111. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 29an hartua, zeinaren bidez tramitatzen hasten baita “Tuteran jarduera ekonomikoetarako eskualdeko eremu bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala” izenekoaren egiturazko aldaketa bat egiteko espedientea. Navarra de Suelo y Vivienda SA sozietate publikoak sustatu du aldaketa, eta haren helburua da udalez gaindiko plan sektorial horretako sektoreak berriz zehaztea eta S-1 sektorea berrantolatzea Tuteran.

I.–AURREKARIAK ETA XEDEA

Nafarroako Gobernuak, 2005eko maiatzaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zuen Tuteran jarduera ekonomikoetarako eskualdeko eremu bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, La Serna industrialdea deritzona, hain zuzen (2005eko ekainaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

2018ko uztailaren 13an, Navarra de Suelo y Vivienda SAk eskaera aurkeztu zuen aipatu UPSa aldatzeko.

Dokumentu horri zuzenketak egin zitzaizkion 2018ko abenduaren 26an, 2019ko otsailaren 11n eta 2019ko apirilaren 24an, kontuan hartu ondoren Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako oharrak eta egin diren txosten sektorialetan jasotakoak. Hala bada, bi helburu hauek ditu aldaketak:

1. 1. sektorearen esparruan, UPSaren antolamendua egokitzea kontuan hartuz gaur egun benetan zer premia dauden jarduera ekonomikoetarako den lurzoruari dagokionez; horretarako, lurzorua optimizatu behar da, eta zuzendu behar dira antolamenduari eta hirigintzako araudiari lotutako zenbait alderdi, lurzoruaren errealitate fisikora behar bezala egokitzeko, bai eta erabiltzaileen eskaera nagusiei erantzuteko ere.

2. Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Orokorrak egindako txostenean eskatzen da bertan behera uzteko aurreikusita dagoen trenbide azpiegituren erreserba. Horren ondorioz, S-2 eta S-3 sektoreak sektore bakar batean berrantolatu behar dira, lurzoru urbanizagarri gisa eta antolamendu xehaturik gabe.

Zehazki, S-1 sektorean honako hau planteatzen da:

–11.1, 11.3 eta 12.1 eraikin-sailak eta 11.2 eraikin-sailaren parte bat: gaur egun “Enpresa Jarduerarako” baliatzen dira, eta planteatzen da “Industria Erabilera” izan dezatela. Baimendutako gehieneko azalera eraikigarria 81.127 m² handitzen da; hots, igarotzen da 102.954 m²-koa izatetik 184.081 m²-koa izatera (%78,80ko igoera).

–POL-10 askotariko erabilerako eraikin-saila eta mugakide duen gune berdea: POL-10 askotariko erabilerako eraikin-saila handitzen da, eta mugakide duen gune berdearen parte bat hartzen du, han instalatuta dagoen enpresa handitu ahal izateko. Eraikin-sail horren azalera eraikigarria 3.473 m² handitzen da, 41.303 m²-koa izateraino.

–7.1 eraikin-saila: gaur egun “Enpresa Jarduerarako” erabiltzen da. Planteatzen da eraikin-sailaren parte baten erabilera izatea “Industriala habia-nabe motakoa”, beste parte batek gaur egungo erabilera berari eustea eta azken parte bat gune berde gisa erabiltzea, konpentsatzeko POL-10 zabaltzean hartutako azalera. Erakin-sailaren azalera eraikigarria 10.012 m² handitzen da, 37.366 m²-koa izateraino.

–Kamioiak aparkatzeko erabiltzen diren eraikin-sailak sektorearen ekialdean: planteatzen da sektoreko gune berde bihurtzea.

–Bide erreserbak, A kaleko gune berdearen ondoan kokatuak: haien trazadura eta kokapena bat dator exekutatutakoarekin, exekutatutakoa ez, ordea, UPSean planifikatutakoarekin. Planteatzen da beste bide erreserba bat egitea rack-aren iparraldean, POL-1era sartu ahal izateko.

