72. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, guardaren lanpostuan (C maila/taldearekin parekatuan) aritzeko izangaien bi zerrenda eratzeko, oposizio-lehiaketa bidez, bata aldi baterako kontrataziorako eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren

Alkatetzaren otsailaren 28ko 280/2018 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren guardaren lanpostuan (C maila/taldearekin parekatuan) aritzeko izangaien bi zerrenda eratzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontrataziorako, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren, zerrendak eratu eta ondoko bi urteetan.

Deialdi hau egingo da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta ondoko oinarrietan ezartzen denari jarraikiz

OINARRIAK

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak

1.–Izaera.

Aldi baterako kontratatzeko langileak/prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2.–Izena.

Guarda (C maila/taldea).

3.–Kokapena egitura organikoan.

Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendiak, Ingurumena, Animalien Babesa eta Agenda 21 Kudeatzeko administrazio-unitateari atxikiko zaio eta, hierarkia eta funtzionamenduari dagokionez, Lurraldearen Antolamenduaren Alorreko Zuzendaritzaren menpe egonen da.

4.–Bete beharreko eginkizunak.

Oro har, antzeko bestelako eginkizunekin batera, honako hauek bete beharko ditu: udal mugarteko landa eremua zaindu, kontrolatu eta ikuskatzea, araudia eta ordenantzak betetzeari eta baimenen doikuntzari (lurzoru urbanizaezina) dagokionez, eta, orobat, Tuterako ehiza barruti publikoa mantendu, zaindu eta kontserbatzeko lanen ardura hartzea.

5.–Laneko baldintzak.

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta udal honi dagokionez, Tuterako Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gainean indarra duen egungo akordioan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.

II.–Tuterako Udalaren zerbitzuan, aldi baterako kontratazioaren bitartez, guardaren lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzeko deialdia

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da aldi baterako kontratazioaren bitartez guardaren lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzea, oposizio-lehiaketa bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.–Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa eratzeko Itunean zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

C) Eskaerak aurkezteko epea burutzen den egunean Batxilergoko titulazioa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo ofizialki baliokidetzat jotako titulazioa izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Nafarroako ehizazainaren titulua izatea, ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua, eta irailaren 4ko 94/2012 Foru Agindua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako ehizazain titulua nola eskuratu arautzen duena.

E) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, hura galaraziko duen gaixotasunik izan gabe.

F) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

G) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

2.2.–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.3.–Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Egiaztagiriak kopia konpultsatuen bidezkoak izango dira.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izango dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.4.–Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat, IV. atalean zehazten baitira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–Tuterako Udalaren zerbitzuan, guardaren lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko zerrenda bat
eratzeko deialdia

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da guardaren lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat oposizio-lehiaketa bitartez osatzea, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.–Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta haren menpeko erakunde/entitateen zerbitzuko langile finkoa izatea, D edo E maila edo taldekoa.

B) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

C) Eskaerak aurkezteko epea burutzen den egunean Batxilergoko titulazioa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo ofizialki baliokidetzat jotako titulazioa izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Nafarroako ehizazainaren titulua izatea, ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua, eta irailaren 4ko 94/2012 Foru Agindua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako ehizazain titulua nola eskuratu arautzen duena.

E) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, hura galaraziko duen gaixotasunik izan gabe.

F) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu.

2.3.–Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta aldi baterako kontratuak iraun bitartean ere.

3.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat, IV. atalean zehazten baitira.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dituzte, Osoko Bilkurak hartutako erabakian ezarritakoari jarraituz, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari jarraituz ere.

IV.–Bi deialdien arau komunak

1.–Eskabideak.

1.1.–Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Escós Catalán kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

1.2.–Eskabideak aurkeztuko dira oinarri hauen bukaeran dauden ereduei jarraituz (Aldi baterako kontratazioetarako izangaiak eta Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak). Ereduak HLZ-Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira (Plaza Vieja, 1) edo Escós Catalán kaleko 1 zenbakiko bulegoetan, bai eta Internet bidez ere, www.tudela.es helbidean.

Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

1.3.–Behar bezala betetako eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

–Eskatzen diren titulazioen fotokopia konpultsatua.

–B motako ibilgailuak gidatzeko baimen indardunaren fotokopia konpultsatua.

–Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak frogatzen dituzten agirien fotokopia konpultsatuak.

1.4.–Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

1.5.–Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6.–Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

2.–Izangaien onarpena.

