129. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

38/2018 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, liburu eredua eta eskabideena onesten dituena, MI-IP 04 “Ibilgailuak hornitzeko instalazioak” eta MI-IP 03 “Erabilera propiorako petrolio-instalazioak” izeneko jarraibide tekniko osagarriak aplikatuz.

2017ko azaroaren 2an indarra hartu zuen uztailaren 7ko 706/2017 Errege Dekretuak, zeinaren bitartez onetsi baitzen MI-IP 04 “Ibilgailuak hornitzeko instalazioak” izeneko jarraibide tekniko osagarria, bai eta arautu ere petrolio-instalazioen erregelamenduaren zenbait alderdi. Ebazpen honen bidez, errege dekretu horren eskakizun zehatz batzuk betetzen dira.

Aipatu errege dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian xedatuari jarraikiz, ibilgailuak hornitzeko guztira 5.000 litro baino gehiago biltegiratzeko edukiera duten instalazioei eskatzen ahal zaien azterketen, proben eta ikuskapenen liburuaren eredu fisikoa onetsi, eta eredu elektronikoa onartzeko baldintzak zehazten dira.

Halaber, MI-IP 04 jarraibide tekniko osagarriaren 8.9 puntuan xedatua bete beharrez, jarraibide beraren XV. kapituluan aipatzen diren aldizkako estankotasun-probak egitetik salbuetsita egoteko eskaera eredua ezartzen da.

Bestalde, MI-IP 03 jarraibide tekniko osagarriaren 34. puntuan xedatuari dagokionez, ziurtagiri ereduak onesten dira, C eta D motetako produktuetako 1.000 litro baino gutxiago duten instalazioek hornitzaileen aurrean frogatu ahal izateko MI-IP 03 jarraibideko segurtasun neurriak betetzen dituztela.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean onesten da azterketen, proben eta ikuskapenen liburuaren eredu fisiko ofiziala, ibilgailuak hornitzeko 5.000 litro baino gehiago duten Nafarroako instalazio guztiek izan beharrekoa. Egun dauden instalazioek 2018ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute liburua Energiaren, Meatzaritaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuan, behar bezala beteta, eginbidetua izateko.

2. Kudeaketa tresna informatikoak onartzen ahal dira “Ibilgailuak hornitzeko 5.000 litro baino gehiago duten Nafarroako instalazio guztiek izan beharreko azterketen, proben eta ikuskapenen liburuaren” eredu elektroniko ofizial gisa, horiek garatzen dituen enpresak aurretik hala eskatzen badu. Hori onartzeko ebazpenean zehaztuko dira tresna horiek bete beharreko baldintzak eta erabiltzaileak.

3. Onartutako eredu elektroniko bat erabilita liburua kudeatuko duten instalazioen titularrek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute, hura erabiltzen hasi aurretik, eta “Erregistro liburu telematikoan datuak lehen aldiz kargatzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena” inprimakia erabiliz.

4. “Probak egitetik salbuesteko eskaera” inprimakia onesten da, horma bakarreko ontziak dituzten instalazioetako titularrek aurkeztu beharrekoa, aldizkako estankotasun-probak egitetik salbuetsita egon ahal izateko MI-IP 04 jarraibide tekniko osagarriaren XV. kapituluaren 15.1.2.1.5, 15.1.2.1.6, 15.1.2.1.7 eta 15.1.2.1.8 ataletan jasotako salbuespenak eskatzeko, hala nahi izanez gero, eta haien ordez horma bikoitzeko ontziak jarri behar ez diren bitartean.

5. Honako eredu hauek onesten dira, instalazioen titularrek petrolio-produktuen hornitzaileen aurrean egiaztatu ahal izateko MI-IP 03 jarraibide tekniko osagarrian jasotako segurtasun neurriak betetzen dituztela: “petrolio-produktuen (C eta D motetakoak) biltegia instalatzeko ziurtagiria, 1.000 litroko edo gutxiagoko edukiera duen instalazioan bertan kontsumitzekoak” eredua, instalazio berrietarako, eta “petrolio-produktuen (C eta D motetakoak) biltegiratzearen azterketaren ziurtagiria, 1.000 litroko edo gutxiagoko edukiera duen instalazioan bertan kontsumitzekoak”, egun dauden instalazioetarako. Ziurtagiriak baimendutako enpresek egin beharko dituzte.

6. Aurreko ataletan aipatzen diren liburu fisikoaren, ziurtagirien eta inprimakien ereduak eskuratzen ahal dira Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen tramiteen katalogoko berariazko fitxaren bidez.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 30ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1807236