144. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DEIERRI

Udal ordenantza, Udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituena. Behin betiko onespena

Deierriko Udalak, 2018ko otsailaren 8an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea “Deierriko udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza”.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 44. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 2an. Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, 2018ko ekainaren 14ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, ordenantza behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deierrin, 2018ko ekainaren 27an.–Alkatea, Ramiro Urra Marcotegui.

DEIERRIKO UDALERRIAN EUSKARAREN ERABILERA
ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Euskara udalerriko bi hizkuntzetako bat dela uste du Deierriko Udalak. Horrez gain, herritarrek euskara erabili eta sustatzearen alde duten jarrera islatu nahi izan du ordenantza honetan, Nafarroako Gobernuak orain arte egindako ikerketa soziolinguistikoek eta Udalak berak bildutako datuek hala erakutsi baitute.

Gainera, egiaztatu dugu herritar euskaldunak oro har gazteak direla, eta euskarazko matrikulazioaren portzentajea handia dela. Horrek guztiak, gizarteak euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, esan nahi du Deierrin, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egonen direla, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizarte sektore horrek euskaraz gero eta zerbitzu gehiago eman diezazkion eskatzen ahalko dio Udalari eta, segur aski, halaxe eginen du, legeak aitortzen dizkion hizkuntza eskubideak erabiliz. Udalak, berriz, behar den bezala erantzun beharko dio eskaera horri, zerbitzu publikoa denez gero.

Horrenbestez, ordenantza honen helburu orokorra da Deierriko herritarrek udal zerbitzuak eta arreta euskaraz jasotzen ahalko dutela bermatzea.

Aipatu behar da Espainiako Konstituzioak botere publikoen esku uzten duela Espainiako hizkuntzen kultur ondarea errespetatu eta babesteko zeregina; Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskara jakin eta erabiltzeko eta hura berreskuratu eta garatzeko; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen diela herritarrei eremu mistoan, eta aukera ematen duela zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta gainerakoetan, baloratua izateko.

Ez da ahaztu behar, bestalde, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa onetsitakoa, eta hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, besteak beste:

“... jendaurrean dauden agenteek eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin”.

“... eskualdeetako hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)”.

Aipatu den araudiarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak honako berariazko helburu hauek ditu:

1. Herritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik.

2. Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntzan kasu eginen zaiela.

3. Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

4. Zehaztea noraino agertuko den euskara Udalaren irudian.

5. Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz, ikusita zein administrazio prozedura ohikoenetan izaten ahal den laneko hizkuntza, eta horretarako batzorde bat sortzea.

6. Zehaztea euskara baloratzeko portzentajea, hura jakitea nahitaezkoa ez den lanpostuetan, azken horietan euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal den neurrian, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

7. Irizpidea ezartzea kale, auzo eta hiriko bestelako elementuen izendegirako.

8. Euskara sustatzeko bestelako jarduerak bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

9. Udalaren barne funtzionamenduan euskararen erabilera sustatzea.

3. artikulua. Ordenantza hau Deierriko Udalaren udal-mugartean aplikatuko da, halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian, eta erakundeak, autonomoak izan ala ez, eta zentro mankomunatuak, haren menpe daudenak.

4. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Deierriko Udalak Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuei (tokikoak, autonomikoak, periferikoak) edo euskara ere hizkuntza berezkoa edo ofiziala duten erkidegoetako administrazio publikoei zuzentzen dizkien agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak ele bitan idatziko dira oro har, hau da, euskarri berean, 29/2003 Foru Dekretuan adierazitakoa ukatu gabe.

Ordenantza honen ondorioetarako, ele bitan idatzitako agiriak dira testua osorik eta euskarri berean bi hizkuntzetan agertzen dutenak. Horretarako, begiratuko da diseinuan bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala bereizirik ager daitezen eta testua argi gelditzeko moduan banaturik.

6. artikulua. Edozein agiri bidaltzen dioten administrazio publiko, entitate edo erakunde horiei Deierriko Udalak ele bitan idatz dezatela eskatuko die.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

7. artikulua. Herritarrek Deierriko Udalarekin euskaraz nahiz gaztelaniaz aritzeko eskubidea dute.

8. artikulua. Idatziz Udalari euskaraz egiten diotenei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Aurkeztutako idazkiari erantzuteko hizkuntza-gaitasuna duen udal langile elebidunik ez bada, itzulpen zerbitzua erabiliko da. Zerbitzu hori Udalarena berarena izan daiteke, edo beste zerbitzu publiko nahiz pribatuena, eta herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du, eta Udalak jakinarazi behar dion erabaki edo erantzunarena. Gaztelaniazkoarekin zenbat egun, horren pareko epean eman beharko da erantzuna.

