32. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

16E/2018 FORU AGINDUA, urtarrilaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez antolatzen baita pertsona transexualen, transgeneroen eta intersexualen osasun arreta.

Pertsona transexualak genero-nortasunagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko azaroaren 19ko 12/2009 Foru Legearen bidez, bermatu zen pertsona horiek eskubidea izatea Foru Administraziotik arreta integrala jasotzeko, beren beharrizan mediko, psikologiko, juridiko eta bestelakoetara egokitua, gainerako herritarrek jasotzen duten baldintza berberetan, Nafarroari dagozkion eskumenen esparruan.

Aipatutako 12/2009 Foru Legearen 4.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zenbait profesionalen inplikazio bereziari esker, abian jarri zen UNATI, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barneko transexualitatearen arloko erreferentziako unitate gisa. Endokrinologiako, osasun mentaleko, pediatriako eta sexu hezkuntzako profesionalek osatu zuten hura, eta pertsona transexualei osasun arretako zerbitzua eman diete, baina behar bezalako araudirik izan gabe eta baliabideak formalki esleitu gabe.

Berriki onetsi da 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa, eta hartan ezarri eta arautu dira LGTBI pertsonen egiazko eta benetako berdintasuna eta eskubideak osoki bermatzeko printzipioak, bitartekoak eta neurriak.

Foru legeak funtsezko printzipio gisa ezartzen du nortasunaren aitorpena, zeinaren arabera pertsona orok baitu eskubidea bere buruarekiko autodefinizio bat eraikitzeko, bere gorputzari, sexuari, generoari eta sexu-orientazioari dagokienez, inongo azterketa psikologiko edo medikorik egin behar izan gabe. Orobat, ezartzen du horiek oinarrizko alderdiak direla pertsonaren autodeterminazioan, duintasunean eta askatasunean.

Foru lege berriak III. kapitulu osoa erabiltzen du osasunaren arloko neurriak zehazteko, eta 14.3 artikuluan ezartzen du ezen Nafarroako osasun sistema publikoak bermatuko duela osasun arloko politikak ez duela pertsona horien errealitatea patologiatzat hartuko, ez zuzenean ez zeharka.

Halaber, 33/2002 Foru Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoan Administrazioaren jarduketa guztietan genero ikuspegia txertatzearekin lotuta aurreikusitako manuek beharrezko egiten dute arreta neurri berariazkoak garatzea kolektibo honek pairatzen duen genero-diskriminazioa gainditzeko eta era askotako diskriminazio egoerak saihesteko, eta, hala, sexu-orientazioa, genero-adierazpena eta sexu- edo genero-identitatea ez daitezen izan emakumeen kontrako beste diskriminazio iturri bat.

Foru agindu honek ezartzen du programaren eta unitate funtzionalaren egitura, diziplina anitzeko lantalde gisa eratua, definitzen ditu ematen dituzten zerbitzuak, eta arautzen du beharrezkoa den laguntza zirkuitua, bermatu ahal izateko pertsona transexual, transgenero eta intersexualen arreta hoberena, baita familiakoen edo hurbilekoen arreta hoberena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen xedea da pertsona transexual, transgenero eta intersexualei (trans) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen dien osasun arretaren antolaketa onestea.

2. artikulua. Arreta eredua.

1. Sexu- edo genero-identitatearen autodeterminazio askearen araberakoa izanen da pertsona transexualen, transgeneroen eta intersexualen osasunerako arreta eredua, eta guztiz etorriko da bat 8/2017 Foru Legeak aitortzen dizkien eskubide, irizpide eta printzipioekin. Eskubide hori ezin izanen da mugatu, murriztu, eragotzi edo salbuetsi, eta hura askatasunez eta osoki erabiltzearen alde interpretatuko eta aplikatuko dira arauak beti. Pertsona horien errealitatea ezin izanen da inoiz hartu, zuzenean nahiz zeharka, patologiatzat.

