129. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Ur Zerbitzuaren erregelamendua. Behin betiko onespena

Faltzesko Udalak, 2018ko apirilaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Faltzesko Udalaren Ur Zerbitzuaren erregelamendua. 2018ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 27an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Faltzesen, 2018ko ekainaren 12an.–Alkate udalburua, Valentín García Olcoz.

FALTZESKO UDALAREN UR ZERBITZUAREN ERREGELAMENDUA

ATARIKOA

Definizioak eta terminologia.

1. artikulua.

Erregelamendu honetan aipatzen direnak errazteko, uraren hornidura zerbitzua erabiltzen duenari, hemendik aurrera ‘’abonatua’’ esango zaio.

Uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuaren eskumena duen administrazioari, Faltzesko Udala baita, “Udala” esango zaio.

Hargunea: hornidura bakoitzeko ur banaketaren sarean, zein tokitan egiten den lotunea, huraxe izango da hargunea abonatu batentzat nahiz gehiagorentzat kontrataturiko hornidura emateko.

Kontratua, hornidura kontratua gauzatzeko erabiltzen den Udalaren agiri ofiziala da.

Neurgailuak: kontagailuak, emarimetroak eta neurtzeko beste sistemak dira, Udalak normalizatuak eta Industria Ministerioak onartuak. Aparatu horiek, hodietan tartekaturik, horniduraren bolumena neurtzen dute.

Barne instalazio partikularra: izen hau ematen zaie, eraikinen barrenean ura banatzeko hodi multzoari eta horiek erabiltzeko elementuei; instalazio partikulartzat hartzen da lurzatiaren mugatik hasita.

Emarietarako instalazioak: kontsumoaren eskaera betetzeko, tratamendu instalazioetara beharrezko den ur kantitatea ekartzea xede duten fabrika-obrei, kontrol eta erabilpen elementuei eta hodi multzoari deitzen zaie horrela. Udalaren jabetzakoak dira.

Ur tratamendurako instalazioak: ura pertsonek erabiltzeko, beharrezko diren sailkapen eta arazketa lanak egiten dituzten makineria eta beste elementuei deitzen zaie horrela.

Erregulazio biltegiak: sarera igorri baino lehenago ura aldi baterako biltzen duten ontziak dira.

Banaketa sarea: jendea hornitzeko, herriko kaleetan ezarrita, ura presioz garraiatzeko gauza den hodi multzoari deitzen zaio, bere kontrol, erabilera eta gainerako elementuekin batera.

Banaketarako hargune partikularra: banaketa saretik hasi eta barne instalazio partikularrari lotua dagoen hodi multzoa da, izan ditzakeen erregistro eta ixteko giltzekin batera.

Hornitu gabeko puntua: horrela deitzen zaio hargunea paratu behar den lekuan banaketa sarerik ez duen tokiari.

Etxeko erabilerak: Udalaren iritziz bizigarritasuna egiaztatzen duen Bizigarritasun Zedula edo antzekoren bat behar duten etxebizitza edo eraikinetan egindako erabilera normalak dira, eta horien artean, edateko, garbiketarako eta higienerako ur kontsumoa.

Etxekoak ez diren erabilera orokorrak: instalazio guztietako kontsumoa da, hala nola biltegiak, erabilera pribatuko lokalak eta erabilerarik ez duten lokalak, haietan ekonomia jarduerarik garatzen ez bada.

Industriarako erabilerak: instalazio guztietako kontsumoa da, hala nola industriak, fabrikak, lantegiak, ostalaritzako establezimenduak eta, oro har, lizentzia fiskalpean diren jarduera guztiena daude horren barnean.

Merkataritza eta administraziorako erabilerak: denda eta bulegorako establezimenduetako kontsumoa da, lizentzia fiskalpean badira.

Eraikuntzetarako eta obrak egiteko hornidurak: mota guztietako obren eraikuntza edo eraberritze beharrak asetzeko xedea dutenak.

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua, xedea eta hornidura harremanaren izaera juridikoa

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Erregelamendu honek Faltzesko udal-mugarte guztian izango du indarra.

3. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Faltzesko Udalaren Ur hornidura eta saneamendu zerbitzuaren funtzionamendu eta administrazio arauak ezartzea. Haren kudeaketa Udalak egingo du, zuzenean.

4. artikulua. Hornidura harremanaren izaera juridikoa.

Administratiboa da Faltzesko Udalaren eta abonatuaren artean sortzen den harremanaren izaera juridikoa, abonatuak kontratua izenpetu eta horrela hornidura kontratua gauzatzen denean.

Horrenbestez, Udalaren eta abonatuaren artean sortzen ahal den edozein liskar-auzi administrazio legeriak jarritako bideei jarraikiz ebatziko da.

II. KAPITULUA

Zerbitzu publikoa eta hornitu beharra

5. artikulua.

Udalaren Ur hornidura zerbitzua publikoa da. Hortaz, nahi duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek dute hartaz baliatzeko eskubidea, erregelamendu honek ezartzen dituen betebeharrez aparteko beste mugarik gabe.

6. artikulua.

Udalak ez bestek egingo du ur horniduraren kontzesioa, eta berak kontratatuko ditu hornidura, zein baldintzatan egingo den zehazten duen kontratua formalizatuz.

Hornidura nahi duten eskatzaileek Udalari egingo diote eskabidea, zenbateko emaria eta zein jardueratarako behar duten zehaztuz. Udalak, berriz, honako hauei buruz emango dizkie argibideak: instalazio partikularretan behar diren baldintzak, hornidura gauza daitekeen ala ez, ezarriko zaien tarifa mota eta alta eskubideen zenbatekoa.

7. artikulua.