Halaber, Udalak onartuko ditu pertsona fisikoen komunikazioak, berriemailearen lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan zuzentzen zaizkionak, betiere euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

9. artikulua. Administrazioari ahoz euskaraz egiten dionari euskaraz erantzunen zaio, telefonoz zein bertan agertuta.

Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko dira.

10. artikulua. 8. artikuluan ezarritako ondorioetarako, Udalak jarduketa plan bat diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko, ordenantza honetako V. kapituluan aurreikusitako moduan.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpoko irudia

11. artikulua. Deierriko Udalak euskara eta gaztelania erabiliko ditu herritar guztiei zuzentzen zaienean.

Hartara, ele bitan izanen dira, euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez, ondoko hauek:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak, ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, horizontalak zein bertikalak.

f) Udalak, administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

12. artikulua. Udalak, publizitate eta zabalkunderako elementuak prestatzen dituenean, irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

1. Kartelen elementu guztiak ele bitan egotea.

2. Udalaren jardueren gaineko informazio eta propaganda liburuxkak ele bitan egotea.

3. Kultura, kirola eta abarreko jardueraren bat iragartzen duten liburuxketan, esku programetan, katalogoetan eta gisakoetan hizkuntzak honela erabiltzea:

a) Informazio orokorreko elementuak (tokia, data, ordua...) ele bitan agertuko dira.

b) Delako jarduera oinarritzen bada hizkuntza baten ahozko erabileran batez ere (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, etab.), hura azaltzeko elementuetan, hala nola esku programetan eta katalogoetan, jarduera zein hizkuntzatan eginen den, hori erabiliko da.

c) Jarduera beste lengoaia batzuen bidez garatzen bada (ikusizkoa, musikala, plastikoa, etab.), informazioa bi hizkuntzetan emanen da.

4. Udalaren web-orriko testu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egotea.

5. Udalaren eta haren mendeko erakundeen telefono zerbitzu automatikoa, egotekotan, euskaraz eta gaztelaniaz ematea.

6. Udaleko informazio aldizkaririk egiten bada, hura euskaraz eta gaztelaniaz egitea.

13. artikulua. 11. artikuluan aurreikusten diren kasuetarako, Deierriko Udalak ele biko formatua erabiltzeko eskatuko die ordenantza honen aplikazio eremuan diren seinaleen ardura duten administrazioei.

14. artikulua. Argitalpenak.

Deierriko Udalaren eta bere mendeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira interes orokorrekoak direnean eta herritar ororentzat direnean, interes turistikoa badute edo Deierrirentzat enblematikoak edo sinbolikoak badira.

15. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Udal jardueraren publizitatea eta hedapena baliabide idatzietan eta/edo ikus-entzunezko baliabideetan bi hizkuntzetan eginen da, esan nahi baita, euskaraz eta gaztelaniaz.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

16. artikulua. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zein lanpostutan jakin behar duten euskaraz haiek betetzen dituzten langileek, jendearekin harreman gehiago izateagatik edo administrazio prozedura normalduen katearen barnean duten lekuagatik.

Azterlan bat eginen da jakiteko zein udal esparrutan dagoen, ahoz nahiz idatziz, harreman gehiago herritarrekin; orobat, administrazio prozedura ohikoenak, aipatu esparru edo prozedurei lotutako lanpostuen euskara mailak, herritarrak zerbitzua euskaraz izanen duela bermatzeko zirkuitu elebidunen azterlana eta jarduketa plan bat, non euskara mailak eskuratzeko bitarteko eta baliabideak finkatuko baitira.

17. artikulua. Deierriko Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, euskaraz jakitea nahitaezkoa ez denean, merezimendua izanen da.

18. artikulua. Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Horregatik, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta, haien artean, euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen denean, aipatu eskubide hori bermatze aldera.

19. artikulua. Kapitulu honetan ezarritakoari dagokionez, euskararen ezagutza egiaztatzeko, jakite mailez egiten den proposamenari jarraituko zaio.

Nolanahi dela ere, euskara maila proba baten bidez egiaztatu behar bada, proba hori Euskarabideako egiaztapen unitateko teknikariek eginen dute.

20. artikulua. Euskara ikasten lagunduko zaie udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

1. Udalak hizkuntza prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan aurreikusiko dira lanaldiaren murrizketak, laguntza ekonomikoak eta egin litezkeen ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barnean.

2. Udal langileak hizkuntza prestakuntzarako plan horietan sartuta badaude edo dakiten euskara baloratu bazaie, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakitena erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Deierriko udal administrazioan egiten duten lanean.

