112. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

356/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, 2019. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 451456.

Etengabe eboluzioan ari den gizarte baten behar aldakorrek ekartzen dute garraioaren sektoreko enpresek dinamika berritzaile horretara egokitu behar izatea.

Testuinguru horretan, langileen prestakuntza funtsezko tresna bat da sortzen diren erronkei erantzuteko. Horregatik, egokia da dirulaguntzak ematea errepideko garraioaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko, sektore horren profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

Hala, ebazpen honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, 2019an prestakuntza ekintzak antolatzeko (jardunaldiak, prestakuntzarako edo hobekuntzarako ikastaroak edo mintegiak, eta liburuen eta gida didaktikoen argitalpenak) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren 63.k) artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak egindako txostenari eta proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2019. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onestea. Oinarriak ebazpen honen I. eranskinean daude.

2. 30.000 euroko gastua onestea, 2019. urteko gastu-aurrekontuko “Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza” izeneko 840004/84420/4819/441100 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean erregistratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak. Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz banatuko dira

Lehena.–Deialdiaren xedea eta helburua.

1. Prestakuntza oinarrizko baliabidea da errepideko garraioaren sektorearen profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzeko eta sektorearen modernizazioa faboratzeko.

Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea prestakuntza ekintzak antolatzeko (jardunaldiak, prestakuntzarako edo hobekuntzarako ikastaroak edo mintegiak, eta liburuen eta gida didaktikoen argitalpenak) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat.

2. Ekintza horiek 2019ko azaroaren 1a baino lehen egin beharko dira.

Laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira lanbide gaitasunaren ziurtagiriak, segurtasun aholkulari izateko ziurtagiria eta salgai arriskutsuak eramateko baimenak lortzeko antolatzen diren ikastaroak.

Bigarrena.–Dirulaguntzen zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2019ko gastu-aurrekontuko “Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza” izeneko 840004/84420/4819/441100 partidaren kargura finantzatuko dira.

1.–Egiten diren prestakuntza ekintzei dagokien dirulaguntza 30.000 eurokoa da.

Deialdi honen babesean antolatzen diren prestakuntza ekintzetarako, kostuaren %100era bitarteko dirulaguntza ematen ahalko da, gehienez.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, oinarri honetan xedatutakoaren arabera kalkulatua, seigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioen arabera ponderatuko da.

Horrela kalkulatutako dirulaguntzen zenbatekoa handiagoa bada aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua baino, hainbanaketa eginez zehaztuko da azken kopurua.

2.–Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

2.1. Irakasleak edo hizlariak: kontratu finkoa edo behin-behineko kontratua duten langileen soldata edo ordainsariak edo kanpoko irakaskuntza-zerbitzuak, eta kasu honetan sartuko dira joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak.

2.2. Material didaktikoa.

2.3. Gelak:

2.3.1. Erabilitako instalazioak hirugarren baten jabetzakoak badira, erabilitako ikasgelak alokatzeko gastuak.

2.3.2. Erabilitako instalazioak onuradunarenak badira, higiezina amortizatzeko kostua (oro har onartutako kontabilitate arauen arabera kalkulatua), eta argindarrari, urari eta ikasgelen garbiketari dagozkien gastuen zati proportzionala, horiek guztiak prestakuntza zehatzari ematen zaizkion denboraren eta metroen arabera kalkulatuak.

2.4. Ikastaroak egiten diren instalazioetan jarritako lan ekipo eta tresnak. Horiek ahalbideratzen dute hezkuntza jarduketa egitea.

Instalazioen irizpide bera aplikatuko da ekipoak alokatzeko gastuarekin edo amortizazio kostuarekin, ondasun inbentariagarrien kasuan.

2.5. Prestakuntza ekintzaren publizitate eta propaganda gastuak; besteak, beste kartel, liburuxka eta iragarkiena.

2.6. Liburu eta gida didaktikoak argitaratu eta banatzeko gastuak. Diruz lagunduko dira, bakarrik, argitaratutako liburu edo giden kopurua proportzionala denean, kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateko zenbat garraiolariri zuzentzen zaizkien.

