikitako postu batean dagoena; postu horrek izan beharko du zuzenbideko lizentzia edo gradua izateko betebeharra”.

Sei.–13. artikuluaren gaztelaniazko testua soilik aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“13. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Zuzendaritza Kontseiluak urtean bi bilkura arrunt egin beharko ditu, eta bilkura berezia eginen du kontseiluburuak deitutakoan.

2. Zuzendaritza Kontseilua lehenbiziko deialdian behar bezala eratua izateko, kontseiluburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen gehiengoa bertaratu beharko dira. Bigarren deialdian, berriz, legez eratua izanen da, kontseiluburuaz eta idazkariaz gain, gutxienez lau kide bertaratzen badira.

3. Kontseilukideen partez, izendatzen diren ordezkoak joan daitezke”.

Zazpi.–14. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“14. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendaria, zerbitzuko zuzendariaren maila izanen baitu, Nafarroako Gobernuak izendatuko eta kargutik kenduko du libreki, Barneko esparruan eskumenak dituen departamentuko kontseilariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen artetik proposamena eginda. Haren araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen araudian zerbitzuko zuzendariei ezarritako berbera izanen da”.

Zortzi.–15. artikuluaren 1. apartatuaren h) eta n) letrak aldatzen dira, eta i) letra, gaztelaniaz soilik. Honela idatzita geldituko dira:

“h) Eskolaren jardueran beharrezkoak diren administrazio ebazpenak ematea eta behar diren administrazio egintzak betearaztea, erregelamendu honen arabera bere eskumenekoak diren gaietan eta langileriaren kudeaketaren arloko gaietan, salbu eta Eskolari atxikitako atalburuen, bulegoburuen eta ataletik beherako unitateetako buruen bitarte baterako izendapenak eta, hala badagokio, kargugabetzeak.

i) Arloko koordinatzaileak eta ikastaroetako tutoreak izendatzea.

n) Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gainerako eginkizunak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen araudiaren arabera agintzen edo eskuordetzen zaizkionak”.

Bederatzi.–16. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“16. artikulua. Osaera.

1. Prestakuntza Batzordea Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren jardueran parte hartzeko organoa da, eta kide hauek osatzen dute:

a) Batzordeburua: Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendaria.

b) Batzordekideak:

–Larrialdien arloan eskumena duen zerbitzuko zuzendaria.

–Su-itzaltze arloan eskumena duen zerbitzuko zuzendaria.

–Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen arloan eskumena duen zerbitzuko ordezkari bat.

–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako Plangintza, Garapen eta Koordinazio Ataleko burua.

–Barneko esparruan eskumenak dituen zuzendaritza nagusian giza baliabideen eskudantziak dituen ataleko burua.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

–Foruzaingoaren ordezkari bat.

–Iruñeko Udaltzaingoaren ordezkari bat.

–Nafarroako udaltzaingo bateko burua, Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak hautatua.

–Babes zibil eta su-itzaltze eta salbamendu arloetan eskumenak dituzten zerbitzuetako langileen batzordeko bi ordezkari, eta Foruzaingoko Langileen Batzordeko bi ordezkari, horietan parte hartzen duten sindikatuek proposaturik.

2. Idazkaria: Eskolako Laguntza Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko burua”.

Hamar.–18. artikuluan aldatzen dira, gaztelaniazko testuan, titulua eta 1. apartatuaren lehenbiziko paragrafoa, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz, 2. apartatua; honela idatzita geldituko dira:

“18. artikulua. Batzordeburua.

1. Prestakuntza Batzordeko buruari honako eginkizun hauek dagozkio:

2. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo beste edozein arrazoi pertsonalengatik ezin duenean, batzordeburuaren ordez funtzio publikoko prestakuntza eta psikologia esparruan eskumenak dituen zerbitzuko zuzendaria ariko da”.

Hamaika.–19. artikuluan aldatzen dira gaztelaniazko testuan titulua eta 1. apartatuaren lehenbiziko paragrafoa, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz 2. apartatua; honela idatzita geldituko dira:

“19. artikulua. Idazkaria.

1. Prestakuntza Batzordeko idazkariari eginkizun hauek dagozkio:

2. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo beste edozein arrazoi pertsonalengatik ezin duenean, idazkariaren ordez ariko da Barneko esparruan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiari atxikitako postu batean dagoena; postu horrek izan beharko du zuzenbideko lizentzia edo gradua izateko betebeharra”.

Hamabi.–20. artikuluaren gaztelaniazko testua soilik aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“20. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Prestakuntza Batzordeak, gutxienez, urtean bilkura arrunt bat egin beharko du, eta bilkura berezia, berriz, batzordeburuak deitutakoan.

