236. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

600/2018 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, proba libreetarako deialdia egiten duena, Nafarroako Foru Komunitatean, 2019an, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskura dezaten.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena eman du. Ebazpenaren helburua da 2019. urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreetarako deialdia egin eta probak egiteko jarraibideak ematea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak egindako aldaketaren ondoren, helduen hezkuntzari eskaintzen dio I. tituluaren IX. kapitulua, eta 68.2 artikuluan gaitasuna ematen zaie hezkuntza administrazioei, nork bere eskumenen esparruan, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko probak antolatzeko aldian behin.

Deialdia indarreko araudian, bereziki hurrengo xedapenetan, ezarritakoaren arabera egingo da:

–24/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duena. Haren bosgarren xedapen gehigarriak adierazten du pertsona helduek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzen ahalko dutela Hezkuntza Departamentuak antolatzen dituen probak gainditzen badituzte.

–562/2017 Errege Dekretua, ekainaren 2koa, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko graduatu tituluak lortzeko baldintzak arautzen dituena. Azken xedapenetako lehenbizikoan adierazten du 18 urtetik gorako pertsonek zuzenean eskuratzen ahalko dutela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzaren hiru jakintza arloetan oinarritzen diren eta hezkuntza administrazioek antolaturiko proben bidez.

–3/2010 Foru Agindua, urtarrilaren 14koa, Nafarroako Foru Komunitatean hemezortzi urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreak arautzen dituena.

–10/2018 Foru Agindua, urtarrilaren 25ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketen curriculuma ezartzen duena.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko.

Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabiltzen ahalko dira, Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura joz. Zerbitzu hori Santo Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratzeko 2019. urtean egingo diren proba libreen bi deialdiak onestea.

2. Jarraibideak ematea, ebazpen honen eranskinetan xedatutakoarekin bat, probetarako deialdia egiteko eta proba horiek gauzatzeko.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, argitara daitezen, eta, orobat, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren ataletara, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora, Eskolatze Bulegora eta “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko azaroaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Jarraibideak, 18 urtetik gorako pertsonek 2019. urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreetarako deialdia egiteko eta proba horiek gauzatzeko

1.–Betebeharrak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean lortzeko proba libreetan parte hartzen ahalko dute 2019. urtean hemezortzi urtetik gorakoak diren pertsonek edo urte horretan adin hori betetzen dutenek.

Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketak ofizialki egiteko matrikulatutako pertsonek, proba libreetan izena eman nahi badute, ikasketa haietako matrikulari uko egin beharko diote abenduaren 25a baino lehen, otsaileko deialdian parte hartu nahi badute, eta apirilaren 22a baino lehen, ekaineko deialdian parte hartu nahi badute.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulaturik dauden pertsonek ez dute zilegi izena ematea proba libreak egiteko.

Probak egiteko, beren nortasuna frogatzeko eskatuko zaie izangaiei, NANa, atzerritarren identifikazio zenbakia (AIZ) edo pasaportea aurkeztuz.

2.–Probak egiteko eguna eta tokia.

Probak otsailaren 4an (1. deialdia) eta ekainaren 5ean (2. deialdia) egingo dira.

Probak “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan (NHBHI) egingo dira (Bartolomé de Carranza kalea 5, Iruña).

Hezkuntza Departamentuak probak egiteko erraztasunak emango dizkie inskribatutako presoei eta soldadu kuarteleratuei, aipatutako ikastetxera joateko zailtasun handiak dituztenei. Kasu horietan, departamentuko teknikari bat kartzelara edo kuartelera joango da, ariketak eramango ditu, ezarritako egun eta orduetan, eta behar bezala egin daitezen arduratuko da. Probak bukatutakoan, gutun-azal batean sartuko ditu eta epaimahaiburuari emango dizkio.

3.–Proba egiteko izen ematea.

3.1. Alderdi orokorrak.

Otsaileko deialdirako izena emateko epea urtarrilaren 8tik 18ra artekoa izango da, bi egunak barne. Ekaineko deialdirako, berriz, maiatzaren 6tik 17ra artekoa izango da, biak barne.

Eskabideak Iruñeko “Félix Urabayen” NHBHIko Idazkaritzan formalizatuko dira, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautu zuen).

