241. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

113/2018 FORU AGINDUA, azaroaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak sortu eta arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Lanbide heziketako ikasketen eta arte plastikoetako eta diseinuko ikasketen sari bereziak, Nafarroan, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren abenduaren 11ko 631/2002 Foru Aginduaren bidez sortu ziren. Sari horiek uztailaren 1eko ECD/1696/2002 Ministro-Aginduan agertzen diren goi mailako heziketa zikloen sari berezien esparru berean daude.

Lehenago, Hezkuntzako kontseilariak emandako 29/2013 Foru Aginduak, martxoaren 4koak, arautzen zituen arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak. Foru agindu horrek gure komunitatera ekartzen zituen uztailaren 15eko EDU/2128/2011 Aginduaren oinarrizko alderdiak. Agindu horren bidez sortu eta arautu ziren goi mailako Lanbide Heziketako Sari Nazionalak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarri zirenak, eta gainera, hezkuntza administrazioei aukera eman zien goi mailako lanbide heziketako sari berezietarako deialdiak egin eta sariok emateko, nork bere eskumen esparruaren barruan.

Uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei eta Arte Ikasketa Profesionaletako ikasleei Musikaren, Dantzaren eta Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloetan errendimendu akademikoa aitortzeko ematen zaizkien sari nazionalak sortzen eta arautzen dituenak, martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduak ezartzen duenari eragiten dioten neurriak ezartzen ditu. Hori dela-eta, beharrezkoa da beste foru agindu bat egitea, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak arautzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Horregatik, beharrezkoa da arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan sortu eta arautzen dituen beste foru agindu bat egitea.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak foru agindu hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Izan ere, foru agindu honen helburua da arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez ezarriak, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan sortu eta arautzea.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 59.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Sorrera.

1. Honen bidez sortu egiten dira Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez ezarriak.

2. Sari berezi hauen helburua da arte plastikoak eta diseinua ikasten ari diren erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako ikasleen ahalegina eta errendimendu akademikoa aitortzea.

2. artikulua. Ezaugarri orokorrak.

1. Sari berezia lortzen duten ikasleei, Hezkuntza Departamentuaren aitorpen ofizialaz gainera, saria egiaztatzen duen diploma bat emanen zaie, eta saria lortu dutela egiaztatzen duen eginbidea jasoko da beren ikasketa espedientean.

2. Sari berezia lortzen duten arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketetako goi mailako zikloetako ikasleek Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatzen duen arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari nazionalen deialdian parte hartzen ahalko dute, uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan jasotzen den bezala.

3. Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari berezietan, aipatutakoez gainera, beste aitorpen batzuk egin daitezke, urteko deialdi bakoitzean erabakiko direnak.

3. artikulua. Sari berezien deialdia.

1. Urtero, Hezkuntza Departamentuak arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari berezietarako deialdia egin eta sariak emanen ditu.

2. Hezkuntza Departamentuak sari berezi bat eman dezake arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako lanbide ikasketen prestakuntza zikloetarako, bat Nafarroan eskaintzen diren goi mailako lanbide arlo bakoitzeko.

3. Era berean, Hezkuntza Departamentuak sari berezi bat eman dezake arte plastikoetako eta diseinuko erdi mailako lanbide ikasketen prestakuntza zikloetarako, bat Nafarroan eskaintzen diren goi mailako lanbide arlo bakoitzeko.

4. Lanbide arlo edo espezialitate bati dagokion saria eman gabe geldituz gero, beste lanbide arlo bateko izangaiari ematen ahalko zaio, Hezkuntza Departamentuko sariak hautatzeko batzordeak proposamen arrazoitua egiten badu.

4. artikulua. Izangaiek bete beharrekoak.

Sari berezia eskatzeko betebeharrak hauek dira:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan egin eta gainditu izana arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak, eskaintzaren edozein modalitatetan.

2. Ikasketa horiek deialdian aipatzen den ikasturtean bukatu izana.

3. Heziketa zikloaren azken kalifikazioa 8,75 puntukoa edo altuagoa izatea. Horretarako, heziketa zikloaren azken kalifikazioa kalkulatzean ez dira aintzat hartuko “gai”, “salbuetsia” edo “baliozkotua” adierazten duten kalifikazioak.

5. artikulua. Sari bereziak emateko prozedura.

1. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak emateko prozedura antolatu, bideratu eta ebaztea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

2. Aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat, sari bereziak jasotzen ahalko dituzte adierazitako baldintzak bete eta urteko deialdian ezarritako prozeduran parte hartzen duten ikasleek. Ahal dela, sarien deialdia urteko bigarren hiruhilekoaren azken aldian eginen da.

3. Izangaiek aurkezten dituzten espedienteak aztertu eta baloratzeko, sari bereziak hautatzeko batzorde bat eratuko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatua.

4. Sari berezien deialdian norgehiagokako araubidea erabiliko da. Sariak Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen ditu, hautapen batzordeak proposaturik. Horretarako, ikasketa espedientean agertzen den batez besteko azken nota hartuko da kontuan, eta berdinketa izanez gero, beste merezimendu batzuei emandako puntuazioa.

5. Sari bereziak hautatzeko batzordeak bilkuren akta eginen du, eta bertan parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitza jasoko da, bi dezimal adieraziz. Emaitzak Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratuko dira, dagokion fitxan. Parte-hartzaile guztiak zerrenda batean agertuko dira, eta, ondoan, bakoitzaren NANa, puntuazioa, maila, lanbide arloa, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen heziketa zikloa eta ikastetxea.

