144. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

888/2018 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketako laguntzen 2018rako deialdia eta oinarri arautzaileak, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Eskumen horien barnean dago nekazaritza eta basogintzaren sektorea garatu, modernizatu edo egokitzeko sustapena, azpiegiturak eginez, lurrak finkatzeko eta hobetzeko, eta energiaren eta uraren hornidura eta aurrezpena eginez.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 71. artikuluak arautzen du nola eskuratu inbertsioetarako finantzaketa, baita haren zenbatekoa ere, barne banaketako obretan, presiozko sareen bidezko barne banaketarako, baita lurralde hobekuntzetan, nekazaritza azpiegituren xedeko jarduketa eremuetan lurrak ureztalur bihurtzen direnean edo ureztatzea modernizatzen denean. Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzen duen erregelamenduak (martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsia) adierazten ditu irizpideak ezartzeko zer diru-laguntza portzentaje jaso dezaketen, aipatutako inbertsioengatik, toki entitateek edo parekatutako erakundeek.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapena arautzen du Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF) eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren (EB) 1698/2005 Erregelamendua; haren 17. artikuluan aktibo fisikoetan inbertitzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri berariazko gisa, berriz, artikulu horren 1. c) puntuan zehazten zena, honako honi buruz: nekazaritza eta basogintzaren sektorea, silbikultura, garatu, modernizatu edo egokitzeko azpiegiturak, barnean direla nekazaritza eta baso azaleretarako sarbidea, lurrak finkatzea eta hobetzea, eta energiaren eta uraren hornidura eta aurrezpena.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako programak (onetsi zena Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko C (2015) 8143 Erabakiaren bidez) azpineurri hau barne hartzen du. Horren barnean dago “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketa. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA analisia (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzailea xede, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz.

Zehatz-mehatz, 1305/2013 Erregelamenduaren 17. artikuluari jarraikiz, eragiketa hau Batasuneko landa garapenak duen lehentasun honi dagokio: “ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta oihanen kudeaketa iraunkorra bulkatzea”.

1305/2013 Erregelamenduaren 46. artikulua, ureztaketa instalazioetako inbertsioek bete beharreko baldintzei buruzkoa, bete beharko da, honako hauei dagokienez: plangintza hidrologikoa, ingurumeneko azterketa, ukitutako ur-masen egoera eta uraren aurrezpenaren ebaluazioa, baldin dauden ureztaketa sistemak hobetzen badira.

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboak.

Ikusirik Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzak aldeko txostena eman duela ebazpen proposamenari buruz.

Deialdi honen 2019rako gastu konpromisoa 1.000.000 euroz azpikoa denez, ez da beharrezkoa Nafarroako Gobernuak aldez aurretik baimena ematea; halaxe xedatu baita Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legearen 40.7. artikuluan.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

“Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketarako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dira, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den bezala.

2. Deialdiaren onespena.

Laguntzen deialdia onesten da “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketan, 2018ko ekitaldirako, aurreko puntuan ezarritako oinarri arautzaileekin eta baldintzekin bat.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 953.992 euroko gastua baimentzen da, honako partida honen kargura: 2019ko gastu aurrekontuko partidetatik 2018ko Aurrekontu Orokorretako 720000 71510 7609 414100, “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko partidaren baliokidea den horren kargura.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2018ko deialdian.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Laguntzak aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak xedatutakoa betetzea aktibo fisikoetan inbertitzeko neurriari dagokionez, baita haren azpineurri berariazkoari dagokionez ere, zeina zehazten baita 1305/2013 Erregelamenduaren 17. artikuluko 1.c) puntuan. Halaber, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari (DDBN) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Diru-laguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratu beharko dira.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Halaber, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko uztailaren 17an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, honako laguntza hauek emateko: Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketarako laguntzak.

1. oinarria. Xedea.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketarako laguntza arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17.1. a) artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenarako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren (EB) 1698/2005 Erregelamendua.

2. Laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira, berariaz, ureztaketarako azpiegituretarako laguntzak baldin horien titulartasuna zuzenbide pribatuko pertsona juridikoek badute, baita lurzatien barnean dauden ureztaketarako instalazio pribatuak ere.

2. oinarria. Eragiketaren xedea.