Izena emateko eskabidea ebazpen honen II. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa izango da. Horrekin batera, agiri hauen fotokopia aurkeztuko da:

–NANa, AIZ edo pasaportea.

–Ikasketen ziurtagiria, hiru jakintza arloetakoren batetik salbuetsia izan nahi dutenek, urtarrilaren 14ko 3/2010 Foru Aginduaren eranskinaren arabera.

–Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketetako matrikulari uko egin izanaren justifikazioa, ikasketa horiek egiten ari baldin bada.

–Minusbalioaren ziurtagiria, izangaiak egokitzapen neurriren bat behar baldin badu.

Aurreko puntuan adierazten diren egiaztagirien fotokopiak aurkeztu dituzten pertsonek jatorrizko egiaztagiriekin agertu beharko dute probetara, epaimahaiak, egokitzat jotzen badu, aurkeztutako kopiekin bat datozela egiazta dezan.

Proba libreko ariketak gaztelaniaz edo euskaraz egin daitezke, izangaiak nahi bezala. Horretarako, izena emateko fitxan, aukeratzen den hizkuntza adieraziko da.

Komunikazioaren arloko ariketak egiteko, ezin izango da erabili gaztelaniazko edo euskarazko hiztegirik, ez eta atzerriko hizkuntzen hiztegirik ere. Zilegi izango da oinarrizko kalkulagailu programaezina erabiltzea zientzia eta teknologiaren arloko ariketetan.

Ez da zilegi sakelako telefonoa erabiltzea ezein ariketatan.

3.2. Proba librean inskribatzen diren pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Behin-behineko zerrenda urtarrilaren 23an (1. deialdiarena) eta maiatzaren 22an (2. deialdiarena) argitaratuko da, “Félix Urabayen” NHBHIko iragarki-taulan eta “2019an DBH graduatu titulua eskuratzeko probak” izeneko tramite-katalogoen fitxan; www.navarra.es atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Zerrenda horietan adieraziko da inskribatu diren eskatzaileen artean zein onartu diren proba egiteko eta zein baztertu, baztertzeko arrazoiak adierazita. Zerrenda horietan, gainera, salbuetsia(k) d(it)u(z)ten jakintza arloa(k) adieraziko d(ir)a, bai eta izangai batzuek probak egiteko eskaturiko egokitzapenak ere.

Izangaiek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte, III. eranskineko ereduaren arabera, behin-behineko zerrendaren kontra, ikastetxearen zuzendariaren aurrean, urtarrilaren 24an eta 25ean (1. deialdian) eta maiatzaren 23an eta 24an (2. deialdian). Erreklamazioak ikastetxeko Idazkaritzan aurkezten ahalko dira edo posta elektronikoaren bidez igortzen ahalko dira, helbide honetara:f.urabayen@educacion.navarra.es).

Behin betiko zerrenda urtarrilaren 31n (1. deialdiarena) eta maiatzaren 30ean (2. deialdiarena) argitaratuko da, Félix Urabayen NHBHIko iragarki-taulan eta “2019an DBH graduatu titulua eskuratzeko probak” izeneko tramite-katalogoen fitxan; www.navarra.es atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Arloak salbuesteko baliokidetasun irizpideak aplikatzearen ondorioz, matrikulatutako pertsonaren batek proba libreetako hiru jakintza arloak gaindituak baldin baditu, azterketa egiteko finkatutako egunean eta orduan agertu beharko du. Epaimahaiak izangaiei deitzeko ekitaldian jakinaraziko zaio ez duela probako ariketa bat bera ere egin beharrik, eta aktan jasoko da aurkezten dituen egiaztagirietako kalifikazioekin, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko proposamenean ere agertuko da.

4.–Probaren alderdi orokorrak.

4.1. Probak prestatzea.

Urtarrilaren 14ko 3/2010 Foru Aginduaren 5.4 artikuluarekin bat, jakintza arlo bakoitzeko ariketak prestatzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. “Félix Urabayen” NHBHIaren esku uzten da 2019ko bi deialdietako ariketen prestakuntza. Inplikatzen diren pertsonek konfidentzialtasunez jokatuko dute uneoro. Félix Urabayen NHBHIak Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari bidaliko dizkio prestatutako ariketak, gainbegira ditzan.