Udala beharturik dago, bere esku dituen baliabide eta instalazioekin nahiz etorkizunean lor ditzakeenekin, abonatuen harguneetara edateko ura eramatera, erregelamendu honetan ezartzen diren baldintzen arabera eta indarra duen hirigintzako legeriari nahiz orokorrari jarraituz.

8. artikulua.

Udala beharturik dago etxeko erabilerako ur hornidura ematera, horretarako eskabidea egiten dioten pertsona edo entitate guztiei, aipatu hornidura Udalaren eskumenaren esparru barnean diren eraikin, lokal edo aretoetarako bada eta, kasu bakoitzean, hirigintzari buruz indarra duen erregelamendua betetzen badu.

9. artikulua.

Udalak, une bakoitzean, eskura duen ur kopuruaren arabera emango du industriarako hornidura.

Hornidurarako sare orokorrik ez dagoen lurzoru urbanizaezinean hornidura ematea mugaturik dago 50 metrora gehienez ere, hiri lurzoruaren mugatik hornidura eskatzen den guneraino. Udalak, une bakoitzean, eskura duen ur kopuruaren arabera emango du hornidura. Hornidura eman aurretik ezinbestekoa izango da putzu septikoa edo hondakin uren tratamendurako sistema baimendua edukitzea.

La Vergalada industrialdea hornitzen duen sareko hornidura ematea mugaturik dago haren industria erabilerarako.

10. artikulua.

Ez da dohaineko hornidura ematen ahal inola ere.

11. artikulua.

Udalak kontratuak izenpetzeari uko egin ahal dio honako kasu hauetan:

1.–Hornidura eskatzen duen pertsona edo entitateak uko egiten dionean kontratua sinatzeari, hura eredu ofizialaren arabera eta ur horniduraren kontratazioaren gainean Udalean indarra duten xedapenak jarraituz prestatua izanik.

2.–Eskatzailearen instalazio partikular eta/edo orokorrak Udalaren ustez betetzen ez baditu instalazio horientzat finkaturik dauden betebehar orokorrak edo Udalak horiek egiteko emandako ohar partikularrak.

Kasu horretan, Udalak aurkitutako okerren berri emango dio interesdunari, hark zuzen ditzan.

3.–Hornidura eskatzen duenak Udalarekin duen betebehar fiskalak ordaindu gabe dituela frogatzen denean.

III. KAPITULUA

Udalaren eta abonatuaren betebeharrak

Udalaren betebeharrak.

12. artikulua.

Zerbitzu emateagatik, Udalak, oro har, betebehar hauek izango ditu:

1.–Bere abonatuei hornitutako urak, indarra duen erregelamenduak eskatzen dituen osasun eta edangarritasun baldintzak betetzea.

2.–Uraren hargune, eramate, tratamendu, banaketa eta lotunerako instalazioak zaindu eta kontserbatzea (finkatu edo urbanizatu gabeko eraikuntza lekuetan salbu).

3.–Matxurei buruzko oharrak jasotzeko zerbitzua izatea abonatuen eskura.

4.–Ahal denean eta modu egokiena erabiliz, ur horniduran gerta daitekeen aldaketa edo etenen berri ematea abonatuei, hori posible den guztietan.

13. artikulua.

Aurreko artikuluan xedatua eta Udalaren hornitu beharra gora-behera, hornidura behin-behinekoz eteten edo murrizten ahal du, inori ohartarazi gabe eta inongo erantzukizunik gabe, bere iduriz, horniduraren behar orokorrek edo bere borondatetik kanpoko funtsezko arrazoiek horixe eskatzen dutenean.

Abonatuaren betebeharrak.

14. artikulua.

Erregelamendu honetan berariaz ezarritako betebeharrez gainera, abonatuak honako arau orokor hauek bete beharko ditu:

1.–Behar duen ura baizik ez du erabiliko, beharrik gabeko gehiegizko kontsumorik egin gabe, hornidura sareko erabiltzaile guztiek ura hobeki eduki ahal izan dezaten.

2.–Atzemandako edozein matxuraren berri ematea lehenbailehen Udalari, barne instalazio partikularrean ez bada, 12.2 artikuluaren kasuetan, batez ere matxurek alferrikako jarioa edo ur galtzea badakarte.

3.–-Edozein inguruabar dela medio, ohiko ur kontsumoaren erregimena funtsean aldatu edo kontsumitu beharreko uraren erabilera mudatzen denean, Udalari horren berri ematea, tarifa aldaketarik ekarriz gero.

4.–Eraikinaren barne instalazio partikularra ahalik eta kontu handienaz erabili, zaindu eta mantentzea.

5.–Udalekoak izan nahiz, beste nonbaitekoak izanik, Udalak baimenduak izan, ikuskapen lanean edo neurgailuak markatzen duena ikustera datozen langileei, beren eginbeharra bete dezaten laguntzea hornidura duen finka, etxebizitza edo lokal nahiz eraikinera sartzen utziz.

6.–Udalak zerbitzuaz edo harekin ikusteko dutenez eskatzen dituen datuak ahalik eta zehatzen ematea.

15. artikulua.

Abonatuak ezin izango du:

1.–Inolaz ere ez, Udalaren hornidura instalazioei bertze iturri bateko urik sartzea, nahiz ur hori edatekoa izan.

2.–Aurretik baimenik izan gabe, Udalaren instalazioei presioko hodiak paratzea, ez eta hargunean horniduraren baldintzak aldatu eta hortaz sare orokorrean eta beste abonatuei emandako zerbitzuan eragina izango duen ponpa edo beste tresnarik ere.

3.–Udalak hornitutako ura, ohikotasunez, berriro saldu edo dohainik ematea.

4.–Udalak agindutakoa bete gabe, ur horniduraren erabilera hirugarren pertsona bati uztea.

5.–Udalaren baimenik gabe, neurgailuetarako sarbideak aldatzea.

6.–Ur hornidura, kontratatu ez diren helburuetarako erabiltzea.