1. 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan finkatutakoari jarraikiz, eragiketa honen helburu orokorrak dira nekazaritza eta basogintzaren sektorea garatu, modernizatu edo egokitzeko sustapena, inbertsioak eginez, ureztaketako azpiegiturak hobetzeko, modernizatzeko, lurrak ureztalur bihurtzeko edo horiek handitzeko, betiere horien titulartasuna edo kudeaketa zuzenbide publikoko pertsona juridikoei badagokie.

2. Eragiketa honek erantzuten die Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan identifikatutako beharrei, zehazki N04 (Nekazaritzako industriako eta basogintzako enpresen lehiakortasuna handitzea) eta N21 (Nekazaritzako eta basogintzako ekoizpen sistemekin lotutako azpiegiturak indartzea) beharrei, eta, bereziki, bultzatzen ditu 1305/2013 Erregelamenduak (EB) ezarritako Batasunaren lehentasunak:

2. lehentasuna: Eskualde guztietako nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea.

5. lehentasuna: Baliabideen efizientzia sustatzea, eta babesa ematea nekazaritza, elikadura eta basogintza sektoreetan bestelako ekonomia batera igarotzeari, hots, karbono gutxiko eta klima aldaketari aurre eginen dion ekonomia batera igarotzeari: 5. a) Eraginkortasun handiagoa nekazaritzako uraren erabileran; 5. b) Eraginkortasun handiagoa nekazaritzako energiaren erabileran.

6. lehentasuna: Gizarteratzea, pobreziaren gutxitzea eta garapen ekonomikoa sustatzea landa eremuetan.

3. oinarria. Entitate onuradunak.

Foru Administrazioa bera da finantza onuraduna. Nolanahi ere, eragiketa honen azken onuradunak dira behin obrak bukaturik horiek jasoko dituzten udalak.

4. oinarria. Onartua izateko irizpideak.

1. Laguntzen eskaera aurkezteko egunean onartuak izateko irizpide hauek bete behar dituzte neurriaren azken onuradunek:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea.

b) Toki entitateak edo erakunde parekatuak bete beharko ditu Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5 artikuluan ezarritako baldintzak.

2. Onar daitezke honako baldintza hauek betetzen dituzten jarduketak:

a) Jarduketa koherentea izanen da Ebroko Arroa Espainiako barrutiko Plan Hidrologikoarekin, kontuan izanik haren helburuak, ekipamenduak, erreserbak eta neurrien programa.

b) 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 46. artikuluko baldintzak beteko dituzte ureztaketa instalazioek:

I) Inbertsio planean jasotako laguntzaren xede den azalerari dagokion ura neurtzeko moduko kontagailua sartzea inbertsioaren barnean, edo neurketa hori egiten duten gailuak aitzinetik badirela frogatzea.

II) Ureztaketa hobetu behar bada, aldez aurretik ebaluatzea hobekuntza horrek ahalbidetzen duela gutxienez ere uraren %10eko aurrezpen potentziala, orain dagoen instalazio edo azpiegituraren parametro teknikoen arabera.

III) Inbertsioak “ona” baino egoera okerragoan dagoen azaleko ur-masa bati eragiten badio, betiere Ebroko Arroa Espainiako barrutiko Plan Hidrologikoaren sailkapenaren arabera, ur kantitatearekin lotutako arrazoiengatik, inbertsioak bermatuko du uraren kontsumoaren benetako murrizketa bat, inbertsioaren tamainaren araberakoa, eta, gutxienez, uraren %50eko aurrezpen potentziala ekarriko du, inbertsioari esker.

IV) Lurrak ureztalur bihurtu behar badira, inbertsioak diru-laguntza jaso dezake, bakar-bakarrik, ur-masaren egoera gutxienez “on” gisa kalifikatu baldin bada.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Ureztapen Planeko jarduketen zerrendan sartua egonen da jarduketa.

d) Jarduketa zer Ureztatzaileen Elkarteren barnean dagoen, haren onespen berariazkoa beharko du, baita lurren titularra den toki entitate edo erakundearena ere.

e) Nekazaritzako azpiegituren jarduketa orokorrak, baldin lurrak ureztalur bihurtu behar baditu, edo ureztaketa modernizatu behar badu, aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena izan beharko du, agintaritza eskudunak onetsia.

f) Ureztalur bihurtzeko edo ureztaketa modernizatzeko nekazaritzako azpiegituren jarduketa orokorraren perimetroaren barnean egonen da eragiketa. Aipatutako perimetroa foru dekretu bidez onetsi zen.

5. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak.