Kontuan hartuz aldaketa egitea proposatzen dela 2. eta 3. sektoreen esparruan eta azpiegituretarako erreserba lurzoru urbanizaezinean, sektore bakarrean berrantolatu behar da hori guztia, lurzoru urbanizagarri gisa, jarduera ekonomikoetarako erabilera izanen duena eta plan partzial baten bidez gauzatuko dena. Edonola ere, gerta daiteke, AHTaren trazaduraren arabera, oraindik zehaztu gabe baitago, etorkizunean berriz ere zenbait esparrutan –sektoretan– bereizi behar izatea, komeniko balitz, esparruen antolamendu xehatua ezartze aldera.

Aurrekoa kontuan hartuz, guztiarentzat aurreikusitako azalera eraikigarria handitzen da, honela:

–Industria-erabilera: lehen 410.768 m², orain 794.914 m².

–Hirugarren sektorerako erabilera: lehen 352.317 m², orain 151.852 m².

–Askotariko erabilera: lehen 37.998 m², orain 0 m².

–Guztira: lehen 801.083 m², orain 946.766 m².

Planteatzen da aldatzea, orobat, hirigintzako araudi orokorra, industria-erabilera duten lurzatiek aparkatzeko erabilera izan dezaten.

Azkenik, 1. Arau Arloari (AN-1) dagokion hirigintzako araudian nabe atxikientzat ezarritakoaren arabera, proposatzen da xehetasun-azterlanik egin behar ez izatea baldintza jakin batzuetan, arautzen dira hegalak eta elementu apaingarri bertikalak, aukera ematen da, eraikinaren lerrokadura nahitaezkoa den kasuetan, luzera guztian egin behar ez izatea ezinbestean, baizik eta gutxienez bi herenetan, eta aukera ematen da, halaber, kargarako nasetara iristeko arrapalak egiteko, beharrezko euste eta babesekin lurzatiaren espazio librean.

II.–KONTUAN HARTZEKOAK

II.1.–Lurzoruaren sailkapenari dagokionez.

S-1 sektoreko aldaketak eragindako lurzoruaren sailkapenari dagokionez, Tuterako Udalak aurkeztu du Sektorea Urbanizatzeko Obren Harrera Akta, eta, beraz, esan daiteke S-1 sektorea gaur egun hiri-lurzoru finkatua dela.

S-2 eta S-3 sektoreei dagokienez, ez direnez ez garatu ez urbanizatu, proposamenek lurzoru urbanizagarriari eragiten diote.

II.2.–Aldaketaren izaerari dagokionez.

Aldaketak eragiten dio S-1 sektoreko gehieneko azalera eraikigarriari (94.612 m² handitzen da azalera eraikigarria), bai eta sektoreen mugaketari (S-2 sektore berria) eta haien gehieneko azalera eraikigarriari ere.

S-1 sektorearen esparruan proposatzen diren aldaketei dagokienez, zeina hiri-lurzoru finkatua baita, zuzkidura jarduketa gisa hartu behar dira azalera eraikigarrian proposatzen diren igoera horiek (izaera xehatukoak izanen dira, beraz), eta proposatutako gainerako jarduketak ere izaera xehatuko aldaketa gisa hartuko dira.

S-2 eta S-3 sektoreei eta azpiegituretarako erreserbari dagokienez, esan behar da antolamendu determinazioen egiturazko aldaketa bat dela, proposamenak eragina baitu lurzoru urbanizagarriko sektoreen mugaketan (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 49.2.b art.), bai eta lurzoru urbanizagarrian gehienez izan daitekeen azalera eraikigarrian ere (49.2.d art.).

Horrenbestez, egiturazko aldaketa gisa tramitatzen da dokumentua, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 45. Artikuluan ezarritako prozedurarekin.

II.3.–Proposamenaren justifikazioari dagokionez.

Kontuan hartuta hasieran aurkeztutako dokumentuari proposatutako aldaketak, eta aldaketa jasotzen duen dokumentuan emandako argudioak, behar beste justifikatuta dago enpresa-erabilera gutxitzeko eta haren ordez industria-erabilera ezartzeko proposamena.

Sektoreen aldaketa, berriz, Sustapen Ministerioaren txostenean ezarritako baldintzek justifikatzen dute.