7.–Udalaren instalazioetan eskua sartzea, baita neurgailuetan ere, nahiz eta horiek abonatuenak izan.

8.–Neurgailuek kontrolatu gabeko ur kontsumoak egitea edo hori egiteko, instalazioetan aldaketarik sartzea.

9.–Neurgailuen prezintuak irabazi asmoarekin aldatu edo haustea.

10.–Baimenik gabe, banaketa sarean hargunea paratzea.

16. artikulua.

Luxuzko erabileretan eta igerilekuetakoetan, kontrakorik xedatu ezean, abonatuak emariak berreskuratzeko eta birsortzeko sistema egokiak paratu beharko ditu, bere kontura, ur emari horiek xede beretarako erabili ahal izateko.

IV. KAPITULUA

Zerbitzu ematea

Instalazioak.

17. artikulua.

Zerbitzuan ari diren instalaziotzat hartuko dira, ondoko zerrendako moten artean, erabilera iraunkor eta jarraitua dutenak.

1.–Emariak ekartzeko instalazioak.

2.–Uraren tratamendurako instalazioak.

3.–Ur-biltegi erregulatzaileak.

4.–Banaketa sarea.

5.–Harguneak.

6.–Barne instalazio partikularra, taldekoa edo banakakoa izango dena.

18. artikulua.

Banaketa sarean Udalaren iritziz egokiena den puntutik egingo da hargunea.

Hargunearen trazadura ahal den laburrena izango da, eta ez du eskatzailearenak ez diren jabetzak gurutzatuko, salbuespen kasuetan izan ezik.

Faltzesko Udalak egin behar du lurzatiaren mugarainoko hargunea edo, bestela, Udalak bere kontura izendatzen duen instalatzaile baimendunak. Obraren kostua Udalaren gain geldituko da.

Finka bakoitzak bere ur hargunea izango du, gutxienez hargunerako giltza eta uraren sarrera partikularra dituela.

Udalak erabakiko du neurgailua non kokatu.

“Goiko ur horniduraren sarea” da, ura atzematen den tokitik Mankomunitateko ur-biltegi erregulatzaileetara daramana.

Goiko ur horniduraren sareetan ez da hargune partikularrik onartuko interes orokorreko arrazoiak izan ezean. Horretarako, Udalak baloratuko du egoera.

19. artikulua.

Udalak erabakiko du harguneen neurria, abonatuak eskatzen dituen kontsumoak eta horniduraren zenbaterainokoa ikusita. Neurria ongi hartua dagoela jakiteko, aski izango da eskatutako edo kontsumitutako emaria badela frogatzea.

Udalak ez ditu bere gain hartuko ur horniduran gertatzen diren akatsak, baldin eta abonatuaren barne instalazioaren neurriengatik edo egokitzapenarengatik gertatu badira.

20. artikulua.

Hargune batetik abiatuta hornidura bat baino gehiago dauden finketan, kontagailu sail bat paratu beharko da, eta Udalak zehaztuko du haren ezaugarriak eta non kokatu behar den.

Kontagailu sailerainoko hodi tartea eta gainerako instalazioak eraikuntzaren instalazio orokorreko atal izango dira. Instalazio horren mantentze lanak eta zainketa bere jabe bidezkoei dagokie.

21. artikulua.

Hodiak hausten ahal baitira, finka edo lokal guztiek behar adina hustubide izango dute, kontrataturiko ur hargunearen bidez irits daitekeen gehieneko ur kopurua husteko lana egin dezaten, kalte materialik eragin gabe etxeari, bertan pilaturiko produktuei edo kanpoko edozein elementuri. Arau hori betetzen ez bada Udalak ez du inolako erantzukizunik izango.

Puntu hornituen hornidura.

22. artikulua.

Hargunea erdiesteko eskatzaileak Faltzesko Udalaren Ordenantza fiskalak ezartzen duen tasa ordaindu beharko du.

23. artikulua.

Ur hornidura zein eraikin edo etxetarako hitzartu den, hartarako bakarrik emango da ura.

Horren ondorioz, etxe edo eraikin mugakide batzuk jabe berarenak izan edo errentari berak erabili arren, bakoitzak bere hornidura izango du eta hornidura kontratu bana egingo zaie.

24. artikulua.

Eraikin bakoitzaren barneko instalazio partikularraren ezaugarriak nolakoak diren, ur hornidura ematen ahalko da kontagailu banakatzaileen bidez edo kontagailu orokorraren bidez. Beraz, fakturazioa horren arabera egingo da.

a) Kontagailu banakatzaileek abonatu bakoitzaren kontsumo partikularra neurtzen dute, etxebizitzan edo lokalean.

b) Kontagailu orokorrak eraikinean eginiko kontsumo guztiak neurtzen ditu.

c) Nolanahi dela ere, eraikinean baldin badago merkataritzako edo negozioko lokalen bat, aparteko hornidura eduki beharko dute.

Halako lokaletako kontagailuak eraikineko kontagailuen sail orokorrean kokatuko dira.

Kasu partikularren batean, lokal horiek kontsumo handia egiten badute edo eraikinaren hargunetik aparteko beste hargune bat behar bada, kontagailua fatxadan egongo da, kutxa isolatu batean, eta bertara kanpoaldetik joko da.

25. artikulua.

Hornidura emateko, honako hauek bete beharko dira lehenik:

–Ezinbestez, erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea deklaratzea hornitu nahi den higiezinaren gainean.

–Etxebizitzetarako eta/edo haiei lotutako lokaletarako hornidura baldin bada, higiezinaren bizigarritasuna egiaztatzea, dagokion bizigarritasun zedularen bidez.

–Merkataritza edo industrietako horniduretan: eskatzaileak, hornitu nahi duen eraikinean, industria, lanbide edo merkataritzako jardueretan aritzen dela egiaztatzea, dagokion irekitzeko baimena aurkeztuz.