1. Diru-laguntza jaso dezakete Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 71.2.2. d) artikuluan jasotako inbertsioek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak nahitaez exekutatu beharreko interes orokorreko obrei dagokienez, baldin eta herri-lurretako barne banaketa ukitzen badituzte eta barne banaketarako azpiegitura hidraulikoko obrak badituzte, betiere instalazioen proiektu orokor batean jasota egonik, egiten direnean toki entitateen ondasunetan edo Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aipatutako erakundeen ondasunetan.

2. Inbertsioek ingurumenean kalterik ekar badezakete, lehenik beharrezkoa izanen da baimen egokia eskuratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera.

3. Inbertsio hauek baino ezin izanen dira diruz lagundu:

a) Barne banaketarako azpiegitura hidraulikoen obrak, herri-lurretan, barnean dela segurtasunaren eta osasunaren kapitulua.

b) Obren proiektua eta azterlanak idaztearen gastuak, baita proba teknikoenak ere, nahiz obren aurrekoak izan.

4. Ez dira diruz laguntzen ahal eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauek:

a) Gastu orokorrak eta BEZa. Orobat, ez da hautatzen ahal toki entitateei edo erakunde parekatuei dagozkien obren finantzaketaren zatia.

b) Eragiketa honen izaerak eta helburuek berekin dakarte bigarren eskuko ekipoak ez sartzea.

c) Eragiketa honen izaerak eta helburuek berekin dakarte gauzatan egindako ekarpenik ez onartzea: obrak egitea, ondasunak, zerbitzuak, lurrak eta ondasun higiezinak.

6. oinarria. Laguntza motak eta zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa hau izanen da: herri-lurretan edo parekoetan dagoen lurzatian presiozko sarea jartzeko inbertsioaren %50, baldin eta eskatzaileek betetzen badituzte martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren 10. artikuluan azaltzen diren konpromisoak eta betekizunak (foru dekretu haren bidez onetsi zen martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

7. oinarria. Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, eskaeren arteko hurrenkera ezartzeko. Gehieneko puntuazioa 40 puntukoa izanen da, eta laguntza jaso ahal izateko gutxienekoa, 10 puntukoa.

2. Eskaeren lehentasuna honela ordenatuko da:

a) Herri-lur guztien aldean, hornikuntza duen ureztalur portzentaje txikiena duten toki entitateak edo erakunde parekatuak. Eskaera egiteko azken egunean zehaztuko da ureztaketa egiteko instalazio osoa duen herri-lurren edo parekatuen azaleraren portzentajea, kontuan izanik zein den ureztalur izan daitekeen herri-lurren edo parekatuen azalera osoa, nekazaritza azpiegituren jarduketa eremuaren barnean. Eskaerak ordenatuko dira portzentaje txikienetik handienera, puntuak honela emanda:

% 0

20 puntu

> %0 - < %25

15 puntu

≥ %25 - < %50

10 puntu

≥ %50

5 puntu

b) Jarduketak ingurumeneko mugek ukitutako udalerrietan, Natura 2000 eremuetan egoteagatik. Gehienez ere 10 puntu emanen zaizkie, eta aplikatu beharreko eskala eginen da kalkulatuz zein den ukitutako lurra, udalerriaren lur osoaren aldean, zati 10.

c) Jarduketak ura kutsa daitekeen tokietan –nekazaritzatik etorritako nitratoengatik–, uren kutsadura gutxitzeko eta prebenitzeko.

5 puntu, baldin kutsa daitekeen eremuan badago, eta 0 puntu, ez badago.

d) Jarduketak lehentasunezko ustiategi portzentaje gehien dituzten toki entitateetan, ustiategi guztien aldean. Gehienez ere 5 puntuko baremoa ezarri da, honako tarte hauek dituena:

%100

5 puntu

< %100 - %50

3 puntu

< %50 - %25

Puntu 1

< %25

0 puntu

8. oinarria. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Behin eskaeren lehentasuna ezarririk, aurreko oinarriko irizpideak aplikaturik, diru-laguntza esleituko da, deialdian kreditu erabilgarriak ezarritako mugarekin.

2. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntza emateko, ezetsi eginen dira kontuan hartu ezin diren guztiak.

9. oinarria. Azken onuradunak diren entitateen betebeharrak.