2. Interesdunak eskatuta gauzatuko dira sentitutako identitatea ahalik hobekien garatzeko tratamendu medikoak edo kirurgikoak –zerbitzuen zorroan daudenen artetik–. Horretarako, aldez aurretik harrerako elkarrizketa eginen da, eta pertsonaren transexualitate egoera balidatu eta egiaztatuko da, autodeklarazio baten bidez.

3. Profesionalek aipatu diren tratamenduak ezartzeko, aldez aurretik informazio objektiboa eta zientifikoa emanen da, eta, betiere aldez aurretik, medikuaren eta pazientearen artean modu partekatuan baloratuko da jarduketak zer onura eta arrisku dituen pertsona bakoitzarengan, Arreta Integrala emateko Protokolo berriarekin bat, zeina oinarrituko baita ebidentzia zientifikoan eta praxi medikoan (foru agindu honen 7. artikuluan aipatua), eta zeinak bermatu beharko baitu, betiere, 8/2017 Foru Legea osorik betetzea.

4. Halakoak ezartzeko eta gauzatzeko, nahitaezkoa izanen da beti norberak baimen informatua ematea, libreki eta nahita onartuta. Legezko gaitasuna duen pertsona batek sinatu beharko du baimena, edo, ordezkaritza bidezko baimenen kasuetan, azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legean aurreikusitako moduan (azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean pertsonek dituzten osasunaren alorreko eskubideei eta betebeharrei buruzkoa), baita ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean aurreikusitako moduan ere (ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari Buruzkoa).

5. Pertsona bakoitzak behar dituen jarraipen klinikoa eta akonpainamendua eginen dituzte osasun arloko profesionalek.

3. artikulua. Unitate Teknikoa (TRANSBIDE).

1. Pertsona transexualei, transgeneroei eta intersexualei arreta integrala eta kalitatekoa emateko, Diziplina Anitzeko Unitate Teknikoa (TRANSBIDE) sortzen da, trans pertsonei arreta emateko. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalez osaturik egonen da.

2. TRANSBIDE unitate funtzionala izanen da, ez organikoa, Andraize –Txantreako Sexu– eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroari atxikia, Nafarroako Ospitaleguneko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Ataleko burutzaren menpekoa.

3. Honako lanbide-profiletako bana egonen da Unitate Teknikoan, aldez aurretik ezartzen den dedikazioarekin:

a) Psikologia klinikoa, prestakuntza izanik sexologian.

b) Osasun hezkuntza, prestakuntza izanik sexologian.

c) Endokrinologiako espezialista.

d) Pediatriako espezialista, endokrinologian prestakuntza duena.

4. Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Zuzendaritzari dagokio Unitate Teknikoko profesionalak aukeratzea, izenez, baita Unitaterako izanen duten dedikazioa erabakitzea ere.

5. Orobat, Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Zuzendaritzak izenez aukeratuko ditu honako estamentu eta espezialitate hauetako profesional aholkulariak:

a) Gizarte-lana.

b) Ginekologia.

c) Otorrinolaringologia eta logopedia.

d) Kirurgia plastikoa.

e) Kirurgia orokorra.

f) Osasun mentala.

g) Urologia-Andrologia.

4. artikulua. Unitate Teknikoaren eginkizunak.

1. Honako jarduera eta eginkizun hauek gauzatuko ditu Unitate Teknikoak:

a) Erreferentziako unitate espezializatu gisa ariko da transexualitatearen, transgeneritatearen eta intersexualitatearen arloan.

b) Banakako kontsultan, zerbitzuaren erabiltzaileei informazioa ematea, unitatean ematen zaien arreta prozesuaz, aukera terapeutikoez eta akonpainamendu zerbitzuez.

c) Harrerako elkarrizketa bat egitea, non balidatuko baita pertsona transexuala, transgeneroa edo intersexuala dela, oinarri harturik norberaren gorputz, sexu eta generoaren autodeterminazioa, autodeklarazio baten bidez egiaztatuko baita, norberak edo legezko tutoreak sinatuta.