Ekintzaren kostua kalkulatzeko, atal honetako gastuak aintzat hartuko dira agiri bidez justifikatzen denaren arabera, ez besterik.

3.–Prestakuntza ekintzen diru-sarrerak:

Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren prestakuntza ekintzen kasuan, entitate antolatzaileak ekintza bakoitzean izandako diru-sarreren berri eman beharko du. Horiek ekintzaren kostutik minoratuko dira, dirulaguntzak eta diru-sarrerak baturik aipatu kostua gainditu ez dezaten.

Hirugarrena.–Gastu diruz lagungarrietarako mugak.

Diruz laguntzen ahal diren gastuen barrenean (2. oinarriko bigarren atalean zehaztuak) honako muga hauek ezarri dira gastuak hobeki arrazionalizatzeko eta lortu nahi diren helburuei hobeki egokitzeko:

1. Irakasleen eta hizlarien gastuak:

–Kanpoko langileak badira eta ez badaude entitate eskatzailearen soldatapean, diruz lagundu daitekeen gastua 135 euro dira, pertsona eta ordu bakoitzeko, barnean direla ordainsariak eta joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak.

–Entitate eskatzailearen soldatapeko langileak badira, justifikatzen den lan kostua besterik ez da diruz lagunduko.

2. Bigarren oinarriko 2. ataleko gainerako kontzeptuen gastua proposatzen diren ekintzen araberakoa izanen da.

Laugarrena.–Onuradunak.

Garraiolari elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak, baldin eta legearen arabera eratuak badaude eta helbidea Nafarroako Foru Komunitatean badute.

Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuetakoren batean dauden elkarte edo entitateei.

Bosgarrena.–Eskaerak eta eskatzen diren agiriak aurkezteko epea.

1.–Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.–Garapen Ekonomikorako Departamentuan dagoen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (San Ignazio etorbidea 3, beheko solairua; 31002 Iruña, Nafarroa) aurkezten ahalko dira eskaerak, edo, bestela, helbide honetan azaltzen diren Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetatik edozeinetan: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/AtencionCiudadana/Oficinas.htm Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan.

3.–Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) dagoen zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (hemendik aurrera, katalogoko fitxa); fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da. Identifikatzeko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, eta jakinarazpenak jasotzeko, gaitutako helbide elektronikoa, hamabigarren oinarrian zehaztutako eran lor daitekeena.

Aipatu fitxan eskura egonen dira deialdi honetan erantsi diren eranskinen ereduak, aurrez aurreko tramitazioa egiteko ere deskargatu daitezkeenak.

4.–Eskaera II. eranskineko ereduaren arabera beteko da. Eranskin hori katalogoko fitxan dago, eta dokumentazio hau erantsiko zaio:

4.1. Laugarren oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

a) Kasuan kasuko erregistroan inskribaturik egotearen frogagiria.

b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura, eta estatutuak.

c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Honako hau frogatzen duten agiriak: Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza edo garraioaren arloko prestakuntzan duen esperientzia.

f) Eskatzailea bere zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, a), b), c), d) eta e) ataletan zehaztutako agiriak ez dira aurkeztu behar, baldin eta administrazioaren eskuetan badaude. Kasu horretan, aurkezpena ordeztu daiteke entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpenarekin (II. eranskineko eredua, katalogoko fitxan dagoena), eta hartan berariaz adierazi beharko da agiriak noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu ziren, eta, orobat, ez dela aldaketarik izan haiek aurkeztu zirenetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4.2. Egin behar diren jarduerei buruzko dokumentazioa:

Dirulaguntza zer ekintzatarako eskatzen den, haietako bakoitzeko III. eta IV. eranskinetako ereduak beteko dira (katalogoko fitxan daude eranskin horiek). Haietan, datu hauek sartuko dira nahitaez:

a) Egin beharreko jarduerak azaltzeko eta deskribatzeko memoria eta haiek egiteko aurreikusten den egutegia (III. eranskina).