1. Laguntzen azken onuradun diren entitateek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Esleitu beharreko loteen tamaina, gutxienez ere, nekazaritzako azpiegituretan esku hartu behar den eremuko oinarrizko ureztatze-azalera bezainbestekoa izateko konpromisoa, gutxienez ere hamabost urteko epean. Hala ere, honako inguruabarrak gertatzen direnean ez da ulertuko konpromiso hori bete gabe dagoela:

I) Oinarrizko ureztatze-azalera hori lortzea ezinezkoa denean, topografiaren, isolamenduaren edo ezintasun tekniko nabarmenaren ondorioz.

II) Herri-lurretan dauden eta gizarte funtzioa betetzen duten etxeko baratzeak direnean.

b) Eraldaketarako edo modernizaziorako jarduketaren xede diren herri-lurretako laborantza loteen aprobetxamenduari buruzko araudi berezia aurkeztea, toki entitateak edo parekoak onetsia. Araudi horrek barnean hartu behar ditu ondokoak:

I) Loteak esleitzeko lehentasun ordena, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluarekin bat datorrena.

II) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua erantzukizunetik salbuestea, ureztaketa-instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik sor daitezkeen kalteak direla-eta.

III) Tarifa-egitura ezartzea, oinarri finko batez eta unitateko kontsumoarekin lotutako bi blokez osatua, halako moldez non zigorra ezarriko baita, aipatutako martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren 10. artikuluak xedatutakoari jarraituz (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko Erregelamendua), baldin eta hektareako eta kanpainako kontsumoek gainditzen badute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak zona bakoitzean finkatutako erreferentziazko balioa.

IV) Kanpainaz kanpaina ureztalurretan ezarritako laboreei buruzko datu aipagarriak ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari edo horren sozietate publikoei, estatistika kontuetarako, eta nekazaritzako elikagaien eta energiaren industriek informazio hobea izan dezaten.

c) Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea, hala agiri bidezkoak, nola bertatik bertara egiten direnak.

d) Diru-laguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri eta, betiere, azkeneko ordainketaren justifikazioa baino lehen.

e) 50.000 eurotik gorako kostu osoa gainditzen duten inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, entitate sustatzaileak azalpen plaka bat paratu beharko du.

Plaka horretan proiektu edo eragiketaren azalpena agertuko da, horren %25 hartuko duena, gutxienez. Gainera, Europako ikurra agertuko da, behar diren arau grafikoen arabera, eta, harekin batera, goiburu hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

f) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

2. “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketan laguntza eskaera aurkezteak berarekin ekarriko du oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

10. oinarria. Etorkizunean bete beharreko konpromisoak.

1. Onuradunak onartuko ditu etorkizunean bete beharreko konpromisoak.

2. Honako hauek hartuko dira etorkizunean bete beharreko konpromisotzat:

a) Herri-lurretako edo parekatuen lote azaleren tamainari eusteko konpromisoa, gutxienez ere hamabost urtez azken ordainketatik hasita, salbuespen hauekin:

I) Oinarrizko ureztatze-azalera hori lortzea ezinezkoa denean, topografiaren, isolamenduaren edo ezintasun tekniko nabarmenaren ondorioz.

II) Herri-lurretan dauden eta gizarte funtzioa betetzen duten etxeko baratzeak direnean.

b) Diruz lagundutako instalazioa egoera onean izateko konpromisoa, betiere diru-laguntza zertarako eman eta xede horretarako, gutxienez ere bost urtez azken ordainketatik hasita.

c) Loteak esleitzeko lehentasun ordenari eusteko konpromisoa –Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluarekin bat datorren ordenari–, gutxienez ere hamabost urtez azken ordainketatik hasita.

11. oinarria. Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Bigarren eranskinean ezarritako ereduaren arabera aurkeztuko dira laguntza eskaerak, eta honako hauek izanen dituzte:

a) Obra proiektua eta, horrez gain, osoko bilkurak edo toki entitatearen organo baliokideak obra proiektu hori onartu duela erakusten duen ziurtagiria.

b) Ziurtagiria, 9.1 eta 10. oinarrietako konpromisoak onartzen direla dioena.

c) Adjudikazioa egin ondoren adjudikaziodunen zerrenda aurkezteko konpromisoa edo erantzukizunpeko adierazpena, toki entitatearen edo erakunde parekatuaren proiektu bakoitzeko, 4.1.b) oinarria betetzen dela frogatzeko.

d) Nafarroako Gobernuak inbertsioen finantzaketa onetsi ondoren eta Administrazioak obra kontratuaren lizitazio prozedura abiarazi baino lehen, bere kargurako %50eko ekarpen ekonomikoa egiteko konpromisoa. Ekarpen ekonomiko hori abala izan daiteke, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 68.3.a) artikuluan jasotako modu eta baldintzen arabera. Abala aukeratuz gero, eragiketaren azken onuradunek ordaindu beharko dute obren ziurtagiri bakoitzetik dagokien zenbatekoa, ziurtapeneko aldia bukatu baino 60 egun lehenago.

