43. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

31/2017 FORU AGINDUA, otsailaren 23koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzen duena, Nafarroako Gobernuak zorpetze-eragiketak egitea xedatzeko 2016ko azaroaren 30ean eta 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako Erabakien babesean.

Ministroen Kontseiluak, 2016ko abenduaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zion Nafarroako Foru Komunitateari maileguak formalizatzeko eta zor publikoa jaulkitzeko, muga 34.000.000 euro izanik; eta Ministroen Kontseiluak, 2017ko otsailaren 17ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zion maileguak formalizatzeko eta zor publikoa jaulkitzeko, kasu honetan muga 405.400.000 euro izanik.

Bestetik, Nafarroako Gobernuak, 2016ko azaroaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, zorpetze-eragiketak egitea xedatu zuen, muga 108.700.000 euro izanik; eta 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, gehienez ere 330.000.000 euroko zorpetze-eragiketak egitea xedatu zuen.

Beraz, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeak eskatzen dituen baimenak izanik, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legearekin bat, eta Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren arabera, foru agindu baten proiektua igortzen da atxikita, non Nafarroako Zorraren 26. obligazio-jaulkipenaren baldintza guztiak zehazten baitira.

Gobernuaren erabaki horiek, 3. puntuan, ahalmena ematen diote Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari, eskuordetze bidez, jaulkipenaren interes tasa finkatzeko. Halaber, 4. puntuan ezartzen da kontseilari horrek eman beharreko foru agindu baten bidez jaulkipenaren baldintzak zehaztuko direla, besteak beste, jaulkitzeko egunari eta prozedurari, harpidetzeko epeari eta interes tasari dagozkienak; eta ahalmena ematen diote kontseilariari erabakiak betearazteko behar diren neurriak eta ebazpenak hartzeko.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Jaulkipenaren ezaugarriak:

–Nafarroako Zorraren jaulkipenak behin betiko ezaugarri hauek izanen ditu:

  • Zenbatekoa: 100.000.000 euro.
  • Instrumentazioa: bono arruntak, bakoitza 1.000 euroko balio nominalekoa, konturako idatzoharren bidez adieraziko direnak.
  • Jaulkipen data: 2017ko martxoaren 3a.
  • Amortizazioa: parean, 2026ko martxoaren 3a.
  • Jaulkipenaren prezioa: %99,709.
  • Interes tasa: finkoa, %1,60 urtean (Egun/egun). MFBD-non ajusted.
  • Kupoiaren ordainketa: urtero mugaeguna iritsi ondoren, urte bakoitzeko martxoaren 3an.

2. artikulua. Jaulkipenaren aseguramendua.

Finantza entitate esleipen-hartzaileak jaulkipenaren zenbateko osoa bermatuko du; horretarako, dagokion kontratua izenpetuko da.

3. artikulua. Likidezia.

Nafarroako Zorrak Zor Publikoaren Merkatuan kotizatuko du idatzoharretan.

4. artikulua. Tratamendu fiskala.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboentzat interesek sortutako etekinek atxikipena izanen dute, indarra duen legezko araudiaren arabera. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek lortutako errentetan ez da beharrezkoa izanen atxikipenik egitea, ez eta konturako diru-sarrerarik egitea ere, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua. Jaulkipenaren produktua eta gastuak.

Jaulkipen honen produktu guztia 2016ko azaroaren 30eko Erabakian eta 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakian ezarritako helbururako erabiliko da, eta 2017ko diru-sarreren aurrekontuko 110001 11430 9000 000000 partidari aplikatuko zaio.

Jaulkipenari lotutako gastuak 2017ko gastuen aurrekontuko “Zor publikoa eta bestelako maileguak jaulki, aldatu eta kitatzeko gastuak” izeneko 110001-11430-3010-951100 partidaren kargura izanen dira.

Jaulkipenaren interesak 2018tik 2026ra bitarteko ekitaldietako (bi ekitaldi horiek barne) gastuen aurrekontuetan bidezko den partidari aplikatuko zaizkio, hain zuzen, 2017ko gastuen aurrekontuko “Nafarroako zorraren interesak” izeneko 110001 11430 3000 951100 partidaren baliokideari.

Jaulkipenaren amortizazioa 2026ko ekitaldiko gastuen aurrekontuetan bidezko den partidari aplikatuko zaio, hain zuzen, 2017ko gastuen aurrekontuko “Zor publikoaren amortizazioa” izeneko 110001 11430 9020 951100 partidaren baliokideari.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko otsailaren 23an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1702486