247. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

157/2017 FORU AGINDUA, abenduaren 19koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana,180 eredua onesten duena (“errentamenduaren edo azpierrentamenduaren ondoriozko errenta edo etekin batzuei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena; atxikipenak eta konturako sarrera horiek pertsona fisikoen errentaren gaineko, sozietateen gaineko eta egoitza ez dutenen errentaren gaineko (finkagune iraunkorra) zergetakoak dira”).

Abenduaren 28ko 25/2016 Foru Legearen bidez (zenbait zerga aldatzeari eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoa zen foru lege hori), berrogeita hamargarren xedapen gehigarri bat erantsi zion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginari. Hark atxikipen betebehar berri bat sortu zuen landa higiezinen errentamenduetarako edo azpierrentamenduetarako, eta atxikipen-portzentaje bat ezarri zen, edo konturako sarreren portzentaje bat, hiri higiezinetarako.

Halaber, Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hamabosgarren xedapen gehigarriak antzeko atxikipen bat ezartzen du kontzeptu berarengatik, eta ezartzen du ezen atxikipen-portzentajea edo konturako sarreraren portzentajea erabiliko direla, oro har aplikatzekoak.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari dagokionez, martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren 23. artikuluak xedatzen du ezen establezimendu iraunkorrek izanen dutela sozietateen gaineko zergaren atxikipen araubidea, jasotzen dituzten errentengatik.

Hala, atxikitzaileak edo konturako sarrera egitera behartuta dagoenak, baldin kapital etekinak jasotzen baditu landa ondasun higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduarengatik, beharko du, batetik, deklarazioa aurkeztu, eta atxikitako zenbatekoak edo konturako sarrerak sartu, likidazioari dagozkionak, 759 eta 760 ereduko ordainketa-gutunen bidez, eta, bestetik, aurkeztu beharko du aurreko urtean izandako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena.

Kontuan izanik zer antzekotasun duen informazio betebehar berri honek hiri higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduetako betebeharrarekin, komenigarritzat jotzen da betebehar hori 180 ereduan sartzea, hor deklaratzen baitira aipatutako hiri ondasunen etekinak eta sarrerak.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 29ko 295/2000 Foru Aginduaren bidez, onetsi zen pezeta eta eurotako 180. eredua. Eredu horren bidez, hiri higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduaren ondoriozko errenta edo etekin batzuei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena eginen zen; atxikipenak eta konturako sarrerak pertsona fisikoen errentaren gaineko, sozietateen gaineko eta egoitza ez dutenen errentaren gaineko (finkagune iraunkorra) zergetakoak ziren. Aldi berean, aipatu 180. ereduen barneko orriak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriekin ordezkatzeko diseinu fisiko eta logikoak ere onetsi ziren.

Bestalde, aipatutako foru aginduak argitaratu zenetik izan dituen aldaketak arau bakarrean biltzeko, eta beharra dagoenez aurkezteko moduak eguneratzeko eta, zuzenean ordenagailuz irakurtzeko moduko euskarrietan, zehaztapen teknikoak egokitzeko, komeni da 180 eredu berria onestea.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 90.5 artikuluak, baita Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 79.5 artikuluak ere, eta urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 40.6 artikuluak, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari ahalmena ematen diote behar diren aitorpen ereduak onesteko eta erabakitzeko nola eta non egin behar den diren aitorpena eta sarrera.

Hitzarmen Ekonomikoaren 46.1 artikuluak ezartzen du ezen atxikipenen eta konturako sarreren laburpenak aurkeztu beharko direla, kasuan kasuko araudiaren arabera, haietan sartu behar diren atxikipenak eta konturako sarrerak ordainarazteko eskumena duen administrazioan.

Hala, 13. artikuluak ezartzen du ezen ondasun higiezinen errentamendu eta azpierrentamenduetatik eratorritakoen atxikipipenak eta konturako sarrerak exijituko dituela Nafarroako Foru Komunitateak, bere araudiaren arabera, baldin atxikipenak edo konturako sarrerak egitera behartuta dagoenak helbide fiskala Nafarroan badu. Halaber, adierazten du ezen entitateei ordaindutako zenbatekoei dagozkien atxikipenak eta konturako sarrerak, baldin, errentak egozteko araubidearekin bat, PFEZaren zergadunei egotzi badira, egoki den Administrazioak exijituko dituela, hots, atxikipena edo konturako sarrera egiteko betebeharra duenak non duen helbide fiskala, lurralde horretako Administrazioak.

