103. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

33/2018 FORU DEKRETUA, maiatzaren 9koa, abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretua aldatzen duena. Haren bidez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

ZIOEN AZALPENA

Abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, zuzendaritza nagusiak, zerbitzuak eta atalak zehaztuta. Horrela, bada, III. Titulua Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaz mintzo da.

Aipatu zuzendaritza nagusiaren gaur egungo egitura ez da nahikoa memoriaren arloan heldu diren urteetako eginbeharrei heltzeko. Horri dagokionez, Nafarroako Memoriaren Institutua Nafarroako Gobernuak legegintzaldi honetarako duen helburuetako bat da. Horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren memoria arloko politikak kudeatzeko erakunde publiko bat eratu nahi da.

Nafarroako Memoriaren Institutuak tresna egokia izan behar du memoriaren politika publikoek aurrera egin dezaten gizarte bidezkoagoa, etikoagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko lanean, betiere bakearen errespetuaren kultura sustatuz eta gure iraganeko errealitate traumatikoa gogoratuz. Nafarroako Memoriaren Institutuak memoria berreskuratu eta zabaltzeko politika zeharkakoak bultzatu behar ditu, eta, horrela, lagungarria izanen da bakea eta bizikidetza eraikitzeko, hori guztia memoriaren eginbehar etiko eta demokratikoa oinarri dela.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.3 artikuluak xedatzen duenez, zerbitzuak eta atalak Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez sortu, aldatu eta kenduko dira, kasuan kasuko departamentuko kontseilari titularrak proposaturik.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren bederatzian egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretua aldatzea, hots, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena.

III. kapitulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita geldituko da:

“III. KAPITULUA

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparrua eta egitura

22. artikulua. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

a) Bakearen eta bizikidetzaren aldeko kultura bultzatzeko politikak sustatu eta koordinatzea, betiere giza duintasunean eta giza eskubideekiko konpromisoan oinarriturik.

b) Memoria Historikoari eta Memoria Hurbilari buruzko politika publikoak zehaztea.

c) Biktima guztientzako elkartasun, aintzatespen eta arretarako politikak garatzea.

d) Politika horiek garatzeko eta aplikatzeko bidea ematen duten proiektu, plan eta programak bultzatzea, horiek gauzatzean buru aritzea eta behar bezala betetzen direla kontrolatzea.

e) Gainerako departamentuekin eta entitate, elkarte eta erakunde publiko edo pribatuekin batera –bereziki, Nafarroako Parlamentuarekin– lan egin eta elkarri eragitea, helburu berak garatzeko.

f) Onesten ahal diren eta, gaia dela eta, Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen arloari dagozkion diru-laguntzen deialdiak proposatu eta ebaztea.

g) Indarra duten xedapenek Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari esleitzen dizkiotenak, betiere Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren berezko esparruan.

23. artikulua. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzua.

b) Nafarroako Memoriaren Institutua.

2. ATALA

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzua

24. artikulua. Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren eginkizunak.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

a) Bakearen, normaltasunaren eta bizikidetza demokratikoaren aldeko plana prestatzea. Plan hori memoriaren kudeaketa integralaren ikuspuntutik sortuko da, eta, helburu politikoei begira indarkeria mota guztiak erabiltzeari uko egiteaz gain, bakea eta bizikidetza soziala eta politikoa ezartzen lagunduko du.

b) Bakearen aldeko politika, Egia, Memoria, Justizia eta biktima guztiei –inolako salbuespenik gabe– eragindako kaltea konpontzea oinarri dituena.

c) Terrorismoaren biktimak babestu eta aintzatestea, eta horiei kalte-ordainak ematea.

d) Motibazio politikoko ekintzen biktimak aintzatesteko eta horiei kalte-ordainak emateko prozesuak garatzea, apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legean aurreikusita baitaude.

e) Lankidetza harremanak izatea administrazio publiko, erakunde eta entitate sozialekin, biktimei laguntza integrala eta egokia emateko asmoz.

f) Indarkeriari eta haren ondorio sozialei buruzko ikerlan eta argitalpenak sustatzea.

g) Alde batetik, herritarren partaidetza eta, beste aldetik, giza eskubideekin eta bizikidetza demokratikoaren balioekin bat egiten duten elkarteen eta fundazioen lankidetza sustatzea.

h) Sentsibilizazio sozialeko eta prestakuntzako ekimenak bultzatzea, honako hauekiko errespetuan oinarritzen den bizikidetzaren aldeko kultura sustatu nahi dutenak: giza duintasuna, giza eskubideak, oinarri demokratikoak, biktimekiko elkartasuna eta gatazken konponbide baketsua.

i) Giza eskubideen urraketaren bat jasan duten biktimak aintzatesteko jardunaldiak antolatzea.

j) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak agintzen dion beste edozein eginkizun.

25. artikulua. Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren egitura.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Biktimen Arretarako Bulegoa.

b) Bizikidetza Atala.

26. artikulua. Biktimen Arretarako Bulegoaren eginkizunak.

Biktimen Arretarako Bulegoak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:

a) Biktimekiko elkartasuna eta horiek jendaurrean zein gizartean aintzatesteko lana sustatzea.

b) Biktimek egia jakiteko, justizia eskuratzeko eta jasandako kaltearen ordaina izateko dituzten eskubideak gauzatzen laguntzea.

c) Guneak bilatzea arlo honetan esku hartzen duten erakunde eta entitate sozial guztiekin batera lan egiteko.

d) Giza eskubideen urraketa jasan duten pertsona guztien errolda antolatzea.

e) Biktimei zuzeneko arreta ematea, haiei eskubideen eta, indarreko legeriaren arabera, eskura dituzten baliabideen berri emanez.

h) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak agintzen dion beste edozein eginkizun.