S-2 eta S-3 sektoreen determinazio xehatuak kentzeko proposamena justifikatzen da Sustapen Ministerioak egindako txostena oinarri hartuz, bai eta Zerbitzu honek egindako errekerimendua kontuan hartuz ere. Dena dela, S-2 sektore berriari dagokionez, honako hau aipatu behar da:

–Ez da behar adina justifikatzen azalera eraikigarria handitzea S-2 sektore berrian. Justifikatu beharko da behin betiko onetsi aurretik.

–Proposatutako bi banaketa eremuen aprobetxamenduei dagokienez, haien arteko aldeak %15 baino txikiagoa izan behar du. Ezarri beharko da 2. banaketa eremuaren gehieneko aprobetxamendua.

II.4.–Antolamendu baldintzei dagokienez.

Egindako errekerimendua dela eta, bere horretan uzten da, habia-nabeetarako diren lurzatien kasuan, UPSean lurzatientzat ezarritako gutxieneko azalera: hots, 800 m².

Berriz aipatzen da 7.1 eraikin-sailaren antolamendu berrian proposatutako lurzatiek sarbidea izan behar dutela bide publikotik, eta hori ez da betetzen lurzati hauetan: A-1etik A-5era, B-1etik B-5era, C-1etik C-5era, D-1etik D-5era, E-1etik E-5era eta F-1etik F-5era.

Justifikatu behar da, bestalde, trenbide erreserbako zerrenda kendu ondoren proposatzen den antolamendua egokiena edo funtzionalena dela, batez ere lurzati eraikigarriena, aipatu erreserbak eragina baitzuen lurzati horien mugaketan.

II.5.–Zuzkidura publikoetarako lurzoru erreserbak betetzeari dagokionez.

Espazio libre publikoei buruzko tokiko sistemari dagokionez, kontuan hartuz ez dagoela aldaketarik sektorearen guztizko azaleran, ez da beharrezkoa gune berdeen azalera handitzea, legezko moduluei jarraikiz. Hala ere, proposamenak sektoreko gune berdeen barruan sartzen ditu gaur egun kamioiak aparkatzeko baliatzen diren azalerak, eta, hortaz, 26.314 m² handitzen da gune berdeen azalera. Gune berde horiek sektorearen kontura urbanizatu beharko dira.

Aparkalekuetarako lagapenari dagokionez, proposamena onartzen da. Izan ere, zenbait baldintza ezartzen zaizkio erabilera eta tipologia bakoitza kontuan hartuta, eta beharrezkoa da aparkatzeko plaza kopuru jakin bat gordetzea lurzati bakoitzeko, hirigintzako legerian zehaztutako zuzkidura adinakoa izan behar duena. Kontuan hartu behar da, bestalde, plaza horiek jabetza eta erabilera publikoko lurzoru librean kokaturik egon behar dutela, baina jarduketa hiri-lurzoru finkatuan denez, beste irtenbide bat bilatzeak ekarriko luke urbanizazioa aldatu behar izatea.

II.6.–S-1 sektoreko hirigintzako aprobetxamenduari dagokionez.

Proposatutako aldaketak handitu egiten du esparruaren azalera eraikigarria, planteatutako erabilera berrien tipologiak direla eta. Lurzoruaren okupazio txikiko erabileren ordez –libreki antolatuak eraikin-sailen barruan–, proposatzen dira lurzoruaren okupazio handiagoko beste erabilera batzuk, lerrokaduren bidez ordenatuak. S-1 sektorearen azalera eraikigarria guztira 94.612 m² handitzen da, eta ez, 120.773 m², hasieran proposatu bezala; beraz, sektorearen azalera eraikigarria 639.942 m²-koa izatetik 734.554 m²-koa izatera pasatuko da (760.715 m²-koa hasieran). Honela xehakatzen da proposatutako erabilera bakoitzarentzat:

–Enpresa-erabilerarako azalera eraikigarria txikitu egiten da, 192.506 m²-koa izatetik 86.279 m²-koa izatera (106.227 m² gutxitzen da).