Bestalde, 25. artikuluak aplikatzen ditu, sozietateen gaineko zergaren sorburuko atxikipenetarako eta konturako sarreretarako, Pertsona Fisikoen Errenten gaineko Zergarako Hitzarmenean ezarritako irizpideak.

Horrenbestez, aipatutako xedapenetan ezarritakoarekin bat, baita Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluak emandako ahalmen orokorrean ezarritakoarekin bat ere,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 180 ereduaren onespena.

1. Onesten da 180 eredua (“hiri higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduaren ondoriozko errenta edo etekin batzuei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena; atxikipenak eta konturako sarrerak pertsona fisikoen errentaren gaineko, sozietateen gaineko eta egoitza ez dutenen errentaren gaineko (finkagune iraunkorra) zergetakoak dira”), baita behar diren diseinu fisikoak eta logikoak ere, zuzenean ordenagailuz irakurtzeko moduko euskarrian aurkeztu ahal izateko. I. eranskinean jaso dira.

2. 180 ereduaren aurkezpena, 5. artikuluan ezarritakoari jarraituz, bide hauetako bat erabiliz eginen da:

a) Paper inprimatuan, Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orriko Inprimakien sortzeko zerbitzuan agertzen den ereduaren arabera, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

b) Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrian, I. eranskinean ezarri diren erregistro diseinuen arabera.

c) Telematika bidez, Internet erabiliz, 7. eta 8. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. artikulua. 180 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

180 eredua aurkeztera beharturik daude pertsona fisikoak, juridikoak eta gainerako entitateak, Administrazio Publikoak barne, baldin eta, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren (establezimendu iraunkorrak) errentaren gaineko zergaren kontura atxikipena edo sarrera egitera behartuta egonik, legezko araudian eta zerga horiek arautzen dituzten erregelamenduetan ezarritakoari jarraikiz, ordaintzen badituzte ondasun higiezinen errentamenduen edo azpierrentamenduen errentak edo errendimenduak, betiere atxikipena egin behar duen pertsonak edo entitateak helbide fiskala Nafarroan badu.

3. artikulua. Helburua eta edukia.

Honako errendimendu hauek sartu beharko dira 180 ereduan:

1. Ondasun higiezinen errentamendutik edo azpierrentamendutik eratorritako jarduera enpresarial edo profesionalen eta kapital higiezinaren etekinak, landa ondasunak izan nahiz hiri ondasunak izan, baldin atxikipena edo konturako sarrerak egin behar badituzte pertsona fisikoen errentaren gaineko zergengatik zergaduntzat jotzen diren jasotzaileek.

Nolanahi ere, atxikipena edo konturako sarrera behar duten higiezinen azpierrentamenduen kasuan, jasotzaileentzat –PFEZaren zergadunak– sortzen diren etekinak, kapital higiezinaren etekinak, 193 ereduan aitortu behar dira.

2. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboen errentak, atxikipenari edo konturako sarrerari lotutako ondasun higiezinen –bai landa bai hiri higiezinak– errentamendutik edo azpierrentamendutik datozenak, bai eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordaintzen dutenen establezimendu iraunkorrei dagozkienak ere.

3. Eredu honetan ez dira inola ere sartuko ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren ordaintzaileak izanik Espainiako lurraldean egoitza ez duten pertsona edo entitateen hartzekoak, baldin eta pertsona edo entitate horiek ez badira PFEZaren peko zergadun edo sozietateen gaineko zergaren peko subjektu pasibo edo establezimendu iraunkorrak, galarazi gabe hartzeko horien datuak, hala badagokio, 296 ereduan sartzea.

4. artikulua. Aurkezteko tokia eta epea.

180 ereduaren (atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena) aitorpenak, paper inprimatuan edo zuzenean ordenagailuz irakurtzeko moduko euskarri batean, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren edozein bulegotan aurkeztu beharko dira. Telematika bidez egiten diren aitorpenetan, Ogasunaren web-orria baliatuz egin beharko da aurkezpena, Interneteko helbide honetan: http://hacienda.navarra.es.

Urteroko urtarrilaren 1etik otsailaren 5era, biak barne, aurkeztuko dira 180 eredua eta erantsi beharreko dokumentazioa, aurre-aurreko urteko zenbateko atxikiei eta konturako sarrerei dagokienez.

5. artikulua. Aurkezteko moduak.

Aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, aitorpen informatiboak, jakinarazpenak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak arautzen dituen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduarekin bat, 184 eredua modu hauetako bat erabiliz aurkeztuko da:

1. Telematika bidez, Internet erabiliz, 7. eta 8. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian, 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, I. eranskinean adierazitako erregistro diseinuen arabera.

