227. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

119/2017 EBAZPENA, urriaren 16koa, Garraio Zerbitzuko zuzendariak emana, deialdia egiten duena errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko 2018. urtean Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako.

Uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren bidez (2007ko 184. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 2koan), errepide bidezko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautu ziren, eta Espainiako zuzenbidera bildu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko uztailaren 15eko 2003/59/EE Zuzentaraua.

Errege dekretu horretan, hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko baldintzak arautu ziren, baita Europar Batasuneko edozein estatutan finkaturiko enpresen ibilgailuak Espainiako bide publikoetan gidatzeko behar diren prestakuntza etengabeko ikastaroak egitekoak ere. Izan ere, horretarako nahitaezkoa da Gidarien Erregelamendu Orokorrean zehazten diren C1, C1+E, C, C+E, D1, D1+E, D edo D+E kategorietako gidabaimenen jabe izatea.

Errege dekretu horren 15. artikulua aplikatuz, bidezko da aipatu ziurtagiria lortzeko asmoz, 2018. urtean, Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren proben deialdia onestea.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 5. apartatuak eta errepideko garraiorako ibilgailu mota zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautu zituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz, Kudeaketa Atalak proposatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko, 2018. urtean, Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak eranskin gisa gehitu zaizkio ebazpen honi.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

3. Ebazpen hau Kudeaketa Atalari eta epaimahaikideei igortzea.

4. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Herri Lanetako zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko urriaren 16an.–Garraio Zerbitzuko zuzendaria, Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría.

I. ERANSKINA

Errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko, 2018. urtean, Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako deialdiaren oinarriak

Lehena.–Izangaiek bete beharrekoak.

Proba hauetan onartua izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Aginduzko ikastaroak gainditu izana, bai arruntak, bai trinkoak, azterketa egin aurreko sei hilabetean, Errepideko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautzen dituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedaturikoarekin bat.

–Ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean izatea, eta hala dela frogatzea. Hala ere, beste autonomia erkidego batean bizi direnak ere aurkezten ahalko dira, betiere organo dei egilearen baimena badute, behar bezala justifikatutako arrazoi bat dela kausa.

Horren ondorioetarako, izangaiaren ohiko bizilekua zein den jakiteko, indarra duen nortasun agiri nazionalean ageri dena hartuko da kontuan. Agiri horretan ageri den helbidearen ordez beste bat onartuko da, bakar-bakarrik, honako kasu hauetatako bat gertatzen denean:

1. Izangaiak erroldatze agiriaren bidez frogatzen baldin badu helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izan duela azken urteko 185 egun naturaletan, gutxienez. Kontaketa hori ariketetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik eginen da.

2. Izangaiak frogatzen badu beharturik egon dela bizilekua aldatzera familia edo laneko arrazoiengatik, eta, horregatik, azkeneko urtean 185 egunetan baino gutxiagotan bizi izan dela Nafarroako Foru Komunitatean. Herri batean denboraldi mugatu batez bizi izan baldin bada jarduera jakin bat egiteko, ulertuko da ez dela betetzen azkeneko baldintza hori. Unibertsitate, eskola edo ikastetxe batera joateak ez dakar ohiko bizilekuaren aldaketarik.

Bigarrena.–Eskaerak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek bide hauetako bat erabiliz aurkeztu beharko dute eskaera:

–Internet bidez, Nafarroako Gobernuaren atarian (http://www.navarra.es/home_eu/ helbidean, “Tramiteak” atalean, “Lanbide gaitasunaren agiria” idatzi hango bilatzailean) eskuragarri dagoen inprimakia betez.

–Eskabide bat, oinarri hauen II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, aurkeztuz Garapen Ekonomikorako Departamentuan dagoen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoan (San Ignazio etorbidea, 3, beheko solairua, 31002 Iruña, Nafarroa, Espainia). Orobat, 2015eko 57. eta 103. Nafarroako aldizkari ofizialetan (martxoaren 25ekoan eta maiatzaren 29koan, hurrenez hurren) argitaratutako Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren iragarkian zerrendaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan aurkez daiteke, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietatik edozeinetan.

2. Bi kasu horietan, eskabideaz gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte izangaiek:

a) Indarra duen nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

Nortasun agiri nazionalean ageri den helbidea Nafarroako Foru Komunitatekoa ez bada, erroldatze agiriarekin egiaztatu beharko du Nafarroan duela bizilekua; agiri horretan adierazi beharko da azkeneko urtean gutxienez 185 egun naturaletan Nafarroako Foru Komunitatean izan duela helbidea. Kontaketa hori probetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik eginen da.

Erroldaren araberako antzinatasuna 185 egunetik beherakoa baldin bada, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera behartu duten familia edo lan arrazoiak azaltzen dituen agiria aurkeztu beharko da.

b) Azterketara aurkezteko tasari dagokion zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan ordaindu izanaren agiria. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarrita dago tasa hori.

3. Eskaera Internet bidez egiten bada, agiri horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez bidaliko dira.

Izangaiak prestakuntza ikastaroa bukatu ez badu ere, aukera izanen du azterketa egiteko izena emateko, baldin eta eskaeretako akatsak zuzentzeko epea iragan baino lehen bukatzen badu eta epe horretan Administrazioaren aurrean modu fede-emailean frogatzen badu ikastaroa gainditu duela (ikastaroa egin deneko ikastetxeak aurkeztu behar duen ziurtagiri telematikoaren bidez).

Probetarako izena emateko bidea zein den ere, bai eskabidea bai behar diren agiriak oinarri hauen III. eranskinean ezartzen diren epeetan aurkeztu beharko dira.