Irakasleak: prestakuntza ekintzak eman behar dituzten pertsonen izena, lanbide kualifikazioa eta curriculum vitae-a azaldu beharko dira. Irakasleen curriculumak aurreko deialdiren batean aurkeztu badira, aski izanen da ekintzaren memorian hori aipatzea.

Liburuak eta gidaliburu didaktikoak argitaratuz gero, ale bat edo, kasua bada, proiektu bat aurkeztuko da Garraio Zerbitzuan, deialdian aurreikusitako helburuari egokitzen zaion ikusteko.

b) Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua. Beharrezkoa izanez gero, jarduerak finantzatzeko baliabideak eta eskainitako plaza kopurua ere bai (IV. eranskina).

Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, edo, behar bada, katalogoko fitxaren ereduaren arabera betea.

5.–Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, interesdunari jakinarazita.

Garraio Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.

Seigarrena.–Baloraziorako irizpide objektiboak.

Balorazio irizpide eta gehieneko puntuazio hauek erabiliko dira eskaerak baloratzeko:

a) Egin behar den jarduera (20 edo 15 puntu):

–Prestakuntza ekintzak, egun bat baino gehiago irautekoak: 20 puntu.

–Prestakuntza ekintzak, egun bat edo gutxiago irautekoak: 15 puntu.

–Prestakuntzarako liburuen edo gidaliburu didaktikoen argitalpena: 20 puntu.

b) Lurreko garraioaren sektoreari atxikiak egotea (20, 15 edo 0 puntu):

–Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio esparruan duen ordezkaritza maila (20 puntu).

–Garraio gaietan esperientzia frogatua izatea (15 puntu).

c) Proposatzen diren helburuek bat egitea Foru Komunitateko garraioen esparruko prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalkundearen arloetan dauden beharrekin (30, 25 edo 15 puntu):

–Errepideko garraioari buruzko gai berariazkoak: 30 puntu.

–Garraiorako eta logistikarako hizkuntzak: 25 puntu.

–Garraioaren eta logistikaren sektorerako berariazko aplikazio informatikoak: 25 puntu.

–Garraio enpresa bat kudeatzeko edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 15 puntu.

d) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena prestakuntza orduetan eta eskainitako plazen kopurua (30 puntu gehienez), honela kalkulatuta:

Ekintzaren kostua zati ordu kopurua eginen da, eta emaitza hori zati parte-hartzaile kopurua.

Bigarren zatiketaren emaitzari honako eskala hau aplikatuz lortuko da puntuazioa:

  • 0 eta 10 artean: 30 puntu.
  • 11 eta 20 artean: 27 puntu.
  • 21 eta 30 artean: 24 puntu.
  • 31 eta 40 artean: 21 puntu.
  • 40 baino gehiago: 18 puntu.

Aurreko a), b) eta c) ataletan deskribatutako irizpideak baztergarriak dira haien artean atal bakoitzean.

Aipatu diren puntuazioen batura 0tik 100era bitartekoa izanen da.

Aurkeztutako ekintzarako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da baldin eta c) eta d) ataletan gehieneko puntuazioaren %50 lortzen ez bada. Guztira 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten ekintzek ere ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Zazpigarrena.–Ebazpena emateko eskumena eta epea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraio Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta instruitzeko eskudantzia, baita aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskaerak ebaluatzekoa ere.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Herri Lanetako zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, dirulaguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen ponderazioa eta eskaera bakoitzari eman beharreko diru kopurua.

2. Dirulaguntzak emateko ebazpena Herri Lanetako zuzendari nagusiak emanen du. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Epe hori iragaten bada ebazpenik berariaz jakinarazi gabe, interesdunek ulertzen ahalko dute eskaera ezetsi egin dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

2. Diruz lagundutako prestakuntza ekintzetako bat egin ezean, onuradunek horren berri eman beharko diote Garraio Zerbitzuari, azalduz zergatik utzi den bertan behera.

