119. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko apirilaren 25ean hartua, “Ezkaba eskualdeko parkea” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren espedientearen tramitazioa hasten duena. Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.

2017ko ekainaren 15ean, Iruñerriko Mankomunitateak aipatu udalez gaindiko plan sektoriala aurkeztu zuen tramita zedin. Planaren xedea da beharrezkoak diren neurriak ezartzea Ezkaba, Oihana eta Urbizkain mendien espazio naturalen, paisaiaren, ingurune fisikoaren eta landa eremuaren babesa, kontserbazioa, katalogazioa eta hobekuntza bermatzeko.

2017ko ekainaren 15ean aurkeztutako dokumentazioa azterturik, eta udalez gaindiko plan sektorial horren tramitazioari hasiera emateko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eskaera egin zuen 2017ko abuztuaren 2an dokumentazioa aurkezteko indarreko araudiari jarraikiz.

2017ko azaroaren 10ean, Iruñerriko Mankomunitateak eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen espedientea osatu eta tramitazioari segida emateko.

I.–Eremuaren ezaugarriak.

Ezkaba, Oihana eta Urbizkain mendien azalera gehientsuena basoa da eta askotariko ezaugarriak dauzka; oso proportzio txikian, nekazaritza-lur batzuk ere badaude, eta urbanizatutako zenbait gune eta hirigune batzuk ertzetan. Hegoaldeko hegaleko herriek izaera hiritarragoa dute eta beren ingurunean lehenesten dituzten jarduerak mendi-ibiliekin eta aisiarekin daude lotuak; iparraldeko hegalean, berriz, ugariagoak dira landa guneak, non zuraren aprobetxamendua eta ehiza lehenesten diren.

Eremuan sartzen diren lursailak 8 udalerri hauenak dira: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Txulapain, Ezkabarte, Atarrabia, Iruña eta Uharte.

Suteen arriskua handia da, izan ere, bertako landarediaren ezaugarriak mediterraneoak dira, jendea ibiltzen da pasealekuetan barrena eta sutea eragiteko gune kritikoak daude (Aitzoaingo tiro zelaia edo hain hurbil dauden alor landuak). Aintzat hartu beharrekoa ere bada mendiarekin muga egiten duten etxeak eta herriguneak daudela, besteak beste, Berriozarren, Antsoainen edo Uharten.

Iruñerriko herrien inguruko paisaiaren erreferentzia da. Paisaiaren ezaugarri nagusiak erliebea, gailurrak eta landaredia dira.

II.–Proposamenaren xedea eta azalpena.

Planaren xedea da Ezkaba, Oihana eta Urbizkain mendi multzorako plangintza bat egitea. Plangintza integrala izanen da, ondare naturalaren eta kulturalaren kontserbazioa bateratuz, erabilerak eta jarduerak arautuz, ingurumenari buruzko hezkuntza sustatuz eta mendien balioa agerraraziz.

Hauek dira planean jasotako helburuak:

–Landaredi naturala kontserbatzea eta lehengoratzea: hariztien eta artadien bilakaera erraztuko da, bai eta bertako zuhaitzak eta belar eta zuhaixka espezieak pixkanaka berreskuratzea ere.

–Basoko suteen aurkako babesa, bai eta eragin negatiboak sor ditzaketen erabilerena ere (eraikuntza berriak altxatzea, pistak irekitzea, azpiegiturak garatzea...).

–Mendi hauetaz egiten diren erabilerak mantentzea, tradizionalak eta gaur egungoak.

–Ibilbide jarraituak definitzea, aurretik zeuden trazadurak baliatuz eta jarraitutasunik ez dutenak kenduz; aisialdi eremuak eta begiratokiak sortzea eta hondatutako guneak lehengoratzea.

–Bideen izaera desberdintzea, horiek birgaitu edo eraikitzeko baldintzak ezartze aldera, eta baldintzak ere finkatzea urbanizazioa eta seinaleak berdin tratatzeko.

–Lurzoruaren jabetza definitzea ibilbideei jarraitutasuna emanen dieten horien jabetza eskuratze aldera, horien erabilera publikoa bermatzeko.

–Planaren ingurumen ondorioak kontrolatzea, bai eta neurri zuzentzaile edo minimizatzaileak ere.

–Motorizatu gabeko irisgarritasuna hobetzea eta ibilgailu motordunen sarrera eragoztea.

–Gotorlekuko monumentu multzoa mendian integratzen den osotasun bat bezala ulertzea, bai paisaiaren aldetik bai funtzionaltasunaren aldetik, eta gizarteak ondare historiko kulturalarekin lotuta egindako eskaerak jasotzea.

–Oinarriak eta esparru orokorra ezartzea etorkizunean Gotorlekua lehengoratzeko edozein planteamendu egiteko.

