119. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLORITZ

Hirigintzako espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Olorizko Udalak, 2018ko martxoaren 20an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Hirigintzako espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Iragarkia 2018ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzeko agintzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.

Oloritzen, 2018ko ekainaren 6an.–Alkatea, José Francisco Aoiz Aranguren.

ERANSKINA

Ordenantza fiskala, Hirigintzako espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituena

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Honako hau da tasen zerga-egitatea:

Zerbitzu publiko bat egitea edo tokiko eskumeneko jarduera administratibo bat egitea zuzenbide publikoko araubidean, hirigintzako baimenen tramitazioarekin zerikusia duena, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta harekin bat heldu diren arauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. artikulua. Egindako zerbitzu administratibo hauek jasango dute ordainarazpena, aipatze aldera:

3.1. Lurzoru, lurgain edo lurpearen besterentze eta desafektazio espedienteak tramitatzea, interes partikularra dela eta.

3.2. Partikularrek eskatutako hirigintza instrumentuen tramitazioa, jabego eta erabilera pribaturako direnean eta udalerriaren onurarako egiten ez badira:

a) Plan bereziak.

b) Xehetasun-azterketak.

c) Arestian adierazitako instrumentuen aldaketak, Udal Plan Orokorrekoak eta plan partzialetakoak.

Salbuespenak

4. artikulua. Ordenantza honetako zerga ordaintzetik salbuetsiko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen entitate juridikoak.

b) Udalerrien mankomunitateak, batasunak eta administrazio-barrutiak, Olorizko Udala kide bada, bai eta helburuak betetzeko sortzen dituzten entitate juridikoak ere.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin egindako hirigintzako jarduketengatik edo emandako lizentziengandik edo aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenengatik eta aurretiazko komunikazioengatik eragina edo onura hartzen badute.

Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izango dira, lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko araudian jasotako hirigintzako lizentziak emateko ezarri diren tasetan.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Kargaren zerga-oinarria kalkulatzeko, tarifen eranskinean ezartzen denaren arabera, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Zenbateko finko bat.

Tasa

7. artikulua. Karga-tasa ordenantza honen eranskinean agertzen da.

Kuota

8. artikulua. Kuota izango da ordenantza honetako eranskinean agertzen den karga-tasa zerga-oinarriari aplikatzearen ondoriozkoa edo, bestela, horretarako adierazten den zenbateko finkoa.

Sortzapena

9. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da, zerga-egitatea osatzen duen udal zerbitzua edo jarduera egiten hasten denean, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 107. artikuluari jarraikiz.

Ondorio horietarako, zerbitzu edo jarduera hori abiatu dela ulertuko da hirigintzako baimenaren eskaera aurkezten den egunean, ordenantza fiskal honen xede denean.

Kudeatzeko arauak

10. artikulua. Tasaren kuota borondatez ordaintzeko epean (30 egunean) ordaindu beharko da, likidazioaren jakinarazpena egiten denetik aurrera.

11. artikulua. 1) Udal Administrazioak egiaztatuko du likidazioak eta autolikidazioak ordenantza honetako arauak zuzen aplikatuz egin direla eta, beraz, kalkulatutako oinarri eta kuotak arau horien emaitza dela.

2) Udalaren administrazioa likidazioekin edo, hala behar badu, autolikidazioekin ados ez badago, likidazioak egingo ditu, gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak zuzenduta, berandutze-interesak kalkulatuko ditu eta behar diren zehapenak ezarriko ditu. Era berean, subjektu pasiboak deklaratzen ez dituen zerga-egitateen likidazioa egingo du.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, arlo horretan indarra duen araudian xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da, tasa eta prezioei dagokienez.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera onetsi ondotik, indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara eman eta biharamunean.

TARIFEN ERANSKINA

1) Partikularrek eskatutako hirigintza tresnen tramitazioa, jabego eta erabilera pribaturako direnean eta udalerriaren onurarako egiten ez badira:

1.1. Xehetasun-azterketa bakoitzaren eta haien aldaketen tramitazioagatik.

–Espedientea tramitatzeko egiten diren txostenen kostua.

1.2. Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legeko 61.1 artikuluko plan berezi bakoitzaren eta haien aldaketen tramitazioagatik.

–Espedientea tramitatzeko egiten diren txostenen kostua.

1.3. Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen 61.2 artikuluko plan berezi bakoitzaren eta haien aldaketen tramitazioagatik.

–Espedientea tramitatzeko egiten diren txostenen kostua.

1.4. Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen 61.bis artikuluko plan berezi bakoitzaren eta haien aldaketen tramitazioagatik.

–Espedientea tramitatzeko egiten diren txostenen kostua.

1.5. Udal plan orokorraren edo plan partzialaren aldaketa bakoitzaren tramitazioagatik.

–Espedientea tramitatzeko egiten diren txostenen kostua.

2) Beste jarduketa batzuen tramitazioagatik:

2.1. Interes edo onura publikoaren deklarazioagatik.

–Espedientea tramitatzeko egiten diren txostenen kostua.

2.2. Berariazko kuotarik ez duten planetan, arauetan edo ordenantzetan jasota dauden bestelako jarduketengatik.

–Espedientea tramitatzeko egiten diren txostenen kostua.

Iragarkiaren kodea: L1807602