d) Historia klinikoko baldintza edo aurrekari pertsonalen atalean erregistratzea pertsona transexuala, transgeneroa edo intersexuala dela, egoki dena, Z70.9 kodea aplikatuz, osasun egoeran eta osasun zerbitzuekiko kontaktuan eragina duen faktorea den aldetik.

e) Behar diren miaketa eta proba osagarriak egitea, ebaluatzeko ea zer onura eta arrisku dituzten tratamenduek.

f) Erreferentziako aholkulari espezialisten arteko interkontsultak egitea.

g) Unitate superespezializatuetara bideratzea beharrezkoa ez denean, tratamendu mediko edo kirurgikoak egin daitezela bere gain hartzea.

h) Adieraztea zer kasutan den beharrezkoa unitate superespezializatuetan jasotzea arreta, berekietan nahiz itunduetan, eta deribazioa tramitatzea.

i) Tratamendu hormonalak hartzearen alde egiten duten pertsona transexualen kasuan, aurretik gonaden ehuna eta ugalketarako zelulak izozteko aukera eskainiko zaie, eta horri buruzko informazioa emanen, etorkizunean berreskuratu nahi badituzte ere.

j) Haurdun gelditzeko gaitasuna duten pertsonei eta/edo haien bikotekideei informazioa, orientazioa eta aholkua ematea giza ugalketa lagunduari buruz, eta behar denean deribazioa egitea, berdintasuneko eta diskriminaziorik ezeko araubidean.

k) Laguntza emozionala eta prozesuan akonpainamendu egokia ematea kolektiboko pertsonei eta/edo familiakoei, baldin eskatzen badute. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gainerako erabiltzaileentzat aurreikusitako ohiko akonpainamendu bera izanen da.

l) Osasun arloko akonpainamendua eta jarraipena egitea aldian behin, pertsona bakoitzaren egoera pertsonal eta klinikoari egokituta.

m) Norberaren sexualitatearen zailtasunekin loturik, informazioa, orientazioa eta aholkua ematea banakako kontsultan.

n) Norberaren osasunean edo prozesuan eragina izan dezaketen alderdi sozialez informazioa, orientazioa eta aholkua ematea, eta, egokia denean, baliabiderik hoberenera deribatzea.

o) Bigarren iritzi bat eskatzeko aukerari buruzko informazioa ematea, betiere indarreko legerian ezarritako moduan.

p) Behar diren agiri guztiak idaztea zerbitzuak egoki eman daitezen eta koordinazio egokia izan dadin trans pertsonen jarraipenerako eremuen artean.

q) Behar diren txostenak egitea familiako, hezkuntzako, gizarteko, laneko eta abarretako ingurunerako, betiere zerbitzuaren erabiltzaileak berak eskatzen badu.

r) Behar diren aldaketak sustatzea dokumentazio administratiboan –osasun txartela barne– eta inprimaki medikoetan, identifikatzen diren izen eta sexu edo generoaren arabera tratatu daitezen pertsona transexual, transgenero eta intersexualak.

s) Arreta jasotako pertsonen estatistikak egitea, eta ikerketa azterlan berariazkoak egin daitezela sustatzea.

t) Heziketa afektibo-sexualaren eta sexu osasuna sustatzearen arloan prestakuntza eta esku-hartze komunitarioko jarduerak garatzeko, elkarlana izatea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin.

u) Osasun sareko profesionalei aholkua eta prestakuntza ematea, gauza izan daitezen trans pertsonei arreta normalizatua bermatzeko.

v) Epe luzean trans pertsonen jarraipena oinarrizko osasun laguntzako profesionalek beren gain har dezatela sustatzea.

5. artikulua. Unitate Teknikoaren koordinazioa.

1. Unitate Teknikoaren koordinatzaile bat izanen du Unitate Teknikoak, Ospitaleguneko Kudeaketa Zuzendaritzak izendatutakoa, Ospitalegunean lanean ari diren guztien artetik.