–Ingurumenari buruzko hezkuntza sustatzea.

Proposatzen den parke ereduaren bidez, izaera naturalari eta landa izaerari eutsi nahi zaie eta, aldi berean, hiriko gizartera hurbildu, jarduera publiko eta aisiarako espazioen bidez.

Parkea konektagarritasun eremutzat hartzen da, lurralde antolamenduaren arloan gorago dagoen sistema baten barnean dagoena, eta ondokoekin lotzen da: Argaren ibai parkea, Plazaolako eta Iratiko bide berdeak eta Donejakue bidea. Parkearen barnean, nabarmentzekoa da GR220 Iruñerriko Itzulia; horren jarraitutasuna bermatua dago parkeko sarearen barnean, eta aukera dago parke barnean mugitzeko eta mendia kanpotik Iruñerriarekin eta GR225 Ihesaldiaren ibilbidearekin lotzeko. Azken hori Gotorlekuan hasi, eta iparraldeko hegaletik jaisten da, Ezkabartetik Olaibarrera, Esteribarrera, Erroibarrera eta Urepelera igaroz.

UPSaren xedea da dokumentu arautzaile eta aplikazio zuzenekoa izatea mendia kudeatu, erabili eta mantentzeko.

Ibilbideen sare bat identifikatzen du sarbidea erraztu eta mendiaren muga propioak errespetatzeko, eta proposatzen du hierarkia bat ezar dadila esku-hartze mailaren eta ibilbideen ezaugarrien araberakoa. Herrietatik sartzeko bideak aurreikusten ditu, erabiltzaileei harrera egin eta informazioa emateko zeregina izanen dutenak. Hezkuntzarekin eta aisiarekin lotuta dauden egoteko eremu batzuk proposatzen dira, aurretik horretarako erabiltzen ziren eremu batzuk eta dagoeneko artifizializatuak zeuden batzuk baliatuz (harrobiak, hondakindegiak...).

UPSak 10 jarduketa ildo dauzka, eta horietariko bakoitza erdiesteko, garatu beharreko plan edo proiektu zehatzak proposatu dira.

Plana onetsirik, bulego tekniko bat sortzea proposatzen da plan eta proiektu horiek garatzeko finantzaketa bila dezan, eta parkearen mantentze-lanez arduratzeko, bere erabilera publikoa zabaltzeko eta hezkuntza xedetarako erabiltzeko. UPSaren aurreikuspenen arabera, bulego hori udalek finantzatuko dute, organo kudeatzaileak erabakitzen duen bezala, eta organo hori udalek berek edo eskuordetutako beste instituzio batek osatuko du.

UPSak jarduketa-programa bat ezarri du lan-ildoak lehenetsiz horretarako. Nolanahi ere, hori martxan jartzeko, kontuan hartuko dira eskaera, diru erabilgarria eta bestelako faktore sozioekonomiko batzuk.

Udal planeamenduari dagokionez, plan sektorialak bere esparruan mantentzen du lurzoruaren sailkapena, kasuan kasuko udal planeamenduetatik datorrena, eta UPSaren esparruan sartzen dira hiri lurzoruak, urbanizagarriak eta ez urbanizagarriak.

Lurzoru ez urbanizagarriei dagokienez, UPSak bere gain hartzen ditu hiri planeamenduen azpikategoriak, ulertzen baitu horiek guztiek lurzoruaren balioa zainduko dutela. Nolanahi ere, UPSak, eremuaren azterketa zehatza egin ondotik, babeserako zenbait azpikategoria eta azpi-azpikategoria ezartzen ditu eta araubide espezifikoa finkatzen du horietarako.

Gainera, UPSak aintzat hartzen ditu eremuan sartutako lurzoru ez urbanizagarriari eragiten dioten araudi sektorialak, bai eta POTak babestutako lurzoruak eta lurralde antolamendurako beste tresna batzuk ere, esate baterako Ibai Parkearen UPSa eta Plazaolako Bide Berdearena.

Parke osoa kudeatzeko sistema publikoa izatea proposatu da, nahiz eta eremuaren zatirik handienak jabetza pribatukoa izaten segituko duen. Ibilbideen sarea eta aisiarako guneak baizik ez dira titulartasun eta erabilera publikoko sistema orokortzat joko, eta lurzoru horiek desjabetzearen bidez eskuratzea proposatu da, beharrezkoa denean. Haien zatirik handiena, gaur egun, lurzoru publikoak edo herri-lurrak dira. Gainerako lursailek beren titulartasuna gordeko dute eta horien kudeaketa partikularren bidez edo lurraldearen zaintza akordioetan oinarrituz egiten ahalko da, betiere lurzorurako ezarritako araubidea errespetatuz.

UPSak proposatzen du Plan Berezi bat prestatzea Alfonso XII.a gotorlekurako, eta zenbait baldintza eta gomendio ezartzen ditu hori garatzeko.

