2. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

301E/2017 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendariak emana, San Adriango udal-mugartean elikagai aurrekozinatuak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra General Mills San Adrián SL da. Aldaketaren xedea da arto-tortillak prestatzeko Elote lerro berriaren proiektua gauzatzea; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 28ko 324E/2015 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 213E/2016 Ebazpenaren bidez aldatua.

2016ko urriaren 10ean, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, Elote izeneko lerro berri bat ezartzeko, arto-tortillak prestatuko dituena. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2016ko urriaren 24an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” dela zioen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

2016ko abenduaren 28an, Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura hasi zen, dagokion proiektua aurrera eraman ahal izateko, hots, kanpoko nabean 529 m²-ko eremu bat egokitzea okindegi gisa eta areto zuri ziurtatu gisa erabiltzeko; horren ondorioz atmosferara emisioak egiteko beste bi foku izanen dira (43. eta 44. zenbakidunak).

Bestalde, 2017ko martxoaren 27an, titularrak eskatu zuen bi hondakin mota gehiago sar ditzatela ekoizten ahal dituen hondakinen zerrendan (Ingurumen baimen integratuaren III. eranskina), hots: LER 150104 kodea dutenak (metalezko ontziak) eta 150107 kodea dutenak (beirazko ontziak).

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–San Adriango udal-mugartean elikagai aurrekozinatuak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea. Aldaketaren xedea da arto-tortillak prestatzeko Elote lerro berria ezartzeko proiektua gauzatzea; horren ondoroioz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak. Instalazioaren titularra General Mills San Adrián SL da.

Bigarrena.–Aldaketa abiarazi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunean eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unean. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau General Mills San Adrián SLUri, San Adriango Udalari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko azaroaren 7an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1712879