163. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1574/2018 EBAZPENA, 2018ko abuztuaren 2koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deialdia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “Tuspeaking 0011-1365-2018-000157”.

2018ko uztailaren 30ean, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deialdia egiteko eskatu zuen, proiektuko lankide gisa “Tuspeaking 0011-1365-2018-000157” ikerketa proiektua egiteko. Ikerketa proiektuaren ikertzaile arduraduna José Javier Astrain Escola da, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikitako kontratupeko irakasle doktorea.

Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak proposatu ondoren.

Ikerketako errektoreordea ez dagoenez, hura ordeztuz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2015eko ekainaren 24an emandako 1042/2015 Ebazpenaren hamabosgarren atalean (127 zenbakiko NAO, 2015eko uztailaren 2koa) ezarritakoarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaprobetarako deialdia egitea ikertzaileen lan kontratazioa egiteko “Tuspeaking 0011-1365-2018-000157” ikerketa proiektua garatzeko.

Bigarrena.–Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa onestea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau helaraztea Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 2an.–Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordea, Manuel Rapún Gárate.

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: “Tuspeaking 0011-1365-2018-000157”.

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: liburutegietako interakzio ereduen integrazioa. Ahots kudeaketako liburutegiaren garapena. Testuingurua modelatzeko arauen definizioa. Ahotsa ezagutzeko eta ontologietan integratzeko liburutegien garapena. Audio interakzioa erabiltzaileekin balidatzea.

–Kontratu mota: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartu zuen erabaki baten bidez onetsitakoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa.

–Iraupena: 2019ko abenduaren 31ra arte, kontratua sinatzen denetik.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 15. artikulua garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, iraupen hori orientagarria da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funts falta kontratua iraungitzeko zioa izango da.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egongo da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: FEDER Funtsekin kofinantzaturiko kontratuak.

–Argitaratzeko tokia: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izango dute.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Gutxienez ere 300 ECTS dituen Graduko, Masterreko, Lizentziaturako edo Ingeniaritzako titulazio akademiko ofiziala, edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagozkion titulazioak.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.

2.2.–Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa-espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, egokitzat jotzen dituen merezimendu egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruña / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistrora.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaien onarpena.

4.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2.–Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.

4.3.–Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izango dira eta ez dute probarik egingo.

4.4.–Erreklamazioak egiteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5.–Izangaiak hautaketa prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6.–Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako erantzunkizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.

6.1.–Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2.–Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean argitaratuko da.

6.3.–Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

7.–Hautapen Batzordea.

Batzordeburua: Jesús Villadangos Alonso doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: José Javier Astrain Escola doktorea, kontratupeko irakaslea, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Batzordekidea: Alberto Córdoba Izaguirre doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Hautapen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: Blanca Bujanda Cirauqui doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Idazkaria: Pedro Jesús Pagola Martínez doktorea, kontratupeko irakaslea, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Batzordekidea: Óscar Ardaiz Villanueva doktorea, kontratupeko irakaslea, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari edo kontratupekoak jasotzen duen beste edozein ordainsariri buruzko datuak lagako zaizkio erakunde horri. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta haren oinarrien aurka zilegi da errekurtso hauetako bat aurkeztea, indarreko araudian xedatutakoarekin bat:

a) Aukerako berraztertze errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hautapen Batzordeak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituen gainerako egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

Hautatzeko irizpideak

1. atala: ikasketa-espedientea

Puntuak:

4

Titulazioaren ikasketa-espedientea proportzionalki balioetsiko da, 4 punturekin gehienez ere.

Izangaia 300 ECTS kreditu egindako ingeniaria, lizentziaduna, arkitektoa edo graduduna edo masterra duen graduduna bada, titulazioa 4 punturekin balioetsiko da gehienez ere.