27. artikulua. Bizikidetza Atalaren eginkizunak.

Bizikidetza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:

a) Terrorismoaren, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen biktima guztiak oroitzeko eta aintzat hartzeko jarduerak sustatzea udalen esparruan.

b) Ikastetxeekiko lankidetza bultzatzea ikasleak gaiotan prestatu eta hezteko: giza eskubideak, biktimekiko elkartasuna, gatazken konponbide baketsua eta bizikidetza.

c) Jarduketa lerro berariazkoak sustatzea gazteriaren, kulturaren eta hezkuntza ez formalaren esparruan, arlo horietan eskumena duten erakundeekin bat.

d) Laguntza eta bultzada ematea bizikidetzaren eta giza eskubideen defentsaren kultura sustatzeko hezkuntzako ekimenei eta ekimen sozialei.

e) Herritarrek bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen errespetuaren arloan parte har dezatela sustatzea.

f) Sentsibilizazio sozioedukatiboko ekimenak bultzatzea indarkeriaren kontrako eta giza eskubideen eta bizikidetza demokratikoaren balioen aldeko kontzientzia sozial kritikoa bizkortzeko.

g) Zikloak, ikastaroak, mintegiak edo kongresuak antolatzea, gizarte osoari informazioa emateko eta hausnarketa egiteko, gai honi buruz: motibazio politikoko indarkeria dela-eta giza eskubideen alorrean izandako urraketen larritasuna eta garrantzia.

h) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak agintzen dion beste edozein eginkizun.

3. ATALA

Memoriaren Nafarroako Institutua

28. artikulua. Nafarroako Memoriaren Institutuaren eginkizunak.

1. Nafarroako Memoriaren Institutua Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren menpeko zerbitzu baten maila izanen du, eta foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

a) Memoriaren ondarea kontserbatzea Nafarroan, euskarri desberdinetan.

b) Erakunde publiko eta pribatuekin eta asoziazioekin elkarlanean, memoria historikoari eta memoria hurbilari buruzko ikerketak sustatzea.

c) Memoria oinarri harturik, giza eskubideen balioa eta bakearen kultura sustatzea, batik bat geroko belaunaldiak aintzat harturik.

d) Nafarroako herritar guztiei ematea Nafarroako memoria demokratikoaren berri. Horri dagokionez, Nafarroako Memoriaren Institutuaren lana izanen da herritarrei ondare memorialistarako irispidea ematea zenbait Institutuak biltzen dituen tresnen bitartez: iturriak, bibliografia, ikus-entzunezko baliabideak eta beste edozein bitarteko.

e) Nafarroako Memoriaren Institutuaren helburu berekin lan egiten duten erakunde eta elkarte publiko eta pribatuekiko parte-hartze eta lankidetza sustatzea.

f) Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei aintzatespen eta ordain morala ematea, biktima bakoitzaren memoria bere testuinguru biktimologikoan aintzat hartuz.

g) Iragan hurbilean bakeari eta bizikidetzari egindako ekarpenagatik gogoratzeko modukoak diren gertakariak ospatzea edo pertsona edo taldeak omentzea, horretarako ekitaldi, argitalpen, jardunaldiak eta beste eginez.

2. Nafarroako Memoriaren Institutua Memoria Atalaz baliatuko da bere eginkizunak betetzeko.

28. bis artikulua. Memoria Atalaren eginkizunak.

Memoria Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Dokumentazioa eta testigantzak biltzeko programak garatzea, Nafarroako memoriaren ondarea euskarri desberdinetan kontserbatzeko.

b) Beste erakunde publiko eta pribatuekin batera eta elkarteekin lankidetzan, memoria historikoarekin eta memoria hurbilarekin zerikusia duten ikerlanak egiteko programa egitea urtero.

c) Jarduerak egitea, gehienbat datozen belaunaldiei begira, giza eskubideen balioa eta memorian oinarritutako bake-kulturaren garrantzia nabarmentzeko.

d) Ondare memorialista herritarrei hurbiltzeko zabalkuntza eta sentsibilizazio proiektuak egitea, erakusketen bidez eta jendearentzako ekimen irekien bidez, bide emanen baitute institutuak biltzen dituen iturriak, bibliografia, ikus-entzunezko tresna eta baliabideak eta bestelako bitartekoak ezagutarazteko.

e) Nafarroako Memoriaren Institutuaren helburu berekin lan egiten duten erakunde eta elkarte publiko eta pribatuekiko parte-hartze eta lankidetza ezarri eta haien funtzionamendua antolatzea.

f) Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei aintzatespen eta ordain morala emateko jarduketak antolatzea, biktima bakoitzaren memoria bere testuinguru biktimologikoan aintzat hartuz.

g) Antolamenduan laguntzea, iragan hurbilean bakeari eta bizikidetzari egindako ekarpenagatik edo errespetuan, bakean eta giza eskubideen oinarritutako kultura demokratikoaren aldeko lanagatik gogoratzeko modukoak diren gertakariak ospatzeko edo pertsona edo taldeak omentzeko ekitaldi, argitalpen, jardunaldiak-eta egiteko.

h) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Nafarroako Memoriaren Institutuak agintzen dion beste edozein eginkizun.”

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapenen berrestea.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuko buruarena, izena aldatzen baitzaio. Hemendik aurrera, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuko burua izanen da.

–Memoria Historikoaren Ataleko buruarena, izena aldatzen baitzaio. Hemendik aurrera, Memoriaren Ataleko burua izanen da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1806298