Diruz lagundutako ekintza bat edo gehiago egin behar ez badira, entitate onuradunak Garraio Zerbitzuari eskatzen ahal dio, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, deialdiko baldintzak betetzen dituzten beste batzuekin ordezkatzeko, hasi baino 10 egun lehenago gutxienez, eta hasi aurretik kontrakorik adierazten ez bada ordeztea onartu dela ulertuko da, baina emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da handituko. Ez da diruz lagunduko onartuta dagoen ekintza bat ordezteko egiten den beste ekintzarik, aldez aurretik jakinarazten ez bada. Ordezpena jakinaraziko da VIII. eranskineko ereduaren arabera. Erantsiko da, halaber, III. eranskineko jarduerak azaltzeko eta deskribatzeko memoria (bi eranskinak katalogoko fitxan daude).

3. Dirulaguntza jasotzen dutenek Garraio Zerbitzuari komunikatuko diote, prestakuntza ekintza hasi baino lehenago, ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia ere, baldin eta aurkeztutako eskabidean datu zehatzak ageri ez badira edo aldaketaren bat izan badute, Garraio Zerbitzuak haren garapenaren segimendua egin dezan. Aldaketaren adierazpena VIII. eranskineko ereduaren arabera eginen da (katalogoko fitxan dago eranskin hori).

4. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute V. eranskineko ereduari jarraikiz (katalogoko fitxan eskura dago), eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

5/2018 Foru Legean eta 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, onuradunek gardentasun betebeharra konplitu beharko dute, bi kasu hauek gertatzen direnean:

a) Emandako dirulaguntzak 20.000 eurotik gorakoak izatea urtean.

b) Emandako zenbatekoa entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20 baino gehiago izatea.

Gardentasun betebeharra duten onuradunek honako informazio hau komunikatu beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoen informazioa hartuko da kontuan.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azkeneko urteko kontuen kopia bat.

Informazio hori guztia, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, telematika bidez aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta Garraio Zerbitzuko Kudeaketa Atalari zuzenduko zaio.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak betetzen ez badira, horren ondorioz izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Onuradunak beste dirulaguntza bat eskatu edo jasotzen badu beste edozein administrazio edo entitatetatik jarduera berbererako, haren berri eman behar dio Garraio Zerbitzuari, VI. eranskineko ereduaren arabera (katalogoko fitxan dago eranskin hori).

6. Publizitatean eta informazioa emateko jarduera guztietan, Nafarroako Gobernuaren komunikazioaren arloan indarra duen araudia aplikatuko da. Nolanahi ere, diruz lagundutako jardueren gaineko dokumentu guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Halaber, deialdi honen bidez egiten diren jarduerak jendaurrean zabaltzeko ekintzetan berariaz adieraziko da Nafarroako Gobernuak parte hartu duela Garapen Ekonomikorako Departamentuaren bitartez.

Bederatzigarrena.–Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. 2019. urtean egiten diren prestakuntza ekintzetarako dirulaguntzen onuradunek ordainketa-eskaera eta egindako ekintzen gastuen eta diru-sarreren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte 2019ko azaroaren 1etik 15era bitarte, biak barne.

Frogagiriak epe horretatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Prestakuntza jardunaldietako parte-hartzaileen kopuruak eskainitako postuen %60tik gorakoa izan behar du gutxienez. Hori egiaztatzeko, bertaratzea dokumentu bidez kontrolatzeko sistemak ezarriko dira. Bestela, ez da ekintzarako dirulaguntzarik jasoko.

Gutxienez ikastaroaren %60ra joaten diren ikasleak bakarrik hartuko dira bertaratutzat, eta ez dira inola ere parte-hartzaile gisa kontabilizatuko dirulaguntza eskatzen duten entitateetako langileak, prestakuntza ekintzetara joaten direnean.

Behar den dokumentazioa zuzen aurkeztu eta gero ordainduko dira prestakuntza ekintzetarako dirulaguntzak.

2. Onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa:

Egun bat baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, jarduerako irakasleek sinatu beharko dute memoria.