Euskarriko aurkezpena banaka izanen da, baldin fitxategiak atxikitzaile edo konturako sarrera egiteko betebeharra duen bakar baten datuak baditu, edo taldeka, baldin atxikitzaile edo konturako sarrera egiteko betebeharra duen pertsona baten edo gehiagoren datuak baditu.

3. Paper inprimatuan, baldin, uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, nahitaezkoa ez bada telematika bidez eta ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrian aurkeztea.

Inprimaki hori Nafarroako Zerga Ogasunaren webgunean inprimakiak sortzeko dagoen zerbitzuaren bidez bakarrik lortuko da, http://hacienda.navarra.es helbidean, eta automatikoki eguneratuko da, foru agindu hau indarrean sartuta izan daitezkeen aldaketekin.

6. artikulua. Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrien identifikazioa eta horiek aurkezteko modua.

1. Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrian banakako aitorpena aurkezten bada, aitortzaileak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

a) 180 ereduaren laburpen-orriaren bi aleak, bata Administrazioarentzat eta bestea interesdunarentzat. Ale horietako bakoitza behar bezala sinatuta egonen da, eta behar diren lekuetan adieraziko dira sinatzailea nor den eta laburpen-orrian eskatzen diren gainerako datuak.

Bulego hartzailean zigilatu ondoren, 180 ereduaren laburpen-orriaren “interesdunarentzako alea” gordeko du beretzat aitortzaileak, aurkeztu izanaren frogagarri izan dadin.

b) Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriak etiketa bat izanen du erantsita kanpoko aldean, eta hartan honako datu hauek adierazi beharko dira, hurrenkera honetantxe:

1. Ekitaldia.

2. Aurkezteko eredua: 180.

3. Aitortzailearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakia.

4. Aitortzailearen sozietate-izena.

5. Aitortzailearen helbidea, udalerria eta posta kodea.

6. Harremanetarako pertsonaren deiturak eta izena.

7. Pertsona horren telefonoa eta luzapena.

8. Erregistroen kopurua, guztira.

Datu horiek adierazteko aski izanen da bakoitza goiko zerrenda horren arabera dagokion ordinalaren ondoren jartzea.

Fitxategiak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarri bat baino gehiago baldin baditu, denek etiketa bana izanen dute zenbaki-segida jarrita: 1/n, 2/n etab.; “n” izanik euskarrien kopuru osoa. Bigarren eta hurrengo bolumenetako etiketan, aurreko 1., 2., 3. eta 4. zenbakietan aipatutako datuak bakarrik jaso beharko dira.

2. Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrian aitortzaile askoren aitorpenak batera aurkezten badira, pertsona edo entitate aurkezleak dokumentu hauek eraman behar ditu:

a) Aurkeztu dituenari dagokion laburpen-orriaren bi aleak, Administrazioarentzakoa eta interesdunarentzakoa, 180 ereduarenak, behar bezala sinatuak. Ale horietan ondoko datu hauek agertu beharko dira, dagokien lekuan: aurkezten duen pertsonaren edo entitatearen identifikazio datuak, aitortzaileak guztira zenbat diren, jasotzaile gisa zerrendan agertzen diren pertsona edo entitateak guztira zenbat diren, hala nola zein ekitaldi den eta zein aurkezpen mota den.

Horiek jasotzen dituen bulegoak zigilua jarri ondoren, aurkezleak beretzat hartuko du laburpen-orriaren interesdunarentzako alea, eta horrek han aurkeztu izanaren frogagiri balioa izanen du.

b) 180 ereduko laburpen-orrien bi aleak, bata Administrazioarentzat eta bestea interesdunarentzat, aitortzaile guzti-guztiei dagozkienak, behar bezala sinatuak eta beteak.

Ale bakoitzak aitortzaile horiek identifikatzeko datuak behar bezala beterik izan behar ditu.

Horiek jasotzen dituen bulegoak zigilua jarri ondoren, aitortzaileei dagozkien laburpen-orrien interesdunarentzako aleak aurkezleak hartuko ditu. Hala ere, aurkezten diren laburpen-orrien kopuruaren ondorioz komeni baldin bada, eta agirien bilketa arintzearren, zigilatutako aleak aurkezpena egin ondorengo egunen batean hartzen ahalko ditu aurkezleak, eta hori dagokion unean jakinaraziko zaio.

c) Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriak etiketa bat izanen du erantsita kanpoko aldean, eta hartan aurkezlearen honako datu hauek adierazi beharko dira, hurrenkera honetantxe:

1. Ariketa.

Bigarrena. Aurkezteko eredua: 180.

3. Aurkezlearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakia.

4. Aurkezlearen izen-abizenak edo sozietate-izena.

5. Aurkezlearen helbidea, udalerria eta posta kodea.

6. Harremanetarako pertsonaren deiturak eta izena.

7. Pertsona horren telefonoa eta luzapena.

8. Artxibo osoko erregistro kopurua, guztira.

9. Aurkeztutako aitortzaileen kopurua, guztira.

10. Hartzaileen kopurua, guztira.

Datu horiek adierazteko aski izanen da bakoitza goiko zerrenda horren arabera dagokion ordinalaren ondoren jartzea.

Artxiboak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarri bat baino gehiago baldin baditu, denek etiketa bana izanen dute zenbaki-segida jarrita: 1/n, 2/n etab.; “n” izanik euskarrien kopuru osoa. Bigarren eta hurrengo bolumenetako etiketan, aurreko 1., 2., 3. eta 4. zenbakietan aipatutako datuak bakarrik jaso beharko dira.

3. Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarri guztien harrerak behin-behinekoak izanen dira, eta prozesatu eta egiaztatu zain geratuko dira. Foru agindu honetan ezarri diren diseinuaren eta zehaztapenen araberakoak ez direnean, edo haietako informazioa ikusterik ez badago, aitortzaileari eskatuko zaio hamar egun baliodunean zuzen dezala aurkeztutako euskarri informatikoak duen akatsa. Epe hori iragan eta oraindik ere zerbaitek eragozten badio Zerga Administrazioari eskatu dituen datuak ikustea, aitorpen informatiboa baliogabetzat hartuko da, horrek dakartzan ondorio guztiekin, eta hala emanen zaio aditzera zergapekoari.

4. Segurtasun arrazoiengatik, ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriak ez dira itzuliko, salbu eta espresuki eskatzen bada; halakoetan ezabaturik itzuliko dira edo antzeko batzuk emanen.

7. artikulua. 180 ereduko aitorpenak telematika bidez, Internet erabiliz, aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 180 ereduko aitorpenen aurkezpen telematikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du.

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, edo, bestela, bere identifikazio pertsonalerako zenbakia (PIN), Nafarroako Zerga Ogasunak emana, autentifikatu ahal izateko.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste dokumentu batzuk hirugarren pertsonen izenean telematikoki aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematikoki tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezlea aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak igorri beharreko aitorpena duen fitxategia lortzeko laguntza programa bat erabili beharko du aurretik, salbu aurkezpen telematikoa egiteko prestatu den inprimakia erabiltzea aukeratzen badu. Laguntza programa hori Nafarroako Zerga Ogasunak 180 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia I.–eranskinean ezartzen diren erregistroen diseinuen araberakoa izanen da.

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean daude ikusgai, Interneteko helbide honetan http://www.hacienda.navarra.es.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

8. artikulua. 180 ereduko aitorpenen aurkezpen telematikoa, Internet bidez, egiteko prozedura.

Aitorpenen Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko, bi prozedura hauetako bat erabiliko da:

1. Web-orriko datu-orritik abiatuta prozesu hau erabiliko da:

a) Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen atalean sartu.

b) Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

c) Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak prestatutako laguntza programatik abiatuta, prozesu hau segitu beharko da:

a) Aitorpena bete laguntza programa erabiliz.

b) Aitorpena bete ondoren, balidatu egin behar da, aurkeztu aurretik.

c) Aitorpena balidatu ondoren, Interneten bidez igortzen ahalko da. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daitezke, betiere eredu eta urte berekoak baldin badira.

d) Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza laguntza programan eskura dauden loteen kontsultatik aztertzen ahalko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapenak.

2. Zehazki, indargabeturik gelditzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 29ko 295/2000 Foru Agindua. Haren bidez pezeta eta eurotako 180 ereduak onetsi ziren, eta eredu horien bidez, hiri higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduaren ondoriozko errenta edo etekin batzuei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena egiten da –atxikipenak eta konturako sarrerak pertsona fisikoen errentaren gaineko, sozietateen gaineko eta ez-egoiliarren errentaren gaineko (finkagune iraunkorra) zergetakoak dira–, eta, bestalde, aipatutako ereduen barneko orriak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriekin ordezkatzeko diseinu fisiko eta logikoak ere onetsi ziren.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta aplikatuko zaie 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren 180 ereduko aitorpenei, 2017an egindako atxikipenei buruzkoei.

Iruñean, 2017ko abenduaren 17an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1714788