Izangaia, masterrarekin ere, 300 ECTS kreditura ailegatzen ez bada (gradua, ingeniaritza teknikoa, diploma, arkitektura teknikoa), 4 puntura bitarte balioetsiko da, proportzioan, titulazioaren eta masterraren ECTS kopuruaren portzentajea aintzat hartuz.

Kasu batean zein bestean, ateratzen den puntuazioa 1 faktoreaz biderkatuko da baldin eta izangaiak honako tituluetako bat badu: Informatika Ingeniaritza, Informatika Ingeniaritza Teknikoa, Telekomunikazio Ingeniaritza, Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoa, Telekomunikazio Teknologiak, Industria Ingeniaritza, Industria Ingeniaritza Teknikoa, Industria Teknologietako Ingeniaritza, Informatika Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra, Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra edo Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra. Bestelako titulazioa bada, 0,5 faktoreaz biderkatuko da.

Izangaiak aurkezten duen titulazio bakoitza dagokion faktoreaz biderkatuko da.

Izangaiak 300 ECTS kredituko lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo gradua aurkezten badu, titulazio bakarra hartuko da kontuan; 300 ECTS kreditutik beherako ingeniaritza teknikoa, diploma, arkitektura teknikoa edo gradua aurkezten badu, titulazio bakarra hartuko da kontuan izangaiak deialdira sartzeko bide gisa aurkezten duen masterrarekin batera.

2. atala: lan esperientzia

Puntuak:

10

–Lankidetza bekak edo ERASMUS bekak izatea: gehienez ere 0,5 puntu urteko, kontratu honen xedearekin duen loturaren arabera.

–Ikerketa proiektuekin loturiko kontratuetan parte hartu izana edo lan esperientzia kontrastatua izatea jarduera hauetakoren batean: hardwarearen edo softwarearen garapena sistema aeronautikoetarako eta ibilgailuetarako, datuak transferitzeko protokoloak bide diren sareetan eta sentsore-sareetan, sistema xurgatuak, eta protokoloen eta zerbitzuen egokitzapena belaunaldi berriko gailuetarako, irudien analisia. 2 puntu kontratu urte bakoitzeko.

Bi kasuetan, iraupen eta arduraldi txikiagoko aldiek puntuazio proportzionala emango dute.

3. atala: beste merezimendu batzuk

Puntuak:

30

–Ezagupenak C programazioan, C++, XCode, Objective-C, Java, Visual Studio C#NET, Javascript: 4 puntu gehienez ere.

–Garapen inguruetako ezagupenak: Xcode, Android Studio, Visual Studio, Eclipse, Netbeans: 4 puntu gehienez ere.

–2D motor grafikoetako ezagupenak: 4 puntu gehienez ere.

–3D animazioko eta modelatuko ezagupenak: Blender, 3DS Max, Maya: 8 puntu gehienez ere.

–Ezagupenak ordenagailuaren bidezko grafikoetako eta bideo-jokoen garapenean: OpenGL ES 1, 2 eta 3, WebGL: 8 puntu gehienez ere.

–Ezagupenak ahotsa ezagutzeko liburutegien garapenean eta erabileran: 8 puntu gehienez ere.

–Sariak jaso dituzten prototipoen edo produktuen garapena: 4 puntu gehienez ere.

–Testuinguru-ereduen garapena: 4 puntu gehienez ere.

–Ingelesa jakitea: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera: 1 puntu (B1 maila edo handik gorakoa).

4. atala: banakako elkarrizketa

Puntuak:

6

Aurreko ataletan gutxienez 25 puntu atera dituztenei baizik ez zaie egingo elkarrizketa. Hautagaiak deialdi honen xede izan eta garatu behar diren jardueretarako egokiak ote diren aztertzea da elkarrizketaren helburua.

Hautaketa prozesua gainditzeko, gutxienez ere 26 puntu ateratzea eskatuko da.

Hautaketa prozesuaren azken emaitzan gertatzen diren berdinketak 3. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 2. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde; eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, zozketaren bidez ebatziko dira.

Iragarkiaren kodea: F1810252