4.2. Epaimahaia.

Proba libre hau baloratzeko epaimahaian mahaiburu bat eta lau mahaikide izango dira. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu, “Félix Urabayen” NHBHIko zuzendariak proposaturik. Proposatutakoak ikastetxe horretan ari diren Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoko edo Irakasleen Kidegoko irakasleak izango dira. Horiekin batera, bost ordezko ere izendatuko dira. Epaimahaiak, bere ebaluazio lana ongi egiteko, zilegi izango du aholkularien laguntza eskatzea, hala behar dela iruditzen bazaio.

Epaimahaian Helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru arloetatik irakasle bana gutxienez egon dadila bermatuko da.

2019. urteko bi deialdietan, hots, otsailekoan eta ekainekoan, epaimahai bera arituko da. Deialdiren batean 150 izangaik baino gehiagok ematen badute izena, bigarren epaimahaia izendatzen ahalko da.

Bi deialdi horietako batean epaimahai bat baino gehiago baldin badago, probak izangai guztientzat berdinak izango dira, kontuan hartu gabe zer epaimahairi dagozkion, eta aldi berean egingo dira, egun bakar batean, goizez eta arratsaldez.

Epaimahaian parte hartzen duten irakasleek konpentsazio ekonomiko bat jasoko dute proba libreetako ebaluazio ariketak prestatzeagatik.

5.–Probaren egitura, egiteko modua, ebaluazioa eta kalifikazioa, emaitzen argitalpena, erreklamazioak eta dokumentazioa.

Proba librearen helburua da 18 urtetik gorako pertsonei aukera ematea gure hezkuntza sistemako oinarrizko titulazioa zuzenean lortzeko, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren helburuak eta dagozkion gaitasunen eskuratze-maila egokia lortu dituztela erakusten badute.

5.1. Probaren egitura.

Proba libreek hiru zati izango dituzte, hots, helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru jakintza arloetako bakoitzerako bat: komunikazioa; zientzia eta teknologia; eta gizartea.

Hiru jakintza arloetako ariketek urtarrilaren 25eko 10/2018 Foru Aginduaren I. eranskinean agertzen den curriculuma izango dute oinarri. Agindu horren bidez, Helduen Bigarren Hezkuntza arautu eta ikasketa horien egitura eta curriculuma ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean.

Komunikazioaren arloko zatiak ariketa hauek izango ditu:

–Gaztelania: Gaztelaniaren moduluei buruzko edukiak izanen ditu.

–Euskara (proba euskaraz egiten dutenentzat bakarrik): Euskararen moduluei buruzko edukiak izango ditu.

–Atzerriko Hizkuntza: Atzerriko Hizkuntzaren moduluei buruzko edukiak izango ditu. Izangaiek Frantsesa edo Ingelesa aukeratzen ahalko dute.

Zientzia eta teknologiaren esparruko ariketek Matematika–Teknologia eta Natura eta Osasuna moduluetako edukiak izango dituzte.

Gizarte Gaien arloko ariketen erreferentzia Gizartea moduluetako edukiak izango dira.

Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu eta behar diren baliabide teknikoak eta langileak jarriko ditu inskribatzeko unean desgaitasunen bat dutela agiri bidez egiaztatzen duten pertsonek probak baldintzarik egokienetan egin ditzaten.

5.2. Proba egiteko epea.

Ariketak egun bakarrean egingo dira, goizez eta arratsaldez.

Goizeko saioan, 10:00etan hasita, Zientzia eta Teknologiaren arloko eta Gizarte Gaien arloko ariketak egingo dira. Gehienez ere hiru ordu eta erdian egingo dira: bi ordu eta erdian Zientzia eta Teknologiaren arloa, eta ordubetean Gizarte Gaien arloa.

Arratsaldeko saioan, 16:00etan hasita, Komunikazioaren arloko ariketa egingo da. Saio horrek bi ordu eta 30 minutu iraungo du, gehienez ere.

5.3. Kalifikazioa.

Probaren kalifikazioa orokorra izango da hura osatzen duten hiru arloetako bakoitzean. Emaitzak honela jasoko dira: Gutxiegi (G), Nahikoa (N), Ongi (O), Oso ongi (OO) eta Bikain (B). Kalifikazio horrekin batera, batetik hamarrera bitarteko adierazpen zenbakizkoa ere emango da, dezimalik gabe, baliokidetasun hauen arabera:

  • Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4.
  • Nahikoa: 5.
  • Ongi: 6.
  • Oso ongi: 7 edo 8.
  • Bikain: 9 edo 10.