12. oinarria. Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute proposatutako kostuak moderatuak direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Ondorio horietarako, kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, instrukzio organoak sistema hauek erabiliko ditu:

a) TRAGSA estatuko sozietatean indarrean diren tarifak aplikatzea, haren web orrian aurreikusia dagoen bezala:

http://tarifas.tragsa.es/prestowebisapi.dll?FunctionGo&path=Tragsa2016W-Act-no-sujetas-Trgsa-Resto.cfg

b) Aurreko kasuan sartzen ez diren obra unitateak edo inbertsioak badira, edo prezio desberdina badute, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori osatuko dute eragiketa kudeatzen duen unitateak eta hango bi teknikarik, eta aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo bestela, aurrekontu alternatibo bat eskatuko.

2. Onuradunak horretarako aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien obra unitateak ez dira diruz lagungarritzat joko.

13. oinarria. Instrukzio organoa.

Eragiketa honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari dagokio; atal hori atxikita dago Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

14. oinarria. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio entitate interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Eskaera osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpideetan oinarriturik.

5. Diru-laguntza eman aurretik, lurretara bisita eginen da, nola dauden ikusteko. Baldintza hau ezinbestekoa da diru-laguntza emateko.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipen espedientean jaso beharko da entitate onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

15. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du gehienez ere 3 hilabeteko epean.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak, 7. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutenak eta onargarritasun irizpideak betetzen ez dituztenak, 4. oinarriaren arabera.

Dena dela, norgehiagokako prozeduraren eteteko puntuan gelditzen den eskatzaileak, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik laguntzarik jasotzen ez badu, dagoen aurrekontuaren araberako laguntza eskatzen ahalko du, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean. Halakoetan, proposatutako ekintzen artean zein mantentzen diren identifikatu beharko du. Eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean entitate onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko diru-laguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzaketarekin, “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketan.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da berariazko ebazpenik eman ez bada diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

16. oinarria. Eskaerak aldatzea.

1. Justifikatutako arrazoiengatik entitate onuradunak beharrezkotzat jotzen badu hasiera batean onetsitako proiektuan aldaketak egitea, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Obrak bukatu aurretik aurkeztuko da eskaera hori.

2. Proposatutako aldaketa behar bezainbat arrazoitu eta justifikatu beharko da.

3. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea. Onetsita ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira gehituko.

17. oinarria. Laguntzak ordaintzea eta obrak entregatzeko eskaera.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak behar diren ordainketa ebazpenak emanen ditu, egiten diren ziurtapenetan oinarriturik, eta, betiere, aurrekontuan kontsignaziorik izanez gero.

2. Entitate onuradunak obren entrega eskatuko du obrak bukatutakoan, eta entrega horrek jasoko du egoki diren laguntzak ordaindu direla.

18. oinarria. Murrizketak eta salbuesteak ordainketan.

1. Hamargarren oinarri arautzailean azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horiek noraino ez diren bete mailakatu eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, azken ordainketan jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere:

a) 10.2.a) oinarria ez dela bete egiaztatzen bada, bertan ezarritako salbuespenak salbuespen, diru-laguntza itzuli beharko da, mantendu ez den herri-lurretako edo parekatuetako lotearen azaleraren proportzioaren arabera.

b) 10.2.b) oinarria ez dela bete egiaztatzen bada, diru-laguntza itzuli beharko da, mantendu ez den instalazioaren azaleraren proportzioaren arabera.

3. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, entitate onuradunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

4. Ez-betetzeak errepikatzen badira, Batzordearen martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 35. artikuluan baztertzeei buruz xedatutakoari jarraituko zaio.

19. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen entitate onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako laguntza intentsitateak baino handiagoa ere.

20. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua, eragiketa honetarako laguntzetarako: Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko azpiegituretarako inbertsioak” (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1809243