–Industria-erabilerarako azalera eraikigarria handitu egiten da, 360.945 m²-koa izatetik 558.310 m²-koa izatera (197.365 m² handitzen da).

–Askotariko erabilerako azalera eraikigarria handitu egiten da, 70.705 m²-koa izatetik 74.178 m²-koa izatera (3.463 m² handitzen da).

Justifikatzen da jarduketa hiri-lurzoru finkatuan egiten dela; beraz, zuzkidura jarduketa bat da. Zehazteko ea handitzen den hirigintzako aprobetxamendua, erreferentziatzat hartzen dira erabilerak homogeneizatzeko koefizienteak, zeinak ezarrita baitaude UPSean.

Memorian justifikatzen da ezen ez dela handitzen hirigintzako guztizko aprobetxamendua; horretarako, analisi konparatua egiten da indarreko antolamenduaren eta proposatutako antolamendu berriaren artean, oinarri harturik proposatutako erabilera bakoitzerako UPSean zehaztutako homogeneizazio koefizienteak.

II.7.–Eskaera berriari erantzuteko azpiegitura aski izateari dagokionez.

Erabilera berriari erantzuteko azpiegitura aski izateari dagokionez, egoera berriaren analisia egin da, halaber, eta ondorioztatzen da aski direla proiektuan jasotako azpiegiturak; hala ere, euri urei dagokienez, esan behar da, industria-erabilerara igarotzen den eraikin-saileko lurzatien kasuan, ezarri dela obligazioa euri urak jatorrian laminatzeko edo erregulatzeko, lurzatian bertan. Horrela, ez dira aldatuko, hasierako proiektuan jasotakoaren arabera, kolektorera isuritako uraren emariak, ez eta ibaibidera isuritako uraren emariak ere. Halaber, emari horiek isurtzeko muga batzuk ezartzen dira.

Proposamena ezin da onartu esparrua hiri-lurzoru finkatutzat hartzen badugu. Izan ere, hiri-lurzoruak instalaturik eta operatibo izan behar ditu beharrezko azpiegitura eta zerbitzuak, eta sareko konexioaren bidez, hirigintzako antolamenduan zehaztutako erabilerek eta eraikuntzek behar duten orori erantzuteko; edo, bestela, aukera izan behar du, bestelako obrarik egin gabe, azpiegitura horiek erabilgarri edukitzeko, soilik aurrez dauden instalazioetara konektatzeko obrak eginez (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 90. art.). Izan beharreko instalazio horien barruan sartzen da uren hustuketa sarea (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 91. art.). Beraz, kontuan hartuz sarera isurtzen diren emariak handiagotu egiten direla eraikitze lanek okupatutako azalera handitzearen ondorioz, berdimentsionatu egin beharko da euri uren sarea behar horiei erantzun ahal izateko, eta aldatu ere egin beharko da beharrezkoa balitz, edo, bestea, hustuketa sistema alternatibo bat planteatu beharko da gaur egun dagoen sareak hustu ezin dituen urentzat. Irtenbidea ez da obligazio osagarriak ezartzea sortzen diren lurzati berriei. Beharrezko obrak aldaketa sustatu duenaren kargura eginen dira.

II.8.–14/2004 Foru Legea (genero berdintasuna) betetzeari dagokionez.

Genero arrazoiengatiko eraginari buruzko txostena gehitu da espedientean, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean eta martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eta 2018ko abenduaren 21ean egindako errekerimenduaren ondorioz (lehena Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa da, eta bigarrena, berriz, emakumeen eta gizonen benetako berdintasunari buruzkoa). Txosten horretan aztertzen eta frogatzen da, arrazoituz eta modu objektiboan justifikatuz –hots, beharrezko datuak emanez–, zer ondorio izanen lituzkeen, onestera, proposatutako aldaketak emakumeen eta gizonen benetako berdintasunean. Ondorio gisa dio proposamena kaltegabea dela eta ez duela eraginik, berdintasunaz den bezainbatean, gizonen eta emakumeen posizio pertsonal eta sozialetan. Azken batean, ez du genero arrazoiengatiko eraginik.