2.1.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Herriko Etxeko iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

2.2.–Onartuen eta baztertuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintza guztiak betetzen direla onartzeko. Dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1.–Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Olga Risueño Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Daniel López Córdoba, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Francisco Domínguez Salvatierra, Tuterako Udaleko nekzaritzako ingeniari teknikoa.

Ordezko epaimahaikidea: Ignacio López Burgaleta, Tuterako Udaleko arkitekto teknikoa.

–Epaimahaikidea: José Antonio Pérez Nievas Martínez, Tuterako Basozaintzako basozain nagusia -Nafarroako Gobernua-.

Ordezko epaimahaikidea: Jesús Labiano Iriarte, Atarrabiako Agroforestal Lanbide Heziketako Ikastetxe Bateratuko Kanpoko Jardueren Departamentuko burua.

–Epaimahaikidea: Ricardo Casamián Gil, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutakoa.

Ordezko epaimahaikidea: Victor Gayarre Vicente, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Ana Rosa Valero Gómez, administrari-ofiziala (Langileria arlokoa).

Ordezko idazkaria: Belén Serrano Cornago, administrari-ofiziala (Langileria arlokoa).

3.2.–Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3.–Epaimahaia hautapen prozesua egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, proba egiteko eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu eta argitara emanen, onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendarekin batera.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4.–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

3.5.–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.

Hautapen prozesua bi urratsetan gauzatuko da, hurrenez hurren; lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia.

4.1.–Lehiaketaldia.

4.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 1.3 oinarriak dioen bezala, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

4.1.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

4.1.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko arrazoitzen ez diren merezimenduak.

Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu epaimahaiak, edozein unetan.

4.1.4. Lehiaketaldiak 20 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere, II. eranskinean finkatutakoaren arabera.

4.1.5. Epaimahaiak modu arrazoituan baloratuko ditu izangai bakoitzaren merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

4.1.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen.

4.1.7. Merezimenduen balorazioa egindakoan, epaimahaiak emaitzak Herriko Etxeko iragarki-taulan jarriko ditu ikusgai, eta Interneten, www.tudela.es helbidean, “Lan eskaintza” atalean.

4.2.–Oposizioaldia.

4.2.1. Oposizioak ariketa hauek izango ditu:

–Lehenengo ariketa: teorikoa eta praktikoa. Deialdiko III. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko 30 galdera idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Okerrak zehatu egingo dira.

Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izanen dute.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak ezarritako proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, deialdiko lanpostuko betebeharrekin zerikusia dutenak.

Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 1,5 ordu izanen dituzte.

–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak.

4.2.2. Oposizioko ariketen balorazioan 120 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

–Lehenengo ariketa: 30 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez.

–Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.

4.2.3. Oposizioko ariketak baztergarriak izango dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

4.2.4. Lehenbiziko eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez egingo dira.

4.2.5. Epaimahaiak erabakitzen ahal du lehenbiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira eta lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa gainditu dutenei dagokien kasu praktikoen zatia. Ez da pliketako kasu praktikoen zatia zuzenduko ez bada test motako zatia gainditu.

4.2.6. Izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien zehaztea dute helburu proba psikoteknikoek. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du.

Proba psikoteknikoak hasi aitzin, Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak profil profesiografikoari buruzko proposamena igorriko dio epaimahaiari.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emango du lehiatzaile bakoitzari buruz. Hartan, norbera deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izango da epaimahaiarentzat.

4.2.7. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioarekin batera, Herriko Etxeko iragarki-taulan. Ariketak ez badira saio bakarrean egiten, oposizioko hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatzen ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiaren aipamenean.

4.2.8. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo, epaimahaiaren iritziz, izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.2.9. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.2.10. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1.–Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Herriko Etxeko iragarki-taulan eta udal webgunean, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangai gaindituen zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren arabera.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren arabera.

5.2.–Zerrenda bakoitzean, probak gainditu dituzten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa gailenduko da eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoaren bitartez ebatziko da afera.

5.3.–Ondotik, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautaprobak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dadin, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera. Izangaien zerrenda horien onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2018ko otsailaren 27an.–Tuterako Udaleko alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa (lehiaketaldia)

Egindako zerbitzuak:

–Administrazio publikoetan, landazain edo ehizazain lanpostuetan (C mailakoetan edo goragokoetan) egindako zerbitzuak: 2 puntu, urte bakoitzeko.