2. Unitate Teknikoaren koordinatzaile izendatzen denak eginkizun hauek hartuko ditu bere gain:

a) Diziplina Anitzeko Unitatea zuzentzea eta koordinatzea.

b) Haren helburuak eta aplikatzekoa den araudia betetzen direla bermatzen dela zaintzea.

c) Erabiltzaileentzako arreta hobetzen saiatzea.

d) Informazio eta prestakuntza jarduerak koordinatzea.

e) Unitatearen jardueraren ebaluazioa bermatzea, barnean direla erabiltzaileen gogobetetasuna eta berek sumatutako kalitatea.

f) Izena eta sexuaren gaineko erregistro-aipamena aldatzeko tramiteak egiteko, Estatuko indarreko legeriak eskatutako txostenak kudeatzea.

g) Unitate Teknikoaren jarduketa eragozten edo zailtzen duen edozein inguruabarren berri ematea Zuzendaritzari, eta hobekuntza proposamenak egitea.

6. artikulua. Programarako sarbidea.

Zuzenean norberak eskatuta iritsiko dira trans pertsonak programako lehenbiziko kontsultara, edo, bestela, Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeko edo Sexu- eta Ugalketa-osasunaren zentroetako profesionalek deribazioa eginda.

7. artikulua. Arreta Integrala emateko Protokoloa.

1. Hiru hilabeteko epean, pertsona transexual eta transgeneroei Arreta Integrala emateko Protokolo bat prestatuko dute programari atxikitako profesionalek, zeina oinarrituko baita ebidentzia zientifikoan eta praxi medikoan, eta zeinak bermatu beharko baitu, betiere, 8/2017 Foru Legean jasotako printzipioak eta eskubideak osorik errespetatzen direla. Horrerarako, transen kolektiboaren ordezkarien eta LGTBI+ Berdintasunerako Organo Koordinatzailearen laguntza aktiboa izanen dute.

2. Orobat, sei hilabeteko epean, programari atxikitako profesionalek pertsona intersexualei Arreta Integrala emateko Protokolo bat prestatuko dute.

8. artikulua. Adingabeetan Transexualitate, Transgeneritate eta Intersexualitate Kasuak Kudeatzeko Batzordea.

1. Adingabeetan Trans Kasuak Kudeatzeko Batzordea sortzen da, genero aldaketako prozesuan edo trantsizio sozialeko prozesuan dauden adingabeei arreta integrala eta diziplina anitzekoa bermatze aldera.

2. Honako kide hauek osatuko dute Adingabeetan Trans Kasuak Kudeatzeko Batzordea:

a) Osasun arloko bi profesional, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak izendatuak.

b) Hezkuntza Departamentuko bi profesional, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak izendatuak.

c) Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Adingabeen Zerbitzuko profesional bat edo bi, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketa Zuzendaritzak izendatuak.

3. Adingabeetan Trans Kasuak Kudeatzeko Batzordeak eginkizun hauek hartuko ditu bere gain:

a) Kasu bakoitzean aplikatu beharreko protokoloak eta baterako jarduketa-jarraibideak zehaztea.

b) Genero aldaketako prozesuan edo trantsizio sozialeko prozesuan dauden adingabeen kasu bakoitzerako jarraipen integrala bermatzea.

c) Adingabearen interes gorena zaintzea, izan litekeen beste edozein interes zilegiren gainetik, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan aurreikusitakoarekin bat.

d) Irakasleek behar dituzten prestakuntza jarduerak antolatzea.

9. artikulua. Datuen estatistikak eta tratamendua.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak datuen fitxategi automatizatu bat sortuko du, ebaluatu ahal izateko tratamendu, terapia eta esku-hartzeen emaitzak. Zehaztuko dira erabilitako teknikak, izandako zailtasunak eta erreklamazioak, bai eta emandako laguntzaren kalitatearen balorazioa ere. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitako isilpekotasun, espezialitate eta proportzionaltasuna bermatzeko baldintza teknikoak beteko ditu fitxategiak.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzeak.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan aurreikusitakoari aurka egiten dioten erregelamendu-maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 15ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1800754