Eremu urbanizaezinean dauden instalazioetarako hornidura eskatzen denean, udal plan orokorrean ezarritakoa bete beharko da.

26. artikulua.Banaketa sarean instalazioak handitzea edo aldatzea dakarren hornidura.

Bere eskumeneko eremuaren barrenean egonda ere hornitu gabe dauden tokietan, edo horniturik egonik ere, eskualdeko instalazioak handitu edo aldatzea behar dutenetan, ahalen arabera emango dira hornidura berriak.

27. artikulua.

Eremu urbanizaezinean hornitu gabeko edo hornidura eskasa duten puntuetarako eskabidea egiten duenak, bere gain eta fondo galdura hartu beharko ditu burutu behar diren sarearen handitzeak edo aldatzeak dakartzaten gastuak, kontsumo berrien eskaerei erantzun ahal izateko.

Sarea handitu edo aldatzeko lan guztietan, Udalak baldintza teknikoak paratuko ditu eta bete daitezen kontrolatuko du lanak egiten direnean.

28. artikulua.

Toki bat aski hornitua ez dagoela esango da, eskualdeko kontsumoei erantzuteko emari hipotekatuak kendu ondoren, hargunea paratu behar den lekuan banaketa sareak eskaera berriari erantzuteko emaririk aski ez duenean. Emari hori hargunearen kotakoa da, gehi hiru metro. Udala ez dago behartua halako presio bateko hornidura ematera sarearen toki bakar batean ere, ur-harguneentzat ezarritakoa salbu, Erregelamendu honek indarra hartu ondotik egiten diren sareetan.

29. artikulua. Urbanizazio ireki berrietako hornidurak.

Urbanizazio eta bide berriak hornitzeko, sareak paratzeak sortutako gastuak, bai eta elikagailuak eta sarea sendotzeko egin beharreko lanek sortzen dituztenak ere, sustatzailearen gain geratuko dira oso-osorik.

Udalak obra lizentzia eman baino lehen, Udalaren eta sustatzailearen arteko hitzarmen baten bidez arautuko da urbanizazioak noiz eta nola utziko duen obra Udalaren esku, Udalaren sare zerbitzuari atxikitzeko.

30. artikulua. Hiri sareak berritzea.

Hiriko sareak berritu baino lehen, Udalak berrikuntzaren kostua osoki edo zati batean berreskuratu ahal izango du, kontribuzio bereziak ezarriz.

Kontagailuak.

31. artikulua.

Abonatu bakoitzak egiten dituen ur kontsumoak kontrolatuko dira neurketa ekipoen bidez, zeinak nahitaez instalatuko baitira instalazio partikularrean.

Mota hauetako neurketa ekipoak paratzen ahalko dira:

–Kontagailuak.

–Emari-neurgailuak.

–Ekipamendu bereziak.

Kontagailua duen neurgailua da, aparatu mekaniko bat edukirik, bertatik pasatzen den ur bolumena adierazten duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz beste emari mugarik gabe.

Emari-neurgailua duen neurgailua da aparatu elektromekaniko nahiz elektrikoa duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz beste mugarik gabe.

Neurgailu bereziak benturiak, isurtegiak eta diafragmak dira.

32. artikulua.

Aldez aurretik hargunea arauei jarraikiz ezarrita duen eraikin baterako, pertsona edo entitate batek Udalarekin ur hornidura kontratatzeko egintzari, “zerbitzuan alta” hartzea deitzen zaio.

Zerbitzuan alta hartzeko, leku egokian behar den kontagailua paratu beharko da. Kontagailu hori Udalak instalatu eta zigilatuko du.

Zerbitzuan baja ematen denean, Udalak kontagailuaren zigilua kendu eta kontagailua beretako gordeko du, bere jabetzako elementua baita.

Kontrakoa frogatu ezean, paraturik dagoen kontagailu sail guztia Udalarena dela pentsatzekoa da.

33. artikulua.

Kontagailuak Udalak zehazten dituen ezaugarri teknikoak beharko ditu izan, indarra duen legeriaren arabera. Orobat, Udalak zehaztuko du kasu bakoitzean zehazki zein neurgailu mota paratu behar den.

34. artikulua.

Kontagailuak paratu, kendu eta haien inguruko mantentze lanak Udaleko langileen zereginak izango dira edo hark baimentzen dituen paratzaileenak, eta erabat debekaturik dago beste inork haietan eskua sartzea.

Debeku da, halaber, inongo aitzakiaz baliatuta, funtzionamendu bermerako fabrikatzaileek jarritako prezintuak aldatzea, bai eta Udalak instalazioa edo konponketak egiterakoan paratutakoak ere.

35. artikulua.

Edozein inguruabar dela eta prezinturen bat hausten bada, hogeita lau orduko epean, Udalari jakinaraziko zaio.

Kontagailua, hautsia dagoelako edo funtzionamenduan akatsak dituelako, konpondu behar denean, Udalak abonatuari kontagailuaren ordezkoa jarriko dio.

36. artikulua.

Kontagailuei buruzko frogak Udalak egoki iritzi eta abonatuak eskatzen duenean egingo dira. Froga abonatuak eskatu eta ondoan kontagailuaren funtzionamendua ona dela ikusiz gero, jarduera gastuak eskatzailearen gain geratuko dira eta tarifa, egiaztapenari dagokiona izango da.

37. artikulua.

Udalak kontagailua paratzeko lekurik hoberena zehaztuko du, erraz iristeko tokian egon dadin, interesdunaren jabetzan eta eremu publikotik sarbide zuzena duela, salbuespen kasuetan izan ezik.

38. artikulua.