6. artikulua. Eskaerak.

1. Sariketara aurkeztu nahi dutenek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, nahitaez:

a) 1. eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabidea.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren, pasaportearen edo atzerritarren identifikazio zenbakiaren fotokopia, kasuaren arabera.

c) Ikasleak egin duen arte plastikoetako eta diseinuko lanbide heziketako zikloari dagokion espediente akademikoa.

2. Horretaz gainera, eskatzaileek curriculum vitae-aren eredu europarra aurkezten ahalko dute, 2. eranskinean ageri den eredua erabiliz. Lortutako sariak edo bekak aipatuko dituzte, horrelakorik izanez gero, bai eta beste edozein merezimendu ere, dagozkion egiaztagiriekin batera. Horretarako, fotokopiak aurkeztea nahikoa izanen da.

3. Eskabideak Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Zuzendaritzara bidaliko dira, aurreko atalean adierazitako dokumentazioarekin batera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean. Honela aurkeztuko dira:

–Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuenaren) 38.4 artikuluan aipatu bulegoetako edozeinetan.

–Era telematikoan, on line, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxatik, “Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak” epigrafean. Horretarako beharrezkoa izango da sinadura digitalaren ziurtagiri balioduna edukitzea.

4. Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzen ahalko dute Lanbide Heziketaren Zerbitzuan. Horretarako, hiru hilabeteko epea izanen dute sari berezien esleipena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatuta, hartu ez diren agiriak suntsitu eginen dira.

7. artikulua. Hautapen batzordea.

Sari bereziak hautatzeko batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Ataleko burua.

–Kideak: Lanbide Heziketaren Zerbitzuko kide bat, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko kide bat eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak ematen dituen ikastetxe bateko zuzendari bat.

8. artikulua. Norgehiagokako araubidea.

1. Sariak heziketa zikloan azken kalifikaziorik handiena lortzen duten parte-hartzaileei emanen zaizkie. Kalifikazio hori bi dezimalekin emanen da.

2. Berdinketa izanez gero, honako atal hauek baloratuta lortzen den puntuazio handiena kontuan hartuz ebatziko da:

–Hizkuntza ikasketak. Hizkuntzen maila egiaztatzeko, otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru agindu horren bidez, hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulazioak eta ziurtagiriak ezarri ziren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezartzen dituen mailei erreferentzia eginez, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko eskumeneko eremuan.

Egiaztatzen den hizkuntza bakoitzean, A2 maila edo baliokidea 0,2 punturekin baloratuko da; B1 maila edo baliokidea 0,5 punturekin; eta B2 maila edo baliokidea puntu 1ekin. C1 edo C2 maila edo baliokidea duela frogatzen duenari 1,5 puntu emanen zaio.

–Atzerriko prestakuntza egonaldiak. Atzerriko prestakuntza egonaldietan emandako hilabete bakoitzeko, administrazio batek antolatua bada: 0,1 puntu. 2 puntu guztira, atal honetan.

–Titulazioari lotutako berariazko prestakuntza. 0,05 puntu emanen dira administrazio publiko batek edo berak baimendutako entitate batek ziurtatutako ikastaroetan egindako 10 orduko. 2 puntu guztira, atal honetan.

–Bestelako prestakuntza: beste ikasketa batzuk burutu dituztela egiaztatzen dutenek: egindako zikloarekin zerikusia badute, 0,5 puntu emanen dira egiaztatutako titulu bakoitzeko; zerikusirik ez badute, berriz, 0,2 puntu emanen dira egiaztatutako titulu bakoitzeko. 2 puntu guztira, atal honetan.

3. Berdinketak badirau, hautapen batzordeak curriculumean aurkeztutako beste alderdi aipagarri batzuk hartuko ditu kontuan, esate baterako, lan esperientzia, sariak, bekak edo beste batzuk.

9. artikulua. Arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako ikasketen sari nazionalak.

1. Arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako ikasketen sari bat irabazteak aukera emanen du, horretarako izena eman eta gero, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketa artistikoen sari nazionaletan parte hartzeko.

2. Sari berezi bat emanen da arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketa artistikoen espezialitate edo lanbide arlo bakoitzeko.

3. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak, urtero, sari berezia lortu duten ikasleen zerrenda bidaliko dio Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Ebaluazio eta Lurralde Lankidetzarako Zuzendaritza Nagusiari, horretarako ezartzen den epean, saridun bakoitzaren titulazioa adierazita eta haien ikasketa espedientearen kopiarekin batera.

10. artikulua. Sari berezia ikasketa espedientean jasotzea.

Arte ikastetxeetako idazkaritzek ikasle sarituen ikasketa espedientean idatziko dute sari berezia lortu dutela, eta ikasketa ziurtagirietan horren berri jasoko dute.

Xedapen gehigarri bakarra.–Ikasleen datu pertsonalak.

Ikasleen datu pertsonalak lortu eta lagatzeari dagokionez, eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokionez, datuak babesteari buruzko indarreko araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziei buruzko araututako guztia indarrik gabe geldituko da.

2. Orobat, indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendu bidezko garapena.

Hezkuntzaren zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio behar diren jarduketa guztiak egin ditzan foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko azaroaren 26an.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

1. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

2. ERANSKINA

Curriculum vitae-a (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1814615