Eskaerak kasuan kasuko deialdirako balioko du bakarrik. Geroko beste deialdi bateko probak egin nahi badira, eskaera berriz aurkeztu beharko da. Kasu horretan aski izanen da eskabidea eta ordainketa-gutuna aurkeztea, eskabidean adierazirik gainerako agiriak ez dituela aurkeztu Administrazioak badauzkalako, izangaiak aurreko deialdi batean aurkeztu zituelako.

Hirugarrena.–Epeak.

III. eranskineko taulan ageri dira eskaerak aurkezteko epeak.

Laugarrena.–Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrenda.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta probak eginen direneko tokia eta orduak Garraio Zerbitzuko bulegoetako iragarki oholean (Iruñeko Alondegi kalea, 1, 2. solairua) eta aipaturiko Interneteko web-orrian argitaratuko dira, oinarri hauen II. eranskinean deialdi bakoitzerako adierazten diren egunetan.

Bazterturiko izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, bidezkoa bada, akatsak zuzendu, oinarri hauen III. eranskinean proba bakoitzerako adierazten den eguna bitarte.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak ere oinarri hauen III. eranskinean deialdi bakoitzerako adierazten diren datetan argitaratuko dira.

Bosgarrena.–Proben nondik-norakoak.

Izangaiek NANa edo, epaimahaiaren arabera, beren nortasuna modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste agiri bat aldean dutela agertu beharko dute probetara.

Seigarrena.–Azterketaren egitura eta kalifikazioa.

Azterketaren gaiei, proben egiturari eta horien kalifikazioari dagokienez, Errepide bidezko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautzen dituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

Azterketa test modukoa izanen da. 100 galdera izanen ditu, eta horietako bakoitzak lau erantzun. Erantzun zuzenak puntu batekin baloratuko dira eta erantzun oker bakoitzarengatik 0,5 puntu kenduko da. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik emanen, ezta kenduko ere.

Azterketa gainditzeko 50 puntu lortu behar dira gutxienez.

Ariketa egiteko, 2 ordu izanen dira gehienez.

Salgai garraiorako lanbide gaitasunaren agiria lortzeko azterketa egitea eskatzen duten gidariek, bidaiari garraiorako lanbide gaitasunaren agiria badute, uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 1. ataleko 1.4, 2.2 eta 3.7 helburuei dagokien azterketa zatia eginen dute bakarrik; bidaiari garraiorako lanbide gaitasunaren agiria lortzeko azterketa egitea eskatzen duten gidariek, salgai garraiorako lanbide gaitasunaren agiria badute, uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 2. ataleko 1.4, 2.2 eta 3.7 helburuei dagokien azterketa zatia eginen dute bakarrik.

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

Probetarako eratu den epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua:

–Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría jauna, Garraio Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa:

–María Aránzazu Murillo Zabalza andrea, Kudeaketa Ataleko burua.

Epaimahaikideak:

–Oscar Molviedro Barea jauna, Deialdien Bulegoko burua.

–Ana Serrano Herrrera andrea, Bidaiarien Garraioa eta Garraioen Artekaritza Kudeatzeko Bulegoko burua.

–Charo Loitegui Biurrun andrea, Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoak:

–María Jesús Gutiérrez Gutiérrez andrea, Garraio Ikuskapenaren Bulegoko burua.

–Luis Antonio Martínez Cunchillos jauna, Modernizazio Ataleko burua.

–Carmen Castiella Sánchez-Ostiz andrea, Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko burua.

Idazkaria:

–María Senosiáin Labat andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

Ordezkoa:

–Laura Echeverria Iturbide andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Zortzigarrena.–Gaindituen zerrenda.

1. Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak proba bakoitza gainditzen dutenen zerrenda jendaurrean jarriko du Garraio Zerbitzuko bulegoetako iragarki oholean (Alondegi kalea, 1, Iruña), eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (http://www.navarra.es/home_eu/ helbidean, “Tramiteak” atalean, “Lanbide gaitasunaren agiria” idatzi hango bilatzailean), eta Garraio Zerbitzuko zuzendariari igorriko dio.

2. Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda onesteko Garraio Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Herri Lanetako zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Eskabidea, errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko probetan izena emateko (PDFa).

III. ERANSKINA

Datak, azterketak egiteko, eskaerak aurkezteko, behin-behineko zerrendak argitaratzeko,
akatsak zuzentzeko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko

ESKAERAK

AURKEZTEKO

EPEA

BEHIN-BEHINEKO ZERRENDAK
ETA AZTERKETA EGITEKO ORDUA
ETA TOKIA ARGITARATZEA

AKATSAK ZUZENTZEKO
AZKEN EGUNA

BEHIN BETIKO ZERRENDAK
ARGITARATZEA

AZTERKETAREN EGUNA

18/01/10etik 18/01/30era

2018ko otsailaren 2a

2018ko otsailaren 16a

2018ko otsailaren 21a

2018ko otsailaren 23a

18/03/05etik 18/03/23ra

2018ko martxoaren 27a

2018ko apirilaren 13a

2018ko apirilaren 18a

2018ko apirilaren 20a

18/04/27tik 18/05/18ra

2018ko maiatzaren 25a

2018ko ekainaren 8a

2018ko ekainaren 13a

2018ko ekainaren 15a

18/07/25etik 18/08/14ra

2018ko abuztuaren 24a

2018ko abuztuaren 7a

2018ko irailaren 12a

2018ko irailaren 14a

18/09/17tik 18/10/05era

2018ko urriaren 8a

2018ko urriaren 23a

2018ko urriaren 24a

2018ko urriaren 26a

18/10/29tik 18/11/19ra

2018ko azaroaren 21a

2018ko abenduaren 7a

2018ko abenduaren 12a

2018ko abenduaren 14a

Iragarkiaren kodea: F1712591