Abonatuak aldatzen badu bere ohiko kontsumoa edo kontsumo hori ez bada hornidura eskatu zuenean deklaratu zuena, eta, beraz, neurgailurako jarritako neurriak desegokiak badira kontsumitu den ura behar den bezain zehatz kontrolatzeko, neurgailu berri bat paratu beharko da, bere neurrietan egokitua egiazki kontsumitzen denaren arabera.

Ulertuko da abonatuak bere ohiko kontsumoa aldatu duela edo kontsumo hori ez dela hornidura eskatu zuenean deklaratu zuena, Udalak egiten dituen egiaztapen teknikoen ondorioz ikusten bada paraturiko neurgailua ez dela egokia egiazko kontsumoetarako, fabrikatzaileak ematen dituen ezaugarrien barrenean.

Neurketa ekiporen bat aldatu behar bada, Udalak baimena du beste baldintzarik bete gabe hura aldatzeko, eta abonatuaren kontura izango dira sortzen diren gastuak.

39. artikulua.

Hornidura hartzen duen eraikin, lokal edo dena delako tokian aldaketa edo konponketaren bat egiteko, kontagailuaren instalazioa edo bertara jotzeko bidea zerbait ukitu gogo bada, Udalaren baimena beharko da aurretiaz.

40. artikulua.

Nahitaez Udalak egin beharko ditu neurgailuan gertatzen diren matxuren konponketak, eta beti haren kontura izango dira, matxura abonatuaren axolagabekeria, erabilera txar edo esku gaiztoaren (kolpeak etab.) ondorio izan ezean. Kontagailua izozteen ondorioz hondatuz gero, konponketa Udalaren kontura izango da, baldin eta kontagailua paratzeko lekua berak hautatu badu. Abonatuak hautatua izanez gero, berriz, horrexek ordainduko du.

41. artikulua.

Udalak ematen dituen kontagailuak bakarrik jar daitezke, eta ez da onartuko erabiltzaileek ekarritako kontagailuak paratzea.

V. KAPITULUA

Kontratazioa eta fidantzak

42. artikulua.

Erregelamendu honetan ezarritako edozein xedetarako ur hornidura emateko, behar den kontratuaren bidez gauzatuko da, honako hauek izenpeturik: alde batetik Udalak izendatutako pertsonak eta, bestetik, hornitu nahi den eraikin, lokal, areto edo etxebizitzaren titularrak.

43. artikulua.

Interesdunak eskatuta emango da ur hornidura. Horretarako, Udalak luzatutako ereduari jarraikiz bete beharko da eskabidea eta bertan idatzitako datuak egiazkoak izatearen erantzukizuna interesdunarena izango da. Udala beharturik dago ale bat, behar bezala osatua eta sinatua, abonatuari ematera.

44. artikulua.

Ur hornidurak aldi baterako edo denbora mugarik gabe kontratatu ahal izango dira.

Ez da inoiz epe zehatzik gabeko hornidurarik emango behin-behineko egoeretarako, hala nola obretarako etab.

Egoera berezietan, instalazioetan frogak egiteko ur hornidura eman ahal izango da, hamar eguneko eperako, kontsumituko den ur kopurua eta sortuko diren gastuak alderdien artean aurretik hitzartuta.

45. artikulua.

Hornidura kolektiboa ematen bada, kontratua egiteko beharrezkoa izango da lehendik eratua egotea ondasun komunitatea edo erakunde juridikoa, hornidura hartzen duen multzoaren titulartasuna bere gain hartuko duena.

Kasu horietan ezin izango da egin kontratu komunetik aparteko banakako kontraturik.

Kontratuan paratu beharko dira, zehazturik, aplikatu beharreko tarifa eta gainerako baldintzak. Komunitateko kideek solidarioki erantzun beharko dute, elkarteak Udalarekin zorrik baldin badu.

Araudi honek indarra hartzean ezaugarri hauek betetzen ez dituzten hornidura guztiak hartan ezarritakoaren arabera erregularizatu beharko dira. Udalak erabakitzen ahalko du hornidura kolektiboa ematea eta gero jabeen komunitateak onartu, aipaturiko baldintza horiekin.

46. artikulua.

Hornidura bakoitza, zertarako baimendu zen, xede horietarako baizik ez da izango, eta galarazia dago beste helburu batzuetarako erabiltzea. Horietarako, nolanahi, beste hornidura bat eskatu beharko da.

47. artikulua.

Erabilera bakoitzak bere hornidura-kontratua du eta, beraz, nahitaezkoa da kontratuak aparte ematea tarifa edo baldintza ezberdinak aplikatzea eskatzen dutenei.

Edozein arrazoi dela kausa, sinaturiko kontratuaren baldintza berezietakoren bat aldatzen bada, beste orri bat idatzi beharko da, dagokion data jarrita eta bi alderdiek sinaturik, non jasoko baitira erabaki diren aldaketak.

48. artikulua.

Jada hornidura daukan higiezin baten titulartasuna aldatzen den aldiro (dela salerosketa, errentamendu, jaraunspen edo legatu, epai judizial, edo beste edozein titulu, edo, edozein modutan, galtzen baditu hornitutako higiezina erabili edo harekin gozatzeko eskubideak) eskubidearen titular berriak inguruabar horren berri eman behar dio Udalari aldaketa gertatu denetik hilabete bateko epean, eta adierazi zer tramite nahi duen egin hornidura-kontratuarekin:

–Titular berriak aurreko kontratuaren subrogazioa egin ahalko du, higiezinaren gaineko eskubidea zuen titularrak Udalarekiko betebeharrak eguneratuak baditu.

–Titular berriak ez badu nahi aurreko kontratuaren subrogazioa egin, aurreko kontratuaren baja eskatu, eta alta berri bat eskatu ahalko du. Abonatu berriari zerbitzuan alta emateko, hornidura berrietarako eskatzen diren administrazio baldintza guztiak bete beharko ditu eta behar diren tasak ordaindu.