Berrikusi egin behar da generoari buruzko txostena edo genero ikuspegiaren balorazioa, aurkeztutako terminoetan, aintzat hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Legea.

II.9.–Jabeen zerrenda.

Espedientean sartu beharko da, jendaurrean jarri aurretik, zerrenda bat zeinetan jasoko baita zein diren aldaketak ukitutako finken jabeak edo finka horien gaineko beste eskubide erreal batzuen titularrak, hots, aldaketa egiten hasi aurreko bost urteetan zehar izandako guztiak, kontuan hartuz bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, zeinak onetsi baitzuen Lurzoruari eta Hiri-gaikuntzari buruzko Legearen testu bategina. Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialera bidali ahal izateko, beharrezkoa izanen da jabeen zerrenda hori aurkeztea.

III.–TXOSTEN SEKTORIALAK

III.1.–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

Txostena eskatu zitzaion, 2018ko irailaren 19an, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, ikusirik posible zela azalera eraikigarriarentzat proposatutako igoerak eragitea esparruaren mugikortasunari eta, beraz, aurreikusitako sarbide eta bideen dimentsioari ere bai. 2018ko azaroaren 6an, txostena jaso zen, determinazio hauek biltzen dituena:

–Bide azpiegiturei dagokienez: S-3 sektorearen garapena dela-eta, aurreikusten da NA-160 errepidetik sarbide berria egitea. Bada, sarbide horren gainean txostena egin behar du Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak.

–Trenbide azpiegiturei dagokienez: kontuan hartuta Abiadura Handiko Trenaren etorkizuneko trazadura, Zaragoza-Castejón tartean, Tuterako udal-mugartetik igaroko dela, eta azterlan informatzailea idazten ari direla, txostena egiteko eskatu behar zaio trenbide azpiegituren administratzaileari, proposatutako antolamenduaren gainean mintza dadin.

III.2.–Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Orokorra.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostena ikusirik, txostena egiteko eskatu zitzaion, 2018ko azaroaren 7an, Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Orokorrari. 2019ko otsailaren 7an (2019ko otsailaren 1ean igorria), Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Orokorraren txostena jaso zen, tramitatzen ari den aldaketaren gainean emana, eta determinazio hauek egin ziren han:

–Sustapen Ministerioa honako hau idazten ari da gaur egun: “Azterlan informatzailea. Kantauri aldearen eta Mediterraneoaren arteko Abiadura Handiko Pasabidea. Tartea: Zaragoza-Castejón”. Horretan ez da aurreikusten trazadura alternatiboek zeharkatuko dutenik La Serna poligonoko S-1 sektorea, zeina ukitzen baitu egin gogo den UPSaren aldaketak. Horrenbestez, ez dago eragozpenik UPSaren aldaketak tramitatzen jarraitzeko, baina, horretarako, azpiegituretarako (AHT) lurzoru erreserba kendu egin behar da UPSaren aldaketa azalduz igorri den hirigintzako dokumentutik, erreserba hori ez dagoenez jasota estatuko trenbide plangintzan.

–Beraz, UPSaren aldaketa onetsi aurretik, Zuzendaritza Orokor honi igorri beharko zaio amaierako testu bateginaren ale bat, arestian aipatutakoak zuzendu ondoren, Zuzendaritza Orokor honek azken oniritzia eman diezaion.

Aurkeztutako dokumentuan jasotzen dira bai Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak ezarritako determinazioak bai Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Orokorrak ezarritakoak. Dokumentua bi organismoei bidali behar zaie, txostena egin dezaten berretsiz ezarritako determinazioak betetzen direla.

Aurrekoa gorabehera, justifikatu beharko da antolamendua egokiena eta funtzionalena dela, batez ere AHTarentzako erreserba zerrenda zela-eta mugak baldintzaturik zituzten lurzati eraikigarrien kasuan, orain erreserba hori desagertu egin baita.

III.3.–Tuterako Udalaren Ur Batzordea.