–Administrazio publikoetan, landazain edo ehizazain lanpostuetan, deialdi honen bidez betetzekoa den lanpostua baino maila apalagokoetan egindako zerbitzuak: puntu 1, urte bakoitzeko.

–Entitate pribatuetan (edo administrazio publikoaren definiziotik kanpoko bestelako entitateetan) landazain edo ehizazain lanpostuetan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 20 puntu izanen da.

3. Esperientzia beste entitate batzuetakoa bada (administrazio publikoan sartzen ez direnak), betetako lanpostua agertzen duen lan-kontratua aurkeztu beharko da. Horren ordez, entitate kontratugileak luzatutako ziurtagiri ofiziala aurkeztu ahalko da, bertan lanpostua, kategoria, betetako eginkizunak eta denbora zehaztuta.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

Ingurumeneko araudia.

1.–Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea: egitura eta sistematika.

2–Nafarroako naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legea: egitura eta sistematika. Legezkotasunaren babespena naturaguneetan.

3.–Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea: egitura eta sistematika. Zehapen araubidea. Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretua, 17/2005 Foru Legea garatu eta aplikatzeko erregelamendua onesten duena.

Natur ingurunea.

4.–Natur ingurunea lehengoratzeko teknikak.

5.–Flora eta fauna zaintzea. Espezie katalogatuak. Biologia, katalogatutako animalia eta landare espezieen banaketa. Berreskuratzeko planak. Habitataren babespena. Babespen eremuak. Fauna kudeatzeko teknikak: behaketa, jarraipena, populazioen kalkulua, patologiak, berreskuratzea, berriz sartzea.

6.–Oihangintza. Zuhaiztien forma nagusiak. Zuhaiztiaren egitura: definizioa eta motak. Zuhaizti nagusia eta osagarria. Mozketa-epearen, birsortzeko aldiaren, heldutasunaren eta mozteko diametroaren kontzeptuak. Adin naturalaren eta artifizialaren motak. Eremu basimetrikoaren kontzeptua.

7.–Oihangintza. Bakantzeak: definizioa, motak eta xedeak. Bakantzetako pisua, intentsitatea eta errotazioa. Kimaketak. Zuhaitzak seinalatu, taldea egin eta moztaldirako markatze eta begiratze lanak egitea.

8.–Mendien antolamendua. Kontzeptua eta helburuak. Mendiek ematen dituzten erabilerak. Antolaketa proiektuak: inbentarioaldia eta plangintzaldia. Mendiak antolatzeko metodoak.

9.–Oihana inbentariatzea. Zerrenda osoaren araberako inbentarioa. Lagin estatistikoaren araberako inbentarioa. Ereduko zuhaitza: hautaketa eta bildu beharreko datuak, kubikazio taulak eta produkzio taulak.

Oihan, ehiza eta arrantza aprobetxamenduen kudeaketa.

10.–Oihaneko gaien aprobetxamendua antolatu eta planifikatzea. Erabiltzen diren tresnak, makineria, ekipoak eta materialak. Oihaneko gaien aprobetxamendu lanetan gerta daitezkeen ingurumenaren gaineko eragina eta kalte ekologikoak.

11.–Nafarroako ehiza espezieak. Ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra.

12.–Ehiza eta arrantza espezieen populazioak. Populazioen errolda eta jarraipena. Ehiza eta arrantza espezieek eragindako kalteak. Gaitzak, harrapakariak eta lehiatzaileak.

13.–Ehiza antolatzeko planak. Populazioen erabilera eta kudeaketa. Habitata babestu eta zaintzea. Hobekuntza teknikak. Kalteen prebentzioa. Lanak programatu, antolatu, segurtasunez egin eta kontrolatzea.

14.–Nafarroan ehiza antolatu eta kudeatzeko oinarriak: ehiza barrutiak, eskualdeko ehiza antolatzeko planak, ehiza barrutietako ehiza antolatzeko planak, urteroko kontrolak, populazioen kontrola eta jarraipena, baimen bereziak.

15.–Harrapakarien kontrola: araudi orokorra eta berariazkoa, harrapatzeko metodoen gaur egungo problematika, espezie harrapakariak, harrapakaritzaren ekologia, harrapaketarako materiala, harrapatutako animalien manipulazioa, arriskuen prebentzioa.

16.–Dokumentazioa eta eskaeren tramitatzea, populazioak eta kalteak kontrolatzeko jarduketa berezietarako.

17.–Etika eta segurtasuna ehizan.

Oharra:

Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaiak:

Eskaera eredua (PDFa).

Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak:

Eskaera eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1803068