–Titular berriak ez badu nahi hornidurak jarraitzea higiezinean, kontratuaren baja eskatu beharko du.

Jabe berriak aurreko paragrafoan zehaztu betebeharra betetzen ez badu, huts horrek kontratuan baja ematea ekar dezake.

Errentamenduen kasuan, higiezinen jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

49. artikulua.

Kontratuan sartzen diren klausula berezietan ez da inola ere erregelamendu bidez onetsitako aginduen kontra joko, ezta indarra hartua duten baimendutako tarifa orokorrak gainditzen dituzten prezioak jarriko ere.

50. artikulua. Hornidura etetea.

Urez hornitzen duen udalak abonatuei eteten ahalko dizkie hornidura zerbitzuak, administrazio publikoan eskumena duen erakundeak espresuki emandako aginduaren bidez edo honako kasu hauetan eta prozedura honi jarraikiz:

a) Abonatuak hornidurari dagozkion ordaindu gabeko bi ordainagiri baino gehiago baditu.

b) Iruzurragatiko likidazio irmotik sortzen diren zenbatekoak ordaindu ez direnean edo iruzurra berriz egin duela frogatzen bada.

c) Abonatuak, hornituriko ura, kontratuan ezarritako modu eta xedeez kanpo erabiltzen duenean.

d) Abonatuak txertatzen uzten badu edo txertatzen baditu adarrak bere instalazioan, bere hornidura kontratuan sartzen ez diren beste lokal edo etxebizitza batzuetara ura desbideratzeko.

e) Abonatuak ez badie kontrataturiko hornidura hartzen duen lokalean sartzen uzten Udalak baimendutako langileei eta beren dokumentazio eta nortasun agiri guztiak dituztela, instalazioak ikuskatu eta kontsumoa neurtzera joaten direnean. Kasu horretan beharrezkoa izango da sarrera ukatzea bi lekukoren edo agintaritzaren agenteren baten aurrean egitea.

f) Abonatuari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, posible izan ez bada neurgailuak hamabi hilabetean erregistratu dituen datuak eskuratzea.

g) Abonatuaren utzikeriagatik, sarean arazoren bat eragin eta hura zuzentzeko ekiporik ez paratzeagatik, eskumena duten erakundeek hura zuzentzeko emandako epea pasatu eta gero.

h) Abonatuak bere instalazio partikularrean diren ur-galerak konpontzen ez dituenean.

i) Abonatuak erregelamendu honetan ezarri zaizkion betebeharrak larriki hausten dituenean.

j) Neurgailua manipulatu dela atzematen denean.

Kasu horietan, Udalak, gertaerak egiaztatu ondoren, jakinarazpen ofiziala egingo dio abonatuari eta hamar eguneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko egoki irudituz gero eta, ondoren, hornidura eteteko beharrezko ebazpena emango du. Hornidura eteteagatik, interesdunak helegiterik paratzen badu, hura gabe jarraitzen ahalko du, non ez duen helegiten duen ebazpenean baieztatutako zorra ordaintzen.

Udalak egiaztatzen badu barne instalazioetan badaudela deribazio klandestinoak edo hirugarrenei kalteak eragiten ahal dien matxurek eragindako jarioak, hornidura eten ahalko du berehala.

Zerbitzua ezarriko da hornidura etetea ekarri zuten inguruabarrak konpontzen diren egunean, edo horrela ez bada, hurrengo egun baliodunean, eta abonatuaren kontura izango dira hautsitako ordena lehengoratzeko neurrien kostua.

Hornidura eteten bada, dagozkion tasak sortzen jarraituko da.

51. artikulua.

Kontratua eta, beraz, hornidura deuseztaturik geldituko dira, besterik gabe, honako arrazoi hauetako edozein izanez gero:

a) Abonatuak deuseztapena formalki eskatzen badu. Horretarako aski izango da Udalaren bulegoetan jakinarazpen idatzi bat aurkeztea, horniduraren titularrak edo legez baimendutako pertsonak sinaturik, baja eman baino bost egun lehenago bederen, eta azkeneko neurketa ordaintzea. Horrela egiten ez bada, kasuan kasuko batez besteko kontsumoa halako bi kobratuko da.

b) Kontrataturiko horniduraren titularrak hornidura duen lokal, finka edo eremuaren erabilera jabaria galtzen duenean eta jabe berriak ez badu titulartasunaren subrogazioa egiteko eskatu erregelemendu honetan ezarritako epean.

c) Hornidura eteten bada 50. artikuluan ezarritako arrazoietako batengatik eta 3 hilabete igaro badira eteteko arrazoia sortu zenetik hura konpondu gabe.

d) Kontratuak eta, hortaz, Udalak emandako hornidurak baliogabetu ahalko dira, nahitaez betebeharreko arauzko xedapenak edo Erregelamendu honetako aginduak hausten direnean.

52. artikulua.

Ez zaie ur hornidurarik emango hornidura eskubidea duten pertsonei, baldin Udalari diru kopururen bat zor badiote, hori garbitu eta sortutako errekarguak eta gastuak ordaindu arte.

VI. KAPITULUA

Erabilerak, kontsumoak, fakturazioa, ordainketa eta tasak

53. artikulua. Erabilera motak.

Ur hornidurak emango dira bakar-bakarrik helburu hauetarako:

a) Etxeko erabilera.

b) Etxekoaz kanpoko erabilera orokorra.

c) Industrietako, eraikinetako edo obretako erabilera.

d) Dendetako edo administrazioetako erabilera.

e) Ureztapen eta aisiarako, finka partikularretan.

54. artikulua.

Obren eraikuntzarako eta zerbitzu berezietarako hornidurak denbora mugatu baterako kontratatuko dira, prekarioan eta kontuan hartuz herritarren behar orokorrak, eta beharrezko obra-lizentzia eskuratu ondoren.

