111. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 29an hartua, “Edateko uraren hornidura-sarea hobetzea Beratsainen (Atetz, Nafarroa)” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

2019ko maiatzaren 3an, Atezko Udalak Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari eskatu zion presako prozeduraren bidez tramitatzea “Edateko uraren hornidura-sarea hobetzea Beratsainen (Atetz, Nafarroa)” izeneko proiektuaren jendaurreko informazio tramitea eta desjabetzeko espedientea, udal horren alde.

2019ko otsailaren 28an, Atezko Udalak erabaki zuen “Edateko uraren hornidura-sarea hobetzea Beratsainen (Atetz, Nafarroa)” proiektua onestea, eta hasiera batean onestea proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta jendaurrean jarri zuen hamabost egunez.

Jendaurreko epean ez da horri buruzko alegaziorik aurkeztu.

Atezko Udalak, 2019ko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen behin betiko onestea “Edateko uraren hornidura-sarea hobetzea Beratsainen (Atetz, Nafarroa)” izeneko proiektua eta ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda. Onespen horrek berarekin dakar onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa.

Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak presaz okupatu beharraren arrazoia da instalazioak behar direla hornidura-sarearen egoera egoki diagnostikatzeko eta erregulaziorako ur-biltegirako sarbidea emateko. Halaber, berrogei urte baino gehiagoko sare tarte baten gainean esku hartu nahi da, zeina 1956an gauzatu baitzen.

Nafarroako Gobernuak, Atezko Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa deklaratzea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Edateko uraren hornidura-sarea hobetzea Beratsainen (Atetz, Nafarroa)” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa deklaratzea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Atezko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1907549