Egun bat baino gutxiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, irakasleak nor diren eta haien prestakuntza adieraziko dira.

b) Egindako jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Prestakuntza ekintza guztietan ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda aurkeztuko da, bakoitzaren izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia adierazita, eta bertaratze orriak, behar bezala sinatuak.

c) Justifikazioko kontua, ondoko hauek bilduko dituena: dirulaguntzari esker finantzatu eta egin diren jardueren aitorpena eta haien kostua, sortutako gastu bakoitza banakatuta.

Gastuak fakturen eta bankuko frogagirien bidez frogatuko dira. Egindako ekintzei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko.

Ekintza entitatearen beraren langileekin egin baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du bai parte hartu duten langileen soldata gordinaren kostua, bai haiengatik enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota, bankuko frogagiriekin batera.

d) Matrikulengatik izandako diru-sarrerak.

e) Entitate onuradunaren ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, non adieraziko baita egindako ekintzak beste dirulaguntzarik jaso duen, edozein administrazio publikok, erakunde publiko nahiz pribatuk edo partikularrek emanak. Horretarako, VI. eranskineko eredua erabiliko da (katalogoko fitxan dago eranskin hori).

f) Entitate onuradunaren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, VII. eranskineko ereduaren araberakoa (katalogoko fitxan eskura dago), honako hauek azaltzen dituena: batetik, Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarri duela lagundutako jarduerei buruzko agirietan, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera), eta, bestetik, deialdi honen karietara garatutako ekintzen zabalkunde publikoan agerian jarri duela Nafarroako Gobernuak Garapen Ekonomikorako Departamentuaren bidez izan duen partaidetza.

g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, dirulaguntza jasotzen duen entitateak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du, non azalduko baita efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz kontratatu direla jarduera egin duten hornitzaileak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

h) Behin onuradunak diruz lagundutako ekintzak justifikatuta, inbertitu gabeko gerakinik egonez gero, organo emaileari eskatzen ahalko dio baimena eman diezaion gerakin horiek izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan erabiltzeko; hau da, oinarri arautzaile hauen arabera diruz lagungarriak diren beste jarduera batzuetan erabiltzeko, baldin eta onuraduna horiek gauzatzen ari bada. Hori guztia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.bis artikuluarekin bat.

Hamargarrena.–Ez-betetzeak.

Ez badira betetzen deialdi honetan eta legez ezarritako gainerako kasuetan ezarritako baldintzak, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.

Gardentasun betebeharra konplitu behar duten onuradunek ez badute behar den informazioa ematen, emandako dirulaguntza ez zaie ordainduko, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Gorago xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenetarako, aipatutako foru legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamaikagarrena.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera bera garatzeko jasotzen diren beste batzuekin, izan beste administrazio publikoren batek emanak, erakunde publikoek nahiz pribatuek emanak edo partikularrek emanak, eta izan horiek estatukoak nahiz nazioartekoak.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamabigarrena.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Eskaeraren aurkezpen telematikoak ekarriko du laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioa eta egintza administratiboak modu telematikoan jakinaraztea eskatzaileen gaitutako helbide elektronikora (DEH). Horretarako, eskatzaileak, DEHa izateaz gain, Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egonen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa, bai eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman ere. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Hamahirugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Garraio Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraio Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Gardentasun betebeharrak dituzten onuradunen informazioa urtebetez egonen da eskura, argitaratzen denetik hasita, eta 15 hilabete gehienez, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen denetik. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 8.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, ez da beharrekoa izanen interesdunak aldez aurretik baimena ematea entitate onuradunak aurkeztu beharreko informazioan dauden datu pertsonalak tratatzeko, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan xedatuari jarraikiz.

Hamalaugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta hura aplikatzearen ondorioz emandako egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Eskaera.

III. ERANSKINA

Memoriak.

IV. ERANSKINA

Aurrekontua.

V. ERANSKINA

Gardentasun betebeharra.

VI. ERANSKINA

Beste dirulaguntza batzuk jakinaraztea.

VII. ERANSKINA

Logotipoari buruzko adierazpena.

VIII. ERANSKINA

Prestakuntza ekintzaren aldaketa/ordezpena jakinaraztea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1905597