Hornidura horiek ematearekin, haiek kontratatzeko momentu berean, abonatua beharturik egongo da likidatzera Udalak finkatzen dituen diru kopuruak eta hornidura egiteko behar den instalazioa muntatzeko gastuak.

Gainerako erabileretarako hornidurak denbora mugarik gabe kontratatuko dira.

55. artikulua.

Suteen aurkako hornidurak sute edo ezbeharretan soilik erabiltzen ahalko ditu abonatuak. Udalaren baimenaz soilik erabiltzen ahalko da hornidura hori instalazioan aldika frogak egiteko, hark finkatu ordu eta baldintzetan.

Kontsumoak zehaztea.

56. artikulua.

Abonatu bakoitzak egiten dituen kontsumoak, bereziak deitzen direnak salbu, norberak paratua duen neurgailuan ageri diren datuen arabera zehaztuko dira.

57. artikulua.

Neurgailu bakoitzak erregistratutako datuen irakurketa Udaleko langileek egingo dute edo bertako langile ez izanik hark kreditatuko pertsonek, Udalak zehazten dituen aldietan, eta horren aurkako froga sinesgarririk ez bada, abonatu bakoitzak egin kontsumoen berri emango du.

58. artikulua.

Udalari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla medio, abonatuaren kontsumoak kontrolatzen dituen neurgailuak erregistratutako datuak ez baditzakete jaso langileek, abonatuak, hornidura puntuan horretarako utzitako inprimakian, ondoko bost egunen barrenean, neurgailuak erregistratutako datuak eman beharko dizkio Udalari.

Ezarritako epearen barrenean abonatuak neurgailuak erregistratutako datuak Udalari eman eta hauetarik abonatuak egiten dituen kontsumoen erregimenarekin bat ez datozela ateratzen bada, edo beharkizun hori bete ez badu eta, horrenbestez, kontsumoa neurtzeko daturik aski ez badago, Udalak zenbatetsiko du egindako kontsumoa.

59. artikulua.

Begiz egindako ikuskapenaz, edo erregistratu datuen bidez neurgailua matxuraturik dagoela ohartuz gero, delako neurgailua duen abonatuak kontsumitutako ur kantitatea 60. artikuluan ezarri bezala zehaztuko da, neurgailuan erregistratutako datuak eskuratzerik izan ez den kasuetan.

60. artikulua.

Kontagailurik gabeko puntuetan (ur-ahoak, hidranteak etab.) aldian behin egiten den kontsumoa Udalak neurtuko du eta horren berri erabiltzaile edo abonatuari emango dio. Ezinbestekoetan, Udalaren txostena beharko da Udalak kontsumoaren ebaluazioa egin dezan.

61. artikulua.

Matxura, hornidura etetea, agorte luzea edo beste edozein arrazoi dela medio, hornitzeko uraren bolumena urritzen bada, lehentasuna emango zaio erabilera beharrezkoenetarako hornidurari, ur faltak jendeari edo ekonomiari kalterik handienak ekartzen ahal dizkienari.

Fakturazioa eta ordaintzeko modua.

62. artikulua.

Udalak fakturatuko ditu abonatu bakoitzak egiten dituen kontsumoak, une bakoitzean ofizialki onetsiriko tarifetan agindutako prezio eta baldintzetan eta enpresak ekitaldi bakoitzerako finkatzen dituen aldietarako fakturatu ere. Aldietako zatikiak aldi osoka fakturatuko dira.

63. artikulua.

Arau orokor gisa, uraren hornidura eta kontsumo instalazioen gainean Estatu, Foru Komunitate, Udal eta Kontzejuek ezarritako tributuek, Udala berorietan zergadun bada, ez dute abonatuarengan ondoriorik izango tributu moduan, tributua sortzen duen arauak besterik xedatzen ez badu, baina dagokion zenbatekoa tarifan kostu gisa eransten ahalko da.

Aurreko hori horrela izanik ere, hornidura kontratua sinatzeko formalizatu behar den dokumentazioa nola edo hala kargatzen duten zergak, arielak, eskubideak edo bestelako gastuak abonatuaren kontura izango dira.

64. artikulua.

Edozein kontzeptu dela medio abonatuak Udalari zor dizkion zenbatekoak Udalaren bulegoetan ordainduko dira banku txartelaren bidez, edo aurrezki entitateenetan diru-sarrera eginez, horretarako gaitasuna eman bazaie.

Halaber, zenbateko horien ordainketa Faltzesko Udalaren eremuan bulegoak dituzten bankuetan irekitako kontuetan helbideratzen ahalko da.

65. artikulua.

Ordainagiriak jaso beharreko gutxieneko argibideak. Ordainagirietan datu hauek agertuko dira:

a) Kontratuaren titularraren identifikazio datuak.

b) Horniduraren helbidea.

c) Tarifa aplikatua.

d) Kontagailuen irakurketak eta/edo fakturatutako kontsumoak.

e) Fakturazio epea definitzen dituzten datak edo aldia.

f) Fakturatutako kontzeptu bakoitza.

g) Jasanarazten ahal diren zeharkako zergak.

h) Fakturaren batura osoa.

66. artikulua. Tasak, kontribuzio bereziak eta prezioak.

Ematen diren zerbitzu guztiengatik erabiltzaileak ordaindu behar duen kostua urtero tasen gainean Udalak onetsi behar duen ordenantza fiskalean ezarriko da.

Udalak berak ematen dituen zerbitzuak, merkatuko prezioetan kobratuko ditu, Udalak nahi bezala ezarririk.