2. Prestakuntza Batzordea lehenbiziko deialdian behar bezala eratua izateko, batzordeburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen gehiengoa bertaratu beharko dira. Bigarren deialdian, berriz, legez eratua izanen da, batzordeburuaz eta idazkariaz gain, gutxienez sei kide bertaratzen badira.

3. Kontseilukideen partez, izendatzen diren ordezkoak joan daitezke”.

Hamahiru.–21. artikuluaren g) eta h) letren gaztelaniazko testua soilik aldatzen da. Honela idatzita geldituko dira:

“g) Irakasle koordinatzaile gisa eta, beharrezkoa bada, ikasketaburu gisa aritzea.

h) Eskolako zuzendariari arloko koordinatzaileak eta ikastaroetako tutoreak izan daitezkeenak proposatzea”.

Hamalau.–25. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“25. artikulua. Laguntza teknikoa.

1. Eskolako zuzendariaren zuzendaritzapean, prestakuntza ikastaroen curriculum diseinuan parte hartzea, ikastaroak programatzea, ikastaroak sustatu eta zuzenean gainbegiratzea, tutoreak eta irakasleak zuzenean gainbegiratzea, ikasleen zuzeneko segimendua egitea eta prestakuntza ikastaroen ebaluazioan Ebaluazio Batzordearen bidez parte hartzea, honako hauen bidez eginen da:

a) Segurtasunaren arloko prestakuntzaren esparruan, Nafarroako Foruzaingoan prestakuntza emateko eginkizunak bere gain hartzen dituen unitate organikoaren bidez edo unitate horren laguntzarekin.

b) Larrialdien arloko prestakuntzaren esparruan, Nafarroako suteen prebentzio eta itzaltze arloan prestakuntza emateko eginkizunak bere gain hartzen dituen unitate organikoaren bidez edo unitate horren laguntzarekin.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, izendatutako pertsonak eginkizunei dagokienez Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariaren menpe egonen dira, eta bertako barne-arauak eta lanaldia bete beharko dituzte”.

Hamabost.–26. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“26. artikulua. Lanean sartzeko prestakuntza ikastaroak.

Ikastaro hauek Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko hautapen prozesuen parte dira eta helburua dute ikasleei ezagupen tekniko, teoriko eta praktikoetan eta behar diren trebetasun eta jarreretan gaitasuna ematea Nafarroako Polizien edo suhiltzaileen eta babes zibilaren unitateen lanpostuetan edo udal agente gisa aritzeko. Ikastaro horiek oinarrizkoak izanen dira, beheko mailetan sartzeko, edo gaikuntzakoak, kasuan kasuko lanbide-karrerako goi mailako kategorietan sartzeko, hala behar denean”.

Hamasei.–35. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“Eskolako zuzendariak, programa onestearekin batera, ikastaroa osatzen duten arloetako bakoitzerako koordinatzaile bat izendatuko du, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikitako langileen artetik, ikasleak jasoko dituzten erakunde eta instituzioetako langileen artetik edo ikastaroa eman behar duten irakasleen artetik. Jarreraren arloko koordinatzaileak psikologiako titulazioa edo gradua izan behar du. Arloetan egituratu ez diren espezializazioko edo eguneratzeko ikastaroen kasuan, koordinatzaile bakarra izendatuko da, eginkizun berak izanen dituena”.

Hamazazpi.–46. artikuluaren 1. apartatuaren gaztelaniazko testua soilik aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“Oinarrizko prestakuntzako eta mailaz igotzeko ikastaroetan ikasgelako edo ataleko ordezkari bat izendatuko da behin-behinekoz, ikastaroko lehen egunean eginen den zozketa bidez. 15 egun baliodun pasaturik, gehiengo soilez eta isilpeko bozketaz hautatuko dute ikasleek beren ordezkaria, ikasketaburuaren eta tutorearen aurrean, beren borondatez hautagai gisa aurkezten direnen artean. Hautagairik ez badago, lehen egunean ordezkari izateko hautatu zen pertsonak berak bere horretan segituko du”.

Hemezortzi.–48. artikuluaren 1. eta 4. apartatuak aldatzen dira, eta honela idatzita geldituko dira:

“1. Nafarroako Polizietan eta Suhiltzaileetan sartzeko prestakuntza ikastaro batean parte hartzen duten ikasleak, ikastaroa hastean, praktiketako funtzionario izendatuko ditu bakoitzari dagokion Administrazio Publikoko organo eskudunak, salbu eta aldez aurretik Administrazio horretako funtzionarioak badira.

4. Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek praktiketako funtzionarioaren izaera derrigorrez eta etenik gabe mantenduko dute harik eta Nafarroako Polizietan eta Su-itzaltze Zerbitzuetan aritzeko lortu nahi duten lanpostuaren jabetza hartu arte. Bitarte horretan, praktiketako funtzionarioek ezin izanen dute lehendik zuten lanpostura itzuli. Nolanahi ere, ikastaroa gainditzen ez duten izangaiek izaera hori galdu eginen dute, deusetan galarazi gabe, 40.2 artikuluan aurreikusitako kasuan eta bertan ezartzen denaren arabera, izangaiek hurrengo ikastaroa egin ahal izatea”.

Hemeretzi.–51. artikuluaren 2. apartatuaren testua aldatzen da, eta honela idatzia geldituko da:

“Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako ikasleei zehapena ezartzen ahalko zaie, baldin eta beren prestakuntza jardueren esparruan gauzatzen badute Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 62. artikulutik 64.era bitartekoetan arau-haustetzat tipifikaturiko jokabideren bat. Nafarroako Polizietako langileen ikastaroetan, zehapenak ezartzen ahalko zaizkie Nafarroako Poliziak arautzen dituen araudian tipifikaturiko jokabideengatik”.

4. artikulua. Gaztelaniazko hizkera ez-inklusiboaren erabilera zuzentzeko asmoz, partez aldatzen da, gaztelaniazko testuan, 113/2005 Foru Dekretua, irailaren 12koa, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duena, honela:

–“El Consejero” dioen tokian, esanen du “la persona titular del departamento con competencias en materia de Interior”.

–“Presidente” dioen tokian, esanen du “Presidenta o Presidente”.

–“Director” dioen tokian, esanen du “Directora o Director”; “El Director” dioen tokian, esanen du “La Directora o Director”.

–“Director de Servicio” dioen tokian, esanen du “Directora o Director de Servicio”.

–“El Jefe” dioen tokian, esanen du “la Jefa o Jefe”.

–“Tutor” dioen tokian, esanen du “tutora o tutor”; “los tutores” dioen tokian, esanen du “las tutoras o tutores”; “el tutor” dioen tokian, esanen du “la tutora o tutor”; “un tutor” dioen tokian, esanen du “una tutora o tutor”; “tutores suplentes” dioen tokian, esanen du “tutoras o tutores suplentes”; “del tutor” dioen tokian, esanen du “de la tutora o tutor”; “al tutor” dioen tokian, esanen du “a la tutora o tutor”.

–“Coordinador” dioen tokian, esanen du “Coordinadora o Coordinador”; “los Coordinadores” dioen tokian, esanen du “las Coordinadoras o Coordinadores”; “el Coordinador” dioen tokian, esanen du “la Coordinadora o Coordinador”; “un Coordinador” dioen tokian, esanen du “una Coordinadora o Coordinador”; “del Coordinador” dioen tokian, esanen du “de la Coordinadora o Coordinador”; “al Coordinador” dioen tokian, esanen du “a la Coordinadora o Coordinador”.

–“Monitor” dioen tokian, esanen du “Monitora o Monitor”; “Monitores” dioen tokian, esanen du “Monitoras o Monitores”; “los Monitores” dioen tokian, esanen du “las Monitoras y los Monitores”.

–“Profesor” dioen tokian, esanen du “profesora o profesor”; “profesores” dioen tokian, esanen du “profesores o profesoras”; “los profesores” dioen tokian, esanen du “las profesoras o profesores”; “el profesor” dioen tokian, esanen du “la profesora o el profesor”.

–“Los funcionarios” dioen tokian, esanen du “el personal funcionario”; “funcionarios en prácticas” dioen tokian, esanen du “personal funcionario en prácticas”; “funcionario en prácticas” dioen tokian, esanen du “personal funcionario en prácticas”.

–“Alumno” dioen tokian, esanen du “alumna o alumno”; “un alumno” dioen tokian, esanen du “una alumna o alumno”; “del alumno” dioen tokian, esanen du “de la alumna o alumno”; “los alumnos” dioen tokian, esanen du “el alumnado”.

–“El aspirante” dioen tokian, esanen du “la o el aspirante”.

–“El interesado” dioen tokian, esanen du “la persona interesada”; “al interesado” dioen tokian, esanen du “a la persona interesada”; “los interesados” dioen tokian, esanen du “las personas interesadas”.

–“El delegado” dioen tokian, esanen du “la delegada o delegado”; “del delegado” dioen tokian, esanen du “de la delegada o delegado”.

–“Los profesionales” dioen tokian, esanen du “las personas profesionales”.

–“Los compañeros” dioen tokian, esanen du “las y los compañeros”.

–“Un secretario” dioen tokian, esanen du “una secretaria o secretario”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1907058