III.–Kontuan hartu beharrekoak.

UPSari buruz kontuan hartu beharreko alderdiei dagokienez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2018ko martxoaren 19an emandako txostenean jasotako oharrei jarraituko zaie, hau da, honako hauei buruz egindakoei: eremuaren mugaketa, parkea lurralde testuinguruan sartzea, UPSaren helburuen eta proposamenaren zehaztapenen arteko koherentzia, proposatutako erabileren araubide zehatza eta proposatutako bide-sarearen hierarkizazioa bezalako auziak zehazteko beharra.

IV.–Txosten sektorialak.

2017ko uztailaren 17an, txosten sektorialak eskatu zitzaizkien beste departamentu, zerbitzu eta erakunde publiko batzuei beren eskumenei buruz.

Hona jaso direnen edukiaren laburpena:

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia. 2017ko irailaren 29an emandako txostenean adierazi zuenez, jarduketak ez du errepiderik ukitzen zuzenean, UPSarekin bateragarriak dira Nafarroako Errepideen III. Plan Zuzentzaileak (2010-2018) ingurunean aurreikusi dituen jarduketa guztiak eta horrek ez du beste inolako azpiegiturarik ukitzen. Hortaz, ez du inolako oharrik ematen.

–Ondare Arkitektonikoaren Atala. 2017ko abuztuaren 31n aditzera eman zuenaren arabera, Alfonso XII.a gotorlekua kultura-intereseko ondasun deklaratu zen eta 1265/2001 Foru Dekretuaren bidez zedarritu zen bere babes ingurunea. Hori seinaleztatu beharko da eta araudian adierazi beharko da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aldez aurreko baimena behar dela eraikinean edo zedarriztatutako ingurunean esku hartzeko. Era berean, atal horrek adierazten du grafikoki adierazi beharko dela Donejakue bidea igarotzen dela Uharteko udal-mugarteko ipar-ekialdeko muturretik eta babes araubidea ezarria duela 30 metroko babes tarte batean bidearen kanpoko ertzetik.

–Herri-lurren Atala. 2017ko irailaren 4an eman zuen txostena eta bertan adierazi, ezen gutxi gorabehera eremuaren %75 herri-lurrak direla; baina toki entitateek (zuzenean edo zeharka) sustatutako eta kudeatutako proiektua den aldetik, ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Gobernuaren baimena eta/edo onespena ukitutako herri-lurrak okupatzeko eta/edo desafektazioa egiteko.

–Babes Zibilerako Zerbitzua. 2017ko abuztuaren 1ean emandako txostenaren arabera, gomendagarria litzateke herriguneen eta baso eremuen artean interfaze eremuak sortzeko azterketa bat jasotzea, alegia, zuhaitzez garbi egonen diren eta landare lehorrik izanen ez duten eremuak, eta horiek suteen prebentziorako lurzoru ez urbanizagarri gisa sartzea.

23. proiektua (Linea elektrikoen eta dauden antenen Ingurumen eraginaren azterlana) bi proiektutan zatitzea proposatzen du, sektore eta problematika oso desberdinak direlako.

Komunikazio antenei dagokienez, aditzera ematen du Nafarroako Gobernuko Larrialdi Zerbitzuek badituztela, besteak beste, errepikagailu bat eta bestelako ekipamendu batzuk gailurrean. Bateraezintasunak daudenez transmisio ekipo ezberdinen artean, ezinezkoa da euskarri bakarra jartzea instalatutako sistema guztietarako; dena dela, posible da daudenak taldekatzea edota desegokiak direnak kentzea.

–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua. 2017ko abuztuaren 9an, jakitera eman zuen ez dagoela zerbitzuaren xedeko printzipioen kontrako planteamendurik, eta beraz, balorazioa positiboa da eremurako eta oro har Nafarroako turismorako.

–Defentsa Ministerioaren Ordezkaritza Nafarroako Foru Komunitatean. 2018ko otsailaren 28an emandako txostenean, honakoa eskatu zuen: planoan sar zitezela Defentsa Ministerioaren jabetzakoak diren lursailak eta segurtasun eremuak, ezaba zitezela aipatu jabetzak gurutzatzen dituzten bideak eta pistak eta ken zitezela Alfonso XII.a gotorlekuan egin litezkeen jarduketei buruzko aipamenak.

Gainera, honako departamentu, zerbitzu eta erakunde publikoei ere txostena eskatu zaie, baina orain arte ez da txostenik jaso:

–Arkeologia Atala.

–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

V.–Ingurumen arloan kontuan hartu beharrekoak.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde esparrua ukitzen duten planei eta programei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, proiektu sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago.