Udalak konpromiso publikoak hartuko ditu bezeroekin, eskatutako zerbitzuak modu eragingarrian egiteko. Konpromiso horiek urte bakoitzeko ordenantza fiskalean gauzatuko dira, eta jasotzen ahalko dute behar den tasa ez ordainaraztea, Udalak hartutako konpromisoa betetzen ez badu.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak, iruzurrak eta zigorrak

67. artikulua.

Abonatuaren arau-haustetzat hartuko da, Erregelamendu honetako artikuluetan ezarri diren baldintzak ez betetzea.

68. artikulua.

Arau-hausteak, beren garrantzi eta ondorioen arabera, arinak, larriak eta oso larriak izaten ahal dira.

–Arau-hauste arintzat hartuko da, ondoan ematen diren erregelamendu honetako artikulu eta apartatuek agintzen dituztenak ez betetzea: 14. artikuluan, 1., 2., 3. eta 6. apartatuak.

–Arau-hauste larritzat hartuko da, ondoan ematen diren artikulu eta apartatuetako arauak ez betetzea: 14. artikuluan 4. eta 5. apartatuak; bai eta arau-hauste arinen bat berriz egitea ere.

–Arau-hauste oso larritzat hartuko da ondoan ematen diren artikulu eta apartatuetako arauak ez betetzea: 15. artikulua.

69. artikulua.

Erregelamendu honetan arau-hauste arintzat hartutakoek Udalaren kargu hartzea ekarriko dute. Abonatuak, hala behar izanez gero, egoera normalizatu beharko du hamabost eguneko epean, eta sortutako gastu guztiak bere gain hartu.

70. artikulua.

Erregelamendu honetan larritzat hartzen diren arau-hausteak, egindako iruzurragatik egin beharreko likidazioaz gain, 500 metro kubiko uraren errekargua izango dute zehapen, erabilerarako indarra duen oinarrizko tarifaren prezioaren arabera baloratuta. Hori dena, batere ukatu gabe hornidura eteteko aukera, hala behar den kasuetan, Udalak frogatzen duen arte instalazioa bere lehengo egoerara ekarri dela, eta batere ukatu gabe, ezta ere, abonatuak bereganatzen ahal dituen erantzukizunak, gertatu den egoeraren erantzule zuzena den aldetik.

Ez da inola ere hornidura berriz ere emango, baldin eta abonatuak likidatzen ez baditu egindako arau-haustearen ondorioz sortzen diren gastuak.

71. artikulua.

Erregelamendu honetan oso larritzat hartzen diren arau-hausteak, egindako iruzurragatik egin beharreko likidazioaz gain, 1.000 metro kubiko uraren errekargua izango dute zehapen, erabilerarako indarra duen oinarrizko kontsumo tarifaren prezioaren arabera baloratuta. Hori dena, batere ukatu gabe hornidura eteteko aukera, hala behar den kasuetan, Udalak frogatzen duen arte instalazioa bere lehengo egoerara ekarri dela, eta batere ukatu gabe, ezta ere, abonatuak bereganatzen ahal dituen erantzukizunak, gertatu den egoeraren erantzule zuzena den aldetik.

Egindako iruzur mota dela eta, ezinezkoa bada jakitea zenbat ur kontsumitu den, egindako kontsumoa zenbatetsiko da, arlo horretan indarra duen legerian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Ez da inola ere hornidura berriz ere emango, baldin eta abonatuak likidatzen ez baditu egindako arau-haustearen ondorioz sortzen diren gastuak.

72. artikulua.

Arau-hauste arin batean berrerortzeak, arau-hauste larria sortuko du.

Arau-hauste larri batean berrerortzeak, arau-hauste oso larria sortuko du.

Arau-hauste oso larri batean berrerortzeak zigorrak bikoiztu, hirukoiztu, eta abar egingo ditu, haren graduaren arabera.

73. artikulua.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari lotuko zaio zehapen prozedura, eta bereziki aplikatuko dira arau horietan ezarritako preskripzio epeak.

VIII. KAPITULUA

Erreklamazioak, errekurtsoak eta jurisdikzioa

Erreklamazioak eta errekurtsoak.

74. artikulua.

Edozein inguruabar dela eta abonatuak Udalaren halako jarduera baten aurka erreklamazioak paratu nahi dituenean, idatziz egin beharko ditu, eta bertan erreklamazioaren zergatiak azaldu.

Arestian aipatutako prozeduraren bidez Udalari zuzendutako edozein erreklamaziok, udalaren bulegoetan aurkeztu eta ondoko hamar egun balioduneko epean izan beharko du erantzuna. Udalak ez badu epe horretan erantzuten, erreklamazioa ukatutzat eman beharko da, eta ontzat hartutzat Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Erregelamendu honetan espresuki agertu ez eta sor daitezkeen arazoak, bertan araututakoaren antzekotasunaren irizpideari jarraituz konponduko dira, 7. kapituluari dagokiona salbu.

Bigarrena. Faltzesko Udalak behar den Erregelamendua onesten ez duen bitartean, Hondakin Uren Saneamendurako Zerbitzua modu berean aplikatuko da.

Hirugarrena.–Erregelamendu honen osagarritzat hartuko dira legeria orokorraren xedapen indarra dutenak: gehigarri bezala, Egiaztapen elektrikoei buruzko Erregelamendua, 1954ko martxoaren 12ko Dekretuak onetsia; urriaren 15eko 2.949/82 Errege Dekretua; eta uztailaren 18ko 1.725/84 Errege Dekretua.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Erregelamendu honek indarra hartzean jadanik paraturik dauden kontagailuak, erabiltzailearenak baldin baziren, horrela segituko dute, eta Udalarenak baziren, Udalarenak izango dira hemendik aurrera.

Bigarrena.–Erregelamendu honen 15.2 artikuluan ezarritakoa betetzen ez duten ur instalazioen abonatuek, Erregelamendu honek indarra hartu eta sei hilabete izango dituzte beren instalazioak araudi berriari egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1807775