21. artikulua. Lanpostua jabetzan duten langileek beren hartan segituko dute nahiz eta, printzipioz, esleitutako hizkuntza maila ez bete. Osoki balioko du, berriz, deialdi berrietan, barnekoak edo irekiak izan, merezimendu lehiaketetan edo lekualdatzeetan, eta edozein arrazoi dela-eta langileak ordezkatu behar direlarik (bajak, eszedentziak, oporrak, erretiroa...).

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

22. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honetan ezartzen dena aplikatuko da.

VII. KAPITULUA

Euskara sustatzea

23. artikulua. Deierriko Udalak, bere Euskara Zerbitzuak aurkezten dion proposamenetik abiatuta, urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

24. artikulua. Deierriko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan hartuko du parte eta orobat, beste udal entitate batzuekin koordinatuz, D ereduko eskolatze kanpainan, helduen irakaskuntzako matrikulazio kanpainan, euskara familian irakasteko kanpainan, Eguberrietan kultur produktuak sustatzeko katalogoaren kanpainan, euskal literatura sustatzeko Etxepare kanpainan eta euskarazko aldizkarietan edo hura sustatzekoetan, eta udako kanpaldietan eta halaber sor daitezkeen gainerako ekimenetan.

25. artikulua. Udalaren ludotekan eta liburutegian euskarazko irakurketa bultzatuko da euskaldunen artean, bai eta ele bitako beste jarduera eta jarduketa batzuk ere, udal ordenantza honetan ezarritakoaren ildotik.

26. artikulua. Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat, Deierriko Udalean indarrean dagoen ordenantzaren arabera.

27. artikulua. Udalak kirol, kultura, gazteria edo beste edozein arlotan eskaintzen dituen jardueretan zuzen erantzunen zaio herritar euskaldunen eskaerari, bereziki haur eta gazteenari, eta horren arabera aldatuko dira. Ordenantza honek ezarritako helburuak betetzeko, Udala euskararen presentzia handitzen ahaleginduko da, ibarrean egiten diren jarduera sozial guztietan.

28. artikulua. Ordenantza honek ezarritako helburuak betetzeko, kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira, eta diru-laguntza izanen dute Deierriko elkarte eta taldeen ekimenaz egiten direnek.

29. artikulua. Deierriko bezeroendako jarduketak (jakinarazpenak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, informazio eta seinalizazioko errotuluak...) ele bitan izatea eskatuko die Deierriko Udalak berarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei.

30. artikulua. Teknologia berriekin loturiko programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den neurrian, euskaraz zein gaztelaniaz lan egin ahal izateko moduan egokituta egon behar dute.

VIII. KAPITULUA

Toponimia

31. artikulua.

1. Izen ofiziala Valle de Yerri/Deierri da.

2. Udalerriaren izen ofiziala legezkoa da, ondorio guztietarako, Nafarroako lurraldearen barnean, eta errotulazioak horrekin bat eginen du.

3. Udal-mugarteko toponimia txikiaren modu ofiziala 201/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen eta Udalak erabiltzen ahalko du hiri barruko bideen izenetarako.

4. Betiere, Euskaltzaindia izanen da Udalaren organo aholku-emailea, gaian eskumen gorena baitu.

IX. KAPITULUA

Jarraipen Batzordea

32. artikulua.1. Deierriko udalak Euskarari buruzko ordenantzaren Jarraipen Batzordea sortuko du.

2. Jarraipen Batzordeak gaitasuna izanen du ordenantza honen betearazpenaren jarraipena egiteko, baita organo eskudunei proposamenak egiteko ere, edozein gairen gainean, hura betetzen dela bermatzearren.

Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Euskara Zerbitzuak informazio txostena eginen du ordenantzaren betetze mailari buruz, eta kasua bada, egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, bilatzen diren helburuak zuzen gauzatzeko.

3. Jarraipen Batzordeak, euskaldun kopuruaren diagnostikoa aurretik eginda, 26. artikuluan aipatutako helburuak betetzeko neurriak proposatuko dizkie organo eskudunei.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–V. kapituluko 16. artikuluan aipatzen den azterlana egiteko epea sei hilabetekoa izanen da, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Azterlan hori egiteko aholkularitza eskatzen ahalko zaio Euskarabideari.

Behin azterlana eginda, sei hilabeteko epea izanen da lanpostuak berrantolatzeko, egun Deierriko Udalak dituen baliabideekin, eta langileak euskalduntzeko plana prestatzeko, horiek ez badaukate betetzen duten lanposturako behar den euskara maila.

Bigarrena.–Deierriko Udalak, plantilla organikoa prestatzen duenean euskalduntze plana onetsi ondoko urterako, hartan ezarriko du zein lanpostutan den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

Hirugarrena.–Halaber, plantilla organikoan zehaztuko da halako lanpostu batzuetan behar den euskara maila, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

AZKEN XEDAPENA

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Iragarkiaren kodea: L1808440