Gutxiegi kalifikazioa (G) negatiboa izango da, eta gainerako laurak positiboak.

Izangaiak salbuetsiak dituen arloetan Salbuetsia (SALB) adieraziko da, eta horrekin batera agertuko dira salbuespena egitea ahalbidetu duten gaien, arloen, moduluen edo multzoen batez besteko aritmetikoaren ondoriozko kalifikazioa eta zenbakizko nota.

Aurreko deialdietan gainditutako arloak ADG letren bidez adieraziko dira, eta horrekin batera, kalifikazioa eta zenbakizko nota jasoko dira. Gai kalifikazioa Nahikoaren baliokidea izango da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Komunikazioaren arloaren kalifikazioa aterako da zatien batez besteko ponderatua aplikatuz, ehuneko hauen arabera:

–Proba gaztelaniaz egiten bada: Gaztelania %75 eta Atzerriko hizkuntza %25.

–Proba euskaraz egiten bada: Gaztelania %37,5, Euskara %37,5 eta Atzerriko hizkuntza %25.

Hiru jakintza arloak gainditzen dituzten izangaiek proba gaindituko dute, eta epaimahaiak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua jaso dezatela proposatuko ditu.

5.4. Emaitzen argitalpena. Erreklamazioak.

Epaimahaiak aditzera emango du, ariketak egiten direnean, emaitzak noiz jarriko diren jendaurrean, zein diren erreklamazioak egiteko epeak, eta ziurtagiriak noiz eta nola jasoko diren.

Probak ebaluatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu emaitzak “Félix Urabayen” NHBHIko iragarki-taulan, “2019an DBHko graduatu titulua eskuratzeko probak” tramite-katalogoen izeneko fitxan; www.navarra.es atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Proben kalifikazioekin ados ez badaude, izangaiek idatzizko erreklamazioak (III. eranskineko ereduaren arabera) egiten ahalko dizkiote epaimahaiburuari, emaitzak argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean.

Izangairen bat ez badago ados erreklamazioaren emaitzarekin, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du Hezkuntza Departamentuari zuzendua, hilabete bateko epean.

5.5. Dokumentazioa.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak ebaluazio akta beteko du, ebazpen honen IV. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz, eta jendaurrean jarriko ditu, proben behin betiko emaitzak ezagutzera emateko.

Proben ebaluazio aktak probak egiten diren ikastetxeko idazkaritzan artxibatuko dira.

Epaimahaiak behin-behineko ziurtagiria egingo die proba librea gainditzen duten pertsona guztiei, V. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz.

Proba librea gainditu ez eta, horrenbestez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua jasotzeko proposatu ezin diren izangaiei, jakintza arloren bat gainditzen baldin badute, gainditu duten arloa edo arloak ziurtatzeko agiri bat egingo zaie, lortutako kalifikazioa eta zenbakizko puntuazioa adierazita, VI. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz. Izangaiei kalifikazioak gordeko zaizkie hurrengo deialdietarako eta Espainiako lurralde osorako balioko dute.

Proba egiten den ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Departamentura igorri beharko du deialdi bakoitzean proba librea gainditzen dutenei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko proposamena.

Ikastetxeak, orobat, deialdi bakoitzeko aktaren kopia bat eta ebazpen honen VII. eranskinean agertzen diren emaitzen estatistikaren fitxa igorriko ditu Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora.

Parte-hartzaileek egiten dituzten ariketak ikastetxean artxibatuta gordeko dira 3 hilabetez gutxienez, erreklamazioren bat jartzen denean izan ezik. Kasu horretan, prozesua ebatzi arte gorde beharko dira.

II. ERANSKINA

DBHko graduatu titulua eskuratzeko proba libreetan inskribatzeko inprimakia.

III. ERANSKINA

Erreklamaziorako inprimakia.

IV. ERANSKINA

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba librearen ebaluazio akta.

V. ERANSKINA

Tituluaren behin-behineko ziurtagiria.

VI. ERANSKINA

Gainditutako arloen ziurtagiria.

VII. ERANSKINA

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratzeko proba libreko emaitzen estatistikaren taula.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1814258