Tuterako Udalaren Ur Batzordeak aldeko txostena igorri zuen. Aldeko txostena justifikatzeko, argudiatzen da proposamenean bere horretan mantentzen direla sareetara isurtzen diren emariak. Argudiatzen da, halaber, proposamenak ez diela eragiten bere garaian hornidura eta saneamendu sareen dimentsioa zehazteko baliatutako irizpideei.

Euri uren sareari dagokionez, esaten da proposamenak eragiten diela sare horren dimentsioa zehazteko baliatutako irizpideei, baina ikusirik Nasuvinsak proposatutako irtenbidea, zeinak behartzen baitu euri urak jatorrian laminatzera edo erregulatzera, aldatu ez daitezen kolektorera eta ibaibidera isuritako ur emariak, aldeko txostena eman da.

Azkenik, txostenean jasotzen da badela aski baliabide hidriko proposatutako jarduketarako.

IV.–INGURUMEN ARLOKO TRAMITAZIOA

2019ko martxoaren 4an, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua tramitatzen hasteko eskatu zitzaion Ingurumen Eraginaren Atalari, ulertzen baita tramitatzen ari den plana sartuta dagoela Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 6. artikuluaren 2. apartatuan jasotako kasuetan.

2019ko maiatzaren 13an, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak txostena eman zuen, eta determinazio hauek ezartzen ziren han:

–Kontuan harturik zer-nolakoa den aldaketa, zeinak eragina baitu hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian, eta bat etorriz 5. eta 6. artikuluetan Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak aurreikusitakoarekin eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin, planen aldaketa txikiei ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar zaie. Dagokion prozedura aipatu legearen 2. atalean dago araututa.

–Ingurumen arloko tramitazioa egiten jarraitzeko, beharrezkoa da espedientearen barruan sartzea ingurumen-agiri estrategikoa, aldaketak berarekin dakartzan jarduketen ingurumen analisia jasotzen duena. Azterlan horretan jasoko dira aldaketaren helburuak eta justifikazioa, eta aurreikusten diren ingurumen eraginak, eta identifikatuko eta zehaztuko dira, halaber, beharrezko prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak. Horretarako, honakoak hartuko dira kontuan:

a) 7.1 eraikin-saila deritzon eremuan, bai goialdean (A-68ren mugakide) bai behealdean (bideari atxikirik), gainazaleko bi drainatze daude, euri uren sarearen parte direnak. Beraz, bermatuko da euri uren hustuketa funtzionala izanen dela.

b) POL-10 askotariko erabilerako eremua eta gune berdeak elkartzen diren eremuen integrazio topografikoa.

c) Neurriak hartuko dira urbanizatze lanetan sortutako hondeaketa lurrak kudeatzeko, eta lehentasunez UPSaren jarduketa eremuan bertan kudeatuko dira.

–Edonola ere, ebaluatuko da zer-nola sartu diren ingurumen neurriak aldaketan bertan, dela determinazio lotesle gisa araudian, dela antolamenduaren diseinuan, edo beste.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2019ko maiatzaren 16ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Tramitatzen hastea “Tuteran jarduera ekonomikoetarako eskualdeko eremu bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala” izenekoaren egiturazko aldaketa bat egiteko espedientea. Navarra de Suelo y Vivienda SA sozietate publikoak sustatu du aldaketa, eta haren helburua da plan sektorial horretako sektoreak berriz zehaztea eta S-1 sektorea berrantolatzea Tuteran.

2. Espedienteari buruzko ebazpena eman aurretik, sustatzaileek erabaki honetan eta espedienteari buruzko txosten sektorialetan adierazitako alderdiak berrikusi beharko dituzte, eta, hala behar izanez gero, espedientean sartu.

3. UPSean jasotako obrak egiteko erredaktatzen diren eraikuntza proiektuek espedienteari buruzko txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dute. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo exekuzio hori, kasua bada, baldintzatu lezaketenei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunei behar diren baimen guztiak eskatuko dizkie, kasuko gaiaren arabera.

4. Espedientea jendaurrean jartzea hogeita hamar egunez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea ukitutako Udalari, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean ezarritako ondorioetarako.

Horretarako, espedientea web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es. Halaber, interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9, 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, eta jakinaraztea Tuterako Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1907545