Dokumentazioa azterturik, eta Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura garatzeko araudirik ez dagoenez, erreferentzia gisa hartu ziren 21/2013 Legearen IV. eranskinean jasotako gutxieneko edukiak, Ingurumen azterlan estrategikoan sartu beharrekoak; horrela, 2017ko abuztuan dokumentazio osagarria aurkezteko egindako errekerimenduaren ondotik, gainbegiratutako dokumentazioa aurkeztu da: “2017ko otsaila-GAINB 2017ko iraila”.

Jasotako dokumentazioa azterturik, egiaztatu da aipatu errekerimenduan adierazitako hirigintza eta ingurumen arloko oharrak jaso direla, baina gehiago zehaztu beharreko xehetasunak daudela ikusi da:

–Neurri zehatzak gehitu behar dira paisaia lehengoratu eta hobetzeko, barnean sartuta paisaiaren gaineko ukipen nagusiak behatzaile kontzentrazio fokuak dauden tokietatik (herriak, komunikazio bideak, ibilbideak...). Baliteke neurri horietako asko bat etortzea beste jarduketa ildo batzuetan aurreikusitakoekin, esate baterako, habitatak hobetzeko jarduketa ildoan edo hondatutako eremuak lehengoratzeko jarduketa ildoan hartutakoekin; baina, horiez gain, beharrezkoak dira paisaiari soilik dagozkionak, hauek adibidez: hondatutako beste espazio batzuk bisualki integratzea (Antsoaingo harrobiak), eraikinak bisualki integratzea (batzuk banalerroetan kokatuak daude), publizitate kartelak kontrolatzea, landare mota ezberdinek sortutako lerro zuzen artifizialak kentzea edo 6. jarduketa ildotik (linea elektrikoen eta antenen Ingurumen eraginaren azterlana egitea) ateratako ondorio hutsetatik haratago joatea eta konponbide zehatzagoak ematea azpiegitura horien eragina deuseztatu edo lehengoratzeari buruz.

–8. jarduketa ildoari dagokionez (“Mendiari lotutako kirol jarduerak eta aisialdikoak arautzea”), uste da azalpen bat falta dela ibilbideen artean egindako hierarkizazioari buruz, ez direlako ezagutzen sailkapen horretarako erabili diren irizpideak. Gainera, kartografia aurkezteko erabili den lan eskala eskasak zaildu egiten du planteatutako xedeak erdiesteko proposatu diren ekintzak eta proiektuak interpretatzea.

–8. ildoaren barnean sartu beharreko ekintzen artean batzuk falta direla uste da, hain zuzen ere, banatutako bideak ixtera bideratutakoak, horrelako asko baitaude Ezkaba mendiaren hegoaldeko hegalean. Esku-hartze zuzena da, “Hautatutako bideak hobetu eta sendotzea” izeneko helburua lortzera bideratua.

–Multzo horretatik atera gabe, ohartarazi beharra dago zaila dela mendi-ibiliak eta BTT bezalako bi jarduera bateratzea, eta planean ageri da ibilbideen tarte batzuetan bat egiten dutela biek, nahiz eta oinezkoen erabilera lehenesten dela bermatu.

Nolanahi ere, eta aurretik aipatutako alderdiak salbuespen, dokumentazioa azterturik, eta martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. Eranskinean (“Ingurumen azterlan estrategikoaren edukia”) ezarritakoari jarraikiz, aditzera ematen da horrek araudian aurreikusitako eduki guztiak jaso dituela. Ondorio gisa, espedientea jendaurrean jar daiteke, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, eta, aldi berean, aipatutako planaren lege-araudian ezarritako prozeduraren ondorioetarako.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2018ko martxoaren 27ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea Iruñerriko Mankomunitateak sustatutako “Ezkaba eskualdeko parkea” udalez gaindiko plan sektoriala.

2. Sustatzaileak espedientea osatu beharko du honako hauetan ezarritakoari jarraikiz: erabaki hau, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2018ko martxoaren 19an emandako txostena eta espedientea tramitatu bitartean egindako gainerako txostenak.

Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo exekuzio hori, kasua bada, baldintzatu lezaketenei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunei behar diren baimen guztiak eskatuko dizkie, kasuko gaiaren arabera.

3. Udalez gaindiko Plan Sektorialaren espedientea jendaurrean jartzea berrogeita bost egunez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea ukitutako udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9-3. solairua, 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi bezainbat alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

4. Era berean, espedientea jendaurrean jartzea epe berean, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok haren berri izan dezan, eta igortzea Babes Zibilerako Zerbitzuari, Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Ondare Arkitektonikoaren Atalari, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, eta jakinaraztea Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Defentsa Ministerioak Nafarroako Foru Komunitatean duen Ordezkaritzari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Txulapaingo, Ezkabarteko, Atarrabiako, Iruñeko eta Uharteko udalei.

Iruñean, 2018ko apirilaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1805617